HAURTZAROA ZAINTZEA BIZITZA OSASUNTSU BATEN ABIAPUNTUA DA, PSIKOLOGIAN DOKTORE DEN EHU-KO IRAKASLEARENTZAT. HAURRA ARTATZEKO ETA AFEKTUZ BETETZEKO GURASOEK PRESENTE EGON BEHAR DUTE, BAINA ASKO ETA ASKO ABSENTE SUMATZEN DITU GAUR EGUN.

Oso ondo ezagutzen du haurtzaroa Carmen Maganto Mateok. Psikologo kliniko gisa ume ugari pasatu dira haren kontsultatik. “Euren gurasoei zer eskatuko liekeen galdetzean, ume askok eurekin egon daitezela besterik ez dute eskatzen”, azaldu du psikologo kliniko eta irakasle nafarrak. Esperientzia klinikoaz gain, ikerketa ugari egin eta hamaika artikulu eta liburu idatzi ditu, haurren gorputzaren irudiaz, elikadura arazoen inguruan, ‘sexting’-ari buruz... Eta azken urteetan psikologia positiboaren inguruan lanean dihardu.

Zer garrantzia du haurtzaroak norberaren nortasunaren eraikuntzan?

Haurtzaro bat daukagu bizitza osorako, hau da, haurtzaroa bakarra da eta bizitza osorako da. Lehen urteetan garunaren plastizitate neurologikoaren bidez jasotzen ditugun datuak hurrengo urteetan baino sakontasun handiagoz grabatzen dira. Memoriaren efektuak eragin handiagoa du bizitzako lehen urteetan azkenekoetan baino. Horixe bera ikusten dugu adineko pertsonengan: haurtzaroaz oroitzen dira baina ez atzo egin zutenaz. 

Zeintzuk dira haurraren garapenean eragiten duten oinarrizko faktoreak?

Haurraren garapenean bi aspektu daude: hazieran jaso duen maitasuna eta afektua, batetik; eta haurrari jar-tzen zaizkion mugak, bestetik. Biak elkarrekin doaz. Guraso batzuek diote mugak eskolak jarriko dituela, edo haur bat daukatela eta euren nahia zaintzea eta permisiboa izatea dela...  Baina bigarren kasuan, haur hori mugarik gabe haziko da, mugak ez baitira gero ikastetxean jarriko. Asko maite dugun pertsonari onartzen diogu ondoen mugak ezartzea; horregatik, gurasoek ezarri behar dituzte mugak. Afektuaren eta mugen arteko interakzio hori oso indartsua da haurtzaroan, eta haurrari laguntzen dio zer dagoen ondo eta zer ez bereizten; zer den ona eta zer den txarra; zer egin daitekeen eta zer ez... Horrek guztiak segurtasunez bizitzeko laguntzen dio. Mugarik ez daukan haurrak ez daki zer egin daitekeen, ez zer gertatu behar den, ezta gauzek ze ondorio izan dezaketen ere; mugak argi dituen ume bat baino intseguritate handiagoarekin hazten da. 

Honi buruz ari naizela, ohartu naiz norbaitek uler dezakeela uneoro eta edozein muga jar dezakeela gurasoak, eta hori ez da horrela: haurrei arau gutxi jarri behar zaizkie, arau gutxi, argiak eta beharrezkoak soilik ezarri behar zaizkie.

Afektua aipatu duzu. Maitasunak zer eragin dauka garapenean? 

Afektua eta limiteak trenaren bi errailak balira bezala, elkarrekin doaz. Errail afektiboak alderdi emozionala, babesa, zaintza, euskarria, kontentzioa, etabar barnebiltzen ditu. Gero eta afektu positibo gehiago jaso, orduan eta konfiantza handiagoa izango dugu norbere buruarengan. Ume bati besoetako haurra denetik bere beharrei kasu egiten bazaie, zain-tzen badute... haur horrek segurtasuna edukiko du beti norbait izango duela ondoan lagunduko diona eta maitatuko duena. Haatik, gurasoak absente badaude, dela lanagatik, krisi emozionalengatik, buru gorabeherengatik... haurrak ez du konfiantza hori garatuko.  

Guraso asko estresatuak daude gaur egun, denbora gutxi dute, nekatuegi daude, eta haurren zaintzan pseudoabandono larri bat ari gara bizi-tzen. Gabezia emozionalak dituzten ume horiek beti daude ez daukaten zerbait eskatzen, eta horrek antsietate handia sortzen du. Emozio negatiboak sortzen ditu, beldurra, antsietatea, deskonfiantza... Aldiz, gurasoek hazierako lehen zaintza kalitatezkoak eskaintzen dituztenean -—babesa, esfinterren kontrolatzea, elikadura, jolasa...—, emozio positiboak sortzen dituzte haurrarengan eta, ondorioz, honek segurtasun eta konfiantza handiagoa izango du bere buruarengan, eta baita ondokoengan ere, bai baitaki lagundu egingo diotela. 

‘Cómo potenciar las emociones positivas y afrontar las negativas’ liburuan diozunez, ez gara emozio guztiekin jaiotzen.

Ez. Oinarrizko bi emoziorekin jaiotzen gara: ongizatearena eta ondoezarena. Haur bat ondo dago edo gaizki dago. Haur jaio berri bat ondo dagoenean, ondo elikatua dagoelako da, garbi dagoelako, ez daukalako minik eta logalerik ez daukalako: ondo dago. Bere organismoak hotza edo beroa, gosea, izerdia, hazkura edo ondoezen bat duen unean... ez dakienez esku bat duela hazka egiteko eta ezin duenez hazkura goxatu, gaizki sentitzen da. Defentsa gutxi ditu, eta zaintza handia behar du, norbait behar du gertu, zer behar duen jakingo duena. Gehiegizko gainbabesik gabe, garrantzitsua da gurasoek haur horren ondoeza denboran luza ez dadin neurriak har-

tzea. Luzatzen baldin bada, haurrak fisiologikoki sentitzen duen babes gabezia emozioetara igaroko da eta esperientzia fisiko horrek garunean arrasto handia utziko du. Zaintza hauek oinarrizkoak dira, eta erritmoagatik, errepikapenagatik, memorizatu egiten dira; ondoren hasten zara nork egiten dizun ikasten, nola egiten dizun ikasten, zer nolako maitasunarekin egiten dizun, nola tratatzen zaituzten... eta bizitza osorako ongizatearen oinarrizko emozioak segurtasun, konfiantza eta lasaitasun bilakatzen dira. 

Behin pertsona heldu garenean, eta arazoren bat daukagunean, jateko gogoa galtzen dugu, edo lo egiteko arazoak ditugu, edo idortu egiten gara. Hau da, gurasoek eskaini dizkiguten oinarrizko zaintza fisikoetatik jaso ditugun emozioak barneraino sartuak ditugu. Horixe da ondorengo haurtzaro-nerabezarorako, eta bizi-tza osorako, prebentziorik onena: oinarrizko zaintzaren bidez transmi-tzen diren emozio positiboez bete-tzea besoetako haurra.

 

Oinarrizko bi emozio horietatik, nola garatzen dira gainontzekoak?

Emozioak progresiboki garatzen dira. Ongizate eta ondoez sentsazioez gain, hainbat emoziorekin jaiotzen gara, adibidez, beldurrarekin. Animaliok partekatzen dugun oinarrizko emozioa da. Bakardadeari, iluntasunari... beldurra diogu. Beldur fisiko horren ondoren, bakarrik eta babesik gabe egoteari diogun beldur horren ondoren, gauza handiekiko beldurra garatzen dugu, adibidez, zakur handiekiko, zarata handiekiko... eta ondoren gauza txikiei hartzen diegu beldurra, intsektuei, adibidez. Gero, beldur sozialak datoz, beldur gara gutaz barre egingo ote duten, 6-7 bat urterekin etortzen da beldur hau; inteligentzia garatzen doan neurrian ulertzen dugu besteak gu ebaluatzen ari direla, judizio soziala sartzen da, gauzak ondo daude edo gaizki, barregarri gelditzen ari naiz ala ez.

Inbidia eta jelosia, berriz, 3 urteren inguruan sortzen da. Agresibitatea ere jaiotzetik dakargu, hau ere bizirauteko emozio bat baita, eta animalia guztiok daukagu. Agresibitate bat positiboa da, haurrak negar eta aztalka egiten duenean agresibitatea ateratzen da, baina beharrezko du, jaramon egin diezaioten. Beste gauza bat da agresio soziala edo liskarra, norbait etsaitzat hartzea eta min egitea.

Nola igarotzen gara erreakziozko agresibitatetik eraso sozialera?

Bizirauteko agresibitatea beti daukagu. Adibidez, sute baten aurrean, herrena izanagatik ere korrika ihes egingo dugu. Lagunekin edo gurasoekin frustrazio bat edo amenazu bat sentitzen dugunean, amorrazioa sentitzen dugu; hori da haurren lehen sentimenduetako bat, ez dietela nahi dutena ematen. Amorrazio horren aurrean, ondokoa jotzeko agresioa sortzen da, baina frustrazio batengatik erreakzionatzen dute horrela. Mina emateko intentzioa gero dator, 3 urte eta erdi-4 urteren inguruan, ondokoa izorratzeko gogoa daukagu: ahizpari atximur egingo diot negar egin dezan. Ez dauka helduaren kontzientziarik, baina badaki min ematen diola.

Emozioak hezi al daitezke?

Hala izan behar luke, baina gutxi hezten dira, denbora asko eskatzen baitu. Hausnartu behar da haurrarekin, hau da, gaitasun sozioenpatikoa garatu behar dugu, “begira nola gelditu den zure laguna, nahiko al zenuke zuk egin diozun hori zuri egitea? Nola sentituko zinateke zu?; bada horrela sentitarazi duzu haur hori”. Eta horrela eguna joan eta eguna etorri; baina horrek present egotea eskatzen du, gelditu eta haurraren ondoan egotea.

Errukia, enpatia, esker oneko izatea... emozio horiek guztiak hezi egin litezke. Baita pentsamendu positiboa ere, eta azken hau ez da batere hezten. Baikortasuna eta ezkortasuna 6 hilabeteren inguruan garatzen dira, oso garaiz beraz. Hasieran aipatu ditugun ongizate eta ondoez sentsazio horiek 8 hilabeterako lorratz sakona utziko dute gure segurtasunean. Per-tsona bat baikorra baldin bada, posible da haurtzaro goiztiarrean —aurreneko 8 hilabeteetako umezaroan— gurasoen laguntza eta mugen ezarketa egoki bat jaso izanagatik izatea. Horrek dagoeneko baikortasuna ematen dizu, “ez da ezer txarrik gertatuko, beti egongo da lagunduko eta babestuko nauen norbait”... Baikortasun horrek erakusten digu zailtasunen erdian alde positiboari begiratzen. Gainera, pentsamendu positiboa babes, ongizate eta osasun faktore bikaina da. Garatu egin liteke, eta konstantea izanez erraza da pentsamendu positiboa heztea. Behin ohitura hori harturik, gauza gutxik eraitsiko zaituzte.

Emozioek osasunean eragin zuzena dute, ezta? 

Ondoezik handiena, haur batentzat nahiz 100 urteko pertsona batentzat, maitasunik ez izatea da. Gizakiaren lehen ondoeza da, eta hainbat eratan somatizatzen da. Bigarren ondoeza babes gabezia da, eta lehenarekin batera doa. Hirugarrena soziala da, ez edukitzea sare sozial edo emozional sendo bat. Ama hiltzen bada, edo gurasoak bereizten badira, zeinekin geldituko naiz? Ze lagun ditut? Lagun sareak izatea oso beharrezkoa da. Oinarrizko klabeak honako hauek dira: maitatua sentitzea eta baloratua sentitzea. “Maitatua sentitzea” esan dut, eta ez “maitatua izatea”, zeren guraso batzuk ez baitira gauza maitasun hori transmititzeko —denbora gehiegi egiten dugu liskarrean—, eta haurrak pseudoabandono bat sentitzen du. 

Zein dira emozioen somatizaziotik eratortzen diren ohiko gaixotasunak?

Egoera horretan dagoen haur batek arrisku handiagoa du, gripea, asma, buruko minak, migrainak izateko. Gurasoak bereizi direnean, lagunek bazter utzi dutenean, edo suspenditu egin duenean, minak agertzen dira. Normalki elikadurarekin, loarekin eta esfinteren kontrolarekin zerikusia duena somatizatzen da. Gosea gal-
tzen da, edo etengabe jate hasten zara eta bulimia bat ateratzen zaizu, edo somatizatzen da pupa edo txantxar bidez, edo azaleko gaixotasun bidez. Haur asko daude idortzen direnak, edo pixak ihes egiten dienak, edo buruko, sabeleko, bizkarreko minekin. 

Alarma bat da mina.

Azken batean, mina alerta bat da gurasoentzat, “egidazue jaramon” esateko modu bat da mina; eta egiatan mina daukate.

Haur jaio berria haur somatiko bat da. Gorputza du eta psikologia gutxi, urtebete inguru izan arte. Hortik aurrera, alderdi motorea gailentzen da, oinez, lau oinetan, saltoka, mugitu, korrika egin nahi du... 3-4 urterako hitzak lekua hartzen du, eta gertatzen zaion hori esan dezake. 7 urterekin haurra arrazionala izango da, hau da, arrazoia agertzen eta pentsamenduan egonkortzen da, iada ezin dio jostailua kendu dion haurrari ostikoa eman, buruak geldiarazi egiten du ostikoa emateko bulkada hori. Bi urterekin, baloia kendu badio, ostiko bat edo horzka egingo lioke, ez baitauka hori geldiarazteko arrazoirik. Dena den, aipatu dizkizudan adin tarteak gutxi gorabeherakoak dira, garapen bat dela ikus dezagun.

Hortaz, haur txikienei hamaika azalpen ematen dizkiegunean, ez digute ulertzen?

Hala eta guztiz ere, haurrei azalpenak eman behar zaizkie. Ulertzen baitute gauzak gertatzeko arrazoiak daudela. Kontua da ezin zaiela errurik bota, “amorrazioa eman dizu baloia kendu izanak, baina min handia egiten du horzkadak, eta hori ez da egin behar, maitea”. Lehen aldian ez dute uler-tzen, baina barneratu egiten dute eta bada momentu bat ulertzen dutena. Ez zaie eskuan jo behar ez dezatela jo esateko.

Utzikeria, pseudoabandonoa aipatu dituzu elkarrizketan zehar. Sarri hi-tzok desegituraturiko familiekin lo-tzen ditugu, edo begibistako arazoak dituztenekin. Ez ote da gertatzen ordea, emakumeen kontrako tratu txarren antzera, hain ditugula naturalizatuak eta barneratuak, ez ditugula erasotzat hartu ere egiten?

Lehenik eta behin, haurtzaroari buruz pentsatzen dugu haurrak ez direla ezertaz enteratzen, txikiak direnez ez dutela sentitzen, eta garai zoriontsua dela. Guztiz okerreko ideia da hori. Haurrek ikaragarri sufritzen dute. Oso sentiberak dira, ikaragarri. Arazoa da gurasoak ez garela enteratzen zenbait jarrerak haurrengan duten eragin eta ondorio itzelaz. Haurrari zin egitea ikastetxera joango garela bere bila eta gero ez azaltzea, horrek ikaragarrizko frustrazioa sortzen du, ez da lagun batek ezin duela etorri esaten digunean bezala. Haien egiteko bakarra, eta buruan duten pentsamendu bakarra, etorriko dela zin egin duen gurasoari itxarotea da. Eta desengainu hori tratu txar bat da.

Tratu txarrak iruditzen zaizkit haurrei egiten zaizkien istiluak, eta zeinen erraz galtzen ditugun nerbioak haiekin. Tratu txarra iruditzen zait “garaiz emandako zaplaztekoa”, ez dago ez garaiz ez berandu, zaplaztekoarentzako ez dago denborarik, ez dakit haurrekin zergatik balio duen denboraren arrazoiak. Haurrari zaplaztekoa ematea tratu txarra da.

Baina, gaur egun, eta orokorrean hitz eginda, asko zaintzen da tratu txar fisikoa. Gaur eguneko familia askok ez diote haurrari tratu txar fisikorik ematen. Ez da hainbeste zaintzen tratu txar psikologikoa, indiferentzia, umiliazioa... 

Jar zenezake adibideren bat?

Eskola atarian elkartzen dira gurasoak eta batak besteari esaten dio: ”zelan doa zure haurra? Nirea desastre bat da, ikaragarri nota txarrak atera ditu”. Haurrak aurrean daudela egiten dira horrelako umiliazioak. Akaso guri gustatuko al litzaiguke gure bikotekideak bere lagunen aurrean zeinen gaizki sukaldatzen dugun esatea? Uste dugu komentario horiek ez dietela minik egiten haurrei, baina noski egiten dietela! Bere lagunen aurrean barregarri uztean besteak baino gutxiago dela sentiarazten diogu, eta nola agertuko da bada gero haien aurrean neska-mutil errespetagarri, jator, sinpatiko... 

Gaur egun, oraindik ere, bikotekideen artean ikaragarri iraintzen da, eta onartu egiten dio batak besteari. Badira gizonei tratu txarrak ematen dizkieten andreak, baino askoz gehiago dira euren iritzia inposatzen duten gizonak, neska barregarri uzten dutenak, exijentzia onartezinak dituztenak... 

Zergatik onartzen dugu biolentzia hori?

Gizarteak zerbait normala balitz bezala sozializatu du biolentzia. Kiroletan ikusten da: Ronaldok beste jokalari bati aurpegian ostikada bat ematen dio, eta zer geratzen da? Agresio hori normaltzat  hartzen dute begira dauden mutikoek. Edo telebistan jendea gosez hiltzen ikusten dugu edo gerrak, politikarien gezurrak, korrupzioa... dena normala balitz bezala jokatzen dugu. Egoera horretan, ez nau harritzen haurrek biolentzia normaltzat jotzea. “Hau ez dago ondo” esateko gaitasuna eduki arte, kontra egin beharko genuke. Baina gurasoek lanean, kalean bizi duten presio eta agresio soziala ere hain da latza askotan, estresaturik eta nekaturik iristen direla etxera, haurrek telebistan normaltzat  ikusten duten biolentzia hori guztia kontrarrestatzeko indarrik gabe. 

Askotan gertatzen zaigu haurrekin: euren gurasoei zer eskatuko lieketen galdetzen diegu, eta asko eta askoren erantzuna etxean egon daitezela da, “nirekin jolas daitezela” izaten da. Gurasoak, gero eta presentzia emozional gutxiago eskaini, orduan eta gastu ekonomiko handiagoa egiten dute euren seme-alabekin, ekonomikoki konpentsatzen baitiete daukaten gabezia. Nik uste dut hau tratu txarra eta abandonua dela, haur batek maitasuna, presentzia eta konpainia behar baititu. Horrekin ez dut esan nahi gurasoek lana utzi behar dutela, eta are gutxiago emakumeek; inondik inora ere ez. Baina gurasoek pentsatu behar dute euren seme-alabengan, eta haiekin egoteko denbora bilatu behar dute.

Baina lana egingo bada, haurrak norbaitek zaindu behar ditu.

Arazoa ez da haur txikiak haur eskolan uztea, arazoa egunero 10-11 orduz uztea da, eta hori gertatzen ari da etxe askotan. Eta arazoa da, baita ere, haurra jasotzean gurasoak ez daudela haiekin egoteko prest. Hasierako garaietan haurrak jasotzen duen atentzioa ez denean hain pertsonalizatua, maitasunean eta segurtasunarekin haztea oso zaila da. Iragazki batzuk bezalakoak dira, gero maitasuna jasotzen dutenean ere maitasun hori iragazi egiten zaie, ez baitute oinarri sendorik eraiki eusteko. Beti isuri egiten dute, eta zulo edo hutsune horiek betetzeko beti zerbait nahi dute, eta etengabe gauzak eskatuko dituzte, ondo ikasiak baitaude maitasuna eskatzea alferrekoa dela, eta gauzak eskatuko dituzte. Helduek badakite, gainera, gauzak emanez gero, distraitu egiten direla aldi baterako bederen.

Ikerketa ugari egin dituzu Euskal Herriko ikastetxeetan. Zer nolako osasuna du haurtzaroak gurean?

Denetarik dago, estrato guztietako egoerak. Badaude babes handia ematen duten gurasoak, haurrekin daudenak, baina hauek ere normalki 6-7 urteak arte egoten dira umeekin.

Hemen gurasoen ongizate maila ona da ehuneko altu batean, badakite euren seme-alabak zaintzen, baina hala ere, denbora eta maitasun gabezia ekonomiarekin ordezkatzen dute. Espainiako Estatuarekin alderaturik, tratu txarren kopurua askoz baxuagoa da, baina hala ere hemen ere haurrei jo egiten zaie. Eta bada kopuru altu bat “pseudoabandonatuak” deitu diegunak. Guraso askok interesa dute, maite dituzte euren haurrak, baina gero oso estresatuak eta okupatuak daude eta ezin diote haurrari behar duen hori eskaini. 

Maila ekonomiko nahiko ona dugu, eta horrek eragina du, eta familia oso tradizionalak gara, banaketa maila oso baxua da, %17koa —estatuan %50ekoa—. Egonkortasun familiarra handia da. Gainera, herri hau balioetan sinesten duen herri bat da, independentzia, politika, erlijioa edo dena delakoa, eta hori transmititu egiten da. Horrez gain, ikerketa garatu ahal izan da, eta ikerketa horietan oinarrituriko hezkuntza programak barneratu dituzte ikastetxeek. Ekonomia ez da osasunarekiko proportzionala, baina ekonomia gabezia edo pobrezia oso lotua dago osasun eskasiarekin; negatiboa bai, proportzionala da, konprobatua dago.

6 urte bitarteko zaintzak aipatu dituzu. Hortik aurrerakoa, ahantziriko etapa bat al da?

6tik 11 urtera bitartekoa ahantziriko garaia da, bai. Pubertarotik aurrera gurasoei iruditzen zaie kontrolatu egin behar dituztela, eta oso txikiak direnean ere nahiko gainean daude, baina 6tik 11ra badirudi haurrak hazita daudela eta gurasoek ez dutela ezer egitekorik. Baina eskola jokoan dago, inteligentziaren eta baloreen garaia da. Garai honetan barnera-tzen dituzte kooperazioa, ongizatea, enpatia, balio politikoa, soziala, ekonomikoa, elrijiosoa... inteligentzia garatzen ari da, eta gure motibazioak, zertan sinesten dugun, zer baloratzen dugun transmititzen diegu.