Gatazkak ohikoak dira harremanetan, eta baita haurrideen artean ere. Berez, izan ez dira txarrak gatazkak, horiek ondo ez kudeatzea eta bideratzea izan liteke arazoa, beti liskarrean amaitzea eta jarrera bortitzetatik ez ateratzea. Berez, era naturalean gatazkak sortzen dira etxean, baita haurrideen artean ere. Gataz-ketan jarrera bortitzak eta mingarriak nola saihestu, edo estualdiak nola ondo bideratu aztertze aldera, Nerea Mendizabal psikopedagogoarengana jo du Hazi Hezik.

Alabaina, Mendizabalek abiatu aurretik hainbat ohar eman ditu: “Gatazka ez da derrigorrez arazo, gauzak hobetzeko aukera izan liteke”. Beraz, lehenik eta behin, helduok gataz-ken aurrean dugun jarreraz apur bat pentsatzera gonbidatzen du, “gatazkak, bere horretan, beldurra ematen badio helduari, zama horrekin abiatuko da seme-alaben arteko gatazkak bideratzera edo moztera; aldiz, gauzak hobetzeko aukeratzat hartzen baditu, gatazkatik informazioa jasotzeko aukera baliatuko du, eta, une horretan  gaizki pasatzen aritu arren, piezak mugitzen lagunduko dion egoera gisa balia dezake modu konstruktiboan —nahiz eta ekintza bortitza bera ez onartu—”.

 

Bestetik, seme-alaben arteko harremanari begiratu aurretik, norbere harremanei begiratzeko gomendioa egin du psikopedagogoak: “Seme-alaben artean harreman osasuntsua nahi dugu gurasook, baina guk geuk, zer nolako harremanak ditugu bikotean, familian, geure neba-arrebekin, adiskideekin? Zer eskatzen diegu geure seme-alaben harremanei, eta nolakoak ditugu geuk?”.

 

Haurrideen artean gatazkarik ez egoteak ez luke izan behar, Mendizabalen iritziz, gurasoen helburu, baizik eta gatazka horiek ondo bideratzea. Ondo bideratzeak, ordea, ez du esan nahi haurrideek adiskide-minak izan behar dutenik, “hori gurasoen desioa izan liteke, baina ez luke helburu izan behar, ez baita oso lagungarria; bi pertsona —edo hiru...— diferente dira, eta odolak ez ditu, berez, adiskide egingo. Beste kontu bat da gurasoek ahalik eta giro osasuntsuena sortzea, eta oztoporik ez jartzea, baina eurak, bi pertsona diferente izanik, beraiek eraikiko dute euren harremana” .

 

 

Zer zaindu behar da, bereziki, etxeko harremanak osasuntsuak izan daitezen?

Harreman oro eraikitzean, zenbait aspektu zaintzeak lagundu egingo du giro osasuntsua egon dadin kideen artean. Gurasoen rola oso garrantzitsua izango da, bai euren arteko harremana seme-alabentzat eredu izango delako, eta baita gurasoek haur batekin zein bestearekin duten jarrerak zeharo baldintza dezakeelako haurrideen arteko harremana. 

 

Giro ona bermatze aldera, haur bati zein besteari ezartzen zaizkion rolez jabetzea lagungarri izango da —edo rol horiek ez ezartzen saiatzea—; baita konparazioak saihestea ere. “Kasu batzuetan konparazio horiek oso nabarmenak dira, eta jaiotzetik egiten dira bataren eta bestearen artean; beste batzuetan konparazioak  sotilagoak izango dira, baina umeak guztiaz jabetzen dira”.

 

Unean uneko ekintzaren ordez, liskarren, kolpeen, horzkaden, tirakaden, jarrera desegokien, etabarren atzean zer dagoen begiratzeko aholkua ematen du Mendizabalek. ”Ekintza bortitzean gelditzen bagara, ez dago irteerarik; begiratu ume horrek jokaera horrekin zer esan nahi zuen; borrokaren azpian atentzio eskaera dago gehien-gehienetan, gurasoei atentzioa eskatzen die umeak”. Hortik ulertuko du helduak jokaera hori, eta ez du ekintza konkretu hori epaituko edo zigortuko. “Horrek, ordea, ez du esan nahi, inondik inora, jokaera bortitz hori onartzen denik; sentimendua uler-tzen dugu, jokaera bortitza ez”.

 

Kasu askotan ume berbera izan ohi da beti liskarrak pizten dituena, beste haurridea maitatuago edo babestuago dagoela iruditzen bai-tzaio, ahuldade batengatik, zerbait gertatzen zaiolako... “beste senideari denbora gehiago eskaintzen diotela iruditu ohi zaio, eta pentsatzen du berari egokitzen zaizkiola errieta guztiak —hala izan edo ez izan egiatan—; pentsamendu horiek konfirmatzen ditu liskarrak sortu eta gurasoaren errieta jasotzen duenean. Seguru egon nahi du umeak, gurasoek maite dutela ziur eduki nahi du; haientzako inportantea dela sentitu behar du.... Modu tragiko batean, jokaera desegokiekin, eskatzen dute askotan atentzioa. Gurasoak ulertu eta interpretatzen ahalegindu behar du jokaera horren atzean dagoen sentimendua”. Gehienetan, aitak edo amak haurrideekiko jarrera/ begirada aldatzen dutenean, haurrideek euren artean borroka-tzeari uzten diote.

 

Soluzioa ez da, beraz, jokaera debekatzea, baizik eta gurasoei eskatzen ari zaien hori asetzea: maitatua, garrantzitsua eta baloratua dela adieraztea. “Haur horrek hitzez gain, ekintzak behar ditu, atentzio osoa daukanean; gatazkak daudenean, ez irtetea bere kontra; detaileak dauzkagunean berarekiko; jokaera desegoki hori hartzera bultzatu duen sentimendua ulertzen dugunean... orduan iritsiko zaio haurrari, ‘a, ze ondo, ulertzen naute, maite naute...”.

 

Gatazken azpian segurtasun eta afektibitate premia dagoela ikusirik, horixe izango litzateke liskarrak saihesteko “pilula lagunarria”, Mendizabalen arabera: “Seme-alaba bakoitzari atentzio esklusiboa ematea. Seme-alaba bakoitzarentzat, berarentzat denbora hartzea, gurasoa berarekin dagoela adieraztea, ‘osoki zurekin nago, maite zaitudalako, niretzat garrantzitsua zarelako’. Kalitate horrek segurtasun afektiboa ematen dio umeari”. 

 

 

Gatazkak nola kudeatu eta bideratu litezke ondorio mingarririk izan ez dezaten?

Gatazka krisi bat izatetik arazo izatera pasa liteke liskarrak edo borrokak harremanean nagusi direnean, ondo bideratu ezean eta etxeko giroa baldintzatzen dutenean eta min eman eta hartzen denean.  Kasu horietan ere gurasoen rola zein den argi eduki behar da: “Gurasoa ez da epailea, izatez gero, bitartekaria da”. ‘Zein hasi da?’ galdera hori ezabatu beharrezkotzat jotzen du Mendizabalek, “gurasoa epaile sartzen bada, denek galtzen dute, ez liskarra hasi duenak bakarrik, etxeko guztiek galtzen dute. Guraso izatea eta epaile izatea ez datoz bat”. 

 

Bitartekari lana ez bataren eta ez bestearen alde, inoren alde ez ateratzea da, nahiz eta liskarra piztu duenaren jokaera mingarria iruditu dakiokeen gurasoari. “Biena jaso, biei entzun, eta bitartekari lanak egin, bataren eta bestearen nahiak entzun eta elkarri entzunarazi, eta biak, helduaren interbentzioei esker, elkar ulertzen saiatuko dira; eurei utzi soluzioa bilatzeko aukera”.  
 
 

Bigarren haurridea jaiotzen denean...

 

Bigarren umea munduratzen den unea izaten da, sarri, haurrideen arteko gatazken iturburu, zaharrena alertan sentitzen baita etorrera berriaren aurrean. Haurraren lekuan jartzeko gomendioa egiten du Mendizabalek: “Imaginatu gure bikotekideak beste pertsona bat ekartzen duela etxera, eta harekin partekatu behar dugula geure bizitza... Zer egingo luke emakume edo gizon horrek? Hirugarren pertsona horren gainetik jarri eta ahalik eta atentzio handiena eskuratu bere bikotekidearengandik”. Ume batek horrela bizi dezake haurride baten etorrera ondo kudeatu ezean. Kasurik argienak bigarren seme alabaren etorreran gertatzen dira: amarekin ikusten du uneoro txikia, eta aldiz, zaharrenak jasotzen dituen mezuak guztiz aldatzen dira bat-batean: “hori ez, zu handia zara, zuk bakarrik, ez ukitu...”. Horrelakoetan, seinale garbia hartzen dute umeek: “ni ez naute horrenbeste maite”. 

 

Sentimendu mingarria ez dute umeek hitzez adierazten, eta kanporatzeko modu desberdinak izaten dituzte. Batzuetan beste haurridea izan ohi da euren sentimendu mingarriaren arduradun ikusten dutena, eta haren kontra islatzen dute, joz, horzka eginez, gurasoak ez daudenean bereziki... Beste batzuek umearekiko ez dute horrelako jarrerarik hartzen, maitasuna eta lilura agertzen dute txikiarekin, baina amarekin adierazten dute haserrea. Batzuetan haurdunalditik beretik hasten da gatazka, bestetan umea jaiotzean berean, edo baita geroago, mugitzen eta kontuak egiten hasten denean. Horren aurrean, helduari ere pribiligioak emateko aukera mahai gainean jartzen du Mendizabalak, zaharrena izateagatik berezi sentitzearena, bestea txikiena izateagatik berezi sentituko duen bezalaxe.