Estimua nahiz maitasuna adierazteko egiten dira gehienean opariak, edota zerbaitengatik eskerrak emateko. Edozein unetan garrantzitsuak izan daitezkeen arren, Gabon aldian indar berezia hartzen dute. Haur asko merkatutik datorren eskaintza zabalarekin seko liluraturik geratzen dira eta guraso zenbaitentzat zaila izan ohi da egoera horren aurrean nola jokatu asmatzea.

Aho zabalik eta begiak erne irekitzen du paper distiratsuz bildurik dagoen kaxa haurrak. Ez zuen espero eta sorpresaz jaso du, pozez eta ilusioz gainezka.  Norbait berarekin oroitu da eta benetan desio zuena aurrean du orain. Horixe da oparia, emozioetatik abiatuta eta trukean ezer espero gabe, musutruk ematen den hori.

 

Edozein unetan dira magikoak opariak, baina Gabonetan garrantzia handiagoa hartzen dute, misterioz beteriko giroarekin eta Olentzerorekin edo beste pertsonaia mitikoren batekin lotzen baitira. Emozioz, ilusioz eta magiaz beteriko egunak izan ohi dira, umeentzat oso bereziak eta politak.

 

Jostailu-marka indartsuentzat eta merkataritza-gune handientzat ere egun garrantzitsuak izaten dira. Gabon aldiak haurrentzat duen magia baliatzen dute kanpaina potoloak martxan jarri eta ahalik eta gehien saltzeko. Iragarki ponpoxoak erakusten dituzte telebistan, eta jostailu ikusgarriak erakusleihoetan. Barbie-ak eta Disney-ko pertsonaiak; kotxeak, hegazkinak eta motorrak; Legoak eta Playmobil-ak; futboleko baloi, traje eta bideoak; Wii-ak eta Play Station-ak… Umeak liluratzea eta helduengan eragitea izan ohi dute xede, haur zein nagusi erakar-tzea, limurtzea eta eurenganatzea.

 

Aukera zabal horren aurrean eta kontsumoaren zurrunbiloan, guraso askorentzat buruhaustea izan ohi da haurrarentzat egokiena zer den asmatzea. Zer erostea komeni da? Zein irizpide izan kontuan opariak aukeratzerakoan? Haurraren desioei edo gurasoen nahiei egin kasu? Beti erosi egin behar dira ala bada opariak egiteko beste modurik? Komunikabideetatik kontsumoa bultzatzeko egiten den etengabeko bonbardaketari nola egin aurre? Nola jokatu oparien eskaintza izugarri horren aurrean?

 

Zalantza horiek guraso askoren buruko min izan ohi dira eta ez dute soluzio errazik, baina opariak aukeratzerakoan lagungarri izan daitekeelakoan hainbat gomendio eskatu dizkio Hazi Hezik Idoia Linaza Madariaga irakasleari. Opari bat egiteko, lehen-lehenik, oparia jasoko duen horren lekuan jartzea komeni dela dio, bere gustuak eta zaletasunak oso kontuan izatea, eta bere aurpegia eta begirada imajinatzea oparia jaso eta irekitzen ari den unean:  nolako haurra, halako oparia egitea komeni da. Hori bezain garrantzitsua da oparia egingo zaion horren garapen maila kontuan izatea: zein da adin tarte bakoitzerako egokiena? Adinaren arabera opari bat edo beste egin ohi zaio haurrari, umeak ere bere garapenaren arabera era bateko edo besteko trebeziak izango dituelako. Txikitan, eta batez ere Olentzero pertsonaia mitikoarekin lotuta, jostailuak izaten dira ohikoenak, baina adinean aurrera joan ahala balioa hartzen dute arropak edo beste era bateko opariek ere.

 

Neurria da kontuan izatea komeni den beste ezaugarri bat, bai oparien kantitateari dagokionez eta baita prezioari dagokionez ere. Ohikoa da haurrei opariak ekartzea etxean, izekorenean, amama-aitaitarenean edota lagunen etxeetan. Haur batzuk, eskatu ahala, opari asko jasotzen ohitu dira, “zer eskatu, hura eman”. Linazaren esanetan, ordea, neurria zaintzean dago oparien egokitasunaren gakoetako bat: “Ohitu egin gara gizarte oparo honetan edo orain arte oparoa izan den honetan umeak eta gazteak ‘trastez’ betetzen, zenbat eta gauza gehiago izan badirudi hobeak garela eta zoriontsuago biziko garela. Eta ez gara konturatzen hori ez dela hezigarria. Sarritan umeak jostailu gehiegitxorekin betetzen ditugu eta gero ez dira gai eskuartean dutena estimatzeko, baloratzeko. Bizitzan neurriak ezartzen ditugu eta oparien kasuan ere halaxe egin behar dugu”. Familiartean ere tratuak egin eta akordioetara heltzea onuragarri izan daitekeela dio: haurrak opariak non jasoko dituen erabaki, etxe bakoitzean zer eta zenbat opari izango dituen aukeratu, oparia handiagoa bada guztien artean bakarra egitea baloratu... Guraso bati baino gehiagori gertatuko zitzaion jostailu baten aurrean haurrari ezezko borobila eman eta Gabonak iristean aitaita-amamak edo izekok edo lagunen batek jostailu hori bera oparitzea. Kasu horiek saihesteko ere, aurrez familiartean nahiz lagunartean negoziatzea komenigarria dela dio.

 

Opariak jostailuak diren kasuetan segurtasuna da kontuan izan beharreko beste irizpideetako bat adituaren esanetan. Puzzleak, panpinak, auto-telegidatuak, egurrezko piezak… eskaintza ugaria da eta jostailu mota bakoitzak ditu bere segurtasun-arauak:  ondo josita egotea, haur txikientzat arriskutsuak izan daitezkeen piezarik ez izatea, ezta ertz arriskutsurik ere, material toxikorik ez edukitzea, etab.

 

Sarri entzuten da haurrek jostailu gehiegi dituztela eta askotan jostailu bat egun batean erabili eta hurrengoan albo batera uzten dutela, segituan aspertzen direla. Merkatuko jostailurik sofistikatuenak oparitu arren, gero, sarritan jostailu hori albo batera utzi eta inguruko trasterik arruntenarekin jolasean ikusten dira umeak. Gabonetan ere antzeko irudia ikusi ohi da etxe askotan: oparia ireki eta haurra jostailuarekin beharrean bere kaxarekin jolasean. Zer pentsatua ematen dio horrek Linazari eta bere irudiko, haurrek ez dute behar azken orduko jostailurik sofistikatuena, bakarrik ibiltzen dakiena, argi dirdiratsuak jaurtitzen dituena… Akaso, nobedadeak eraginda maitatuko ditu une batez, bateriak irauten duen arte behinik behin. Sofistikazioa egoera sozio-ekonomikoa islatzeko balia dezakete hainbat helduk, baina jostailuak bitartekariak dira haurrarentzat eta “jostailuak jolas egiteko, esplora-tzeko, hipotesiak egiteko... aukerak eman behar dizkio haurrari”.

 

Askotan esan ohi da jostailuek berebiziko garrantzia dutela haurren bilakaeran, irudimena suspertzen eta pentsamendua garatzen laguntzen dietela. Horretarako, baina, Linazaren aburuz, garrantzitsua da jostailua sormenari bidea irekiko diona izatea eta ez gauza guztiak eginak ematea. Era berean, inportantea da ez norabide bakarrekoa izatea ere, hau da, jolas asko egiteko aukera ematea eta erabilera ugari izatea: “Eta denbora luzez familiako kide batek baino gehiagok erabiltzeko aukera ematen badu, hobe. Jostai-luak berak baditu hamaika erabilera eta horiek esplotatu behar dira”. Horrez gain, gomendagarria izan liteke jostailu horrek beste batzuekin jolastea ahalbideratzen duen edo ez begiratzea ere. Izan ere, Linazak dioen moduan, garrantzitsua da argi uztea jostailuek ez dutela miraririk egiten. “Jostailuak bitartekoak dira eta lagundu dezakete haurra helduekin edo berdinkideekin interakzioan dagoen heinean”. Interakzio horren bidez beste zenbait alderdi ere erreparatu daitezkeela dio: umearen jarrera, aurrera egiteko prest dagoen edo ez, jostailuak asebetetzen duen edo ez, etab. “Sokasaltorako kordel xume bat oparitzen badiogu, badakigu umea bakarrik jolastuko dela, baina besteekin jolasteko ere ateak zabaltzen dizkiogu, eta besteekin interakzioan garatzen da haurra: hizkuntza ikasten du, harremanak sendotzen ditu, arauak daudela ikasten du, pentsa- tzeko balio dio, gatazkak konpontzen eta akordioetara iristen ikasteko. Hor mundu izugarri zabala irekitzen zaio. Beraz, jostailuek interakziorako bidea ireki behar lukete, eta ez haurra isolatu bere jolasean”.

 

Ze jostailu oparitu bezain garrantzitsua da beraz, jostailu hori nola erabili. Aldizkari honen 5. zenbakian jaso bezala, jostailua ez da jolasa, eta jostailuek ere ez dakarte derrigor jolasik. Jolasa jostailuak baino askoz gehiago da. Linazak azpimarratu bezala, jostailuak baliabideak dira, baina haurrarentzat oparirik preziatuena berarekin jolastea da. Sarri, haurrak oparien inguruan jarri eta guraso askorentzat lasai egoteko aukera aproposa izan ohi da Gabon ingurua, “baina ez du balio umeari jostailu oso erakargarria oparitu eta gero berarekin ez ibiltzeak. Umearekin kalitatezko denbora igaro behar da jolasean, eta hori bai ala bai egin behar da, ez dago beste biderik”. Jolasteko gainera, ez dago leku bakarra Linazaren arabera: etxeko logela edo egongela bezain garrantzitsua izan liteke parkea, plaza, mendia, edota basoa, bakoitzak bere ezaugarriak baititu haurraren garapen osorako baliagarriak eta beharrezkoak. Linazaren ustez, umearekin denbora igaroz soilik jakin daiteke hark zer nahi duen, eta dio ideia ona izan litekeela dendetara haurrarekin joan eta han ageri dena begiratzea, horrek lagunduko baitio jakiten umeak zer duen gustuko eta zer ez, zertan den trebeago eta zertan ez, gurasoek zein joko eskaini dizkioten eta zein ez. “Askotan gurasook esan ohi dugu ‘nire semeak ez du pilotan inoiz egiten’, baina benetan aukerarik eskaini diogu horretarako? Igual kontua da inoiz ez diogula pilotarik eskaini, baina eskainiz gero, egingo lukeela. Sarritan esaten dugu: ‘umeak arrosa bakarrik nahi du’, baina eman diogu beste kolorerik? Jarri dugu beste errealitate baten aurrean?”.

 

Sexismoa eta rol bereizketa

 

Jostailuak izan daitezke edo ez sexista, baina egon helduen eskuetan dago parekidetasuna bultzatzea. Hala ere, sarritan zail izaten da rol bereizketatik alde egitea. Iragarkietatik hasita, produktuak sexu bati edo besteari zuzenduta egoten dira maiz. Neskei zuzendutako iragarkietan kolore gozoak, musika lasaia, haur ahotsak eta etxean egokitutako mundu fantastikoa agertu ohi dira. Mutilen kasuan, berriz, kolore biziak, musika alaia, erritmo militarra eta etxeko girotik kanpoko eremua. Iragarki berberen bidez jostailu horiekin jolasteko jarrerak ere azpimarratzen dira: nesken jarrera kontrolatua, ordenatua, arduratsua, laguntzailea, pasiboa, zintzoa…; eta mutilena, protagonista, aktiboa, maltzurra, kontrolatzailea, indartsua, garailea… Asmo parekideagoak izanez gero, errealitate horren aurrean rolak apurtzen edo behintzat rolak ez bermatzen laguntzen duten opariak egitea gomendatzen du Linazak: “Aukerak emanez gero ikusiko dugu nola, adibidez, amaketako joko sinbolikoan mutil zein neska guztiek jolasten duten. Eta egiten duten horretan bai neskak eta bai mutikoak positiboki baloratu behar ditugu kanpotik josatzen dituzten bestelako mezuen aurrean babesteko”. 

 

Publizitatetik aldentzea ere ez da erraza izaten opariak aukeratzerako orduan. Maiz, gainera, sexistak izan ohi dira, biolentzia inplizituki transmititzen dutenak edota etengabeko kontsumora bideratuak. Gabonetako kanpainaren lehen astean 4.500 jostailu inguru iragarri ohi dituzte egunero telebistan, eta gabon garaian haurrek 95 iragarki ikusi ohi dituzte egunero. Horri guztiari muzin egitea ia ezinezkoa da guraso gehienentzat. Zer ikusi, hura nahi izaten da, eta ez da erraza haurrari ezetz esatea, are gutxiago Olentze-roren magiapean badago artean: “Guraso moduan kontsumoaren zurrunbilo horretatik irteten saiatu behar dugu. Jostailu bat egokia iruditzen ez bazaigu, jostailu hori ez erosteko arrazoiak eman behar dizkiogu umeari. Zentzuz eta neurrian eginez gero, ezezkoarekin ere umeak hezten ari gara. Umeak frustrazioei aurre egiten ikasi behar du, bere nahi guztiak ezin dituela berehala ase eta itxarotea garrantzitsua dela”.

 

Linazaren arabera, Olentzeroren etorrerarako umea aurrez prestatzea garrantzitsua da.  Eskutitza idazterakoan haurrari laguntzea izan daiteke aukera bat, aurten Olentzerok etxean opari bat ekarriko duela jakinaraztea, edo Olentzerok ere dena erosteko ez daukala dirurik azaltzea, etab. “Iruditzen zait umeak ere errealitatearen parte direla eta errealitate hori ezagutu behar dutela, ume izan arren ez dira irla batean bizi eta ez dugu zertan eskatutako guztia eman. Eta horrekin ez dut esan nahi Olentzeroren magia zapuztu behar dugunik, ilusio eta misterio hori garatu eta landu behar da, baina horretarako badaude beste modu batzuk ere”. Horregatik, umeak oparia jasotzen dueneko uneari eta bertan sortzen den erritualari garrantzi handia ematen dio Linazak. Bere esanetan, oparitu bezain azkar, ez da komeni umea jostailuaren aurrean bakarrik uztea: “Ez badugu berarekin jolasten, ez bagara berarekin egoten, ez du aurrean duena eta egiten ari dena preziatuko. Helduok bere emozioen parte izan behar dugu eta horretan lagundu. Guk ere geure emozioa erakusten dugun heinean berak ere aurrean duen horri balio handiagoa emango dio”. Badaki ez dela erraza, baina uste du zerbait egin beharra dagoela etengabeko kontsumoaren gurpiletik ateratzeko eta horretan gurasoen edo aitita-amamen narrazioak asko lagun dezakeela: “Haurrak telebistak eta Internetek heztea nahi ez badugu, garrantzitsua da gurasook ere gure iritzi eta argumentuak ematea. Horretan asko lagun dezake gure txikitako esperientziaren berri emateak, edota euren aitita-amamen bizipenak gogora ekartzeak”. Adin batetik aurrera umeari berari galderak egitea ere garrantzitsua dela uste du: “zuk zertarako nahi duzu jostailu hori? Eta zergatik ez beste hura?” Baina galdera horiek egin eta elkarrizketa eman ahal izateko umeak txikiak direnetik interakzioa landu behar dela dio: Umeei gurekin hizketan aritzeko aukera eman behar diegu txiki-txikitatik, zer pentsatzen duten adierazteko, nolako nahiak dituzten eta zer amesten duten.

 

Gabon-aldia diruari erreparatu beharreko sasoia izaten da zenbaitentzat: jakiak, umeen jarduerak, opariak, irteerak… Baina oparietan behintzat asko gastatu beharrik ere ez da Linazaren iritziz. Erabiltzen ez diren hamaika tresna izaten dira etxeetan eta horietako asko jostailu bihur daitezke ziurrenik: “Denbora ematen badugu umeekin sarritan kartoi kaxa bat nahikoa da kobazulo bihurtzeko. Aukera asko daude, baina horrek umearekin denbora ematea eskatzen digu”. Gainera, bere esanetan, opariak edo jostailuak sortzeko ekintza hori bera haurrekin eurekin egin daiteke eta haurra bilakatu ekintza horren protagonista: “Inportantea da jostailua sortzeko une horretan helduaren eta haurraren artean sortzen den elkarrizketa. Eta sortzeaz batera, aitita-amamei galdetuta antzinako jostailu eta jolasak errekuperatzeko sasoia ere izan daiteke”.

 

Jostailu asko dute umeek. Asko inoiz erabili gabe eta ganbaran gordeta. Diruari erreparatu eta kontsumismoari aurre egiteko beste modu bat izan daiteke erabiltzen ez diren jostailuak ematea edota trukea egitea, inbidiak saihesteko ere balioko luke horrek: “Horretarako beste festa edo erritual bat sor liteke, azoka bat egin edota merienda baten bueltan elkartu umeak. Iruditzen zait gurasook ere gizarte honetan hasi behar dugula gauza batzuk era kooperatiboan egiten. Akaso auzokideen artean batak bestearen jostailuak erabil ditzakete eta horrek ere beste balio bat emango lieke jostailuei eta baita haurren arteko hartu-emanei ere”.

 

Finean, oparia era batekoa edo bestekoa izan, umearentzat baliagarria izango bada, afektuzko giro atsegina egon behar da opari horren bueltan, hala dio Linazak:  “Zer da gure seme-alabek egin dezaketen gauzarik inportanteena? Jolastea. Baloiarekin, panpinarekin, egurrezko piezekin, etxean ditugun kartoi edo jogurt potoekin, edozer gauzarekin jolastea, baina baldintza batekin: gu beraiekin egonaz”.