282 znb | Gai Nagusia

Tolosako Inmakulada Lanbide Heziketako ikastolak eta Donostiako Easo Politeknikoak bi ikasturte egin dituzte Tknika Euskadiko Lanbide Heziketako Ikerketa Aplikatuko zentroarekin lanean ikasleen ongizate emozionala zaintzeko programak diseinatzen. Pandemiak ikasleen ongizate emozionala okertu zuela ikusirik, gida-liburuak eta baliabide pedagogikoak sortu dituzte eta ongizate-emozionala.eus webgunean jarri dituzte edonoren eskura. Orain irakasleen ongizate emozionala aztertzen hasi dira berrikuntza proiektu baten bidez.

 

Lehendik zetorren arazoa,  adituek urteak zeramatzaten esaten, baina pandemiak azeleratu eta azaleratu egin zuen ikasleen osasun mentaleko arazoen gorakada”, adierazi du Inmakulada Lanbide Heziketako ikastolako Enara Larrainek. Ana Monge bertako zuzendariak oroitu du itxialdiaren testuinguruan galdetegi batzuk pasa zizkietela euren ikasleei, hainbat gairen gainekoak eta baita euren egoera emozionalaren gainekoak ere: “Ikasleen artean ikusi genuen haietako asko ez zeudela emozionalki ongi. Jaso genituen datuek harritu egin gintuzten eta hainbat gauza inprobisatzen hasi ginen online: yoga, gitarra ikastaroa, barreterapia… Bi hilabetean behin ikasleen ongizatearen gaineko galdetegiak pasatzen genituen. Jasotako datuak hausnarketara eraman genituen eta argi ikusi genuen zerbait egin behar zela gure ikasleen egoera zaintzeko”. “Zerbait” hori ibilbide luzeko proiektu bat izan da, Donostiako Easo Politeknikoarekin elkarlanean eta Tknika Euskadiko Lanbide Heziketako Ikerketa Aplikatuko zentroaren eskutik egindako ibilbidea. Ikasleen ongizate emozionala zaintzeko hainbat protokolo eta material sortu dituzte ordudanik, baina oroz gain, ikastetxeen hezkuntza proiektuetan ez ezik, kulturan eta ikuspegian txertatu dute ikasleen ongizatea.

Inmakulada ikastolako zuzendari Monge eta Larrain eta Itxaso Urbieta irakasleak, Easo Politeknikoko zuzendari Olatz Arroita eta Irantzu Telleria formazio arduraduna eta Tknikako Biozientziako eta Jasangarritasun arloko zuzendari Marijose Barriola elkartu dira Hik Hasirekin Ongizate emozionala Euskadiko Lanbide Heziketan izeneko proiektua azaltzeko. Proiektuak Espainiako Estatuko berrikuntza saria jaso zuen, 300 egitasmoren artean. 2021-2022 ikasturtetik aritu dira bi ikastetxeak elkarrekin berrikuntza aplikatuko proiektua lantzen Tknikarekin batera, Inmakulada ikastolan hasi, Easorekin proiektua diseinatu eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren diru-laguntza jaso zuten berrikuntza proiektuen deialdian. Barriolak azaldu bezala, ezagutzaren transferentzia da Sailburuordetzaren ardatzetako bat diru-laguntza horiek ematean, eta Lanbide Heziketako ikastetxe guztietan ari ziren ikusten ikasleen artean, pandemia ostean, egoera emozionalak okerrera egin zuela: “Lanbide Heziketako irakasle guztiok ikusi dugu gure ikasleen egoera emozionalak okerrera egin duela eta zerbait egin beharra zegoela —adierazi du Telleriak—. Gero eta kasu gehiago agertzen ziren gelan, adibidez, antsietate krisiak”. Larrainek oroitu du konfinamendu garaian, ospitaleetako osasun mentaleko unitateak “kolapsatuak” zeudela. “Antsietatea, depresioa edota elikadura nahasmenduak asko igo ziren”.

 

"Ikastetxearen apustua izan da; espazioak eta erronkak sortzean gain, zunzendaritzak gure ikastolako hezkuntza proiektuan txertatu du; kultura bat sortu behar da” 

Ana Monge, Inmakulada LH ikastolako zuzendaria

 

Adituekin elkarlanean

Abiapuntua, beraz, ikasleen egoera emozionala aztertzea izan zen. Horretarako inkestak pasa zizkieten milatik gora ikasleri. Ikasleen euren esku-hartzea klabea izan zen datuen bilketan eta, proiektu osoari begira, guztiek esan dute oso aberasgarria izan dela ikasleen parte-hartze zuzena ibilbide guztian zehar. “Inmakuladako Osasun Dokumentazioko zikloko ikasleak eurak izan ziren inguruko ikastetxeekin harremanetan jarri zirenak eta galdetegiak pasa zituztenak. Ikasleak asko inplikatu ziren eta haiek hartu zuten inkesten ardura”, kontatu du Larrainek. Inmakuladako eta Easoko ikasleez gain, Lanbide Heziketako beste hainbat zentrok parte hartu zuten galdeketan, eta baita Bigarren Hezkuntzako zentro batzuk eta unibertsitateak ere. Datuak kezkagarriak ziren, Telleriaren arabera: “Atera zitzaizkigun datuek bat egiten zuten adituek ematen zituzten datuekin. Batxilergoko lagina txikia zen, baina datu okerrenak Batxilergoko 2. mailan atera ziren eta harritu egin gintuen. Bigarren Hezkuntzan begiratu beharreko zerbait dela uste dugu”.

Behin ikasleen egoera animikoa aztertuta, haiei zuzendutako programa bat diseinatu zuten, adituen laguntzarekin. Profesional gisa, mahaiaren bueltan diren irakasle guztiek balio handia eman diote buru-osasuneko adituekin egin duten elkarlanari. Monge: “Proiektua garatzen joan garen neurrian, geu ere asko formatu gara eta profesional askorekin egon gara. Profesionalei laguntza eskatzera joan ginenean, zain geneuzkan ea hezkuntza aldetik zerbait egiten zen, behar handia ikusten zuten”. Tknikako arduradunak ere gaian adituak direnen ekarpenak nabarmendu ditu. “Gu Lanbide Heziketako irakasleak gara, eta proiektu hau garatzeko gaiaz asko dakiten profesionalen laguntza eduki dugu eta geu ere asko formatu gara”. Besteak beste, Osakidetzako Haur Psikiatriako espezialistekin, suizidioaren prebentzioaz arduratzen den Biziraun elkartearekin, Agifesekin, Babes Zibilarekin eta beste hainbat aditurekin egin dute lan. 

Aditu horiekin buru-osasunarekin loturiko hainbat gai, hala nola suizidioaren prebentzioa, elikadura nahasmenduen prebentzioa, antsietatearen prebentzioa, loaren asalduraren prebentzioa, depresioaren prebentzioa eta drogen eta jarrera adikzioen prebentzioa lantzeko gidak eta materialak sortu zituzten bi ikastetxeek eta Tknikak. Webgunean dauden gida-liburuak, kasurako, Gipuzkoako Itxaropen Telefonoko adituek baliozkotu eta kontrastatu dituzte. Materiala sortzea eta gaia landu nahi duten irakasle guztien eskura baliabideak jartzea izan da Lanbide Heziketako Berrikuntza Proiektu honen lan ildoetako bat. “Irakasle batek, edozein irakaslek, gaia gelan jorratu nahi baldin badu eta baliabideak behar baldin baditu, gauzak erraztu dizkiogu, web orriaren bidez: gaia lantzeko presentazioa dauka, klasean egiteko tailerra dauka, zuzenketa plantilla dauka… Horrek denak presioa kentzen du”, adierazi du Telleriak.  

Berrikuntza proiektu horren bigarren lan ildoa, bestalde, ikasleen ongizate emozionala zaintzeko estrategiak bi ikastetxeetan txertatzea izan da. Nola Inmakulada ikastolan hala Easo Politeknikoan, ikasleen ongizate emozionala zaintzeko estrategiak zeharka txertatu dituzte eskaintzen dituzten zikloetan. Horretarako, ikasleak eurak izan dira bidelagun, Larrainek adierazi duenez: “Proiektuaren diseinua egin genuenean, ‘espazio lagunkoiak’ sortuko genituela aurreikusi genuen, buru osasunaren zaintzako literaturak ere hala iradokitzen baitu. Baina ez genekien nolako espazioak izan behar ziren ‘espazio babestu’ horiek. Orduan ikasleengana jo genuen. Beharretatik eta ikasleei entzunez diseinatu ditugu espazio seguru horiek”. Ondoren, osasun mentaleko batzorde bat sortu dute ikasleekin, Berpiztu izenekoa. Ikasleak bi astean behin elkartzen dira buru-osasunari loturiko gaiak jorratzeko. “Hasieran 20-30 ikasle hasi ziren biltzen eta aurten 60 hasi dira. Gure ikastolan oso aberasgarria izan da, irakasleok proiektua diseinatzean idatzi genituen ideiei gazteek eurek eman diete forma”, azaldu du Larrainek. Urbietarentzat ere talde horrek izugarrizko indarra du, “ongizate emozionala ziklo bateko ardatz bihurtzeraino. Haiek sortzen dituzten ideiek eragina daukate modulu guztietan, ziklo guztietan, metodologietan…”. Hainbeste ezen Mongek adierazi duen moduan, ikastolako kulturan txertatu dute ongizate emozionala: “Ikastetxearen apustua izan da, gai hori gure hezkuntza proiektuan txertatu dugu. Espazioak eta erronkak sortzeaz gain, zuzendaritzak gure ikastolako hezkuntza proiektuan txertatu du ongizate emozionala eta ikastetxean nola garatu eta landu dezakegun pentsatu dugu; kultura bat sortu behar da. Abiatu dugun ibilbidea epe luzekoa da, eta langileek beren gain hartu behar dute ikasleak entzutea eta behatzea”.

 

"Gu arazo bati aurre egin nahian ari gara, depresioari, antsietateari, elikadura nahasmenduei… baina 16 urte dituztenean hasten gara lan horrekin! Programak HHtik hasi beharko genituzke” 

Irantzu Telleria, Easo politeknikoko irakaslea

 

Easo Politeknikoan ere, Olatz Arroita zuzendariak adierazi duenez, “ongizate emozionala gelditzeko etorri da. Gure proiektura txertatu dugu”. Eason 180 irakaslek osatzen dute klaustroa, eta guztiek ongizate emozionalari eta suizidioaren prebentzioari buruzko formazioa jaso dute. Eskaintzen dituzten hainbat ziklotan adibidez, Ethazi proiektuen bidez garatzen dute gaia, Telleriak jakinarazi duenez: “Gizarteratzeko zikloko ikasleek kudeatzen dute erronka bidez, urtero. Horrekin haiek mundu profesionalera igarotzen direnean ikuspegi hori barneratua eta txertatua edukitzea lortzen dugu.” 

Ikasleak, hau da, etorkizun laburrean profesionalak izango diren horiek sentsibilizatzea funtsezkoa izan da proiektu honetan, Urbietak adierazi duenez: “Batetik, euren beharrei erantzuteko diseinatutako proiektua delako, baina horrez gain, garrantzitsua iruditu zaigu hasieratik ikasleak eurak buru-osasunarekin sentsibilizatzea, ondoren lan mundura aterako direnean ikuspegi horretatik lan egin dezaten. Gure kasuan, osasun eta gizarte arloko gaietako ikasleak izanik, beharrezkoa iruditzen zitzaigun gerora lanera joango diren profesionalak sentsibilizatuta egotea, lan egitean egokituko zaien jendeak ere gero eta asaldura gehiago izango dituelako, eta gure ikasleek erreminta asko eduki beharko dituztelako horrelako egoerei aurre egiteko”. Easo Politeknikoan eskaintza formatiboa zabalagoa denez, osasun eta gizarte arloko zikloez haragoko familia profesionaletan ere landu dute sentsibilizazioa, Telleriak azaldu duenez: “Guk familia profesional guztiak sentsibilizatu nahi ditugu. Osasun arlokoak, gizarteratzekoak, kiroletako formaziokoak, baina baita egurrari edo mekanikari loturikoak ere”.

 

"Irakasle asko beldurtuta ikusi ditugu osasun emozionala  aipatutakoan... zerbait
egiteko beharra dute baina formakuntza falta zaie” 

Marijose BarriolaBiozientziako eta Jasangarritasun arloko zuzendaria Tknikan

 

“Hau hasieratik landu behar da”

Lanbide Heziketako geletan, nolabait esateko, egoerak lehertu egiten dira, antsietate krisiak, depresioak, elikadura asaldurak detektatzera iristen ari dira, besteak beste, gisa honetako proiektuei esker. Baina proiektuan parte hartu duten irakasle guztiak ados daude: ikasleekin ongizate emozionala txiki-txikitatik landu behar da. Iritzi horretakoa da Telleria: “Gu arazo bati aurre egin nahian ari gara honekin guztiarekin, depresioari, antsietateari, elikadura nahasmenduei… baina 16 urte dituztenean hasten gara lan horrekin! Honelako programak Haur Hezkuntzatik hasi beharko genituzke, Lehen Hezkuntzan jarraitu, Bigarren Hezkuntzan sakondu eta gero guk jorratu. Baina ume-umetatik emozioen lanketa egiten hasi behar da arazoak prebenitu nahi baditugu. Guk 16 urterekin hartzen ditugu gazteenak, eta dagoeneko sufrituta datoz”. Iritzi berekoa da Larrain: “Lanbide Heziketan lehertu egiten da, eta gero eta beranduago detektatu arazoa, are eta zailagoa izango da hori konpontzea, zauria handiagoa baita. Arnasten eta emozioak detektatzen ikaste hutsa abantaila handia izango litzateke pertsona gisan. Kasu gehienetan ez dakite daukaten sentsazio horri izena jartzen”. “Gazteek tripako min handiak izaten dituzte, zer dira tripako min horiek? —galdetu du Mongek—. Identifikatzen hasten garenean, eta izena jartzen diegunean, tripako min horiek desagertzen hasten dira. Ikastetxeetatik atera eta gizarte mailan ongizatea zaintzeko kultura sortu behar dugu, eta sentitzen duten horri izena jartzen lagundu behar diegu umetatik”.

 

Materiala irakasle guztien eskura, webean

Inmakulada ikastolak, Easo Politeknikoak eta Tknikak ikasleen ongizate emozionala zaintzeko proiektuan sortu duten materiala Lanbide Heziketako zein beste etapa guztietako irakasleen eskura dago www.ongizate-emozionala.eus wegbunean. Bertan, alde batetik, sei gida daude eskura: suizidioaren prebentzioa, elikadura nahasmenduen prebentzioa, loaren nahasmenduak, depresioaren prebentzioa eta drogen eta adikzioen prebentzioko gida. Gida bakoitzak arrisku faktoreen berri ematen du, baita detekziorako gakoak, babes neurriak eta laguntza telefonoak ere. Gida guztiak Gipuzkoako Itxaropen Telefonoko adituekin kontrastatuak daude. Horrez gain, sei gai horiei loturiko aurkezpenak eta material pedagogikoa dago webgunean ikasleekin zuzenean lan egiteko prestatuta, gai bakoitza jorratzeko tailerren proposamenekin eta prozedurekin batera.

 

Suizidioa, "helduon" tabua

“Zenbat porro erretzen dituzu?”, “gustura al zaude zure goputzarekin?”, “lotarako arazorik izaten al duzu?” eta gisako hamaika galdera prestatu zituzten Inmakulada ikastolak eta Easo Politeknikoak ikasleei pasatzeko galdetegirako, sei alorretakoak: elikaduraren eta loaren nahasmenduak, depresioaren prebentzioa eta drogen eta adikzioen prebentzioa eta suizidioaren prebentzioa. Alta, azken atal horri buruzko galderengatik oztopoak  izan dituzte hainbat ikastetxetara iristeko. “‘Eduki al duzu inoiz ideazio suizidarik?’ galdetzeagatik ateak itxi dizkigute hainbat zentrok”, jakinarazi du Irantzu Telleriak. “Suizidioa oraindik ere tabua da”, gehitu dio Itxaso Urbietak. “Helduon tabua” , zehaztu du Enara Larrainek, “gazteek ez baitzuten horri buruz galdetzeko eta erantzuteko eragozpenik”. Proiektua lantzen ari zen lantaldea gizartean suizidioaren gaiak sortzen duen beldurra ikusita, gaiari berariaz eta premiaz heltzeko beharra ikusi zuen: “Pasa gabe gelditu ziren inkestak suizidioaren gaia agertzen zelako zen. Horrek beste buelta bat emanarazi zigun”, adierazi du Telleriak.

Adituekin kontaktuan jarri ziren irakasleak, eta adituen mezua argia zen: “Hitz egin behar da suizidioaz”; “isiltasunak hil egiten du” esaten zieten. Aldiz, irakasleak beldur ziren, “meloia irekiz gero”, hau da, suizidioaz galdetu eta ikasleren batek ideazioak izan dituela onartuz gero, erantzuteko gai izango ote ziren. “Galdetzen baldin bagenuen, erantzuteko baliabideak eta estrategiak eskaini behar genituela argi geneukan, eta horrek ausart baina ondo pentsatuta lan egitera bultzatu gaitu”, adiera du Urbietak. Hala, hainbat mahai-inguru egin dituzte suizidioari buruz, bai irakasleekin eta baita ikasleekin ere. 

Egiteke asko dagoela ikusi dute Lanbide Heziketako irakasleek. “Legalki, suizidioaren prebentziorako hezkuntzarako zer proposatzen zen ikusi genue —azaldu du Telleriak— eta hezkuntzari zegozkion estrategiak ez direla betetzen ohartu ginen. Eta are gehiago, ohartu ginen Lanbide Heziketako ikasleei begira ez dagoela suizidioa prebenitzeko estrategiarik aurreikusita”. Eurek sortu dute materiala eta webean dago eskura.

 

Orain, irakasleen ongizatea

Ikasleen ongizate emozionala zaintzea, lantzea eta gaiari denbora eskaintzea, Urbietaren aburuz, inbertsio bat da, eta ez soilik maila pertsonalean: “Egiten ari garen lan hau inbertsio bat da. Irakaslegoa jabetu da ikasleek ongizate emozional orekatua baldin badaukate, gero eduki teknikoak askoz errazago barneratzen dituztela”. Bat dator Arroita:  “Ongi ez dagoen ikasle batek ez du ikasiko”. Mongek zehaztu nahi izan du ez direla soilik gizarte eta osasun arloko zikloetako ikasleak buru-osasuneko nahasmenduak izaten ari direnak: “Gela guztietan gertatzen dira gauzak, antsietate krisiak batez ere. Sentsibilizatuak ez dauden irakasleei ere gertatzen zaie. Pandemiaren ondoren, ziklo guztietan, ikastetxe guztietan, gela guztietan gertatu dira antsietate krisiak. Ez da ikasle mota batek arazo mental gehiago dituela, baizik eta guk gehiago identifikatzen ditugula betaurrekoak jantzita ditugulako”. “Zure ikasleak zer moduz dauden jakin nahi baduzu, denbora hartu —ohartarazi du Telleriak—. Galdetzen badiezu, gauza asko ateratzen dira. Espazioa behar dute, hitz egin nahi dute. Galdetzen baduzu, atera egingo da.”