Elkarrizketa: Amaia Serrano, EHU-ko irakaslea 

Idazketaren psikogenesiari buruzko monografikoa kaleratuko du Hik Hasik azaroan. EHUko Donostiako Hezkuntza, Antropologia eta Filosofia fakultatean Hizkuntzaren eta Literaturaren didaktika saileko irakaslea da Amaia Serrano eta idazketa sistemaren ikasketa prozesuan psikogenesiak duen garrantzia azpimarratu du, beste edozein arlotan aplikatu daitekeela nabarmenduz.  

 

Hizkuntzaren eta Literaturaren didaktika izena duen ikasgaia ematen duzu eta, besteak beste, psikogenesiaren gaia lantzen duzue. Nola, noiz izan zenuen psikogenesiaren berri?

Duela lau bat urte hasi nintzen Hizkuntzaren eta Literaturaren didaktika ikasgaia ematen. Hizkuntzaren didaktika irakasten hasi nintzenean sail bereko Gasteizko fakultateko irakasle baten bidez izan nuen psikogenesiaren berri eta harrituta geratu nintzen, beste mundu bat topatu bainuen. Begirada zabaldu nuen eta jarraitu beharreko bidea hori dela ikusi nuen. Curriculumak zehazten du haurrak Lehen Hezkuntzan hasi behar direla idazten ikasten, eta psikogenesiaren berri ez badugu, bestelako metodo sintetiko-analitikoak erabiliko ditugu: ‘ma-me-mi-mo-mu’ eta antzekoak errepikatuz ikasiko dugu. Geuk modu horretan ikasi genuen eta horrregatik, nire ikasleak ere harrituta gelditzen dira psikogenesiaren berri dutenean. Gelan aztertzen ditugun haurren idatzizko ereduetan psikogenesiaren arabera bizitzen dituzten faseak ikusten dituzte, eta zerbait erreala dela ikusten dute. Harrituta gelditzen dira aurretik horren berri izan ez dutelako eta praktikak egitera joaten direnean bertatik bertara ikusten dutelako prozesua, benetan, hala izaten dela. Irakaslegaiak asko aberasten dira eta haien barnean arakatzen hasten dira irakasle gisa zer egin dezaketen ikusteko. Beti esaten dugu irakasleak bidelaguna izan behar duela, baina irakasle moduan itxoitea, behatzea, errespetatzea edota denbora pausatuagoan aritzea ez da beti erraza izaten.

 

Euste lan hori zaila izaten da irakasleentzat, baina ikasleei euren kabuz ikertzen eta ikasten uztea garrantzitsua da, ezta? 

Idazten ikastea ikerketa lana dela dio Elena Laizek eta nik uste dut haurrak jaiotzen diren momentutik, etengabe ikertzen ari direla. Zer da ikertzea? Hipotesi batzuk izatea eta, ondorio batzuk ateratzeko helburuz, horiek etengabe frogatzen aritzea. Haurra da sortzen zaizkion jakin-min eta galdera horien aurrean erantzuna aurkitzen saiatu behar dena. Irakasleak baliabideak eta espazioak proposatuko dizkio, baina ikasketa askoz ere esanguratsuagoa izango da haiek probak egiten badituzte eta gauzak nola egiten diren euren kabuz deskubritzen baldin badute. Irakasleari, begirada aldaketa eta behaketa lan handia eskatzen dizkio ikasle bakoitzaren prozesua kontuan hartzeak. Dena klik batera edukitzera ohitu gara eta emaitzak segituan nahi izaten ditugu, baina ikasketa prozesuan emaitzak epe luzera jasotzen dira eta ikasgela batean erritmo ezberdina duten umeak egoten dira. Ikasleei umeek euren kabuz ikasten dutela esaten diedanean, ez didate sinesten. Zaila da haur batek horrelako gaitasuna duenik sinestea.

 

Psikogenesia prozesu bat da, ikasle batzuek epe laburragoan eta beste batzuek epe luzeagoan egingo dute, baina denek lortzen dute prozesu hori egitea. Nola definituko zenuke zuk psikogenesia?

Idazketaren eta irakurketaren psikogenesiaz ari bagara, haurraren garapen kognitiboa errespetatzen duen prozesua dela esango nuke. Haurrak kode idatziarekin harremanetan dagoen neurrian eraikiko duen ikaskuntza prozesu gisa definituko nuke. Gainera, berdin dio zein hizkuntzatan ikasten duzun irakurtzen, zeren kodea asko aldatzen ez bada, hizkuntza batetik bestera transferitu daitekeen gaitasuna da. Gerora, hizkuntza bakoitzari dagokion ortografia, sintaxia… ikasi beharko dute. 

Ikasleei esaten diet umeentzat idatzizko kodea hieroglifikoen antzekoa dela pentsatu behar dutela, bat-batean haiek bakarrik, mundu berri bat deskubritzen dutela eta errealitateari beste modu batera begiratuko diotela une horretatik aurrera. Guk prozesu horretan bideratu behar ditugu eta haurren garapena errespetatu behar dugu. Irakurtzeko eta idazteko prozesuak ezin dira bereizi, batera doaz kode idatziari loturik dauden heinean. 

 

Etorkizuneko irakasleek psikogenesiaren berri izatea garrantzitsua da. Zergatik?

Haurrek ikasteko berezko gaitasuna dutela, ikaskuntza prozesua euren kabuz egiteko gai direla ulertu behar dute irakasleek. Haurrengan konfiantza izan behar dute eta hipotesiak egiteko aukera eman behar diete, bestela, irakasleak esango die nola ikasi behar duten eta irakasleak esaten badie, haurrek, agian, ez dute ulertuko zergatik den. Haurrek galderak egiteko beharra izaten dute: 0-8 urte bitartean asko galdetzen dute zergatik eta zertarako, baina gero joera hori galdu egiten da eta galderarik egin ezean, jasotakoa ez dute zalantzan jartzen. Gelan egiten dituzten ariketek funtzio erreal bat izan behar dute. Ikasleek konfiantza handia izaten dute irakasleongan, eta eskatzen diegun horrek on egingo diela pentsatzen dute, baina egiten duten hori zertarako egiten duten jakiteak on egiten die, helduoi egiten digun moduan. Irakaslegaiek hori ulertzea oso garrantzitsua da.

 

Psikogenesiari buruz ari garenean, ez gara ari irakurtzen eta idazten irakasteaz, baizik eta kodearen jabekuntzaz. Ideia hori azalduko al zenuke?

Ikuspegi funtzional-konstruktibista iritsi arte haurrei irakurtzen eta idazten irakatsi behar zitzaiela pentsatzen zen. Baina gaur egun badakigu haurrek ikasteko berezko gaitasuna dutela eta guk lortu behar duguna da, idazten edo irakurtzen duten horrek, helburu erreal bat izan dezala. Bai irakurtzea, bai idaztea komunikazio ekintzak dira eta komunikazio orok helburu bat, asmo bat du. Ahozko hizkuntzari dagokionez, irakatsi egiten da edo modu natural batean ikasten dugu? Ez dugu zalantzan jartzen umeek ahozko hizkuntza ezer irakatsi gabe bereganatzen dutenik, baina euren kabuz irakurtzen eta idazten ikasi dezaketela zalantzan jartzen dugu. Kode idatziaren kasuan, prozesua bera da: inguruan presente dagoen momentutik, arazo kognitibo berezirik ez baldin badute, behintzat, haur guztiak gai dira lehenago edo beranduago euren kabuz idazten eta irakurtzen hasteko. 

 

Kodearen presentziak berebiziko garrantzia du, beraz. Bai eskolan eta baita etxean ere giro alfabetatua egotea oso garrantzitsua da. Testuak eta ereduak  eskura izan behar al dituzte? 

Bai. Baina ez dugu ezer berezirik egin behar zeren kodea presente dago, etengabe, bai eskolan eta baita kalean ere. Haurrak ikusten du helduen munduan kode idatziak garrantzia duela, eta horretara heltzeko nahia berezkoa du. Helduen mundu hori imitatzen saiatzen dira hasieratik, dela zirriborroak eginez, dela borobiltxoak eginez... Hor jada haurra hasi da hipotesiak egiten. Psikogenesiaren arabera, haurrek hainbat fase pasatzen dituzte kontzientzia fonologikoa eskuratu arte, eta batetik bestera igarotzeko gainditu beharreko krisiak izaten dituzte. Modu naturalean irakurtzen hasiko dira eta horrek poztasun handia sortuko die. 

Horregatik, kodearekin jolastea oso garrantzitsua da, eta eskura ditugun egoera errealak baliatu ditzakegu horretarako. Helburu komunikatiboa duten jarduerak planteatu behar ditugu. Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailan, adibidez, gurasoentzako oharrak eskuz idatzi ditzakete. Gerta daiteke hori eskatzen diegunean haur batzuek oraindik idazten ez jakitea. Ez da ezer gertatzen: agian borobil batzuk egingo dituzte. Zer jarri duten galdetuko diegu eta parentesi artean berridatziko dugu esan nahi izan dutena, gurasoek uler dezaten. Haurrek egiten dituzten lehen saiakera horiek ez gutxiesteko esaten diet irakaslegaiei. Guk egiten duguna imitatzeko saiakera egiten dute eta hortxe dago gerora egingo duten bidearen abiapuntua. Oso garrantzitsua da prozesu horretan adi egotea. Haurrek imitazioz ikasten dute eta guk hori kontuan hartzen ez badugu edo barre egiten badiegu, oztopatu egingo ditugu. Psikogenesiari buruz ezer ez badakigu eta ume bat hipotesi silabikoan dagoela ez badakigu (silaba bakoitzeko grafema bat idatziko du), paperean gaurko menua idatzi duela esango digu eta oso gaizki idatzita dagoela edo, beharbada, arazo kognitibo bat duela pentsatuko dugu. Hori oso larria da: kasu horretan irakaslearen ezagutza egongo litzateke oker, ez haurrarena. 

 

Ikasketa prozesua euren kabuz egiten badute, ikasketa esanguratsua izango da eta umeek kodearen jabekuntza lortzearekin batera ulermena ere lortuko dute, normalean. Hala ere, kodeaz jabetze hutsak ez du bermatzen ulermena dagoenik: 'ma-me-mi-mo-mu' esaten jartzen baldin baditugu, akaso lortuko dute kodea deszifratzea baina ez dute ulertuko horrek zer esan nahi duen, ezta? 

Hezkuntzan gaur egun dugun erronka handienetako bat da ulermena. Zentzu horretan, irakurketaren eta idazketaren psikogenesia oso garrantzitsua da, hori izango baita edozein ikaskuntzaren oinarria. Lehen Hezkuntzatik aurrera, kode idatzian oinarritzen gara, ahozkotasunak oso presentzia urria du eta maiz ikusten dugu hizkuntza arazoak dituzten haurrek matematikan ere arazo handiak dituztela. Ez da kasualitatea: azken batean, matematikaren oinarri handi bat ulermenean datza. Eta, ulermenari hasieratik egin behar zaio lekua. Kode idatzia transkribatzen, idazten eta irakurtzen oso ongi jakin dezakegu, baina horrek ez du inolaz ere ulermena bermatzen. Ulertzeko, ariketak egin behar dira, irakurri, irakurrarazi… Eta, zentzu horretan, bidea egiten ari gara pixkanaka. 

 

Psikogenesia umeek bizitzen duten barne prozesu bat da. Nolako bidaia egiten dute umeek prozesu horretan?

Lehenengo urratsa, kode idatzia eta marrazkiak desberdintzen jakitea da. Kode idatzia gainerako kodeetatik bereizten ikasten dutenean, hainbat fase pasatzen dituzte: imitazio aroa, izenaren hipotesiaren aroa, hipotesi silabikoa, hipotesi silabiko-alfabetikoa eta hipotesi alfabetikoa. Kontzientzia alfabetikoa eskuratzen dutenean, pixkanaka idazketari dagozkion bestelako alderdietan trebatzen joan behar dira: testuaren koherentzia eta kohesioa, ortografia… Espazioaren kudeaketa ere oso desberdina da idazten ikasten hasten direnean eta prozesua amaitzen dutenean. 

Kontzientzia fonologikoa eskuratzeak esan nahi du haiek entzuten duten moduan idatziko dutela, baina gero benetan irakatsi daitezkeen edo ikasi daitezkeen beste alderdi batzuk daude: ortografia, ezkerretik eskuinera idaztea, espazioaren kudeaketa, simetrikoak diren grafemak nola idazten dituzten… Neurozientzialariek diote, jaiotzen garenetik mundua simetrikoki ikusten dugula, aurpegiak ere simetrikoak dira gutxi gorabehera, eta, beraz, ispilu moduan idaztea, prozesu naturala da. Horregatik, idazketaren hasieran asimetrikoak diren letrak alderantziz idazten badituzte, ezin diegu esan ‘S’ edo ‘R’ gaizki idatzi dutenik, haurrak bere logikaren arabera egin duelako. Beste ikuspegi bat garatu behar dugu eta bikain egin duela esan behar diogu. Hurrengo batean, ispilu moduan idatzi duela ikusi dugunez, liburuak emango dizkiogu, letra horiek seinalatuko ditugu… Eta, gure laguntzaz, baina bere kabuz konturatuko da nola idatzi behar duen. Guk esaten badiogu, ez du hain erraz barneratuko. 

 

Ikuspegi hori oinarri gisa hartuta, zein jarduera egin daitezke eskolan irakurketa eta idazketa lantzeko?

Nire ikasleek hasieratik egiten didaten galderetako bat da hori. Lehendabizi, itxaron egin behar dugu haur bakoitza psikogenesiaren zein fasetan dagoen ikusteko. Eta, horretarako, behaketa oso sakona egin behar da. Umearekin egon behar dugu, egoera batzuk proposatu behar dizkiogu eta zer sortzen duen ikusi behar dugu. Pentsatu behar dugu gelan zer txoko sortu ditzakegun eta zer egin dezakegun benetan bidelagun izateko, baina nola egin behar duen erakutsi gabe. Oharrak arbeletik kopiatu ditzakete, eguneko menua irakurri, letrekin jolastu, hitz berriak sortu, letren tanpoiak eduki, asmakizunak sortu ditzakete… Gero bai, kontzientzia fonologikoa eskuratzen dutenean, agian egin daitezke ariketa jakin batzuk ortografia lantzeko, esate baterako. Hizkuntzarekin jolastea asko gustatzen zaie, eta, adibidez, gelako hiztegia sortu dezakete hitzak asmatuz edo hitzei esanahi berriak emanez. Egiten dituzten ariketek funtzio jakin bat baldin badute, haurrek horiek egitearen zergatia ulertuko dute. Ongi pasatzea ere izan liteke helburu bat. 

 

Zer saihestu beharko genuke?

Ba, hain zuzen ere, komunikazio helbururik ez duten ariketak: ‘ma-me-mi-mo-mu’ eta gisakoak errepikatzea, adibidez. Zentzugabeak diren ariketak egitea, oro har.

 

Batez ere irakurketa eta idazketaren psikogenesian zentratzen ari gara, baina lehen aipatu dugu matematikan, adibidez, aplikatu daitekeela. Arlo guztietan aplikatu al daiteke?

Bai. Eta oso garrantzitsua da. Batzuetan arloak oso bereizita daudela iruditzen zaigu, baina, adibidez, gorputz heziketa eta hizkuntza askotan elkarrekin landu daitezke. Mugimenduak memorizazioan laguntzen duela ikusi da eta lexikoa ikasteko, esaterako, gorputza mugimenduan jartzen bada, errazago barneratu daiteke: koloreak ikasteko, alde batera salto egitea izan daiteke mugitzeko modu bat, baina psikomotrizitatean ere literatura oso presente egoten da saioaren amaieran, mugimendutik lasaitzera pasatzeko. Beraz, bi norabidetan uztartu daitezke gorputza eta hizkuntza edo literatura. Ez hori soilik, gorputza eta elkarren arteko afektua, konfiantza, eta hizkuntzaren erabilera oso lotuta daude: ez gara soilik buru bat, gorputza gurekin dago, eta askotan hori ahaztu egiten zaigu. Bestalde, matematiketan, ikastetxe askotan Innovamat programa jarraitzen dute, eta konturatzen ari dira haurrek leku berera iristeko bide ezberdinak egin ditzaketela eta logika eraikitzeko modu ezberdinak daudela. Gainera, umeei jakinmina pizten die ondokoak leku berera iristeko beste bide bat erabili duela ikusteak. Psikogenesia edozein arlotan aplikatu daiteke, zalantzarik gabe.

 

 

Galdera laburrak:

01. Eskola garaiko oroitzapen on bat? 

Lehen Hezkuntzako irakasle batena, oso hurbilekoa, eta ikasle bakoitzarekin egoteko tartea hartzen zuena. Inplikatua, atsegina, goxoa eta behar beste azalpen ematen zituena. 

02. Eskola garaiko oroitzapen txar bat? 

Ez dut oroitzapen txarrik, baina orain jabetzen naiz Lehen Hezkuntzako azken zikloan bullying kasu baten aurrean ez nuela ezer egin, eta konplize izan nintzela. Beldurragatik edota liderrari kontra ez egiteagatik, ausardia falta izan nuen, eta orain amorrua ematen dit ezer egin ez izanak. Bestela, eskolako oroitzapen onak izan ditut beti.  

03. Nolako eskola amesten duzu? 

Euskara eta euskal kultura ardatz dituen eskola kulturanitza, ikasleekin erronkak adosten dituena eta eskola komunitate osoa aintzat hartzen duena. 

04. Zuretzat garrantzitsua den balore bat?

Errespetua.

05. Hezkuntzari buruzko film bat edo liburu bat? 

Bi liburu: Transgresioa irakasgai. Hezkuntza askatasunaren praktika (bell hooks) eta Educar en el asombro (Catherine L' Ecuyer).