Zer egin nerabeak, bere logelan sartuta, Interneteko sare sozialetan denbora asko pasatzen duela ikusten badugu?   GAUR EGUN, NERABEAK gainestimulatuta daude teknologia berriekin. Haiei ez zaie bizkarra eman behar; ostera, nerabeei irakatsi egin behar diegu horiek nola kudeatu. Nire ustez, Internet konexioa duen ordenagailua egon beharko litzateke komuna den espazioan, egongelan, adibidez. Seme-alaben logelan? Ezta burutik pasa ere! Gogoan izan, izugarri aurreratu duela teknologiak azken boladan, baina, tamalez, gizakiak ez du ia aurrerapenik egin emozioen garapenean. 

Ba al dago garai aproposik etxeko-lanetan (gela txukundu, platerak garbitu…) laguntzen hasteko? Ala, txiki-txikitatik landu beharreko zerbait da? 

GURE GIZARTEAN, oso markatuta daude emakumezkoen eta gizonezkoen rolak; eta horien artean, oraindik, gertatzen dira desberdintasun nabarmenenak etxeko-lanetan. Amek egiten dituzte aitek baino etxeko-lan gehiago, nahiz eta etxetik kanpo ere lan egin; eta gehiago inplikatzen dira umeen 

zaintzan. Gizartea aldatzea nahi badugu, etxetik hasi behar dugu. “Etxean entzuna, umean zentzuna” esaerari jarraituz, haurrak txiki-txikitatik ikusi eta entzun behar du kide guztiak inplikatuta daudela etxeko-lanetan. Horrez gain, umea etxeko-lanetan inplikatu behar dugu ere. 2 urterekin has gaitezke,

erabiltzen dituen jostailuak jasotzen proposatuz, gure laguntzarekin, noski; eta, hortik aurrera, progresiboki, etxeko-antolakuntzan erantzukizun gehiago emanez.  

 

Zer rol jokatzen du koadrilak nerabezaroan?

ATXIKIMENDUAREN TEORIAK oso garbi azaltzen du zer suposatzen duen koadrilak gaztearentzat. Haurtzaroan, gurasoak izaten ohi dira atxikimendu irudiak. Afektuzko erlazio horren bitartez, seme-alabak seguru sentitzen dira eta gizarte trebetasunak eskuratzen dituzte. Nerabezaroan, gurasoek, nahiz eta garrantzitsuak izaten jarraitzen duten, indarra galtzen dute; eta nerabea, sortzen hasten da berdinkideekin ezinbestekoak dituen atxikimenduzko erlazioak, zeinak, afektiboki, gurasoekin sortutakoen baliokideak baitira. Hortaz, gaztearentzat, segurtasuna eta identitatea emango lizkiokeen afektuzko gizataldea da koadrila. Horregatik du horrelako garrantzia.

 

Ustekabean, seme-alabek euren jokabidea aldatu, eta  berdinkideekin oso lotsagabe eta oldarkor agertzen den kasuetan, nola lagundu diezaioke helduak trebeagoa izaten gatazken konponbideetan? 

UKAEZINA DA, oro har, bizi garela indarkeria gehiegi pairatzen dugun gizartean. Gatazkak konpontzeko ereduaren oinarria izango da gurasoen esku-hartze pedagogiko goiztiarra, zeina gurasoen sostenguan eta haurraren autoerregulazio emozionalean errotua baitago. Hezkuntza horrek bete beharko lituzke honako oinarrizko lau jokabide-arau: (1) lasaitasuna berreskuratzea, (2) elkarrizketa kooperatiboa indartzea, (3) konponbiderako ekintzak berdinkideen artean, beraien kabuz, bideratzea, eta, (4) adostutakoa martxan jartzea.