286 znb | Ahalduntze eskola

Euskal Mendizale Federazioak mendian eta naturaguneetan segurtasunez ibiltzeko gakoak bildu ditu Seiburu egitasmoan. Sei gako dira eta guztiek, segurtasuna eta prebentzioa dituzte oinarri. Arriskurik hartu gabe, naturaz gozatzea da helburua.

 

Mendiko segurtasuna bermatzeko gakoak eskaintzen ditu Seiburu egitasmoak eta 2021. urteaz geroztik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan lantzen ari dira. DBHko 3. mailako ikasleekin aritzen dira, jarraibide horiez jabetzeko adin tarte egokia dela uste dutelako. Andoni Gutierrez eta Miguel Angel Bernalte Pumu mendi gidariak eta Euskal Mendizale Federazioko teknikariek azaldu dituzte egitasmoaren nondik norakoak.

 

Seiburu izeneko egitasmoa du martxan Euskal Mendizale Federazioak. Zein da helburua?

Miguel Angel Bernalte Pumu: Mendizaleei naturaguneetan eta mendian segurtasunez ibil daitezen jarraibideak eskaintzea. Helburu nagusia hori da, eta ikastetxeetara eramaten dugu gazteek ere mendira nola joan behar duten ikas dezaten: zer izan behar duten kontuan, zer arrisku dauden, zer eraman behar duten, eguraldia nola begiratu behar duten… 

 

Guztiaren oinarria prestakuntza eta prebentzioa dira, beraz.

Andoni Gutierrez: Bai. Seiburu sei gakoren gaineko prestakuntza da eta ikastetxeetan lau orduko formazioa egiten dugu. Naturaguneetara segurtasunez joateko gakoak eskaintzen dizkiegu ikasleei: ibilbidea nola prestatu, eguraldiaren iragarpena nola begiratu behar duten, motxila nola antolatu, indarrak neurtzearen garrantzia, nora goazen jakinarazteak duen garrantzia eta arazorik izanez gero, 112 telefono zenbakira deitu behar dutela azpimarratzen dugu. 

 

Motxila nola prestatu eta antolatu behar den azaltzen diezue, besteak beste. Nola prestatu behar da motxila?

A.G.: Motxila bat eramaten dugu, prest, eredu modura. Bolumenari buruz aritzen gara, motxilen tamaina litro kopuruaren arabera bereizten dela eta nola antolatu behar duten azaltzen diegu. Motxilaren goiko poltsikoetan eskura izan behar ditugun gauzak sartuko ditugu: botikina, krema, eskularruak, txanoa, betaurrekoak edota larrialdietarako txilibitua ere. Motxilaren barneko aldeari dagokionez, kapen gaineko informazioa eskaintzen diegu eta bakoitzak zertarako balio duen azaltzen diegu: lumadun jakak berotasuna emango digu, zirak euriarengandik babestuko gaitu… Mapa bat eramatearen garrantzia ere azpimarratzen dugu. Irteera motaren arabera, material teknikoa beharko bagenu, hori ere motxilaren barneko aldean sartuko genukeela esaten diegu. 

Pumu: Guk gutxienekoak markatzen ditugu eta, ondoren, egingo duten kirolaren, irteeraren edo eguraldiaren arabera, gauzak gehitzeko edo kentzeko aukera izango dute. 

A.G.: Manta termikoa aldean eramatea garrantzitsua dela eta larrialdirik izanez gero, hipotermiaz babesteko nola jokatu behar dugun azaltzen diegu. 

 

Jarraibide praktikoak eskaintzen dituzue. Ikasleekin egiten dituzuen saioak ere praktikoak al dira?

A.G.: Bai. Saio dinamikoak eta praktikoak egiten saiatzen gara. 

Pumu: Ikasleek, taldeka banatuta, ibilbide bat prestatzen dute saioetan. Wikiloc aplikazioa erabiltzen dugu ibilbidea lantzeko eta informazioa eskuratzeko: ibilbidearen luzera, zailtasuna, desnibela… Eguraldia begiratzea ere oso garrantzitsua da, eta ez dugu irteera egingo dugun egunekoa soilik begiratzen. Aurretik zer-nolako eguraldia egin duen begiratu behar dugu, elurra, izotza… egongo ote den jakiteko, adibidez. Behin ibilbidea prestatuta, aurkezpena egiten dute gelakideen aurrean. 

A.G.: Denek parte hartzeari garrantzi handia ematen diogu eta ahozkotasuna ere lantzen dugu gelakideen aurrean egiten duten aurkezpenaren bidez. 

 

Naturaguneetara ateratzen al zarete ikasitakoa praktikan jartzeko?

A.G.: Ez. Lau orduko ikastaroak dira eta ez dugu horretarako denborarik izaten, baina ikastetxeak hala nahi baldin badu, gerora irteeraren bat egiteko aukerarik ere bada. 

 

Mendiko segurtasunerako gakoak

1) Ibilbidea prestatu. Ingurunea aztertu eta baldintzak baloratu.

2) Eguraldiaren iragarpena begiratu. Eguneko eguraldia eta aurreko egunetan egin duena ezagutzea garrantzitsua da.

3) Motxila antolatu. Oinetako eta arropa egokiak janzteaz gain, hidratazioa eta elikadura aintzat hartu. 

4) Indarrak neurtu. Ibilbidea egingo duten pertsonen maila fisikoa zein den ezagutzea ezinbestekoa da.

5) Nora zoazen jakinarazi. Gorabeherarik edo istripurik izanez gero, horrek laguntza edo erreskate lanak erraztuko ditu.

6) Arazorik baldin baduzu, deitu 112 zenbakira. Gogoan izan telefonoaren bateria kargatua egoteak berebiziko garrantzia duela.