Sormenaz: Nahia Zubeldia, Kantaria eta idazlea

Unama folk taldearekin eta Lumi elektronikoarekin egin bada ere aski ezagun, musika estilo ugari jorratu ditu bere ibilbidean Ziburuko artistak.

Etxetik jaso du Nahia Zubeldiak kantagintzarako harra, eta lehengusuekin ekin zion musikaren ibilbideari. Egun seme-alabei transmititzen saiatzen da har hori, baina jabetzen da Lapurdiko kostaldean euskaraz sortzea eta kontsumitzea zein zaila den; “bada aski borroka”, dio.

 

Olerkiak edo kantuak, forma desberdina izanagatik, artistikoki sortzeko beharra duzu? 

Ez dut asko teorizatzen, baina ohartzen naiz, urteak pasa eta sormen beharra beti hor dela, nahiz eta forma ezberdinak hartzen dituen. Errango nuke sortzea behar bat dela, pertsona berezi egiten duena. Nik egiten dudana beste batek ez luke egingo, eta besteak egiten duena nik ez nuke egingo. Norbera zinez pertsona berezi gisa adierazteko bidea da sortzea.

 

Has gaitezen, ordea,  hasieratik. Familian hasi zinen musikan eta kantuan. Ama kantaria duzu; anaia eta lehengusuak ere musikariak… Zer giro bizi zenuten txikitan?

Etxean, egia da, beti kantua entzun izan dugula. Aita ere koro bateko kantarien irakaslea da, eta euskal kantuak ere irakasten ditu… Familiako bazkarietan eta afarietan beti pasatzen da otorduaren ondotik denbora luzea denok kantuz, bizpahiru bozetan beti. Hori guretzat oso normala izan da. Etxeko irratian edo musika tresnan zernahi entzuten delarik, beti da norbait bigarren boza egiten ari. Kantuz pasatzen genuen denbora ainitz. Gero, ordea, ez dugu solfeo kurtsorik hartu; gurea ez da musika eskolako familia-giroa, beti oso espontaneoa eta etxekoa izan da. 

 

Eta nola eman zenuten pausoa etxetik oholtzara, anaiarekin eta lehengusuekin Unama sortzera?

Unama baino lehen, parada bat izan nuen zuzenean jotzeko. Haurtzarrak taldeak kontzertu bat eman zuen gazte egunetan, eta hor parte hartu nuen. Izan nuen, baita ere, metal talde batean koroak egiteko parada. Hori izan zen nire lehen taldea oholtzara pasa zena: Hats taldea. Unama abentura luzeagoa izan zen. Familian normala zen bezala, bazkarietan gitarra atera eta kantatzen genuen Kamila [Zubeldia] lehengusinak eta biok, eta galdegin ziguten ea kantatuko genuen ikastola baten alde, eta bakoitzak bere anaiari egin zion galde [Unai eta Domeka Zubeldiari] eta kontzertu baterako izan behar zenak ia 20 urte iraun zuen. Beti izan da bilatu gabeko bidea. Lumirena ere aldi baterako izan behar zen eta gero, datozen aukerak onartuz egin da bidea. 

 

Metala egin duzu, rocka Haurtzarrak taldean, gero folka Unaman, Samatsa taldean munduko kantuak, gero elektronika Lumin (Manu Matthysekin). Zer bilatzen duzu estilo bakoitzean?

Aski irekia naiz. Reggae talderik ez dut uste egingo dudanik, baina gainerakoan aski irekia naiz. Ezagutzen dudan jendearen arabera ere egiten dut musika. Ez dut erabakia, “folk talde bat egingo dut eta gero rock talde bat...”. Orain ere berdin da Lumin. Manu aspaldi ezagutzen nuen, eta denbora luzean elkar ikusi gabe egon ondotik topatu ginen eta zerbait egiteko jakinmina piztu zen. Kasuan elektronika egiten zuen Manuk. Beti izan da bidean aurkitu ditudan jendeen arabera egokitzea, nik gustuko ditudan gauzetan sartuz. 

 

Mundu desberdinak elkartu dituzue Lumin, sintetizagailuak, elektronika, zure ahotsa… Halako musikaren sormen prozesua zer-nolakoa da?

Hastapenean brikolajea egin genuen, zelo puska hemen, beste bat hor… Nik banituen kantu batzuk prest ahotsean eta gitarran, eta Manuk soinu batzuk gehitu zituen hor. Ahotsean efektu pila bat ditudanez zaila zen soinu elektronikoekin lotzea, gainera gitarra akustikoa jotzen nuen, efekturik gabe, ahotsa ere efekturik gabe... Gero gitarra elektrikora pasa nintzen eta orain gitarra alde batera utzi dut, dena da ahotsa, eta ahotsaren efektuekin eta sintetizagailuen efektuak gehituz, nahasketa hobea da. Entzulearentzat zaila izan daiteke jakitea zer den sintetizagailua eta zer den ahotsa. Horrekin jostatzen gara. Orain elkarrekin sortzen dugu, eta nik badut bere soinuetan iritzia eta nik sortzen ditudan gauzetan ere Manuk eskua sartzen du. Jendeak galdegin digu han eta hemen jotzea eta horrek ekarri du sortzea, eta orain, gainera, elkarrekin bizi gara eta parada ematen du, asko lantzen ez dugun garaietan ere gauzak aipatzeko, gero, lanera sartzen garenean, gauzak azkarrago egiteko.  

 

Artista hautatua izan zinen Idazle egonaldian parte hartzeko. Nekatoenean (Hendaia) egon zinen olerkiak idazten zeu bakarrik… Bakardadeak on egin zizun idazteko?

Niretzat hori idazketarentzat da. Gero, musika sortzeko, batzuetan bai maite dut bakarrik egotea, norbait duzularik parean larritasuna ematen dizu emaitza bat ateratzeko. Bakarrik ari naizelarik egiten ahal dut ehun aldiz gauza bera, aspertu gabe, nota bat bakarrik aldatuz. Bestalde, parean norbait ukaiteak elikatzen du eta musikaren sorkuntza prozesuan on da hori. 

 

Alta, haurrak inguruan dituzula sortzen duzu, guraso zara. Sormena desberdina da bakarrik edo haurrez inguratua?

Bai. Ofizioz beste lan bat ere badut, itzultzailea naiz. Aldatzen duena, bereziki, denbora da. Seme-alabek eta lanak denbora ainitz jaten dute eta orduan zaila da. Horregatik eskertu nuen bakardadea, baina batez ere mundu azeleratu honetatik moztua izatea eskertu nuen eta hainbeste denbora idazteari dedikatzea harrigarria izan zen, gaurko munduan zinez zaila da. Beti gabiltza korrika: “Itzulpen hau bukatu dut, gero semearen bila joan behar dut…”. Zaila da denbora hartzea sortzeko, eta zaila da denbora horretan inspirazioa sentitzea. Hori nuen eskertu. Hala ere, seme-alabek, alde batetik denbora kentzen dizute, baina, beste alde batetik, bizia ekartzen dute, eta horrek ere inspirazioa ematen du eta beste ikuspuntu batzuk ematen dizkizu. Haiei gauzak erakustean zuk ere berriz ikusten dituzu, lehen aldia balitz bezala, kasik. 

 

Badirudi, ordea, ez dela asko uztartzen gurasotasuna eta musika eszena, haurrak ez direla inspirazio-iturri ematen du kantagintzari begiratuta.

Praktikoki zaila da biak uztartzea, sormena eta gurasotasuna. Eta beresziki, gure kasuan, Manu eta biok talde berekoak izanki, erran nahi du kontzertu bakoitzean antolaketa bat pentsatu behar dela. Ez naiz harritzen. Baina gero aukera batzuk sortzen dira. Gure kasuan, adibidez, Usopopek Mugarri 25 proiektura gonbidatu gintuen, eta Larrun kaskoan egin genuen astebeteko egonaldia. Gure alabak 3 hilabete eta erdi zituen eta ikusten nuen egun bakanen bat joango nintzela, baina Larrungo Kaiola kudeatzen duen bikoteak deitu ninduen alabarekin joateko erranez, amatasuna eta sorkuntza uztartzea oso inportantea dela ikusten dutelako, eta zinez besoak zabaldu zizkiguten eta astelehen goizetik ostiral iluntzera egon nintzen han. Sentitu nuen niretzat denbora hartzen nuela, kantuz eta sortzen pasatu nuelako aste osoa besteekin, eta aldi berean, alabari dedikatzen niola denbora, soinean bainuen beti. Aski bateragarria izan zen. Azkenean, amatasuna eta sorkuntza aski bateragarriak ikusten ditut, zaila dena da amatasuna gehi sorkuntza, gehi gaurko munduak eskatzen dizun azelerazio guztia, joan eta etorria, eta beste ofizio bat eduki beharra, eta erosketak eta hori guztia… tartean dauden gauzak dira zailak.

 

Zuk familiatik jaso zenuen euskal kanturako zaletasuna. Orain badituzu hiru seme-alaba, horietarik bi nerabeak. Nola bizi duzu kantuaren eta musikaren transmisioa?

Txikiak urtebete du baina handien kasuan, semeak badu interesa. Aski txikitatik gauzak sortu izan ditu pianoan, badu sentsibilitate handia, baina kurtsorik ez du sekula hartu nahi izan. Alaba nagusiak kantatzea biziki maite du, biziki ongi kantatzen du eta nirekin bigarren boza egiten du. Transmisioan lerro zuzenagoa izan dugu. Gustua badutela iruditzen zait, eta gainera ikusten dute musikak aukerak ematen dituela. Adibidez, Kolonbian jotzeko aukera izan genuen eta parada izan zen haiek ere hara eramateko, eta ikusi zuten musikari esker izan zela. 

 

Eta, zehatzago, euskal kulturaren transmisioa berariaz duzue buruan?

Handienak ia 15 urte ditu eta badu telefonoa, zailagoa da beraz. Euskaraz den guztia zailagoa da… Gauza batzuk maite ditu baina munduko kultura globalizatua biziki indartsua da eta zaila da. Lapurdi kostalde honetan euskararentzat bada aski borroka eta horrekin, jadanik, txapa handi-handi-handia ematen diet, ez ditut lasai uzten alde horretatik, eta musikarekin ere saiatzen naiz, justu, adibidea emanaz, ikusteko badela gozatzeko parada. Erraten diet Kolonbiara edo Japoniara joatea euskarari esker izan zela; frantsesez edo ingelesez kantatuko bagenu, beharbada, ez ginen joango. Baina bada lana; ez da erraza.