Elkarrizketa | Izar Arregi, Psikologoa eta familia terapeuta

Gizarte eredu honek berak arazo ugari sortzen dizkigula ikusten du Izar Arregi psikologoak, bai nerabeei eta baita helduoi ere. Bakardadea da, haren ustez, saihestu beharreko gaitzetako bat eta taldeko pertenentzia sentimendua areagotu beharrekoa.

 

“Psikologoarenera joateko beharra duzu” esan ordez, “merezi duzu”, esaten du Izar Arregik. Bizitzan dauzkagun hainbat egoeraren aurrean, “indartsuago izateko lagungarri den emozio lanketa” proposatzen du Arregik. Psikologo klinikoa eta familia terapeuta da, nerabezaroan aditua. Azkoitian dauka kontsulta, baina “justizia soziala bilatzeko” daukan behar honetan, “kirrinka” egiten dio terapia “aberatsentzako kontua” izateak, eta bai Hazi Hezin eta baita beste hedabide batzuetan ere, dibulgazio lanetan kolaboratu izan du. 

 

Osasun mentala zaintzeari buruz gero eta gehiago hitz egiten da, baina, era berean, asko kostatzen zaigu psikologoarenera joatea edo gure seme-alaba psikologoarenera eramatea. Zergatik? 

Zerbait gaizki egin dugula pentsatzen dugu. Gurasoek askotan seme-alabak ekartzen dituzte psikologoarenera, psikologoak seme-alabari mesede egingo diola ulertzen dute eta hura ondo egon dadin nahi dute, baina psikologoak ikusten duenean, gazte hori, beharbada, ez dagoela ondo gurasoen kontu bat eragiten ari zaiolako, gurasoak errudun sentitzen hasten dira, eta errudun sentsazio hori kentzetik hasi behar dugu.

Bizitzan dauzkagun hainbat egoeraren aurrean indartsuago izateko eta baliabide gehiago edukitzeko lagungarri den emozio lanketa bat proposatuko digu psikologoak. Nik psikologoarenera “joateko beharra duzu” esan ordez, “merezi duzu” esaten dut; “merezi duzu pasatu duzun guztia pasatuta, entzuteko norbait izatea eta bakarkako espazioa izatea; aholkularitza bat izatea opa dizut”. 

 

“Gurasoengandik aldentzeko talka egin behar dute nerabeek; talka hori egotea  ez egotea baino
sanoagoa da”

 

Zein da psikologoaren lana?

Nire kasuan, pertsona bakoitzaren indarguneak eta ahulguneak zein diren ikustea eta lantzea izaten da lana. Terapia laburra deitzen zaio, psikologia positibotik egiten dut lan eta ikuspegi sistemikoarekin. Pertsona batek zailtasunei aurre egiteko zer estrategia dituen ikustea da nire lana, eta ea estrategia horiek mesedegarriak diren ala ez behatzea, eta estrategiak egokiak ez diren kasuetan, joera onekin konpentsatzen saiatzea, pertsona hori ohartu dadin funtzionalak ez diren estrategiak gutxiago erabili behar dituela. Autoezagutza hori daukanean, beste estrategia batzuk txertatuz, eta egoera batzuetan erabiltzen dituenak gutxiago erabiliz, terapia amaitu ostean ere jada bizitza guztirako indarra haren baitan egongo da, ez terapeutaren baitan. 

 

Nerabeekin hasten zara eskuarki lanean. Nerabeen kasuan, zein dira psikologoarenera joateko arrazoiak?

Nahiz eta nerabeak lagunen gairen batengatik, elikadura nahasmenduengatik, tristuragatik, konplexuengatik edo intseguritateengatik etorri, normalean nire kontsultara etortzen diren nerabe gehienak gurasoengatik etortzen zaizkit. Gehienetan atzetik familia historia bat egoten da. Gurasoak banatzen ari dira, eta horrek seme-alabari des-idealizazio bat dakarkio eta ezin kudeatu dabil, edo oso gogorra egiten zaio gurasoa beste bikote batekin ikustea; edo gurasoak borrokan dabiltza eta epaitegira joan-etorrian dabiltza eta nerabea gaizki dago; edo gurasoa hil zaiolako emozioak ezin kudeatu dabil... Gurasoekiko indibiduazio-prozesu hori gauzatzeko zailtasunak izaten dituzte nerabeek askotan.

 

“Guraso gisa, baldintzarik gabeko onarpena eskaini behar diegu [lehen haurtzaroan]: haurrarengan sinesten dugula transmititu behar diegu”

 

Nerabezaroan autoestimua eta autokontzeptua oso ongi zaindu beharreko elementuak dira. Hala egin ezean, zailtasunak areagotzen al dira?

Nerabeak etengabe ari dira euren buruari galdetzen “nor naiz ni?” eta “zenbat balio dut?”. “Zenbat balio dut lagun gisa, alaba gisa, Matematiketan, futbolerako?”. Eta, “zer nahi dut?”. Ondo barneratu behar dute gauza desberdinak direla gaitasunak izatea eta izatea bera. Nerabea ez da egiten duen hori soilik, ez nerabea eta ezta pertsona ere. Joango dira euren bidea topatzen, eta lasaitasun mezua eman behar zaie. Zer naizen ni eta zenbat balio dudan, neuk 47 urterekin ez badakit, normala izango ez da ba nerabe batek 17rekin ez jakitea! Lasaitze horrekin angustia gabe hasiko dira bidea topatzen. Bestela, beldurrez eta antsietatez esploratuko dute nerabezaroa. Identitate krisia nerabezaroko ezaugarria da; baita indibiduazio- prozesua ere, eta hirugarrenik, lagunen garrantzia nabarmenduko nuke. 

 

Zenbateraino dira horiek nerabezaroaren ezaugarri eta zenbateraino nerabearen arazo?

Ebolutiboak diren ezaugarriak patologizatzeko arriskua ikusten dut. Intentsitatea begiratu behar diogu, baina esan bezala, nerabezaroko ezaugarria da krisia, baita konplexuak edukitzea ere. Konplexurik gabeko nerabe bat ez da nerabe bat; zalantzak edukitzea sanoagoa da ez edukitzea baino; gurasoak zalantzan jartzea ere sanoa da. Gurasoengandik aldentzeko talka egin behar dute nerabeek eta aldentzeko gustuko ez duten zerbait ikusi behar dute gurasoengan. Talka hori egotea sanoa da eta normala da; ez egotea baino sanoagoa da. 

 

Batzuetan egoera okertu egiten zaigu… jarrera desegokiak edo arrisku handiko jarrerak hartzen dituzte nerabeek...

Nire maisu batek beti adibide hau jartzen zuen: guraso batek lana ongi egin arren, baratzea ongi  landu eta ereindakoa zaindu arren, gerta daiteke izozte baten ondorioz uzta bertan behera geratzea; baina oso desberdina da baratze bat txingorrarekin edo izozte batekin izorratzea edo belar txarrekin eta landatu gabe eta zaindu gabe egotea. Alegia, nerabezaroan beti daude arrisku batzuk, batik bat komenigarria ez den laguna edo bikotea topatzen badute, eta norbere eboluzioan oinarria ona izan arren, beharbada gorabehera zail batzuk gertatu daitezke, baina probabilitatea eta pronostikoa hobetzeko eta bere identitatean aurrera joateko, familia giro eta balore lanketa egokia izan dituenak askoz aukera handiagoa dauka aurrera ondo ateratzeko. 

 

Lehendabiziko 7 urteak bereziki ongi zaindu beharrekoak direla esaten du Psikologiak, hor ezartzen baitira pertsonaren zutabeak. Zuk nerabezaroan hartzen dituzu pertsona horiek, baina lehendabiziko haurtzaroan zer zaindu beharko genuke baratzean ez daitezen belar txarrak hazi?

Batik bat norbere buruaren lanketa zaindu beharko litzateke. Guraso gisa, afektua eta baldintzarik gabeko onarpena eskaini behar dizkiogu seme- alabari: onarpen begirada eta haurrarengan sinesten dugula transmititu behar diogu, baldintzarik gabeko maitasunarekin batera. 

Askotan gertatzen da, ordea, gurasoa horretaz guztiaz jabetzen denean, errudun sentitzen dela. Autoexigenteak diren guraso horiek, heziketaz asko arduratzen direnek, euren buruak birrintzen dituzte gisa horretako informazioa jasotzen dutenean, edo hitzaldietara joaten direnean; are okerrago sentitzen dira, militantzia eta entrega handiagoa izan behar dutela pentsatzen dute. Eta beharbada ez, beharbada haurrek ikusi behar dutena da gurasoa ere ez dela perfektua. Badaude guraso batzuk, segun zer lanketa egin duten, dena umeari begira egiten dutenak, eta dena umearen beharren arabera egiten dutenak… Niri horrek zalantzak sortzen dizkit.

 

“Egin dugun gizarte honetan, haurrek beharra izan baino lehenago gurasoak aurreratu egin gara eta oraindik behar ez duten hori guztia eman diegu”

 

Baina, hala ere, hori ez da gehiengoa. Gizarte honetan haurrak erdigunean jartzea eta haien heziketari halako garrantzia ematea orokorra ote da?

Ez, inolaz ere ez; baina heziketari buruzko aldizkariak irakurtzen dituztenek eta guregana etortzen direnek hala bizi dute. Horregatik, nik uste dut informazio hori guztia, hain zuzen ere, informaziorik batere ez daukaten pertsonek behar dutela. Psikologoen artean esaten dugu, atetik sartzen diren pertsonek % 50a eginda daukatela psikologoarenera joate hutsarekin: kontsultara etortzen denak esperantza dauka, bestela ez da etortzen eta zerbait egiteko prest dago; eta hirugarrenik, bere buruari opa dio gauzak aldatzea. 

 

Haurren eta nerabeen depresio arazoak, segurtasun faltak, bullying arazoak… ugaritzen ari direla diote datuek. Zergatik ote da?

Estatistika guztiak gora eta gora eta gora eta gora doaz. Psikologo guztiak gainezka gaude. Nerabeetan ikaragarri igo da eskaera. Asko ikusten ditugu depresioak eta jokabide inpultsiboak, adibidez, norbere buruari min ematea edo dena ja-ja-ja! berehala nahi izate hori… Gizarte eredu honen gaitzak dira, mugikorraren bueltan eta “salba dadila ahal duena” moduan bizitzeak dakartzan arazoak dira. Komunitatearen babesa galtzen ari gara; talde txikiak eskaintzen duen pertenentzia sentimendu hori galtzen ari da eta oso beharrezkoa eta lagungarria da, bereziki nerabeentzat: “Nire gurasoak gaizki daude, baina zureak ere bai eta harenak ere bai eta denok gaude elkarrekin; aspertuta baina elkarrekin”. Aldiz, sare sozialetan agertzen den “beti pozik” jarrera hori mingarria da nerabeentzako. Nerabeari benetan min ematen diona ez da bere herriko festetan gaizki pasatu izana; min ematen diona da 15 urterekin bera bakarrik dela herriko festetan gaizki pasatu duena, denek Instara igotako argazkietan ondo pasatu dutela erakusten dutelako. 

 

Sare sozialek hainbeste eragiten al diete nerabeei?

Izugarrizko eragina dauka nerabeengan. Elikadura nahasteak jaitsita zeuden azken denboraldian, eta berriro ikaragarri igo dira sare sozialen eraginez lau-bost urteetan. Lehen anorexia kasu asko ikusten genituen, baina orain, horrez gain, gorputzaren kultua ikaragarri igo da, baita mutilen artean ere; gorputzaren eta indarraren idealizazioa ari gara ikusten nerabeen artean. 

Mugikorraren beste arrisku bat bat-batekotasuna da. “Dei galdua egin dizut eta ez didazu erantzun; snatch bat bidali dizut, ez al didazu erantzun behar?”. Gaur egun nerabeek ezin dute itxoin, ez dakite zain egoten, dena berehala behar dute, eta bizitza ez da horrela. Egin dugun gizarte honetan, haurrek beharra izan baino lehenago gurasoak aurreratu egin gara eta benetako beharra baino lehenago eman diegu oraindik behar ez duten hori guztia, intentzio onenarekin egin badugu ere, ez da ona haurrentzat. Gaur egun haurrek eta nerabeek ez dute daukatena apreziatzen. Surfean hastea pentsatzen ari da seme-alaba eta, ikastaroa egin aurretik, gurasoak dagoeneko zer taula eta zer neopreno erosiko dizkiogun begiratzen ari gara. Horrela gauzek balioa galtzen dute. Xoxoteko gailurrera oinez edo autoz igo gaitezke eta handik ikusiko dugun ikuspegia eta hartuko dugun salda berdinak izango dira, baina oinez igota edo autoz igota, sentsazioa desberdina izango da. 

 

Zer balio sustatu behar ditugu orduan, euren mesedetan?

Bat: asperdura bultzatu behar dugu; aspertzea ez da grabea; aspertzen jakitea dohain bat da; gaur egun, gazteen artean zoriontasunerako giltza da. Bultzatu beharreko beste balio bat esfortzua da: esfortzuaren poztasuna bizitzeko. Esfortzuaren barruan, itxoitearen indarra ere aipatuko nuke. Dena erakutsi beharra daukate, Instan eta story- etan… eta horrek zer mesede egiten die?

Gizarte eredu honen arazo handi bat da aurre-nerabezaroa jan egin dugula. Aldaketa klimatikoarekin udazkenik eta udaberririk ez daukagu, eta heziketan, berriz, aurre-nerabezaroa galdu egin dugu. Adin-tarte hori bizitzarako entrenamendu tartea da: nerabezaroan biziko ditugun emozio guztiak bizitzen ditugu aurre-nerabezaroan, baina intentsitate txikiagoarekin. Lagun arteko arazo asko agertzen dira, baina ez dira hain dramatikoak. Orain, ordea, nerabeak entrenamendurik gabe uzten ditugu bizipen intentsoen aurrean. 

 

Eskoletan ikusten da TDHagatik eta beste arrazoi batzuengatik gero eta haur eta nerabe gehiago medikatuak daudela. Noiz da beharrezkoa medikazioa eta zer tratatu daiteke psikologoekin?

Edo biekin, psikologoaren terapiarekin eta medikazioarekin. Kontua da nola egiten den diagnostikoa. Arreta gabeziaren diagnostikoa daukaten nerabeak ondo diagnostikatuta al daude? Diagnostikoa ondo egiten hasi beharko genuke. Behin diagnostikoa ondo eginda baldin badago, eta neurotransmisore bat gutxiago baldin badauka nerabe horrek, medikazio bat erabiltzea beharrezkoa izango litzateke beti, diabetiko batek intsulina behar duen bezalaxe. Aldiz, hemen asko ikusten dugu nerabeek ikasteko garaian erabiltzen dutela medikazioa eta opor garaian ez dutela erabiltzen; eta ez luke horrela izan behar. Arreta gabezia baldin badaukazu, denean behar duzu. Beste muturreko egoerak ere ikusi ditugu: medikazioa behar den garaian eta hartzen ez denean garapenean ondorioak izan daitezke, agerraldi eskizofrenikoak, esate baterako. Etapa motz batean, medikazio zehatz bat hartuz gero, antisikotikoak adibidez, beharbada gaixotasun larri bat prebenitzen dugu. Ni neu, gazteago nintzenean, medikazioaren oso aurkakoa nintzen, gaur egun, ibilbide honen guztiaren ondoren, esango nuke segun zer egoeratan medikazioa hartzea komeni dela, beti ere kontuan izanda denboraldi baterako izan behar dela eta medikazioaz gain, jarrerak landu beharko direla.

 

“Aurre-nerabezaroa galdu egin dugu: orain entrenamendurik gabe uzten ditugu nerabeak bizipen intentsoen aurrean”

 

Ama asko ikusten ditugu gaindituta, arrazoi ugarirengatik, baina nagusiki lana eta seme-alaben zaintza ezin uztartuta. Zuk ere kontsultan ikusten al dituzu halako egoerak?

Gehienak ez zaizkit etortzen! Halako egoeran dauden amek semea edo alaba ekartzen dute psikologoaren kontsultara askotan. Edo guraso eskolara joaten dira, baina korrika iristen dira edo korrika ateratzen dira, lanera edo umeengana joateko. Guraso eskola euren espazio izan ordez eta partekatzeko eta lasaitzeko espazio izan beharrean, lan bat gehiago bihurtzen da.

Ez dira etortzen baina ama asko daude egoera horretan. Gero eta ama gehiago ikusten ditut heziketan oso inplikatuak. Baina gelditzen garen momentuan, ezinegon asko pizten dira. Gizarte honetan, ez baldin bagara gelditzen, ez dira minak agertzen. Korrika goazenean ez dira minak agertzen. Biharamunean gelditzen garenean, minak eta tristurak agertzen dira: “Zer egiten dut bikote honekin?”; “zer egiten dut lan honetan?”; “zer zentzu dauka honek?”; “nora noa?”.

 

Askotan esaten dugu “estresatua nago”, baina non dago puntua? Nola jakin dezakegu benetan daukagula antsietatea edo estresa?

Luze joaten denean, sei hilabete baino gehiago daramagunean estres-egoeran, arreta jartzeko unea da. Beste faktore bat loan eragitea izaten da: loaren kalitatean eragiten du estresak, lo gaizki egiten da, lo arina izatea, nekatuta jaikitzea… Min fisikoak ere agertzen dira: begiak lausotzea, tximistak bezala ikustea, bizkarreko minak… Robotak bagina bezala aurrera jarraitzen dugula sentitzen hasten gara, piloto automatikoarekin. Ez gara zoriontsu sentitzen nahiz eta momentu batzuetan gustura gauden edo barrez ari garen… Zoriontasuna bizitzari zentzua ematea da, norbere familiari zentzua ematea, norbere existentziari zentzua ematea… Pentsatzen dugu ondo pasatzeko zenbat eta momentu gehiago izan, orduan eta zoriontsuagoak garela, eta ez da horrela. 

 

“Gero eta gehiago landu beharko genituzke aholkularitza, bitartekaritza eta talde-terapia. Bakardadea saihestu behar dugu eta pertenentzia sentimendua indartu”

 

Eta zerk egiten gaitu zoriontsu?

Aspertzen jakiteak, erlatibizatzen jakiteak, zure izaeraren arabera bizitzeak… Ni, adibidez, oso zoriontsu egiten nau baliogarri naizela sentitzeak; beste bati horrek, ordea, ez dio axola. Bakoitzak zoriontsu egiten gaituzten gauza desberdinak dauzkagu, baina gehienetan izaten da bakarrik ez sentitzea eta familiari zentzu bat topatzea, egiten dugunari eta gure bizitzeko estiloari. 

 

Gelditu eta psikologoarenera joateak agian ez du esan nahi terapia behar dugunik, agian aholku on bat behar dugu, ezta?

Hori da. Bizitzako une zehatz batean edo erabaki garrantzitsu bat hartu aurretik, kontraste bat egiteko, aholku bat jasotzeko joan gintezke psikologoarenera. Ematen du gaizki baldin bagaude, formula bakarra terapia dela. Eta terapia, zoritxarrez, aberatsentzako egina dago. Justizia soziala bilatzeko daukadan behar honetan, kirrinka egiten dit terapia aberatsentzako kontua izate horrek. Gero eta gehiago landu beharko genituzke aholkularitza, bitartekaritza eta talde-terapia. Bakardadea saihestu behar dugu eta pertenentzia sentimendua indartu. Amazonekin eta antzekoekin, indibidualizazio handi horrekin komunitatea desagertzen ari da eta bakardadeak jan egiten gaitu. Bakardadea da daukagun arazorik handiena; bakardadebirusaren zabalkundea bizi dugu.