Astez aste, urtez urte | Nerabezaroa

Ikasketak aukeratzeak zailtasun ugari ekartzen dizkie nerabeei, hil ala biziko erabaki gisa bizi dutelako. Izar Arregi psikologoak lasaitasunerako deia egiten du, zalantzak izatea normalizatu eta sanoa dela aldarrikatzen du, eta atzera buelta duen hautaketa dela nabarmentzen du.

 

Zer izan nahi duzu handitan?”. Zenbat bider erantzun ote diogu guk geronek galdera horri, eta orain, guraso edo hezitzaile izanik, zenbat aldiz egin ote diegu galdera bera seme-alabei eta ikasleei! Urterik urte, errepikatzearen errepikatzeaz, galdera buruhauste bihur dakieke nerabeei, askotan ez baita argi izaten nondik jo nahi den. “Gehienetan”, zehazten du Izar Arregi psikologoak, “ohikoa eta normala da nerabeek argi ez izatea zer ikasketa eta zer lanbide izan nahi duten, ohikoa eta normala izateaz gain, sanoa da zalantzak izatea, gustuak aldatzen joaten baitira”. Beraz, hautazkoak aukeratzen hasi behar duen nerabeari, Batxilergoa edo Lanbide Heziketa aukeratu behar duenari edo goi mailako modulu bat edo karrera aukeratzeko bidegurutzean dagoen gaztetxoari eta haien familiei mezu argia eman die psikologoak: “Desdramatizatu, ez da hil ala biziko erabakia”.

 

Lehendabiziko aldi asko bizitzeko hilabetea izan da pasa dena, aurreko ikasturtean hartutako erabakiak gauzatzeko lehendabiziko hilabetea izan baita, Mate zaila ala Mate erraza? Batxi ala moduluren bat? Zer modulu? Zer karrera? “eraikitako espektatiben eta errealitatearen arteko desorekak bizitzen ariko dira nerabe asko oraintxe bertan, eta horren aurrean, lasai egoteko esatea garrantzitsua da”, adierazi du Arregik. “Ez da hil ala biziko erabakia, beti dago atzera egiteko aukera.” 

 

Nerabeak, ordea, modu gatazkatsuan bizi izaten du, oro har, ikasketetan aukerak egin behar izatea, sarritan psikologoaren kontsultara joateko arrazoi bihurtzeraino. “Batik bat presioak eragiten die gatazka, ‘argi eduki beharko nuke erabakia eta ez dauzkat gauzak argi’, pentsatzen dute askok, eta normalena argi ez edukitzea da, beraz, normalizatu egin beharko genuke zalantzak izatea”. Hori da ikasketak aukeratzeko unean Arregik ematen duen lehen gomendioa. “Ikaragarrizko zama jartzen diegu 14, 16 edo 18 urterekin egin beharreko aukeraketei. Pentsa bikotekideaz ariko bagina! 16 urterekin aukeratzen dugun bikotekidea bizi osorako dela pentsatzea bezala da! 16 urterekin aukeratutakoa normalean ez da bizitza osorako izaten, normalena norbere burua ezagutzen joatea da; interesak aldatzen joatea, gustuak aldatzea joatea, aldiz, eskolak, inguruak eta familiak nerabea presionatu egiten dugu, erabakia bizitza osorako dela azpimarratuz”. Arregik ordea, erabakiak atzera bueltak dituela, eta lasaitzeko mezua ematen die familiei eta nerabeei: “Hartzen dugun erabakia hartuta ere, beti dauka atzera buelta. Ikasgai bat ala bestea hartu, ez dauka halako garrantzirik, baina buruhauste handiak sortzen dira; bizitza ez da lerro zuzen bat hasieratik bukaerara, biribilguneak daude eta atzera egin eta beste bide bat hartzeko aukerak ditugu; frantsesa behar genuela eta tekno aukeratu genuela? Hurrengo ikasturtean kurtso intentsiboago bat eginda konponduko ditugu gauzak”. 

Erabakiari zama kenduta, aukeratzen dena ez dela derrigorrez segurtasun osoz aukeratua izan behar gogorarazten du Arregik. Nerabe batzuen kasuan ikasketak aukeratzea zaila izaten da ez duelako gustuko hori aurkitzen. “Kasu horretan, ‘zer egin nahi duzu?’ edo ‘zer gustatzen zaizu gehien?’ galdetu beharrean, ‘zer da gaizki gutxien joaten zaizuna?’; ‘non sentituko zara erosoen edo behintzat non ez zara sentituko deseroso?’ galdetu beharko genioke seme-alabari. Erabakia segurtasunik gabe hartzeak ez du esan nahi ondoren ikasketetan edo ofizioan gustura ariko ez denik edo ona izango ez denik; ezer seguru ez izatea nerabezaroan gehiengoari gertatzen zaiona da”. Aldiz, beste batzuei alor asko joaten zaizkie ongi, letrak, zientziak, kirola… “Berez dohain bat da gauzak ongi joatea, baina aukera zabaltzen zaigun neurrian dudak gehitu egiten zaizkigu. Kasu horretan nerabeari sinetsarazi behar diogu bide bat edo bestea aukeratu, bere bidea egingo duela, eta bizitza ez denez dena edo ezer ez, bata ala bestea aukeratu, ongi joango zaiola ikusarazi behar diogu”. 

 

Familiaren eragina leundu beharko genuke

Adin bakoitzean, DBH3n, 4n edo Batxilergoaren amaieran erabakiak desberdinak direla dio Arregik, baina kasu guztietan “nerabearena berea” izan behar dela nabarmentzen du. “Gurasook beti eragingo dugu, batere ez eragin nahian erabaki osoa seme-alabarengan uzten dugunean ere bai”. Kasu horretan, gurasoei gomendatzen die euren esku-hartzeaz jabetzeko: “Bakoitzak joera bat izaten dugu, eta seme-alaba zerbait erabakitzeko bidegurutzean aurkitzen denean, gurasoaren joera indartu eta areagotu ohi dugu”. Psikologoak kontrakoa egitea gomendatzen du, daukagun joera lasaitzea edo malgutzea: “Guraso batek gehiegi estutzeko joera baldin badauka, birpentsa dezala bere eragina nola leundu dezakeen; beste baten joera libreegi uztea baldin bada, berriz, agian ohartu behar da seme-alabari libreegi uzteak ez diola bidegurutze honetan mesederik egingo”.

 

Baina erabakia eurena da. “Gurasoak kontziente izan behar du berak nahi bat daukala, seme- alabak modulu bat egin dezala, edo karrera bat, edo Zientziak edo Letrak… Oso ohikoa izaten da, baita ere, gurasoak egin ezin izan duena seme-alabarentzat nahi izatea. Kasu horretan, gure nahi hori mahai gainean jarri behar dugu ‘ni hau naiz, eta nik hau ikusten dut’, baina kontuan izan behar dugu erabakia nerabearena izango dela; ‘niri galdetzen badidazu, nik nire iritzia emango dizut; baina erabakiak zurea izan behar du’. Argi izan behar dugu gure nahia gurea dela, eta seme-alabari azaldu behar zaio berak hartuko duen erabakia hartuta ere ontzat hartuko dugula. Hori da benetan nerabeak erabakia aske hartzea”. 

 

Adinaren arabera, erabakiak txikitik handiagora joaten diren neurrian —lehendabizi ikasgai bat ala beste aukeratu beharko dute, ondoren lerro bat edo beste…— gurasoen esku-hartzea ere horrela joan beharko litzatekela uste du psikologoak: “Adinaren eta kasuistikaren arabera, aholkularitza bideratuagoa edo libreagoa izan beharko litzateke”. Egokitu izan zaio psikologoari gurasoek nerabea ekartzea espezialistak aukeratzen lagundu diezaion: “Nik argi esaten diet, psikologo batek ez dio lagundu behar nerabe bati gurasoek nahi duten bide hori hartzen, baizik eta ikasleak zer nahi duen argitzen lagundu behar dio, erabakia hartzea zailtzen dioten oztopoak argitzen lagundu behar dio”.

Erabaki bat edo beste hartzeko orduan, nerabearen interesez eta gaitasunez gain eta gurasoen eraginaz gain, “beste faktore asko” egoten direla dio psikologoak; “nerabe bat beti da beste faktore asko. Ez da soilik zer lanbide izan nahi duen edo zer ikasketa gustatzen zaizkion nerabeari, beste faktore askok eragiten dute: herritik atera nahi duen ala ez duen nahi, adiskideen faktorea… Dena ardazten dugu Mate erraza edo Mate zaila dileman, eta erabakiaren gakoa hor bilatzen dugu, baina nerabearen buruhaustearen atzean ez dago gako hori soilik, beste faktore asko sartzen dira erabakian”.

 

 

Autokontzeptua eta autoestimua zainduz 

 

Ikasketak aukeratzeko garaian, norbere interesez eta gustuez gain, norbere gaitasunak eta zailtasunak aintzat hartzea ere garrantzitsua da, Izar Arregiren aburuz: “Nik agian futbolari izan nahi dut, baina jabetu behar naiz kiroletarako dohainik ez dudala, eta ez da ezer gertatzen, beste hamaika aukera interesgarri daude”. Adin honetan entsegu/errore dinamikan mugitzen dira ikasleak, bakoitzak bere bidea aurkitu arte. “Eta etapa honetan autoestimuaren lanketa egitea garrantzitsua izango da. Autoestimua lantzea ez da kiroletako dohainik ez daukanari badituela esatea, 'futbolerako akaso ez zara hain ona, baina idazteko balio handia duzu' esatea izango litzateke autoestimua landuz laguntzea”. Autoestimua errealitatetik landu behar da, psikologoaren iritziz “nerabearen balioak non dauden ikusi behar da, eta garapenari dagokionez entsegu/errore garaian dagoenez, baimena eman behar zaio erabakiak aldatzeko, bide ugari daudela eta atzera egiteko aukerak daudela ikusaraziz”. 

Autoestimua lantzeko, autokontzeptua landu behar da. “Autokontzeptua da nik neure buruaz uste dudana. Eta, gero, uste dudan horri ematen diodan balioa, ona, erdizkakoa edo dena delakoa, estima, hori autoestimua da. ‘Txikia naiz, baina bizia naizenez ongi irteten naiz egoeretatik’ pentsatzea, adibidez, errealitateari loturiko autokontzeptu zuzena izango litzateke, baina autoestimua ere ona litzateke”. Autokontzeptua, ahal den neurrian, errealitatearekin bat etorri behar da, baina, psikologoaren arabera, beti ez da hala izaten: “Nerabe asko etortzen dira autokontzeptu arazoekin, eta hori landu behar da”.

Ikasketak aukeratzeko garaian, aukeratuko dugun ikasketa hori autokontzeptuarekin eta autoestimuarekin lotzen bada, arazoak sor litezke, psikologoaren arabera: “Nerabe batek uste badu Medikuntza ikastea ona izatearekin edo perfektua eta solidarioa izatearekin lotua dagoela, erabaki hori hil ala biziko bihurtuko da, bere autoestimua eta autokontzeptua erabaki horren baitan ikusten baititu. Aldiz, erabaki hori lasaiago planteatzen badugu, eta pertsonaren balioa ikasketekin lotzen ez badugu, ez diogu halako buruhausterik eragingo nerabeari”.