Erditzean esku hartu behar izan denean, eta haurra zesarea bidez jaio izan den kasuan, arreta berezia izan behar dugula entzun dugu. Zergatik? DNA-K MEMORIA GENETIKOA dauka, hau da, gure gorputzeko zelula bakoitza dagokion tokira joan eta dagokion zeregina betzeko programatua dago, eta memoria horretan konfidantza dugu osteopatok. DNAk duen informazioa gauzatzeko nahikoa elikagai dagoenean, eta dena bere bidetik doanean, gorputzak jakingo du zer egin, eta nola erreakzionatu; gauzak bere bidetik ateratzen direnean ordea, erditzean arazo bat dagoenean eta kanpoko esku-hartze bat gertatzen denean (zesarea bat edo instrumentalizazio bidezko erditze bat), DNAren informazioak ez du bere rola jokatzen, eta haurraren eta bere funtzio fisiologikoen garapen naturala eteten ari gara. Umeak erditzearen kanaletik pasatu beharra du, hori da bere DNAn dagoena, eta, era horretan, sabelean inguratzen zuten fluido horiek guztiak deuseztu ahal izango dira bere gorputzetik erditzeko unean. Erditzeko kanaletik pasatzeak belaki baten funtzioa egiten du, eta era horretan, behin fluido horiek guztiak kendurik, birikak, arnasbideak eta garezurreko zuloak  modu naturalean airez beteak izateko prestatzen dira, eta garezurrak likido zefalorrakideoaren lehen ponpaketa bat esperimentatzen du. Ponpaketa hori aktibatze bat da, interruptore bati ematea bezala da. Erditze kanaletik igarotzean gertatzen den ponpaketaren aktibatze hori haurtzaroko estimulurik garrantzitsuena da.  

Umea erditzearen kanaletik pasatzen ez denean eta lehen estimulu hori gertatzen ez denean, ponpaketa behar bezala aktibatu ez denez, likido zefalorrakideoaren mugimendua mantsoagoa, ahulagoa izaten da. Umearen negarra ere ahulagoa, indar gutxiagokoa izaten da. Kasu horietan, osteopatok lagundu dezakegu gorputza bere onera ekartzen, mugimendua aktibatzeko edo anplifikatzeko. Guk “oinarrizko arnas mugimendua” deitzen diogun mugimendu naturala lantzen dugu gorputzaren ehun guztietan. 

 

Nola lagundu dezake osteopatiak haurdunaldian, erditzeko unean ahalik eta gutxien esku har dadin?

ZESAREA EGITEKO BEHARRA adierazten duen seinaleetako bat, amaren pelbisa nahikoa ez irekitzea izan daiteke. Beraz, amaren pelbisa eta lunbarra erditze egoki baterako prestatuz, kasu askotan, aurre har dakioke zesarea bidezko erditze bati, edo erditze instrumentalizatu bati. Haurdunaldian, adibidez, erditze unean konpon ezin litezkeen arazoak konpon litezke. Umeak buelta ematearena adibidez: sarritan gertatzen da umeak ezin izan duela buelta eman, amaren sabelean lekurik ez duelako. Eta erditzeko momentua iristen denean, dagoeneko, umea handiegia da amaren gorputzaren barruan buelta emateko. 

Prebentzio lan horretan, pelbisean, sabelean, toraxean aurkitzen ditugun tentsio guztiak askatzen ditugu, amaren gorputzak leku egin dezan haurraren beharren aurrean. Guk ez diogu haurrari buelta ematen, lekua egiten diogu. Dena ondo badoa, umeak berak emango du buelta. Eta hala izaten da normalean. 

Konfidantza izaten dugu haurrarengan, gorputzean eta naturan.

Emakumea haurdun gelditu aurretik ere, tentsio horiek guztiak askatuz gero, haurdun gelditzeko aukera handitzen ari gara, umetokiaren eta obarioen inerbazioa eta zirkulazioa errazten ari baikara. Eta haurdunaldia iristen denean emakumea bere ahalmenaren %100ean egon dadin leku optimoa sortzen ari gara.

 

Umeak negar egiten du batzuetan helduok ikusten edo ulertzen ez dugun arrazoiren batengatik. Osteopatarengana joan ondoren, lasaitu egiten dira sarri, eta negar gutxiago egiten dute. Zein izaten da arrazoia?

ERDITZEAREN AURRETIK edo erditzearen momentuan umeak amaren gorputzaren edota hezurren kontrako presioa sentitu du eta horrek aztarna uzten du ehunean. Halakoetan, umeak bere burua defenditzeko izaten duen erreakzio naturala izaten da ehunaren tentsioa sortzea. Haur jaio berriak, askotan, negar egiten du tentsio bat sentitzen duelako bere gorputzean, eta batzuetan erraza da antzematen  non sentitzen duen presioa, zonalde horretan egiten duelako beti arra-mazka, edo eskua hara daramalako. Ez da min larria izaten,  baina presio iraunkorra sentitzen du, eta, ondorioz, ezinegona.

Osteopatok tentsioa jaitsi egiten dugu, presio hori askatu, eta horrela umea erlaxatu egiten da, eta horrek berak dakar negar gutxiago egitea, edo lo hobeto egitea eta alaiago egotea. 

Erditzearen esperientzia oso garrantzitsua da haurrarentzat, gorputzak memoria baitu.