Alizia Fernandez Huarte, Oiongo Ramiro de Maeztu eskolako irakaslea eta hikhasitarra

Gutxi hitz egiten da irakasleok orokorrean sentitzen dugun presioaren inguruan, opor luzeak izateagatik horri buruz hitz egitea debekatuta izango bagenu bezala. Gure egunerokotasunean berriz, helburu guztietara heltzen ez garenaren sentsazioa dugu, eta horren ondorioz ardura, nekea eta, askotan, etsipena sentitzen dugu.

Gure lana, gorputz osoa estaltzeko heltzen ez den tapaki baten modukoa da: burua tapatzen badugu, oinak hozten zaizkigu, eta alderantziz. Eta adibide grafikoekin jarraituz, irakaslea, zirkuan makil baten gainean platertxoak dantzan mantendu behar dituen artista da... bat mugitzen duen bitartean, besteak gelditzen doaz, eta kurtsoa pasa ahala gero eta platertxo gehiago ditu dantzan, heldu ezinean. 

Carlos Magrok adierazten duen moduan, azken bi hamarkadetan, eskolengan eta zehazki irakasleongan sortu den presioa eta eskakizuna izugarri igo da, konplexuagoa eta anitzagoa den testuinguru batean: bermatu behar dena ez da, lehen bezala, ume guztiek hezkuntza izateko eskubidea dutela (hau da, eskola batera joateko eskubidea), ume guztien kalitatezko hezkuntza baizik. Ikasle aktibo, parte hartzaile, autonomo, malgu, kurioso eta kritikoak izan behar dira eta  horretarako kooperatzeko, autoebaluatzeko, hausnartzeko eta planifikatzeko gai izan beharko dute. Ardura horrekin, eta gizarteko inertziak lagunduta,  presaka ibiltzen gara, benetako ikaskuntza batek denbora behar duela konturatu gabe.

Horrez gain, kontu guztietara heldu nahian, zoratu egiten gara, baina argi izan beharko genuke gure eskola, umeen lehen eskola izan beharko litzatekeela, baina ez azkena. Hau da, ikasleak bere bizitza osoan ikasten jarraitzeko aukera bermatu behar dugula; eta, horretarako, behar diren ikaskuntzak lehenetsi beste kontu guztien aurretik; metaforarekin jarraituz, platertxoak ongi aukeratu beharko genituzke.

Beste alde batetik, administrazioak batzuetan, (ebaluazioan adibidez), ikaskuntza prozesua Excella bihurtzea nahi du, neurgarria izateko. Baina irakasleak burokrazian itotzeaz gain, egoera horri aurre egiteko behar dugun malgutasuna baldintzatzen du.

Eta azkenik, indibidualtasunean murgilduta bizi garen honetan, izugarri kostatzen zaigu gure zilborretik begirada altxatzea, baina lan hau ezin da bakarrik egin, eta batez ere, ezin da irakasleok elkar zaindu gabe. Lankidetzan aritzeko kulturara jotzeko beharra dugu, proiektu kolektibo batean: denok batera adosten, begirada berdina bermatzen, ardurak partekatzen eta elkar zaintzen.