Osasuntsu egoteak ez du gaixotasunik ez edukitzea esan nahi, gaixotasun-gabezia baino zerbait gehiago da osasuna; ongizatea izatea da, hala fisikoa nola emozionala eta soziala.
Haurtzaroan ohitura osasungarriak hartzea bizitza osasuntsu baterako inbertsiorik onena izango da.

Haurrak sukar-hamarren batzuk dituela eta jarabea ematen dio gurasoak; eztula duela, eta sobre bat; ez dela sabeletik libratzen, eta supositorioa; gehiegi libratzen dela, bada orduan jarabea; gorria, laranja, berdea... pilulak, indizioak, supositorioak... guztiak dauka botika. Haurrak gaixotu egiten baitira, katarroak, hotzeria, beherakoa, dermatitisa, infekzioak... eta gaixotu egingo dira. Baina botikak ez dira osasuntsu egoteko erremedio, ez helduentzat eta are gutxiago haurrentzat. Gaixotasunen aurrean prebentziorik onena, eta esku-eskura duguna, bizi-ohitura osasungarriak edukitzea da. Horixe da Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak udaberrian  Osasun Hezkuntzari buruz egin duen biltzarreko ondorioetako bat: ohitura osasungarriak dira bizi-kalitatearen oinarri.

Osasuna eta gaixotasuna, alabaina, ez dira bi kontzeptu dikotomiko. Hala argitu zuen aipatu biltzarrean Agurtzane Mujika Nafarroako Unibertsitateko Erizaintza Eskolako irakasleak . “Osasuna eta gaixotasuna ‘continuum’ bat dira; gure bizitzan zehar zaila da esatea % 100 osasuntsu gaudela, edo % 100 gaixo gaudela. ‘Continuum’ honetan aurreraxeago edo atzeraxeago mugituz joaten gara”. Osasuntsu izatetik gaixo izaterako bilakaera prozesu gisa aurkezten du Mujikak, eta prozesu konplexu horretan askotariko faktoreek eragin dezaketela argitu du: “Gaixotasunera garamatzaten faktore horietako batzuk ezin ditugu aldatu, adina, sexua edo genetika, esate baterako aldagaitzak dira, baina beste batzuk aldagarriak dira, dieta, eta bizi ohiturak, adibidez”.

Aldagarri diren faktore horietan eragin egin daiteke,  beraz, eta hainbat ohitura osasungarri txikitatik geureganatuz arrisku faktore batzuk saihestu ditzakegu. Haurrak ohitura osasuntsuetan heztea da, bada, prebentziorik onena. Azken  batean ohiturak, errepikatzearen errepikatzeaz gauzak egiteko modu, bizimodu, bihurtzen dira, eta haur-tzarotik ohitura onak eta errutina osasungarriak hartzea bizitza osorako osasunean inbertitzea da.

Ohitura osasuntsu horiek hartzeko testuinguru egokiena, Mujikaren hitzetan, familia eta eskola dira: “Eremu sozial primarioak, eskolak eta familiak, berebiziko garrantzia dute haurrengan. Eremu horietan ikusi eta entzuten dutenak haurraren sinesmenak eta ohiturak baldintzatuko baititu”. Ohiko gaixotasunak nahiz gaixotasun kronikoak prebenitzeko ez ezik, osasunari kalte handia egiten dieten ohiturak, hala nola alkoholaren kontsumo gehiegizkoa nahiz erretzea, prebenitzeko ere gune garrantzitsu jotzen ditu Mujikak etxea eta eskola.

Gaixotasun kronikoak: XXI. mendeko erronka

Elikadura egokia, ariketa fisikoa  eta atsedena ongizatearen oinarri izateaz gain, mende honetako gaitz kronikoak prebenitzeko bide eraginkorrena dira. XIX. mendean eta XX.aren hasieran gaixotasun infekziosoengatik hiltzen zen jendea, baina bilakaera bat izan da: gaur egun bizi-kalitatearen hobekun-tzari esker, higieneari, elikadurari eta medikuntzaren eta aurrerapen teknologikoei esker, duela mende bat hilgarriak ziren gaitz infekziosoak, hala nola, izurritea, kolera, baztanga,  etab. gainditzeko gai gara, eta bizi-itxaropen handiagoa eta bizi-kalitate hobea ditugu.  Baina bizitza modernoak bestelako gaixotasunak ekarri ditu, obesitatea,  diabetesa, hipertentsioa, minbizia, gaitz osteo-artikularrak eta buruko gaitzak, hain zuzen ere. Gaitz hauek eragiten dituzte, gaur egun, herio-tzen hamarretik sei, eta horregatik, gaixotasun kronikoak XXI. mendeko erronka nagusia dira OMErentzat.

Gaixotasun kronikoen garapenean eragina duten faktoreak bilatuz, epidemiologia analitikoan oinarrituz Mujikak hiru arrisku faktore aipatzen ditu diabetesa adibidetzat harturik: karga genetikoa, obesitatea eta ariketa fisikoaren falta. Azken biak arrisku-faktore aldagarriak dira, norbanakoaren bizimoduarekin lotura estua dutenak. Diabetesaren kasuan eragiten duten faktoreen antzekoek eragiten dute gaixotasun kronikoen garapena, dieta desegokiak, ariketa-faltak, erretzeak, alkohol kontsumo altuak eta estresak. OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, Europan dagoen gaixotasun-zama osoaren heren batean inplikaturik daude faktore horiek. “Beraz, ohitura ez-gomendagarritzat jotzen diren faktore horiek ohitura osasungarri bilakatzen ahalegindu beharko ginateke”.

Obesitatea

Haurtzaroko gaitz kroniko zabalduena gehiegizko pisua da (obesitatea eta gainpisua). Obesitatea desoreka metaboliko bat da, koipe moduan energia-pilaketa gehiegizkoa eragiten duena. Diagnostikoa egiteko baliabiderik hedatuena gorputz masaren indizea da (pisua kilotan, zati luzera metrotan, ber bi). OMEk XXI. mendeko epidemia dela esaten du obesitatea eta gainpisua, bai izan duen hazkunde handiagatik, eta baita hilkortasunean, erikortasunean, bizi-kalitatean eta osasun-gastuan duen eraginagatik ere.

Hala gertatzen da, adibide baterako, Bermeoko osasun zentroko lehen mailako pediatriako kontsultetan ere, Mario Lopez Mateo pediatraren arabera. Medikuaren hitzetan, arazo hau gure lehen  munduko bizimoduaren ondorio bat da, “ugaritasunaren ondorioa”. Medikuaren arabera, haurtzaroan hasitako obesitatea kasu guztiengatiko hilkortasuna areagotzearekin lotzen da eta, gainera, helduaroko bizi-kalitatea murrizten duten hainbat gaixotasunen oinarrian dago obesitatea, hala nola, 2 motako diabetesa, hipertentsio arteriala, kolesterol altua, hainbat  minbizia edota endekapenezko gaixotasunen oinarrian, baina baita haurtzaro eta nerabezaroan zuzenki eragin dezaketen gaitz psikosozialen —hala nola bereizkeria, autoestimu galera, bulimia edo anorexia eragin dezaketen arazoak— eta fisikoen —gora-behera ortopedikoak eta arnasketa eragozpenak— oinarrian ere. OMEren arabera, 10 eta 12 urte bitartean obesoak diren haurrak helduaroan ere hala izango dira. Horiek dira, probabilitate altu baten arabera, etorkizuneko gaixo kronikoak.

Lehen munduko bizimodu azkarraren ondorioetako bat da, beraz, obesitatea. Batetik, elikadura aldaketa eta bestetik ekintza fisikoaren murrizketa ekarri ditu bizimodu aldaketa horrek. Elikagai hiperkalorikoen kontsumoa hazi egin da (koipe eta azukre ugariko jakiak, hala nola, opil industrialak, pizzak, hanburgesak, patata frijituak....); barazki, fruta eta arrain gutxiko dieta zabaldu da; gosaltzeko ohitura galdu dute askok, eta dieta desordenatu horrek ordu artean pikatzea ekarri du. Dieta nola aldatu den ikusteaz gain, janarekin zer nolako harremana dugun begiratzera garamatza medikuak. “Sarritan, jateak sari emozionalaren zentzua hartzen du, ditugun premia kalorikoez aparte. Jatea eta edatea gogo-aldarte positiboekin lotzen dugu era subliminal batean, horregatik, txarto gaudenean jaten edo edaten konpentsatzen dugu aldarte hori goserik ez izan arren, gure arrazoimenaren eta osasunaren aurka”. Gurasoek ere, medikuaren aburuz, sari gisa erabiltzen dute sarri janaria umeekin. Medikuak, kontrara, umeekin bestelako elikadura-harreman bat sortzea gomendatzen du, bere hitzetan  bereziki haurtzaroko etapan zaindu behar baita elikadura. “Elikadura eta nutrizio egokiak beharrezkoak dira bizitzaren garai guztietan, baina bereziki haurtzaroan”. Elikadura ohiturak hiru edo lau urterekin hasten dira barnera-tzen eta 11 urtetik gora finkatzen doaz, urteak pasa ahala joera hori sendotuz. Horregatik, haurtzaroa garai erabakigarria da elikadura-portaeretan eragiteko, garai honetan hartutako ohiturak etorkizuneko helduaren osasun-egoera mugatuko dute-eta. Alta bada, adituek erabat gaitzesten dute haurrak dietan jartzea,  eta horren  lekuan familian ohitura osasungarriak hartzea gomendatzen dute.

Obesitatearen beste eragile nagusia ariketa fisikoaren murriztea da, eta pediatraren arabera, sedentarismoa osasun mugatzaile garrantzitsua da. “Arazo hau, jokaera eta ereduen aldaketen ondorioa da; hirietako bizitzaren, teknologia berrien, aisialdi pasiboaren eta garraio-modu ezberdinen eskuragarritasunaren ondorioz mugimendu gutxiagoko bizimoduetara ohitu baikara. Horrez gain, aisialdi ereduan eman den aldaketa ere nabarmentzen du medikuak, “haur eta gazteek ordenagailuekin eta bideojokoekin ematen duten denbora izugarri gehitu da, aisialdia haurtzaroan gero eta sedentarioagoa bihurtzen ari delarik”.

Horrek guztiak “giro obesogenikoa” deiturikoa sortu du, obesitatearen hazkundea ez baita kausa genetikoengatik etorri, baizik eta aztura ez osasuntsuei loturik. Elikadurari (kalorien kontsumoa) eta ariketa fisikoari (kalorien erreketa) loturiko aztura osasungarriak lirateke elikadura trastorno honi aurre egiteko biderik eraginkorrena, baina baita bestelako elikadura trastorno batzuk —izan anorexia edo bulimia— prebenitzeko ere,  Lopez Mateo pediatraren arabera.

Elikadura nahasteen oinarrian, adituen arabera, norbere gorputz irudiarekiko atsekabea dago. Ziurgabetasun edo gabezia emozional batetik datozen trastorno hauek gehienetan 15 urtetik 24 urtera bitarteko emakumeei eragiten diete, baina gero eta gizon gehiago eta neska gazteagoak nahiz emakume heldu gehiago ere elikadura trastornoak ari dira pairatzen azken hamarkadan, medikuaren arabera.

Gaixotasun emozional eta psikologikoak prebenitzen

Gorago aipatutako gaitz horiek  gorputza eta burua elkarrekin doazela erakusten duten adibide garbi dira. Baina ez dira gaixotasun bakarrak. “Emozioek gure osasunean eragina dute”, dio Maider Sierra Arana psikologoak. “Egoera emozionalek immunitate-sistema ahultzen dute eta horrek hainbat gaixotasun bizitzera eramaten gaitu. Sabeleko ultzerak, azaleko gaixotasun asko (dermatitisak, ekzemak...), janariarekin lotzen diren gaixotasunak (anorexia, bulimia) lo egiteko arazoak, depresioak, antsietateak eta zergatik ez minbiziaren garapena”.  Sierra Arana Gipuzkoako Minbiziaren aurkako elkarteko psikologoa da, eta azaldu duenez, saihestu daitezkeen gaixotasunen artean heriotza kopuru handiena sortzen duen gaixotasuna da minbizia. OMEren arabera, heriotza kasuen % 20en artean dago minbizia. Gaur gaurkoz, minbiziaren prebentzioan jarri dituzte indarrak erakundeek, minbizien % 75-80k bizi-azturekin lotura dutela frogatua baitago.
Psikologoaren aburuz, ezin da bizi-aztura osasungarriez hitz egin osasun mentalaz hitz egin gabe, bizi-ohiturek ez baitiote gorputz osasunari soilik eragiten eta ezin baitugu gorputza eta burmuina banandu. “Zenbat kontsumo, alkohola, tabakoa, janaria.... zenbat substantzia erabiltzen ditugu zailtasun pertsonalei aurre egiteko? Azken batean, bakardadea, antsietatea, estresa... gaitzak dira”. Psikologoaren arabera, gaitz horiek barne gatazka pertsonal baten aurrean gaudela adierazten digute, “buruak kudeatu ezin dituen gatazka horiek gorpu-tzean islatzen dira”, baina gakoa ohiko diren barne gatazka horiek kudeatzen ikastea da,  intentsitatea jasangarria edo jasangaitza den jakitea. “Gehiegi jatean gure sabelak lan handia egin behar duen bezala, gure bizia aztoratzen duen egoera asko ditugunean, edo aztoratu gaituen bizipenaren intentsitatea jasanezina denean, gure buruak ere lan asko egin behar du, eta gaizki kudeaturiko bizipen gogorrek osasun-arazoak sor diezazkigukete. Hau da, substantzia toxikoek gorputza mindu dezaketen bezala, bizipenek ere gorputza mindu dezakete”.

Osasun emozional eta psikologikoari begirako bizi-aztura osasungarriak hartzeak ere, bada, hainbat gaitz prebenitzen lagunduko digu, hala nola azaleko arazoak, sabelekoak, buruko minak, lo falta, depresioak, antsietatea, estresa, dependentziak, etab. Gaitz horiek prebenitzeko egoera emozionala kudeatzen ikasi behar dugu, psikologikoki ondo ez bagaude sufrimendu handia izango baitugu, eta txikitatik hainbat ohitura hartu ditzakegu. “Haur jaioberriek sentsazioak sentitzen dituzte, eta gurasoen laguntzarekin sentitzen duten horri izena jartzen joaten dira. Ariketa hori, sentitzen dena izendatzea, pauso garrantzitsuetako bat da, emozioak kudeatzen hasi ahal izateko. Ondoren, deserosotasun horri aurre egiteko bideak bilatzen lagundu behar diegu haurrei, beti ere beren bizitzaren jabe egin daitezen, ahal den neurrian, eta nerabezaroan, giza trebetasun gehiago eta kalitatezkoak izateko aukera gehiago izango dituztelarik”.

Psikologoaren iritziz, ikuspegi emozional eta psikologikotik ohitura osasungarriak edukitzeko garrantzitsua da sentitzen ari garenari arreta jartzea,  eta sentitzen ari garen ezinegonari izen bat jartzea. “Egia da hainbat emozio nahastuak ageri daitezkeela, haserrea eta beldurra, haserrea eta tristezia…   Baina sentitzen dugun ezinegonari izena jartzeko ariketa egitea garrantzitsua litzateke, sentimendu horiek sor ditzaketen kanporatze fisikoak —antsietatea, azaleko gaixotasunak, ultzerak…— kontrolatzeko”. Behin sentitzen ari garenari arreta jarrita, eta helduen laguntzaz haurrak sentitzen duenari izena jarririk, gerta-tzen ari zaion horren kargu egiten ikasiko du haurrak heltzen doan neurrian.“

Jasangaitzak suertatzen zaizkigun egoerei aurre egiteko psikologoak garrantzitsu jotzen du umetatik laguntza bilatzen ikastea, eta inguru sozial indartsu bat eraikitzea. “Familia edo eta lagunekin bizitzako gertaerak elkar banatzea osasungarria da; momentu alaiak bizitzen jakitea bezala. Askotan bizipen triste edo eta gogorrak bizitzen energia asko gastatzen dugu, kexatzen, gertatu denari bueltak ematen, eta ez daukagunari begira geratzen gara; aldiz, lorpenak gozatzen denbora gutxi pasatzen dugu”.

Emozioen artean, bereziki beldurrei buruz hitz egitea proposatzen du Sierrak, eta hori txikitatik har litekeen ohitura da. “Emozioak ezin ditugu aukeratu, ezin dugu erabaki beldurrik ez edukitzea, baina erabaki dezakegu beldurrarekin zer egin. Beldurra oinarrizkoa eta beharrezkoa da, beldurrik ez bagenu, honez gero kotxe batek harrapatu gintuen edo amildegi batetik erori ginen”. Psikologoaren hitzetan, beldurraren aurrean hitz egin beharko genuke, ditugun beldurrei izena jarri beharko genieke umetatik.

Osasun mentala zaintzeko beste bide bat gorputzaren osasuna —elikadura egokia, atsedena eta ariketa fisikoa— zaintzea litzateke, azken batean, gizakia gorputza eta burua baita. “Osasun fisikoak osasun mentalean eragina du, eta alderantziz. Ariketa fisikoa egiterakoan, gorputzeko zelula guztiak oxigenatzen laguntzen ari gara, besteak beste, garunekoak.  Burmuin oxigenatu batek, antsietatea kontrolatzen laguntzen du, gatazkei soluzioa bilatzeko azkartasun handiagoa du… Ariketa fisikoak endorfinak sortzen ditu, erlaxazio eta alaitasunaren sortzaileak, eta, bestalde, gorputzak behar dituen elikagaiak ematen badizkiegu, zelulak osasuntsu egongo dira, egunerokotasunean dugun erritmoari aurre egiteko”.