Aldaketa, proba eta aurkikuntza garaia da nerabezaroa. Helduen gorputza duten haurrak dira batzuetan, gurasoaren begietara, edo ez haurrak eta ez helduak diren seme-alaba ezezagunak, besterentzat. Hormonek eragindako aldaketa fisiko, psikologiko, sozial eta intelektual handiko garaia bizi dute nerabeek.

Nerabezaroa, sarri, oso garai konplikatua bilakatzen da etxean, seme-alaba, bat-batean ezezagun bihurtzen dela diote guraso askok. Nerabea baino gehiago, nerabezaroa bera da aski ezezaguna, fenomeno berri samarra baita oraindik. 40  urte inguru dituen gertakaria da nerabezaroa, Jaume Funes psikologoaren arabera. Ordura arte, familia aberatsetako seme-alabak soilik bizi izan zezaketen aro hau; gainontzekoek lana egin behar zuten, eta beharrak haurtzarotik helduarora zeramatzan.

 

Gaur egun, DBHko lehen urtetik batxilerrera edo ziklo formatibora bitarteko garai hori, 12tik 18ra —edo kasu batzuetan 20 urteak arte—,  hauxe da adin horretako pertsonen egitekoa: nerabe izatea. Beraiek oso ondo ulertzen dute etapa horretan horixe dela euren zeregina, ia zeregin bakarra, gainera, bai etxean, kalean eta baita eskolan ere, nerabe izatera dedikatzen dira. Aldiz, familiari, eskolari eta, oro har, jendarteari, gai-tzagoa zaio nerabezaroa bizitzen ari direnen zeregina ulertzea. 

 

Nerabezaroa bizitzako esperientzia aberasgarria eta inportantea da. Joseba Azkarraga Huheziko irakaslearen arabera, pertsonaren izanaren eraikuntzan bi funtsezko une daude: bizitzako lehen urteak eta nerabezaroa. Garapen biologiko, psikologiko, sozial eta sexualean garrantzia handia duen etapa izango da. Aldaketa, proba eta aurkikuntza garaia da. 

 

Nerabezaroa fenomeno gisa uler-tzeak lagunduko du nerabea uler-tzen. Izan ere, Azkarragaren arabera,  eskaera handiari egin behar izaten diote aurre egun nerabeek, ikuspegi psikikotik askoz zorrotzagoa den gizarte batean bizi baikara gaur egun eta horrek eragin zuzena du haien jarreran: “Bada idealtasunaren etengabeko transmisio mediatikoa ere: edertasuna, estatusa, arrakasta, boterea, distira egoikoa… uste dut ez dela erraza gazte izatea”, dio irakasleak. 

 

Ez da fama oneko sasoia haur-tzarotik helduarora bitarteko hau. Nerabeek dena daukatela esaten da, eta ikuspegi materialetik hala izaten da sarri, esne mamitan haziak izan baitira; baina ikuspegi psikosozialetik hauskorragoak dira. Nerabeari arreta berezia eskaini ezean, familiak eta eskolak ulermena eskaini ezean, ulertuko dituen beste eragile batek eskainiko die arreta berezia: merkatuak. Azkarragaren arabera, gaur egun merkatuak zuzentzen du, hegemonia handiz, gazteek daukaten autonomia gosea eta nitasuna eraikitzeko beharra. “Kolonizatze hori gero eta goiztiarragoa eta masiboagoa da, gainera. Eredu hegemoniko horiek kontsumismoari, niaren gorespenari, famari, arrakastari… lotuak daude, baina helduen esku dago bestelako eredu batzuk ikusaraztea, konpromiso sozial handiagoko eredu zentzudunak”. 

 

Nerabezaroa  ulertzeko, nerabeek bizi duten bilakaerako unearen garrantziaz jabetu behar dela dio Aitziber Estonba sexologoak, helduek haiekin duten jokaera zorrotzegia izan ez dadin, eman dezakeena baino gehiago eska ez dakion eta elkarbizitzarako bideak uztartzeko.

 

 

1-Itxuraren tranpa: aldaketa fisikoak

 Garai horretan, hazkundea izugarri bizkortzen da, eta gorputzaren itxura aldatu egiten da. Ikuspuntu fisiko eta fisiologikotik, aurreko etapetan baino eraldaketa sakonagoak eta azkarragoak gertatzen dira,  Estonbaren arabera, fetu garaikoen edo jaiotzaren ondorengoen parekoak. “Aldaketa fisiko handienak gorputzaren eta ugaltze-organoen neurrietan eta itxuran gertatzen dira. Beraz, eta hazkundearen biz-kortze hori dela eta, nerabeak, oso epe motzean, ume gorputza izatetik heldu gorputza izatera iristen dira. 

Gorputz berri hori izango du, eta, une horretatik aurrera, pertsona heldu baten gorputza dute kanpo aldetik, nahiz eta oraindik heldu izatera iristeko prozesua luzea izan”. Horixe da, Estonbaren arabera, nerabezaroan gertatzen den gertakari bitxia: “De-soreka handia dago diruditenaren eta direnaren artean. Itxurak eragin  handia du guregan, eta, horregatik, nerabeari eman dezakeena baino gehiago eskatzeko joera izaten dugu askotan, itxurak egiten digun tranpa horrengatik. Argi dago heldu izateko prozesu horretan daudela; ez dira umeak jada, baina oraindik ere bide luzea dute helduok dauzkagun gaitasun asko garatzeko”. 

 

Aldaketa fisikoekin batera, garapen sexuala dator, izan ere, aldaketa fisiko horiek hormonek eragindakoak dira.  Azken batean, etapa horren amaieran, erreproduzitzeko gai izango dira neska-mutilak: neskek aurreneko hilekoa izango dute nerabezaro hasieran, eta mutilak espermatozoideak ekoizten hasiko dira. Irrika sexuala indartsua izango da.

 

 

2- Helduen munduan leku egiten: aldaketa psikologikoak

Nerabezaroaren ezaugarri nagusia helduen gizartera iristea eta gizarteratzea da. Psikologiaren ikuspuntutik, hauek dira, Estonbaren hitzetan, aztarna funtsezkoenak: “Haurrak haur izateari uzten dio, hazi egin delako eta helduen ezaugarri fisikoak bereganatu dituelako, eta bere tokia hartu behar du helduen munduan. Hala, helduen antzekoa izan behar du, baina helduei aurre egin beharko die, haien postua hartu ahal izateko”. Aldi berean, helduen munduak gaitzetsi egiten du nerabea, oraindik ere heldugabetzat eta esperientzia nahikorik gabekotzat jotzen baitu. 

 

Nerabeak, gizartean bere tokia aurkitzeko, heldu identitate berria bilatu beharra du heldu izateko bide horretan, gorputz berrira egokitzeaz gain. Estonbaren arabera, identitate hori  gurasoengandik edo gertuko ereduetatik desberdina izango da. “Horregatik, nolabait helduaren aurka jarri beharra izaten du; ez pertsonaren aurka, helduak adierazten duenaren aurka baizik”. Helduarekin urruntze/ hurbiltze jolasean ibiliko da nerabea: haren beharra izango du, baina behar hori ukatu egingo du. Helduaren aurrean guztia jakingo balu bezala jokatzen du nerabeak, eta helduari dagokio hori ez dela horrela azaltzea, beti ere nerabea hortaz jabetu gabe. Garai honetan, gainera, taldeak berebiziko garrantzia hartuko du, bere gertukoena den gizarte taldean onartua izateak bere identitatea sendotzen lagunduko dio; horregatik, kideek eta adiskideek aurretik izan ez duten balioa hartuko dute. 

 

Nia eraikitze horretan, probak egiten dituzte nerabeek. Beren eta ingurukoen mugak ezagutu behar dituzte, eta sarri, bai fisikoki nahiz izaera aldetik, muturreko jarrerak hartu ohi dituzte.

 

Intelektualki ere kanbio garaia da: arrazonamentuaren eta pentsamendu formalaren eta abstraktuaren hastapenetan baitago. Teoriak sendotzen haste da nerabea, argudiatzeko eta analisirako gaitasunak bereganatu ditu, eta balioen eskalak egingo ditu.

 

 

3-Aldaketa sozialak

Gizarteak, nerabearentzat, garai horretan duen garrantzia nabarmen-tzen du Estonbak, aurreko adinetan izan ez duen inportantzia hartzen baitu. Dagoeneko etxeko eta eskolako lau hormetatik kanpo gertatzen denaz, eta horrek duen eraginaz jabetzen da; mundua deskubri-tzen du; orain, gainera, inoiz baino azkarrago eta zabalago, Internetai esker. “Gizarteak eragin handia du adin guztietan, baina oso desberdina da nerabezaroan duena, lehen norberarengan norberak eragiten baitzuen (horretaz jabetu gabe), eta gizartearentzat haurrak ez baitzuen kontzientziarik. Orain, berriz, gizarteak egiten duen presioaz jabetzen da, eta aktoretzat ikusten du bere burua: alde batetik, gizarte batean dagoela jabetzen hasten da, eta gainera, nola jokatu behar duen uler-tzen du; beste alde batetik, gizarte horretan zergatik dagoen ulertu nahi du, eta berak hautatu ez duen jokamolde bat onartu behar ote duen galdetzen dio bere buruari”.