Iritzia | Nora Salbotx, Maistra eta hikhasitarra

Azaroaren 30ean aterako gara karriketara maistrak, ikasleak, sukaldariak, amak, garbitzaileak, haur-zaintzaileak, irakasleak, atezainak. Eta beraz, aterako gara ama garbitzaileak, maistra sukaldariak, atezain ikasleak, irakasle haur-zaintzaileak ere. Sukaldari maistra ikasleak, ama irakasle garbitzaileak, zaintzaile zaintzaileak. Eta aterako gara denon bizitzak erdigunean izanen dituen jendarte berri baten alde eta zaintza eskubide kolektiboaren aldarripean. Utziko ditugu, hortxe bertan bazterrera (sic), klarionak eta amantalak, plastilinak, lanbasak eta gomazko eskuzorro arrosak, xatarrak, liburuak, eltze industrialak, chef-txanoak, merendu-poltsak, sokasaltoak, motxila ttipiak eta Altusak, astelegun goizetako gosari-ohatze-garbitze-orraztatze-beztitze lasterraldiak, apunteak, irakaslearen koadernoa. Izan ere, hezten zein zaintzen, zaintzen eta hezten, hezten dugulako zaintzen eta zaintzen dugulako hezten, hezkuntzaren puxkarik handiena garen hauek grebara goaz emakumeon gorputzen gaineko estraktibismo basatian bapo bizi den patriarkatua agerian uztera.

Akort. Eta abenduaren 1ean beraz, arrazoi berdinengatik, bezperako diskurtso feministan ahaldunduta ariko gara ikastetxeetan, ala? Bizitza-bizitza bezalaxe, eskola-bizitza ere erdigunean paratu eta zeren gainean eraikita dagoen problematizatzea baitagokigu; problematizatzea, kontzientzia hartzea, praktikatik eragitea, berriz problematizatzea. Jakin baitakigu feminismoa hezkuntzaren erroetara eramatea dela aukera bakarra egiazki zaintzaren etika eta pedagogia azkartu eta diziplinatze patriarkala errotik iraultzeko. Patriarkatuak kolonizatutako espazio, harreman molde, egitura, eduki eta sistema batez ari garelako, hain zuzen ere. Agerikoa baita nola curriculuma eta ezagutza bera arpilatu dituen, berdin ikasgelak, korridoreak, komun, sukalde, patio eta atariak ere.

Dio Yayo Herrerok eskolak soilik hau guztia irauli dezakeela sinestea pentsamendu magiko hutsa dela. Eta hala ere, bat egiten du Marina Garcesekin honek dioenean ikaskuntzek munduan inskribatzen gaituztela baina, aldi berean, mundu hori gainditzeko, erantzuteko eta eraldatzeko aukerak zabaltzen ere. Alegia, mundura lotu eta harengandik banatzen gaituztela.

Guri, hezkuntza komunitateko feministoi, badagokigu ebaztea zer ikaskuntzek inskribatzen gaituzten munduan heziguneetatik abiatuta, zeintzuk banatzen, zeintzuk eraldaketara bulkatzen. Beraz, zeri joko diogun gure ahal guztiz dinbili danba, gau eta goizez (sic)...