Haurraren ongizatea bermatzeko eta bere gaitasun guztiak gara ditzan bidea irekitzeko, lau printzipio nagusi izan behar dira kontuan Montse Fabres hezitzailearen ustez: jarduera autonomo espontaneoa, harreman pertsonal egonkorrak, norberaren eta ingurunearen gaineko kontzientzia, eta ongizate fisikoa.

Umearen eboluzioa egokia izan dadin, jaiotzatik pedagogia aktiboa egitearen garrantzia azpimarratzen du Montse Fabres Mestres per l’Autonomia hezitzaileak. Emmi Pikler pediatra eta Loczy institutua erreferentziatzat hartuta, haurraren kalitatezko zaintzan jartzen du fokua, eta horretarako kontuan izan beharreko lau printzipio aipatzen ditu: jarduera autonomo espontaneoa,  harreman pertsonal egonkorrak, norberaren eta ingurunearen gaineko kontzientzia, eta ongizate fisikoa. Printzipio horien berri eman du Hik Hasik 0-3 zikloko hezitzaileentzako eskaintzen duen bi urteko formazioko saioetako batean.

Haurrarekiko errespetua eta konfiantza. Bi oinarri horiexen gainean eraikitzen  du Fabresek pedagogia aktiboaren praktika osoa: zer egin dezake haur honek? Zein unetan dago? Nolakoa da? Zein ekimen hasten ditu? Haurra egiteko gai den horretan arreta jartzea proposatzen du, eta ez falta zaion edo oraindik egiten ez dakien horretan. Hala, haurraren jarduera autonomo espontaneoari atea irekiko baitzaio. Motrizitate askeaz eta autonomiaren konkistaz mintzo da Fabres: “Umearengandik datozen iniziatiba guztiak izugarri garrantzitsuak dira, eta haurrak bere kabuz hasten dituen ekimen guztiak errespetatzea dagokigu helduoi. Bidelagun aktibo gisa hauteman behar dugu haurra. Umea jaiotzatik da aktiboa, ekimena duen subjektua da”. Bere ekintzek eta esperientziek haurrari plazera, betetasuna eta aurrera egiteko gogoa ematen dizkiotela gaineratzen du. Izan ere, egiten uzten bazaio eta bidea mozten ez bazaio, gauza berriak probatuz joango da haurra eta horrek segurtasuna emango dio eta bere buruarengan konfiantza irabaziko du.

Harreman pertsonal egonkorrei ere balio handia ematen die Fabresek haurraren ongizaterako. Hezitzailearen esanetan, funtsezkoa da konfiantzan oinarritutako harremanak eraikitzea. Zer esan nahi du, ordea, konfiantzazko erlazioak? Haurrak edozein eratako seinaleak igortzen dituenean (mugimenduaren bidez, keinu bidez, eztarriko hotsen bidez, hitzen bidez…) zerbait komunikatu nahian ari dela eta helduaren egitekoa dela horiek interpretatu eta erantzun egokia ematea. Igortzen ari den seinaleei loturiko erantzuna ematen badiogu, hau da, bere eskariak asetzeko gai bagara, horrek konfiantzazko lotura sortuko du, izan ere, haurrak sentituko du eraginkorra dela bere beharrak adierazteko orduan, eta horrek bere buruarenganako konfiantza, segurtasuna eta estimua handituko dizkio. Heldu horrengan ere konfiantza izan dezakeela ikasiko du, eman dion erantzuna egokia izan baita; eta era berean, helduak ere haurrarengan konfiantza izango du bere beharrak adierazteko gai dela ikusiko duelako”. Konfiantza bikoitza kontzeptua darabil Fabresek egoera hori definitzeko: haurrak helduarengan konfiantza du eta helduak haurrarengan. Horrek helduari haurrak behar duenean, haren alboan egotea eskatzen dio batetik; bestetik berriz, haurra ulertzen saiatzeko eta den bezala onartzeko: “Batzuetan haurren irudi irrealak sortzen ditugu. Baina kontrakoa egin behar genuke, haurra bere osotasunean hartu, den bezala onartu, gustatzen zaizkigun ezaugarriekin, baina baita gogoko ez ditugunekin ere.

Konfiantza bikoitzaren teoria horixe da lotura afektiboaren oinarria Fabresen aburuz. Haurraren eta helduaren arteko harremana sendotzeko zaintza uneen —pixoihal aldaketa, jaten ematea, lotarakoa, janztekoa eta eranztekoa…— garrantzia azpimarratzen du. Normalki, umeei ongizatea ematen dienez, esker oneko momentuak izaten baitira nola haurrarentzat hala helduarentzat.

Haurraren ongizaterako, segurtasunerako eta lasaitasunerako, inportantea da era berean une horiek aurreikusteko modukoak izatea. Hau da, haurrari gertatuko den hori aurrez jakiteko aukera eman behar zaiola dio, haurra berarekin zerikusia duten jazoerak aurreikusteko gai izan behar lukeelako. “Ezin dugu umea ekintzen zurrunbiloan gal dadin utzi, uneoro jakin behar du zer gertatuko den. Gainontzean, edozein unetan edozein gauza gerta dakiokeela ikasiko baitu eta etengabeko alertan biziko baita. Helduaren egitekoa da haurra gertatuko den horren partaide egitea”. Errespetu kontua dela irizten du Fabresek eta adibide bat jartzen du: “Gerta daiteke, esate baterako, haurrak izugarri gogoko dituen jostailu batzuk, helduak betiko tokitik erretiratzea edota beste leku batera mugitzea umeari ezer esan gabe. Hori haurrarekin errespetuz ez jokatzea da. Beste heldu batekin inoiz ez genuke horrela jokatuko, eta gure artean egin ohi dugun bezalaxe haurrari ere azalpenak eman behar dizkiogu. Jostailua hondatuta zegoelako bota badut, enbarazu egiten zuelako armairuan gorde badut edota beste arrazoiren batengatik tokiz aldatu badut, horren guztiaren berri haurrari eman behar diot. Elkarrekin bizi gara eta elkarrekin bizitzeak gauzak partekatzea esan nahi du”.

Zaintza uneetan, errutinek eta koreografiek umea seguru eta lasai senti dadin funtsezko papera jokatzen dute hezitzailearen arabera. Batez ere egunero behin baino gehiagotan errepikatzen diren zaintza uneetan, gauzak beti an-tzera egitea oinarrizkoa dela uste du, hala haurrak batetik zer gertatuko den jakingo duelako, eta bestetik, pixkanaka helduarekin kooperatzen hasi ahalko delako.

Haurra helduarekin kolaboratzen hastea izan ohi da askotan, autonomiaranzko bidea irmotasunez egiteko gakoetako bat. Zaintza uneetan haurrari laguntza eskatzea egoki iruditzen zaio Fabresi, baina exijentzietan jausi gabe. Akaso, baliteke haurra bera bakarrik zapatak eranzteko gauza izatea, baina uneren batean nahi ez izatea, eta helduak kapaza dela badakielako,  horretara behar-tzea. Horrelako eta antzeko jarreren arriskuaz ohartarazten du Fabresek: “Gauza bat argi izan behar dugu: autonomia ezin da exijitu; haurrak berak lortu beharreko zerbait da, horretarako prest dagoelako eta egin nahi duelako. Helduak haurra gauza gehiago eta gehiago egiteko gai izan dadin akonpainatzen duen heinean garatuko du umeak autonomia. Baina haurrak ez luke, inondik inora ere, inoiz bakarrik sentitu behar”.

Helduaren eta haurraren arteko harremanerako funtsezkoak diren zaintza-une horietan haurrari bere burua ezagutzeko aukera ematen zaio, Fabresen hitzetan. Izan ere, helduak haurrarekin elkarreraginean dagoenean —izan begiradaren, ukimenaren edota hitzen bidez— erantzunak ematen dizkio etengabe, eta zer ari den gertatzen azaltzen dio, heldua presente dago, eta hori guztia lagungarria da haurrarentzat bere buruaren nahiz inguruaren gaineko kontzientzia har dezan. “Adibidez, pixoihal aldaketa egiten ari garenean, gertatzen ari den horri hitzak jartzen badizkiot eta umeari esplikatzen badiot zertan ari naizen, umeak sentituko du ni beraz oso kontziente naizela eta oso argi jakingo du ni naizela bera zaintzen ari dena. Kasu horretan, norbera izaten eta norbere burua sentitzen laguntzen ari natzaio haurrari”. Helduak haurrari haren gorputzari buruz, haren ekintzei buruz, haren sentipenei buruz hitz egiten dion momentua klabea da haurrarentzat bera nor den konturatzeko, besteak nor diren ohartzeko eta inguruneaz jabetzeko.

Azkenik, jaiotzatik pedagogia aktiboan haurrak hazteko, Fabresek adierazitakoari jarraituz, garrantzitsua da haurraren ongizate fisikoa bermatzea, hau da, haurrak bizitza-kalitate ona izatea, bere behar fisikoak zein psikologikoak aseta edukitzea, bere prozesu motorra zein elikatzeko eta atseden hartzeko erritmoa errespetatzea, espazioarekiko eta denborarekiko seguru sentitzea, zaintza uneak kalitatezkoak izatea… Funtsean, haurrarekin errespetuzko harremana eraikitzea esan nahi du horrek guztiak.