Familia bakoitza bat eta bakarra da, beraz, sendi guztiak, definizioz anitzak dira. Gaur egun eredu klasikotik ateratzen diren familiak inoiz baino gehiago dira, eta kopurua handitzearekin batera, onarpena eta ikusgarritasuna ere ugaldu da. Baina ez dago dena egina: mila koloretako familien ereduak onartzeko eta aniztasuna aberastasun gisa bizitzeko, urratsak falta dira oraino.  

Hezitzaileari kexuka joan zitzaizkion hainbat guraso udalekuen amaieran, euren seme-alabei ez sartzeko “ideia arrarorik” buruan, ez jorratzeko mila koloretako familiei buruzko gairik, bi amadun sendiei buruz hizketan, “nahasturik” itzuli zirela haurrak etxera, eta “gisa horretako sendirik ez dagoenez” ez kontatzeko halakorik euren seme-alabei. Deskribatu bezala gertatu da pasadizoa. Agian isolatua da, sexu bereko gurasodun familiak euskal herri gehientsuenetan baitaude, eta baita guraso bakarrekoak, seme-alabak adopzioan hartuak, harrerakoak… eta beste hamaika koloretako sendi ugari ere.

Diskurtso-mailan, bederen, Euskal Herrian onartuak daude mila koloretako familiak, Marta Luxan EHUko irakasle eta demografoaren arabera, “gauzak aldatu dira, familia-eredu anitz asko ditugu; kopurua ugaldu egin da eta horrek, batetik, ikusgarritasuna ekarri du eta baita onarpena ere, nahiz eta egon badauden oraindik ere familia-eredu anitzekiko baztertzaileak diren praktikak eta iritziak”.

Familia-ri buruz beharrean, gaur egun, familiei buruz hitz egin behar da. “Familiari buruz singularrean hitz egitea akats bat da”, Luxanen arabera. Familia eta aniztasuna, berez, elkarrekin doaz. Bai ereduak ani-tzak direlako —gorago aipaturikoez gain, banaketen edo alarguntzearen ondoren berregituratuak, jatorri edo kultura desberdinetako gurasodunak, seme-alabarik gabeko familiak, gurasoetatik harago doazen familia-unitate zabalak, gurasoak hemen eta seme-alabak jatorrian dituzten sendiak, ernalketa artifizialaren bidez osatuak... — baina baita familia bakoitza, berez, aldamenekoaren ezberdina delako ere. “Bakoitzak bere familiaren esperientzia propioa dauka, antzeko eredu bateko familiaren oso desberdina izan daitekeena”.

Baina mila koloretako familiena ez da gaurko kontua. “Aniztasuna iraganean ere present zegoen. Hospizioko seme-alabak etxe askotan zeuden, eta ama bakarrak ere, betidanik egon dira, izan alargunak, senarrak itsasoan edo Ameriketan zituztenak… Gaur egun desberdina dena familia hauek sozialki daukaten onarpena da”. Demografoaren arabera, onarpen hori kopuruak eta ikusgarritasunak ekarri dute alde batetik, “eredu klasikotik ateratzen diren familiak ez dira ezkutatzen, eta hori garrantzitsua da, bai euren esperientziari begira, baina baita gizarteari begira ere”. Datuek argi erakusten dute aita-ama eta seme-alabak osatzen duten egitura klasikoak azken hamarkadetan hegemonia galdu duela: 1991n eredu klasiko horretakoak ziren familien erdiak baino gehiago Euskal Herrian eta, gaur egun, hiru senditik bakarra da horrelakoa. 1991z geroztik, beraz, gehiago dira bestelako familia-unitate ba-tzuk; seme-alabarik gabeko bikoteak, guraso bakarrekoak, dibortzioen ondoren berregituratuak...

Familia-eredu anitzek gizarte-mailan daukaten onarpenak, halaber, zerikusia dauka hautatzeko aukera izatearekin: “Gaur egun familia askok bestelako ereduak dituzte aukeraz, eta ez halabeharrez; emakume asko guraso bakar dira, esate baterako, hala izatea erabaki dutelako, ez senarra galdu dutelako; eta hori aldaketa garrantzitsua da”.

Aniztasuna ikusgarri

Hezitzaile hari kexatu zitzaizkien familiei eta antzekoei, egon badaudela, badirela eta asko direla mila koloretako familiak erakusteko, hainbat aurpegi ezagunen etxeetan izan da Hazi Hezi, familia-ereduen aniztasunari izen-abizenak jarri, ahotsa eman eta ikusgarritasuna emate aldera. Aniztasuna zentzu zabalean hartuta, egitura klasikotik haragokoak, koloretik haragokoak, jatorri, eredu eta kultura aniztasuna erakutsi nahi izan dugu 11. zenbaki honetako gai nagusian. Xabier Euzkitze, Amaia Agirre, Jon Arretxe, Itxaro Borda eta Txuma Murugarrenen familiek zein ezberdin eta zein berdin diren azaldu dute.

Elkarrizketatutako familien kasu gehienetan bi hitz kasik antonimo erabili dituzte familia barruko esperientzia eta kanpokoa deskribatzeko. Naturaltasunez bizi dute euren familiaren izaera, izan kolore, jatorri, odol desberdinekoa... “Argi geneukan ume bat eduki nahi genuela elkarrekin, eta ez genuen zalantzarik izan; naturaltasunez eman genuen urratsa”. Naturaltasun hori, gurasoentzat bezain “osasungarria” da seme-alabentzat eta ingurukoentzat, Itxaro Bordaren arabera.

Baina, era berean, ukazio-iruzkinak ere entzun behar izan dituzte: “Umea bakarrik egin nuelakoan, egoista eta ebasle bat nintzela erraten zidaten”, kontatu du Bordak. Edo, “hau ez da zuen alaba!” eta antzeko iruzkin mingarriak ere aditu beharra izan dituzte askok: “Askotan helduek, gu ezagutu ere egin gabe egiten dituzten galderek min handia egiten dute, “batez ere haurraren aurrean edozer galdetzen dutenean”. Egitura klasikotik atera diren familia hauen kasuan, oro har, kanpora begirako prozesua zailagoa izan da etxe barrukoa baino: “Inguruarekiko etengabeko egokitzapen-prozesua egin behar duzu”, kontatu du Txus Manterolak, Xabier Euzki-tzeren emazteak.

Hazi Heziren bisita onartu duten bost familiek, oro har, gaitzespen nabarmenik jaso ez badute ere, bada zer eginik oraindik. Sexu bereko gurasodunen familiek besteek ez dituzten oztopo administratiboak dituzte, kasu, ezkondurik edo izatezko  bikote izan behar dute erditu ez den ama gurasotzat hartzeko, adibidez. Ipar Euskal Herrian berriki aitortu diete bikote homosexualei bikotekidearen seme-alabak adoptatzeko eskubidea, eta urtebete eskas besterik ez da ezkontza homosexualak onartu zituela Frantziako Estatuak.  Hegoaldean, berriz, atzera egiteko arriskua dago, Madrilgo Gobernuak bikote heterosexualei soilik onar-tzen die ernalketa lagundua ospitale publikoetan egiteko aukera, guraso bakarrak edota sexu berekoak aukera horretatik kanpora utzirik, eta Nafarroan erabat betetzen da bazterkeria hori, Osasunbideak lehen egiten zuen bezala bikote heterosexualeko kide ez diren emakumeei laguntza ukatzen diete; Osakidetzak haatik, emakume guztiei ernalketa lagundua egiten jarraitzea erabaki zuen. Mundura begira, oraindik ere 78 estatutan legez kanpokoa da homosexualitatea eta zazpi herrialdetan heriotzaz zigortzen da sexu aukera hori.

Komunikabideak eta eskola aipatzen dituzte gaurko familia-ereduetara egokitzeko premia duen gune garrantzitsu gisa, aniztasunaren isla gero eta handiagoa bada ere, txikia baita oraindik. Badira testuliburuetan mila koloretako familiak agertzeko ahalegin batzuk, kultur aniztasuna sustatzeko... baina Asfamogi Gipuzkoako Gurasobakarren Elkarteak, adibidez, eskola eta testu liburuak gizartearen atzetik doazela dio, “eskolan familia eredu klasikoa agertzen da nagusiki”. Badira sexu aniztasuna lantzeko unitate didaktikoak, Gehituk egina, kasu... Baina oraindik ere zenbait ariketak familia eredu klasikoa dute buruan, adopzioan edo harreran hartutako haurrek erantzun ezin dituzten galderekin osatuak (jaio zirenean zenbat pisatu zuten, bularra ala biberoia hartu zuten jaiotzeko argazkiak, zuhaitz genealogikoa osatzea..., esate baterako). Ume Alaiak  haur adoptatuen gurasoen elkarteak ahalegin berezia egin du testu-liburuetan eta ipuinetan familia-eredu anitzen errealitatea ager dadin, eta era berean, irakasleak sentsibiliza-tzen. “Irakasleak oztopo edo lagun izan daitezke, ‘marraztu zure aita eta ama’ esan beharrean, ‘marraztu zure familia’ esatean”.

Eskolaz gain, kalean jartzen dute fokua mila koloretako familiek, jendartean. Iruzkinek, galdera sarkorrek, begiradek, estereotipoek... ematen dute min. Eurek, ordea, aberastasun gisa bizi dute aniztasuna, “beste kultura bat barneratzea oso aberasgarria da familia osoarentzat, bestelako moduz ikusten duzu jendea”, azaldu du Txuma Murugarrenek. Jon Arretxek ere antzeko iritzia du: “Batuketa bat bezala bizi dugu adop-zioarena, hemengoa gehi hangoa da, ez dago kenketarik”.

 

Beldur bat, atximurkada bat bailitzan

“Gure kaxa ezin haurrik ekarri / bi emakume izaki / ta intseminatze-prozesua da / gure ezinen estalki”. Halaxe kantatu zuen Amaia Agirrek azken Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan Hendaian jokatu zen kanporaketan. “Ama izan nahi det / baina ondoan / gizonezkoak lagata. / Bai haurdun gaude hau egia da / zeinen amets on, aparta!”. Neskalaguna, Ainara Mantzizidor, haurdunaldi benetan zail baten ondorioz ohean lagata joan zen saio hartara. “Egoera horretan ezin nuen besterik kantatu; ez nintzen kontziente zer esan nuen ere”. Askok hala eskertu bazioten ere, ez zuen aldarrikapen gisa egin: natural atera zitzaion barruan zeramatenaz tabladuan kantatzea. Bikote lesbianaren baitan haur bat ekartzeko pausoa eman zuten naturaltasun berberaz. “Argi geneukan ume bat eduki nahi genuela elkarrekin, eta ez genuen zalantzarik izan”, azaldu du Mantzizidorrek. Tabladutik jaistean, zorion eta esker mezuak jaso zituen bertsolariak, “esan gurasoei ez dela ezer txarra!” eskertu zion 82 urteko andre batek, hunkituta.

Jare jaio eta urtebete honetan ere harrera abegikorra izan dute. “Baina nik badut beldur bat”, aitortu du Agirrek, “batzuetan atzetik dudana eta bestetan aurrean jartzen zaidana: ikastolan hastean, edo ezezagunekin topatzean galderak edo komentario desatseginak entzun beharko dituela eta gaizki pasako duela”. Erreparo horrek, atximurkada bat bailitzan, gogorarazten die oraindik ere “normatik”, “ohikotik” ateratzen dela euren familia, baita eguneroko detaile txikiek, galderek, komentarioek ere; “baina espero dugu gure egoeraren antzekoak ere normalizatzen joango direla; pentsa garai batean zeinen arraroa zen guraso bananduak edukitzea, eta gaur egun gelaren laurdena hala da! Denbora beharko da, baina etorriko da”.

 

“Jarri musika, baina amaren hizkuntzan”

Errumanieraz agurtu dute ama Marak eta Mateik eskolatik atera direnean, eta euskaraz aita. 4 urte egiteko ditu Marak eta 6 Mateik. “Esaten dute nik oso barregarri egiten dudala errumanieraz —dio txantxetan Txuma Murugarren kantariak—, baina bai hizkuntza eta bai beste kultura bat barneratzea oso aberasgarria da familia osoarentzat, bestelako moduz ikusten duzu jendea, eta ez soilik errumaniarra. Beste kultura batzuk balioesteko ere balio dizu”.

Aniztasuna jatorrian du familia honek. Bucarestekoa da Alina Ivan, Murugarrenen bikotekidea, eta 16 urte daramatza Euskal Herrian. Euskaraz jori eta oparo mintzatzen da, eta hori izan da, bikotearen ustez, Ivani hemen ateak ireki dizkiona. “Alina errumaniarra eta euskalduna izaki, jendeak eskertu ere egiten dio gure kulturara etorri izana”. Alta bada, errumaniarra dela esaten duenean jendea harritu egiten da, ez baitu bat egiten jendeak errumaniarrez daukan estereotipoarekin. “Hemen bizi den alemaniar bat edo daniar bat, jendearen begietara, ez da etorkin bat, baina errumaniar bat bai, atzerritar pobrea da errumaniarra jendearentzat; horrek esan nahi duen guztiarekin”. Bikotearen arabera, hainbat politikarik eta komunikabidek indartu egiten dute etorkin batzuekiko mespretxua, estereotipoak indartuz; “badakigu ez dela egia, baina krisi garaian jendeak are gehiago sinesten ditu halakoak”.

Txirotasuna lotzen da errumaniarrekin, baina kultur aniztasuna aberastasun gisa bizi du Murugarren-Ivan familiak, bateko eta besteko onena hartzen dute. Hemen sentsibilizazio handiagoa bizi dute genero berdintasunarekin, tratu txarren aurka edo homosexualekiko. Kulturalki, Balkanetako musikak, ipuinek eta oro har kulturak estimu handia du etxean. Haurrek hala esaten diote aita kantariari sarri: “ Jarri musika, baina amaren hizkuntzan”. 

 

“Estereotipoek gaituzte ez-normalak sentiarazten”

Hil ala biziko erronka zen, Itxaro Bordarentzat, ama izatea. “Normaltasunaren bidea urratzea igurikatzen baldin banuen irudi-tzen zitzaidalako ez nuela sekula haurrik munduratuko”. Artean ez zen “lesbiana deklaratua”, baina jada lesbiana baten ikuspuntutik idazten zuen Amaia Ezpeldoi detektibea sorturik. Ainara 1987an sortu zen; estatistiken arabera, Frantziako Estatuan, garai hartan familien hamarretik bi guraso bakarrekoa zen. “Euskal munduan familia eredu anitz baziren baina ezkontzaz finkatua hobesten zen”.

Euren sendiaren berezitasuna “elkarrengandik arras hurbil izanez” bizi dute: “Elkarren arteko dialogoaz, azalpenak emanez, ahalik argienak, ez zena erraz beti”. Egunerokotasuna ondoko edozein familiaren antzekoa izan da Bordaren etxean. “Berdina da eguneroko bizitzako puntu askotan: amodioa bada, haurra hezteko nahikundea eta jendartearekiko harremanetan jartzeko xedea ere bai”. Galderak, ordea, ugariagoak ziren, bai Bordak lanlekuan erantzun beharrekoak, edo alabak ikastolan: “Haurtzaroan galderak egiten zizkidaten ikaskideek, baina gero berehala naturaltasunak irabazten zuen, ezberdintasuna ahanzten zela”. “Umea bakarrik egin nuelakoan —azaldu du idaz-leak— lantokian adibidez, egoista eta ebasle bat nintzela erraten zidaten. Eredu nagusitik baztertzea bekatua bailitzan. Solasaldi luzeak genituen haur-psikiatra batzuei aitarik edo gizonezkorik gabe familia orekaturik ez zela hazten ahal entzuten genienean. Teoria zen eta bizitzen genuen errealitatea, perfektua ez izan arren, ez zen hain desorekatua ere”.

Ama-alaben hurbiltasunaz gain, naturaltasuna gako garrantzitsua izan da. “Familia-molde ezberdinekoak naturaltasunez bizitzea osasungarria da. Diskurtso sozial nagusiak barreatzen dituen estereotipoek gaituzte ez-normalak sentiarazten. Gertatzen zaigu zenbaitetan estereotipo horiei egokitu ezinez, gurekiko antsiaz, gaitzespenez eta frustrazioz betetzea, orduan bai haurrak gurasoa bezainbat sufritzen duela...”.

Gauzak aldatu dira, orduz geroztik, onarpen handiagoa dela diote ama-alabek eta lege aldetik ere egoera hobetuz doala nabarmentzen du Bordak. “Eragozpenik ez da Ipar Euskal Herrian lege aldetik. Familiak osatzen ahal dituzte, ezkontzea zilegi da, bikoteko beste kidearen umeak adoptatzea, auzitegien erabakien ondorioz”. Bide asko bada egiteko oraino, ordea: “Medikalki lagundu ernalketak eta adopzioak baimentzea adibidez”. Oro har, hondar urteotan sendi-eredu patriarkala indartzen ari dela iruditzen zaio idazleari, “hain zuzen ere errealitatea arras alderantzizkoa denean, familia homosexualez, monogurasoz, familia berrosatuez emokatua”.

 

 

“Zorte handia da Afrikaren parte bat geure etxean izatea”

Beltza da Atikilt, begibistakoa da. Horixe da Jon Arretxe eta Cristina Fernandezen familiaren berezitasuna, eta, era berean, aberastasuna. “Beltza da, eta atentzioa ematen du, zoazen lekura zoazela ere. Behin ezagututa Atikilt da eskolan edo herrian, Arbizun beste bat gehiago da; baina ezezagunen begietara beltz bat da, afrikarra, horrek esan nahi duen guztiarekin”. Futbola eta saskibaloia gustatzen zaizkion 8 urteko haur bat da Atikilt, pianoa jotzen ikasten ari dena, aita idazlea eta ama ilustratzailea izanagatik ere, liburuak oso atsegin ez dituena, kazetariari irribarre txikiz aitortu dionez.

Duela bost urte Etiopiara joan eta semearekin itzuli zirenean, bazuten kezka gurasoek, semea nola egokituko zen eskolara, herrira... “baina harrera oso ona izan zen, eskolan laguntza jaso genuen irakasle eta haurrengandik, eta hori oso eskertzekoa da”. Gerora ere, familia-eredu anitzak eta adopzioa bera ere landu izan dituzte ikastolan, eta gaiaz hitz egitea aberasgarri eta beharrezko ikusten dute gurasoek.

Adopzioarena prozesu gisa bizi du familiak, “ez da bukatzen haurra iristean; unean-unean galdera berriei erantzun behar zaie”.  Bai Atikilten beraren itaunei, baina baita jendearenei ere. Jakin-mina normala iruditzen zaie, baina harago doazen galderek, “askotan helduek, gu ezagutu ere egin gabe egiten dituztenek” min handiagoa egiten dutela diote, “batez ere haurraren aurrean edozer galde-tzen dutenean”. Naturaltasunez eta soseguz erantzuten saiatzen dira, baita Atikilt buruan galdera edo kezkak dituela etortzen denean ere, eskolan Afrika leku gatazkatsua dela, beti gerran daudela edo pobrea dela entzunda etortzen denean, adibidez. Oroz gain, haren ongizatea zaintzen saiatzen dira gurasoak, indartzen, adoretzen, hango gauza onak erakustarazten...

Eurek, izan ere, aberastasun gisa bizi dute semea afrikarra eta euskalduna izatea: “Zorte handia da Afrikaren parte bat geure etxean izatea; batuketa bat bezala bizi dugu adopzioarena, hemengoa gehi hangoa da, ez dago kenketarik”, dio idazleak. Familiari Afrikarekiko sentsibilizazio berezia sortu dio Atikilten etorrerak: “Semea hangoa izateak begi bereziarekin begiratzera zaramatza, bai hango berriak gehiago jakitera, baina baita hemen Afrikaz eta afrikarrez zenbaitek daukaten irudiagatik mintzera ere”.

Minak baino handiagoak izan dira pozak oraingoz. Beldurra etor daitekeenari diote, Altsasura edo Iruñera edo Bilbora lagunekin joaten denean... nerabezaroan... “horrek bai, beldur apur bat ematen du; nerabezaroko aje guztiak eta adopzioaren plusa izango dugu; horixe da gure ezaugarria, familia guztiek dituzten gorabeherak ditugu, adopzioaren plusarekin”. Atzera begira, ordea, haurra adoptatzea erabakitzea, tramiteak, Etiopiaraino joan eta haurrarekin itzultzea, eskolatzea... “orain artekoa uste baino errazagoa izan da”.

 

“‘Mila kolore familia’ bat gara, baina praktikan, familia normal baten funtzionamendua dugu”

Elurrek ematen dizkio lanak Xabier Euzkitze eta Txus Manterolaren familiari. Gainontzean begibistakoa da harmonia. Kolore ezberdinetako begiak dituen zakurkumeak ordea, oraintxe jauzi, oraintxe jolas, apur bat aztoratzen du familia. Mila koloretako familia bat da hau. Aner seme biologikoa, Garazi Kolonbiatik adoptatua eta Jon txikia harreran hartua dute. “Alde horretatik bai, mila kolore familia bat gara, baina praktikan, egunerokotasunean, familia normal baten funtzionamendua daukagu, gurasook tratamendu berbera ematen diegu bai Joni, bai Garaziri eta bai Anerri, jatorri eta abizen desberdinak izanagatik”. Eta hala izan da Senegaldik edota Saharatik denboraldiak pasatzera etorri izan zaizkien haurren kasuan ere, “gure teilatupean dauden bitartean eskubide eta betebehar berberak dituzte guztiek”.

Baina etxetik kanpo jende zenbaitek bai, egin izan dizkiete bereiz-keriak: “Askotan entzun behar izaten ditugu, ia egunero, ‘zuek bat bakarra daukazue’, eta an-tzeko komentarioak —azaldu du telebistako aurkezleak—; eta guk ezetz, guk hiru ditugula erantzuten dugu, ‘baina zuena-zuena bat bakarra da’. ‘Gureak-gureak inor ez’, pentsatzen dut neure artean, ‘bakoitza bera da, baina gure etxean hiru dira’. Hemen odolak dauka, nonbait, inportantzia!”. Ez gurasoei bakarrik, haurrei ere egiten dizkiete halako iruzkinak: “Garazik hiruzpalau urte zituela, elkarri eskua emanda gindoazen kalean, eta adineko emakume batek gure umeari begiratu eta esan zigun, ‘hau ez da zuena!’; ‘izango ez da bada, bestea bezalaxe!’. ‘Ez, ez, ez!—jarraitzen zuen hark— hau ez da zuena’, eta Garazi defenditu egin zen: ‘Ni Kolonbian jaioa naiz baina zarauztarra naiz’; eta emakumea jo eta ma gelditu zen”.

Familia odoletik harago osatzea, harrera eta adopzioko seme-alabekin osatzea, Manterolaren arabera, ez da norbere sendiaren baitan egin beharreko prozesua soilik, “inguruarekiko etengabeko egokitzapen-prozesua egin behar duzu”. Eurek hasieratik present izan zuten aukera. “Harrera-etxeetako errealitatea ezagutu genuenean, ez genuen atzera egiteko biderik izan. Hainbeste ume ikusten dituzu, jaioberriak, urtebetekoak, seikoak... eta bakoitza bere motxilarekin...”. Jon ezagutzen hasi zirenean, hala esan zien Alex izeneko mutiko batek, orduan 6 urte zeuzkanak: “zer, Jon zuen etxera joango al da? Jo! hori suertea! ni ez nau inork eraman nahi”.

Bost urte igaro dira ordutik, eta orain beste galdera bati eran-tzun beharra izaten dio bikoteak, honakoa, kalean jendeak egina: “Eta gero, kentzen badizuete?”. “Baina zer kendu?”, erantzuten du amak: “Sekula ez da moztuko lotura hori; egunen batean guraso biologikoak Jon hartzeko moduan baleude, tragedia horri buelta eman diotelako izango da, eta bitartean behar zuena, familia bat, goxotasuna, giro normalizatu bat eskaini dizkiogu, ez dago kenketarik: eman egin diogu, eta berak are gehiago eman digu. Jendeak uste duena baino naturalagoa eta sinpleagoa da dena”.