Haurraren gaitasunak garatzen, helduaren eta umearen arteko lotura sendotzen eta ingurunera baldintza onetan egokitzen laguntzen du, besteak beste, haur-masajeak, Joxe Ramon Mauduit psikologoaren esanetan.

Haurra altzoan hartu, biluzik jarri, eta gozo-gozo, masajeak ematea, laztanak egitea, kontuak esatea, jolastea… horixe da haur-masajea; baina hori baino gehiago ere bada, kontzeptu horren atzean filosofia oso bat baitago. Azken batean, haur baten heziketa prozesuan, haur horri ingurunera egokitzapen ona egiten laguntzeko bidea da.

Haurraren garapenaren haria hartu, eta, masajeen bidez, haurrak dituen gaitasunei jarraipena ematen saiatzen da Joxe Ramon Mauduit psikologo eta psikoterapeuta. 40 urte baino gehiago daramatza haurrei masajeak ematen; uneotan Donostiako Hazi Hezi zentroan. Bere esanetan, umeen gaitasunei bidea emateak haur bakoitzaren burmuinean prozesu bat irekitzen du eta horren arabera ezarriko du haurrak bizitzako lehen hiru urteetan bere oinarria. “Haur masajea erabiltzen dugu haurraren gaitasun guztiak aktibatzeko. Hala, munduarekin duen erlazioan lehendabiziko doikuntzak egiten dizkiogu. Horrek aukera emango dio etorkizunean doikuntza horiek berak bere kasa errazago egiteko. Eta, ondorioz, ingurunera egokitzeko prozesua hobeto eta modu aberasgarriagoan egingo du”.

Zuzenean haurrei masajea emateaz gain, gurasoei ere haurrei masajea emateko zereginean laguntza eskaintzen diete Hazi Hezin. Izan ere, onena da masajea gurasoek seme-alabei ematea, nahiz eta orain zenbait hezitzaile ere hasiak diren horretan trebatzen.

Haurrak dituen gaitasunak kontuan edukitzearekin batera, haur-masajeak dakarren lehen onura haurra eta heldua gerturatzea da, hau da, guraso eta seme-alaben arteko lotura sendotzea eta harremana hobetzea. Haurraren eta helduaren arteko komunikazioa errazten du, ez ukituz soilik, baita adierazpenaren, mugimenduaren, ahotsaren, begiradaren edota jolasaren bidez ere.

Jaiotzen denetik haur-masajearen bidez umearekin harremana lantzen hasten diren guraso horiekin, lehendabizi, lasaitasuna bideratzen laguntzea izan ohi du xede Mauduitek. Izan ere, psikologoaren irudiko, haurra izan eta hasierako 15-30 egunetan garrantzitsua da etxean lasai egotea, erditzea eta erditze ondoa barneratu eta finkatzea, “haurrari presentzia emanaz eta goxotasunez”. Haurra amaren sabeletik kanpora ateratzean eta beste errealitate batera egokitzeko prozesuan bizi izan duen aldaketa zakarra ez izatea da xedea: “Ez luke egoki-tzapen bortitz bat izan behar, baizik eta haurrak sentitu behar luke bere prozesuari kasu egiten zaiola”.

Izan ere, intentsitate handiarekin bizi dute haurrek erditzea, bai erditze ostea. Sarri, baina, erditzean epidurala, forceps-a, zesarea… erabili badira, haur horrek blokeoren bat izan dezake, Mauduitek dioenaren arabera. Horrexegatik, ume hori masajearen bidez estimulatzea aholkatzen du, bere gaitasun guztiak garatzeko modua izan dezan. “Haur batzuek jaiotzeko unea oso modu bortitzean bizi dute, forceps-arekin behartuak izan direlako, luzaroan egon direlako postura berean, edota lepoa nahiz beste atalen bat nahiko estu eduki dutelako. Tentsio horiek denak bidera eta aska daitezke masajeen bidez”. Behin hori eginda, psikologoak gaineratzen duenez, haurra prest egongo da pertzepzio funtzioak abian jartzeko, hau da, kanpoko informazioa jasotzeko, horretarako gorputzak aske egon behar baitu.

Bestalde, haur-masajeak umearen zentzumen guztiak aktibatzeko balio du, burmuinaren heziketa prozesua abiarazten duten erreakzio gaitasunak abian jartzeko, hain zuzen. Haur-masajearen bidez, buruko hezurrak eta azala ondo finkatzea, lepaornoko lehen artikulazioak taxuz egitea eta malgutasuna lortu behar lituzke haurrak, Mauduiten hitzetan. Hala, gero haur horrek berak bere buruaren eta gorputzaren erregistroak egoki egingo ditu eta horrek ahalbidetuko dio haziera prozesua osasuntsuago egitea.

Burutik hasita

Begien inguruan, ahoaren inguruan, masailetan, buru-azalean, zerbikaletan… masajea emanaz hasten dira Hazi Hezi zentroan. Gorputz guztia hartzen da kontuan, baina lehendabizi burua. Helburua da haurrak motibo bategatik edo besteagatik dituen mugak gainditzea. Mugi dadila libreki eta izan dezala, gainera, gorputza luzatzeko ahalmen osoa. “Ikusten dugu luzatzeko aukera ematen diozunean haurra erabat tenkatzen dela. Orno guztiak irekitzen ditu eta mugimendu aske batean jartzen da. Hasieran horretarako aukera ematen baldin bazaio, gero bidea bakarrik egingo du”.

Zenbaitzutan haur-masajea digestioa egiten laguntzeko, gasak mugitzeko, kolikoak kentzeko, etab.-etarako ere erabiltzen da. Mauduiten arabera, ordea, lehenik eta behin kontuan izan beharko litzateke, adibidez, zer dagoen koliko horien atzean: “Ez gara konturatzean, sarri, kolikoak estresaren ondorio direla. Ez gara ohartzen guk nolako estresa daukagun. Iruditzen zaigu dena ondo daramagula eta ez dakigu haurraren osasunerako gure erritmoa estresantea izan daitekeela”. Horregatik, beste ezertan hasi aurretik, haurraren eta gurasoen arteko harremana nola dagoen aztertzen dute Hazi Hezi zentroan. “Guraso horiei ikusarazten diegu garrantzitsua dela etxean lasaitasuna bideratzea eta gauzak goxo egitea. Haurrarekiko esku-hartzea ez dadila presazkoa izan, ez dadila izan helduak nahi duen eran, baizik eta haurraren erritmoa zein den kontuan edukita”. Gurasoak haurrari masajea ematen hasten direnean, bien arteko erlazioa ikaragarri erregulatzen da eta estretsa asko jaisten da. Horregatik, Mauduitek uste du koliko gutxiago izaten direla haurrarekiko harremanean masajea erabiltzen denean.

Zenbat eta nola eman?

Jaiotzen denetik hasita, lehen urtebetean oso egokia da haurrari masajea ematea, ahal bada, egunero. Dena dela, adin horretatik aurrera ere erabiltzen da. Egunero eginez gero haurrarengan aldaketa izugarria nabari daitekeela dio Mauduitek. Horretarako, baina, gurasoek denbora hartu behar dute. “Horrek esan nahiko du euren umearekin egoteari garrantzia ematen diotela eta euren haurra ez datorrela mundura edozein modutan egotera”. Psikologoaren aburuz, gaur egun kontzientzia hori landu behar litzateke. Izan ere, guraso gehienei inork ez die esan haurrarekiko harremanak zer-nolako garrantzia duen lehen hilabeteetan.

Posizioari dagokionez, berriz, jaioberria denean, haurra amaren edo aitaren gainean jartzea proposatzen du, “haurra jaio eta amaren altzoan jartzen denean bezalaxe”. Haziz doan heinean, lurrean nahiz beste gainazal erosoren batean ere jar daiteke haurra, mantaren bat azpian duela. Umea biluzik egotea aholkatzen dute, eta gurasoen larruak haurrarena ukitzea, elkarren arteko kontaktua zuzenekoa izan dadin: “Azala azalarekin eginda soilik asko lor dezakegu. Izugarria da ikustea horrek zer nolako eragina izan dezakeen haur eta gurasoen arteko harremanean, loturan, komunikazioan, ezagutzan… Haurraren gorputzaren gainean eskuak jartzen ditugunean, haren erreakzioak eta gureak ikusi behar dira. Nola gauden eta haurra nola dagoen izan behar dugu kontuan. Une batzuetan ezinezkoa da masajeak ematea. Beste batzuetan, berriz, egoera ezin egokiagoa izaten da. Gorputzari tankera hartu, eta, eskuak sartuz, jolas bat sortu behar dugu”.

Psikologoak esplikatzen duenez, larruazalak izugarrizko sentsibilitatea dauka, eta, ondorioz, haur-masajea ematerako momentuan izugarrizko garrantzia hartzen du garunak, haurrari egiten zaizkion ukipen guztiek eragina dutelako burmuinean. Izan ere, gorputzeko funtzio guztiak garunean kokatzen dira, eta horrek sinapsiei laguntzen die, hau da, neuronen arteko lotura aberatsak egitea ahalbidetzen du.