Osasun mentala irakaskuntzaren eremua gainditzen duen errealitatea da.


Sandra Sánchez Rabadan, Unamunzaga eskolako Berrikuntza Arduraduna, Haur Hezkuntzako koordinatzailea eta eskolako proiektuen arduraduna. Eva Iglesias Calabria, Unamunzaga eskolako psikologoa, AA01241 elkargokidea.


 

Osasun mentala irakaskuntzaren eremua gainditzen duen errealitatea da, eta gero eta handiagoa da laguntza behar duten ikasleen kopurua. Hori ikusita, Unamunzaga Eskolak, Erriberabeitiko Udalarekin elkarlanean, figura hori eskola barruan modu iraunkorrean izatea lortu du. 

 

2023ko udan, Erriberabeitiko alkatearekin bildu ginenean eta gure beharrak zein ziren galdetu zigutenean, argi geneukan: psikologo bat behar genuen.

Ordutik, Aiaraldeko Etxaurren Ikastola ezagutu eta hango psikologoa, Zuriñe Iglesias, erreferente harturik —figura iraunkorra da ikastolan duela hamarkada bat baino lehenagotik—, elkarlanean hasi ziren bi eskoletako psikologoak.

“Ezin duzu errendimendu akademiko ona eman, emozionalki ondo ez bazaude”, dio Unamunzaga Eskolako Eva Iglesias psikologoak. “Kasu larrienak, jakina, suizidioak dira, baina, egoera horretara iritsi aurretik, kasu asko artatu beharko lirateke. Kasketa asko izaten dituen bi urteko haurra eta halakoak nola kudeatu ez dakien familia bat, esaterako, nahiz azterketei nola aurre egin ez dakiten eta horrek larritasun egoerak sortzen dizkieten ikasleak”.

Hezkuntza Sailak ez du eskola guztietan psikologoa izatea aurreikusten, eta ez du haren figura beharrezkotzat jotzen, hezkuntza komunitatearen prestakuntzan baitu jarrita fokua, eta, hala, hezkuntza komunitate osoak partekatu behar du ikasleen osasun mentalari dagokion arreta hori. 

Irakasleak prestatzen saiatzen dira, ikasleei tresnak ematen, prestakuntzak eskaintzen… baina ez da nahikoa: hasteko, irakasle guztiek ez dutelako oinarrizko prestakuntzarik osasun mentalean; bestetik, ez direlako psikologoak, eta, gainera, kasu horiek Osakidetzara bideratu behar direla uste delako. Baina euskal osasun zerbitzua kolapsatuta dago. 

Konponbidea arreta pribatua izan liteke, baina familia batzuek ezin dute ordaindu. Eta zaila da kontsulta pribatuetan ere hitzordua lortzea. Gainera, laguntza psikologikoa behar duen adingabe bakoitzeko, “ohikoena da familia ere tratatu behar izatea. Testuinguru osoari lagundu behar diozu. Hitzordua ez da pertsona bakarrarentzat, adingabearentzat bakarrik, inguru guztiari erreparatu behar baitzaio” dio Iglesiasek, Unamunzaga Eskolako psikologoak. “Eta ez dugu ahaztu behar osasun mentaleko arreta eskubide bat dela, baina ez da behar bezala artatzen”, salatu du. 

Beraz, psikologo batek testuinguru ezin hobea du ikastetxean bere lana egiteko, osasun mentala lantzeko. Haurrek eskolan igarotzen dute beren egunaren zati handi bat. Bertan aukera handia dugu haurrak maila sozialean (parekoekin, helduekin eta familiekin) nola erlazionatzen diren behatzeko. Normalean, seguru sentitzen dira, eta, beraz, leku egokia da ingurutik atera gabe artatzeko. 

Itunpeko ikastetxe batzuek psikologo bat kontratatzen dute beren ikasleak artatzeko; Etxaurren Ikastola publikoaren kasuan, aldiz, guraso elkartearen bitartez kudeatzen da psikologoaren laguntza.

“Ikastetxean saiatzen bazara, esku hartzea patologizatzea saihesten duzu, kanpoko psikologo batengana bideratzen duzunean ez bezala. Askotan, nahikoa izaten da esku hartze txiki batekin. Ikaslearekin hitz eginez, denbora labur batez harekin egonez eta zer esan jakinez, kalte handiagoak saihesten dira. Gainera, ikastetxearen barruan egiten bada, ez duzu haurra nabarmen uzten, ez da desberdin sentitzen, eta hobea da hori haientzat”, dio Eva Iglesias adituak.

Hala ere, hezkuntzako psikologoaren “diziplina eremua” hezkuntza arloan diharduten beste profesional batzuekin nahasteko joera dago, hala nola aholkulariekin edo orientatzaileekin.

 

Hezkuntzako psikologoaren funtzioak

Psikologoen Elkargo Ofizialak hezkuntzako psikologoaren zereginak definitzen ditu, hezkuntza arloarekin lotutako profesionalek betetzen dituzten beste funtzio batzuetatik bereizteko.

  • Ikasleen hezkuntza eskakizunen aurrean esku hartzen du. Ikasle bakoitzaren hezkuntza premiak aldez aurretik hautemateaz arduratzen da, ikasle horien prestakuntza esperientzia hobetuko duen ekintza plan bat diseinatzeko, eta beste trebetasun psikologiko batzuk ere lantzen ditu, hala nola bakarrik egoten ikastea.
  • Aholkularitza profesionala eman dezake. Ikasleen edo pertsonen gaitasunak, talentuak eta bokazioak identifikatzen ditu, helburu profesionalen irismena eta erabakiak hartzea modu asertiboan sustatzeko.
  • Sortu daitezkeen arazoak saihesteko neurriak aurreikusten ditu. Ikaslearen familiaren eta erakundeen testuingurua ezagutzen du, parte hartzen duten erakundeen jardunari buruzko diagnostiko bat egiteko eta hezkuntza esperientzian arazoak saihesteko.
  • Gizarte eta hezkuntza arloko esku hartzea aztertzen du. Eskolaz kanpoko gizarte eremuak ikaslearen bizitza akademikoan nola eragiten duen eta hezkuntza hobetzeari begira nola esku hartzen duen aztertzen du.
  • Hezkuntza ereduak proposatzen ditu. Familiari aholkuak ematen dizkio, eta familiako hezkuntza ereduak sortzen ditu, bizi kalitatea hobetzeko.
  • Ikerketa eta irakaskuntza funtzioak betetzen ditu. Hezkuntza teoriei eta, oro har, psikologiaren eremuari buruzko ikerketak egiten ditu, hezkuntza portaera berezia azaltzeko eta kasu konplexuetan jarraitu beharreko orientabideak eta prozedurak babesteko.

 

Hezkuntzako psikologoaren errealitatea

Gezurra badirudi ere, hezkuntzako psikologoek beren lan profesional espezifikoaren aintzatespenik eza, gobernu erakundeen laguntza eskasa eta beren jardunaren aurkako hezkuntza sistema izaten dituzte aurrez aurre.

  • Ez dute ikusgarritasunik berritzeguneen, zuzendaritzen, familien eta ordezkarien komunitate askoren aldetik. Botere publikoko arduradunek ere ez dituzte kontuan hartzen profesional horien eginkizunak, eta euren eskumenak deuseztatzen dituzte, ez dutelako nahikoa prestutasun eta ezagutza.
  • Eginkizunak mugatzen zaizkie, beren konpetentzia profesionalak arrazoi moduan jarriz. Onartezina da administrazio publikoek psikologoen lana orientatzaile edo aholkulari batek egin dezakeela aitortzea.
  • Administrazio publikoak ez daki zein diren hezkuntzako psikologoaren zeregin espezifikoak, eta haien lanpostuan orientatzaileak edo pedagogoak aritu daitezke.
  • Baliabideak urriak dira adar zientifiko hori garatzeko, eta, beraz, gero eta txikiagoak dira hezkuntza arloko ekarpen teorikoak.
  • Administrazio publikoko instantziek ez dituzte kontuan hartzen psikologoak eskola eremuan duen balioari buruz komunitate zientifikoak eman dituen gomendioak.

 

Horren ondorioz, hezkuntzako psikologoa, alde batetik, oso funtzio espezifikoak dituen profesionala da, ikasle guztien hezkuntza kalitatea hobetzeko prozesuetan eraginkortasunez esku hartzeko gai dena, eta, bestetik, komunitateak gutxi ezagutzen duen profesionala da. Beraz, oraingoan zortea dugu Unamunzaga Eskolan, askoren ezagutza urria bada ere, psikologoa daukagulako ikasleentzat, familientzat eta irakasleentzat, horretarako beharra eta eskubidea dugulako. Gurea da etorkizuna.