Haurra bere globaltasunean hartzen saiatzen da psikomotrizitatea, eta umeari bere garapenaren eta bizi-prozesuaren protagonismoa ematen. Horretarako hainbat aholku ematen dituzte adituek: haurra agertzen den bezala errespetatzea, “hemen eta orain” dituen premietan arreta jartzea, eta haurraren barne-gogoei bidea ematea.

 

Haurrek jolas egiten dute: sokaren gainean zintzilika ibiltzen dira, zabuetan kulunkan, ezkutaketan, lurrean itzulipurdika; eskalatu egiten dute; auto-gidari, super-heroi edo mediku bihurtzen dira; dorreak, etxeak, txabolak eraikitzen dituzte; marrazkiak egiten dituzte eta ipuinak asmatzen dituzte… Hori dena da psikomotrizitatea, jarduera horietan guztietan mugimendua baitago, eta fisikoki zein psikologikoki heltzen ari den haurra.

Zabala da psikomotrizitatearen mundua. Adiera eta ikuspegi ugari izan ditzake hitzak. Baina, funtsean haurra eta bere garapena ulertzeko modu bat da. Haurra bere globaltasunean hartzeko saiakera bat. Horrexegatik, uztartzen dira hitz berean “psikea” eta “motrizitatea”, bereziki haur txikien kasuan, ezin direlako gorputza eta burua banatuta hauteman. “Haurrek beren burua osotasunean agertzen dute eta horregatik globaltasun horri erantzuna emango dioten baliabideak behar ditugu. Ezin dugu orain mugimendua landu, gero adimena eta ondoren harremana. Ez. Globaltasunean jardun behar dugu”. Hala dio Alvaro Beñaran psikomotrizistak eta Luzaro Psikomotrizitate Eskolako irakasleak. Elena Herran EHUko irakaslearen eta psikomotrizistaren ustez, berriz, norbere gorputzarekin bakean bizitzeko ere garrantzitsua da jaiotzatik psikomotrizitateari bidea irekitzea: “Gaur egungo gizakiak sekulako arazoa dauka gorputzarekin. Descartesekin gorputza burutik bereizi genuen, eta ez dugu lortzen atzera biak batzerik. Jaiotzen garenetik hiltzen garen arte gure gorputzarekin bizi behar dugu. Eta gure gorputzarekin bakean bizi nahi badugu, garrantzitsua da txiki-txikitatik kontzientzia hori lantzea”.

Gauza bat da psikomotrizitatea kontzeptu gisa, eta, bestea, psikomotrizitatea praktika bezala erabiltzea haurren garapenean lagun-tzeko. Bigarren ikuspegi hori —gaur egun ezagun egin dena—, duela 50 urte inguru sortu zen Frantzian. Garai hartan, batetik hezkuntza-zientzien eta psikologien berpiztea gertatu zen; eta bestetik, emakumea industrian lanean hastearen ondorioz, haur txikien eta ezinduen ardura eskolak hartu zuen. Herranek azaldutako eran, haien beharrizanei erantzun ahal izateko sortu zen psikomotrizitatea; aurrez etxean, kalean eta basoan egiten ziren jarduera fisikoak eskolatu zirenean. “Ez al da, bada, psikomotrizitatea zuhai-tzetara igotzea, ezkutuan etxetxo bat egitea, trenbidean jausi gabe ibiltzea, korrika egitea, sekretuak gorde eta laguntasunean sinestea, babesa eta segurtasuna taldeko buruarengan aurkitzea, jolas berriak asmatzea, taldean jardutea?”.

Bernard Aucouturier jotzen da psikomotrizitatearen aitatzat. Haurra bere osotasunean hartu nahi izan zuen hark, eta umearen globaltasuna errespetatuko zuen metodologia sortu zuen. Hala jaio zen psikomotrizitate-praktika. Zailtasunak zituzten haurrekin hasi zen lanean Aucouturier. Konturatu zen zailtasun horiek ez zirela soilik mugimenduari zegozkionak, baizik eta afektuak, harremanak, haurraren historiak… ere zerikusia zutela. Horrexegatik, sintomak artatuz konponbidea bilatzen saiatu ordez, sintoma horien jatorrira jotzen ahalegin du zen.

Haurrari garatzen laguntzeko egiten den esku-hartzea da, hortaz, psikomotrizitate-praktika. Herranen esanetan, haurrai berezko jarduerari eusten eta bizitzako hainbat zirkunstantziaren aurrean garatzen laguntzen dio: “Haurrari berezko jarduera burutzeko leku eta denbora pribilegiatua eskaintzea da psikomotrizitate-praktikaren muina. Helduen patxada, arreta, onarpena, begirunea eta laguntza ditu horretarako”.

Beñaranen hitzetan, berriz, haurrari bere garapenaren eta egiten duen prozesuaren protagonista izateko espazioa ematea da psikomotrizitate-praktikaren gakoa. Baina, betiere, marko baten barruan. “Hau da, ez dadila kaos hutsa izan. Badakigu haurrari askatasuna eta autonomia eman behar zaizkiola. Nola eman haurrari protagonismoa kaos horretan erori gabe? Bada, adinaren arabera, haurrak dituen premiak errespetatzen saiatuz”.

Haurra heldutasunera iristeko bideari egiten dio erreferentzia psikomotrizitateak. Izan, psikomotrizitate-praktikarik gabe ere garatuko baita haurra, naturak hala agintzen duelako. Baina, psikomotrizitatearen ekarpena da garapen hori hobea izan dadin bitartekoak jartzea. 

Haurra, hemen eta orain

Haurrari bere garapenean laguntzea izan arren helburu orokorra, baditu beste hainbat xede ere psikomotrizitateak. Horretarako, baina, zenbait ezaugarri kontuan izan behar ditu helduak eta hainbat jarrera zaindu behar ditu, adituen esanetan. Horietako bat da haurra agertzen den bezala errespetatzea. Haurra eboluzionatzen eta heltzen ari den izaki bat denez, begirada etorkizunean jartzeko arriskua egon liteke, hau da, haurrek gerora lortu beharreko horretan soilik arreta jartzekoa, uneotan dituen beharrei erreparatu gabe.

Zein gaitasun ditu haurrak hemen eta orain? Zein premia ditu? Helduek, gurasoek zein hezitzaileek, galdera horiei erantzuten saiatu behar luketela iruditzen zaio Beñarani. Haur txikiek komunikatzeko, harremanak izateko, esperimentatzeko, bizitzeko… duten tresna nagusia gorputza, mugimendua, ekintza eta jolasa badira, nola eskaini espazio eta denbora bat horri? Eta nola formatu hori guztia errespetatuko duen heldua?

Gako horiek zainduz gero, haurrak bere burua modu egokian gara dezakeela irizten du psikomotrizistak, eta, ondorioz, haur hori zenbait erdiespen egitera irits daitekeela. Zeintzuk dira, ordea, psikomotrizitateak haurrarentzat aurreikusten dituen jomuga horiek?

Umeak bere burua komunikaziora zabaltzea eta pentsatzera iristea da xede nagusia. Horretarako baina, Aucouturierren esanei jarraiki, funtzio sinbolikoa garatu behar du lehenik; bigarrenik, berrasegura-tzeko prozesuak bizi behar ditu; eta hirugarrenik eta azkenik, haurrak deszentratu egin behar du.

Hiru helburu horietan lehenari helduz, funtzio sinbolikoa garatzeak esan nahi du haurrari gorputzaren bidez adierazten uztea, eta jolasaren, ekintzaren eta irudien bidez barruan duena plazaratzeko moduak eskaintzea. Izan ere, haurrak lehen lehenik gorputzaren bitartez sinbolizatzen du eta hori oso kontuan izatea komeni da adituen esanetan, haurraren erritmoak errespetatzeko eta prozesuak ez azkartzeko.

Bigarrenik, haurrak berraseguratzeko prozesua bizi behar du, Aucouturierren arabera, hots, bizitzako ezintasunen aurrean ziurtasuna bilatzea, eta jolasaren bidez lortzen du hori. Ondorioz, haurraren segurtasun afektiborako jolasa ezinbestekoa dela dio. Zentzu horretan, psikomotrizitate-praktikak haurrari psikologikoki heltzen eta haziera modu osasuntsuan egiten laguntzen dio.

Aucouturierrek finkatzen duen hirugarren eta azken helburua deszentratzea da, hau da, haurra gai izatea bere buruaren eta kanpoko munduaren arteko bereizketa egiteko. Beste era batera esanda, norbere buruarengandik distantzia bat hartzea, bestelako ikuspegiak badaudela konturatzeko, eta norberaz gaindiko errealitatea onartzeko gauza izateko.

Xede horietaz gainera, Aucouturierren ekarpenari segika, beste helburu batzuk ere aipatzen ditu Beñaranek. Bere irudiko, haurra sortzailea izatea da psikomotrizitatearen beste egiteko bat. Eta, sortzailea dionean, ez du esan nahi umea “artista” bilakatu behar denik, baizik eta bere garapenaren protagonista izateaz ari da, hau da, bere ekintzen jabe izateaz eta iniziatiba edukitzeaz, hori izango baita haurraren autonomiarako giltza. “Haurrak berak nahi duena egiteko gauza izan behar du, barnetik ateratzen zaion gogoari kasu egiteko kapaza. Ez du egingo esaten zaiona soilik eta esaten zaion moduan, baizik eta gai izango da gauzak bere erara egiteko”.

Bizitza osoko eskola?

Azkenaldian, badago joera, psikomotrizitatea bizitza osoko ziklo gisa hartzeko. Herranek eta Beñaranek, ordea, 0-6 edo 0-8 urte artera mugatzen dute psikomotrizitatearen esparrua. Izan ere, Herranek adierazten duen eran, gauza bat da bizi-ziklo osoan zehar gorputzarekin eta gorputzaren mende bizi izatea eta beste bat psikomotrizitatea. “Gorputzarekin egiten den jarduera fisiko ugari dago: dantza, korrika, antzerkia eta beste hamaika, baina horiek ez dira psikomotrizitatea”. Haurrari garatzen laguntzen dion didaktika edo esku-hartze gisa ulertzen du psikomotrizitatea irakasleak, eta zentzu horretan, 0tik hasi eta 6-7 urte artekoak dira benetako urte psikomotorrak, bere esanetan. Izan ere, 0-6 urteen artean, umea bere gorputza menderatzeko prozesuan egon ohi da murgilduta, identitate bat izatera iristen den arte.

Etapaz etapa

Umea jaiotzen denean, batez ere, gorputza da. Erreflexuak eta mekanismo biologikoak dituen organismo bat da. Organismo hori beste organismo batekin topatzen da, hau da, haurrak bera zaintzen duenarekin (hezitzailea, ama, aita, aitona, amona…) egiten du topo, eta harremanetan sartzen da. Helduak, ordea, haurrarengan ez du organismo bat soilik ikusten, baizik eta ume bat, pertsona bat ikusten du. Eta heldu horrek umeak egiten duenari zentzu bat ematen dio, hau da, umea afektiboki zaintzen du eta umearengan bere afektuak, sentimenduak eta psikismoa proiektatzen ditu. Beñaranek azaldutako eran, pixkanaka, haurra afektu horiek garatzen hasiko da. Hala, bestearen balioa, bestearen kalitatea, bestearen afektua... kontuan hartzera iritsiko da: “Orduan, jada, ume hori ez da izango organismo bat soilik; baizik eta psikismoa duen organismo bat izango da. Hor alderdi biologikoa eta harremanen alderdia elkarreraginean sartzen dira”. Zer du haurrak biologikotik eta zer harremanaren bitartez eskuraturikotik? Beñaranen ustez, eztabaida hori antzua da, bi eremuak elkarreraginean daudelako. Haurra, beti, biologikoki dakarrenaren eta helduarekin duen harremanak eman dionaren arteko elkarreraginaren emaitza izango da, eta premisa horren gainean eraikiko du alderdi psikomotor guztia. 

0-1 aldian, psikomotrizitatea lantzeko, haurrari bera dagoen espazioan gorputzarekin aritzeko aukerak eman behar zaizkio, adituen arabera. Aldapak, koltxonetak, bestelako objektuak… erabil daitezke haurrak bere burua eta ekintza bizi ditzan. Beñaranek aipatzen duen moduan, umeari baliabideak jarri behar zaizkio bere gorputzaren bitartez espazioa eta mundua ezagutzeko, segurtasunean.

Urtebeteko eta bi urteko haurrekin, Beñaranen ustez, garrantzitsuena da haurrek mugimenduaren plazera bizitzera, “mugimenduaren plazera, euren buruaren plazera delako”. Haurrek horretarako nahirik erakusten ez badute, gogo hori pizteko aholkatzen du adituak; nahi hori azaltzen badute, berriz, gogoari eusten saiatzeko. Azken batean, abiapuntua da haurra bere baitan zentratzea, bere bizipenetan, bere sentsazioetan… “Hasieran haurrak sentsazio atseginak jasotzea oso garrantzitsua da, eta bizipen horiek segurtasunean izatea; hori izango baita haurraren identitatearen oinarria”.

Behin haurrak nortasunaren zimendua sendo ezarria duenean, 2-3 urteren bueltan, garrantzi handia hartzen du banaketak. Haurrak oinarri irmo hori beste bati esker ezarri du eta 2 urte ingururekin ohartzen da horretaz: “Ni beste bat naiz”. Hala mintzo da Beñaran: “Adin horretan psikomotrizitateak asko laguntzen du haurrek banaketaren aurrean euren burua ziurtatzeko baliabideak sor ditzaten. Haurrek ekintza pila bat egiten dituzte banaketarekin zerikusia dutenak. Psikoafektiboki jokoan dagoena da bestearekiko norbere burua ziurtatzea”. Sartu-atera, bete-hustu, joan-etorri, agertu-desagertu, gora igo-jaitsi… Ekintza mota horien bidez, haurra bera banaketa menderatzen joaten da. Banaketa barneratzeko modu sinbolikoak dira horiek: “Ni ez naiz banaketaren objektua; ni banaketaren subjektua naiz”.

3tik 6 urtera bitartean, haurra bere burua zein den zehazten hasten da, eta errealitatea askoz hobeto bereiztera iristen da. “3-6 aldia bereizketaren aldia da. Horrek zerikusi handia du eskolarekin eta ikasketekin. Zeren, zer da ikastea? Bereiztea da. Koloreak, formak, zenbakiak, kantitateak… Haur batek lortzen duenean bere buruaren zehaztasunak jakitea, gero errazagoa du mundua bereiztea”. Hortaz, 3-6 artean, psikomotrizitateak haurrari laguntza ematen dio bere burua ziurtatzeko eta autonomiaranzko bideak jorratzeko. Adin tarte horretan haurra ahalguztiduntasunetik ateratzen da eta ikusten du dena ez dagoela bere esku, baina gaitasunak dituela.

6-7-8 urtetan haurrak pentsamendu logikora iristen dira eta errealitate objektiboagoa jasotzeko gauza dira. “Momentu horretan errealitatea aurkitzen dute, bere mugekin. Eta zein da mugarik handiena? Heriotza”. Beñaranek esplikatutako eran, adin horrekin, pixkanaka, psikomotrizitatearen garrantzia txikitzen hasten da, haurrak dagoeneko ez duelako hain modu globalean funtzionatzen. Adin horretatik aurrera, psikomotrizitate-praktika terapia bezala erabil daiteke, eta baita psikomotrizitatearen atzean dagoen filosofia aprobetxatu ere haurrari iniziatiba emateko, baina ez eskolan lantzeko.