Uda badator, goazen eguzki hartzera! Baina gorputza eguzkitan jartzea onuragarria den arren, eta D bitamina sortzen duenez hobeto sentitzen laguntzen bagaitu ere, eguzki larregi hartzea ez da mesedegarria gure larruazalaren osasunarentzat. Zergatik? EGUZKI LARREGI  hartzea larruazaleko minbizia sortzeko lehen mailako faktorea delako. Melanomak lotura zuzena du umetan izandako erredurekin. Eguzki izpiek larruazala zahartzen, eta zimurrak eta orbanak sortzen laguntzen dute, eta era berean, larruazaleko defentsa naturalak ahultzen ditu (herpes…). Larruazaleko gaitzez gain, eguzkia babesik gabe hartzeak ikusmen arazoak ere sor ditzake.

Nola babestu ditzakegu haur txikiak eguzkiaren izpietatik?

ARRETA BEREZIA izan behar da 6 hilabetetik beherako umeekin. Adin horretan, ez da komeni filtroak dituzten kremak ematea. Txikienak izpietatik ondo babestu behar dira, eta guardasola eta arropa jantziz lortu liteke eguzkiak umetxoei zuzenean ez jotzea. Eguzkiaren babes hori aurrerantzean ere mantendu behar da, baina umea oinez hasten denean, kremak jartzea lagungarri izango da.

 

Kremak izan ohi dira eguzkitarako babesle erabilienak. Zer bost gauza izan behar ditugu kontuan eguzkitarako kremei dagokionez?

-AURREKO URTEKO kremarik ez erabiltzea, lehenik eta behin. 

-20tik goragoko babesa duten kremak erabiltzea.

-Bi ordutik behin kopuru ugarian krema ematea,  eta, ostera, bainuaren 

  ondoren. 

-Uretan ere eragiten duten kremak erabiltzea komeni da.

-Umeek edo larruazal sentibera dutenek, filtro fisikoz osatutako babesak erabiltzea hobe da. 

 

Behin azala erretzen baldin bazaigu, erredura horren oinazea gelditu egiten omen da, memoria omen du larruazalak. Hala al da?

BAI, LARRUAZALAK badu memoria. Eta, edozein adinetan baldin badu ere, garrantzi berezia hartzen du haur txikienetan. Adin horietan, epidermisaren egitura guztiz garatu barik dago, eta ez dago prestatuta izpi ultramoreei aurre egiteko. Gainera, melanina ere gutxiago sortzen dute, eta minberagoak dira. Gure bizitzan hartzen dugun eguzkitik %80, 18 urtetik behera hartzen omen dugu. Beraz, larruazaleko zelulek, gerora, kalte horren memoria gordeko dute. 

 

Zeintzuk dira umeak eta ez hain umeak direnak eguzkitatik babesteko aholku nagusiak?  

ORO HAR, 12:00etatik arratsaldeko 5ak arte eguzkia saihestu egin behar da. Eguzkia piskanaka hartzen joatea aholkatzen da, eta beti, babes neurriak hartuta. Babes neurrien artean eraginkorrena arropa da. Kamiseta zabalak, kotoizkoak edo izerdia pasatzen uzten dutenak, mauka luzearekin eta praka luzeak. Jakin, arropa bustiarekin, izpi ultramoreak  gehiago sartzen direla. Burua, berriz,  txapelarekin babestu behar dugu. Txapelak lepoa, belarriak eta begiak babesten baditu, hobe. Gerizpea bilatu behar dugu, eta horretarako, guardasola erabili dezakegu. Adin batetik aurrera, eguzki betaurrekoek ere mesede egingo dute begiak izpietatik babesteko.

Horrez gain, eguzkitik babesteko kremak oso lagungarriak eta eraginkorrak dira larruazala babesteko. Garrantzia du zein krema mota ematen den. Kontuan izan, 20 zenbakitik gora eraginkotasuna ez doala handitzen zenbakiaren arabera. Gainera, umearen larruazala kaltetu lezake, osagai kimiko gehiagoz osatuta egon daitekeelako. Kontuan hartu urak, hondarrak eta elurrak izpi ultramoreak biderkatu egiten dituztela. Eta, egun lainotsuetan ere, babes neurriak kontuan hartu behar direla.