Liburu berri bat, desafio berri bat. Mariasun landarentzat haur eta gazte literatura idaztea desafio estilistiko eta formalez beteriko erronka da. Umeentzat eta umetasunetik, baina infantilizaziorik eta ‘ñiñismorik’ gabe idazten du, finkeriaz eta onkeriarik gabe.  

80ko hamarkadan andereño lanetan hasi zenean ekin zion haur eta gazte literatura eta euskaraz idazteari Mariasun Landak (Errenteria, 1949). 1984an Txan fantasma idatzi zuelarik bide bati ekin zion, ez zuela literatura xuabea eta xoxoa egingo erabaki zuen, eta desafio horri eutsi dio 30 urtean, beste askoren artean, Errusika; Iholdi; Julieta Romeo eta saguak; Alex, Elefante txori bihotza; Galtzerdi suizida; Krokodiloa ohe azpian; Maitagarria eta desioa edo berrikiago Inurrien hiztegia idatzi dituenean.

Sariek bermatzen dute bere literatur lana (Lizardi saria, Euskadi Literatura saria,  Espainiako Kultura Ministerioaren Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala eskuratu ditu besteak beste, eta Andersen Nazioarteko Saria irabazteko hautagaia izan da eta IBBYko Ohorezko Zerrendan eta Municheko Nazioarteko Haur eta Gazte Liburutegi famatuaren White Raven zerrendan daude bere liburuak), baita 30 hizkuntzatik goratara egin zaizkion itzulpenek ere, baina bereziki bere liburuek sentiarazten duten esperientzia literario pertsonalek bermatzen dute Mariasun Landaren fantasia, umorea, absurdoa, irudimena, fintasuna eta kalitatea.

Literaturaren Didaktikako irakaslea izan da oraintxe arte, EHUren Donostiako Unibertsitate Irakasle-Eskolan.

68aren hondarretan Parisera joan zinen Filosofia ikastera. Sartre eta bereziki Beauvoir ondo irakurriak zenituen itzuli zinenean... Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan haur txikien andereño hasi zinen...

Hor tartean datu oso garrantzitsu bat falta da: nik ez nekien euskara. Nire bizitza guztian oso modu mingarrian bizi izan dut hutsune hori. Heziketa guztia gaztelaniaz egin nuen, baina nirea zen beste hizkuntza bat hor zegoela sentitzen nuen. Gainera, garai konprometitu batean kokatu behar gara; nik beti nire burua herri honen alde egiteko, neure burua kulturaren munduan kokatzen nuen, eta horretarako hizkuntza jakin behar nuen. Euskara ikastean nire bizitza asko aldatu zen, beste mundu batean sartu nintzen. Orduan ez zegoen metodorik, hizkuntza ikasteko murgiltze-aukera bakarra ikastola zen. Andu Lertxundi ezagutu nuen, bera zen Zarauzko ikastolako zuzendari, eta nekien apur harekin eta udan ikasi nuenarekin, sarrera bat izan nuen lehenengo mailako umetxoekin.

Eta haientzat hasi zinen haur eta gazte literatura idazten?

Idazle izate hori lehendik zetorkidan, Parisera joan aurretik. Han bizi nin-tzelarik ere idazten nituen nire gauzak. Gazte batek inoiz ez du pentsa-tzen haur eta gazte literatura idatziko duenik, gutxienez Simone de Beauvoirreren moduan idatzi behar nuen!

Errealitateak behartu eta motibatu ninduen haur eta gazte literatura eta euskaraz idaztera. Hasiera hartan ni hizkuntzarekin oso larri nenbilen, baina horren ordez antzerki pila bat egiten nuen, eta nire intuizioak gidaturik daude orduko ipuin haiek. Kontestu hartan ezagutu ninduen erabat harritu ninduten haur eta gazte literaturako autore batzuk: Christine Nostlinger, Roald Dahl, Michael Ende... nik ordura arte, Altxor Uhartea, Tom Sawyer, Printze Txikia, Mujercitas... ezagutzen nituen.

Orduko idazketak eta gaurkoak zer dute berdin, zer ezberdin?

Nik uste dut lehengo freskotasuna galdu dudala, ingenuitatea galdu dut. Orduan iruditzen zitzaidan zerbait asmatzearekin nahikoa zela; orain askoz ere exijenteagoa naiz, eta ba-tzuetan exijentzia hori larritasun bihurtzen da. Ezin dut nire burua errepikatu, hori ez da nire bidea; demagun, pertsonifikazioen kasuan: arkakuso bat pertsonifikatu dut 80ko hamarkadan [Errusika, 1988], bada ezin dut errepikatu, 90eko hamarkadan gal-
tzerdi bat pertsonifikatuko dut, eta horrek desafio bat suposatzen du. Bide luze honetan gauza askotaz ari zara hausnartzen, ikusten, komentatzen... ahalik eta hobekien idatzi nahi baduzu haurrentzat, eta atzean obra bat baldin baduzu, ez da erraza. Niretzat hori da idaztea, exijentzia hori guztia gabe literatura idazteak ez dauka zentzurik.

Formalki joan zara aldatzen, baina hasieratik oso gai existentzialistak jorratu dituzu gaur arte...

Txan Fantasma 84an argitaratu nuen, eta hura apustu bat izan zen nire-tzako: orduan erabaki nuen ez nuela literatura xuabea eta erraxa egin nahi. Kariño faltari buruzko lan bat egin nuen –gerora esan izan dute autismoari buruzkoa dela, baina nik orduan ez nuen autismoa ezagutzen-, bakardadean bizi den eta lagun imaginario bat duen protagonista baten ipuina egin nuen. Baina ni orduan ez nintzen jabetzen liburu existentzialista bat egiten ari nintzenik...

Galtzerdi suizida ere oso existentzialista da, edo Iholdi, edo krokodiloa...edo Arkakusoa bera ere bai, jaio bezain laster honakoa galdetzen du: “Zenbat denbora daukat bizitzeko?”. “Bi aste”, “a beno”. Nik neure buruari mila aldiz esan diot hori. Kezka horiek guztiak agertzen dira liburuetan nigandik idazten dudalako. Norberaren izaera ateratzen da, ez dut hori ahazturik idazten. Azken liburuan, Elsa eta paradisua-n irakurleak eta bitartekariak Bibliarekin eta paradisuarekin egingo dute topo. Niretzako arrisku bat da Bibliako gai horiek nola landu, nola fantaseatu, nola jokatu... Desafio literarioak estimulagarri dira, aurrerapausoak sentitzen ditu norberak.

Umeak aldatu diren ez dakit, baina ingurunea asko aldatu da. Eta zu, zer eta Biblia, paradisua... seguruenik ezagutu ere ez dute egingo Biblia ume askok. Horregatik diozu desafioarena?

Desafio bat da baina ez haurrei begira, herri honi begira baizik. Hemen izan dugun aldaketa drastikoa izan da: gizarte erabat erlijioso katoliko ginen eta orain bizkarra eman diogu horri guztiari. Horrek ez du esan nahi ni orain erlijioso bihurtu naizenik, ez, ni agnostikoa naiz, baina hori da nire kultura. Hemen jorratzen dena ez da erlijioa, baizik eta kultura, kultura europarra, Mendebaldeko kultura. Horrela jarraitzen badugu, gaurko umeek eta gaztetxoek ez dute ulertuko Mendebaldeko artea, pintura, Bach, literatura, Biblia... ez daukate erreferentziarik, ez oinarrizko ezagu-tzarik.

Zugandik eta zure kezketatik abia-tzen zarela diozu... hortik nola iristen da pertsonaia trapuzko bihotza duen galtzerdi bat izatera, edo elefente txori bihotz bat, edo beste batzuetan hezur haragizko pertsonaia bat izatera? Nola egiten duzu sormen-prozesu hori?

Galdera hori munduan dagoen galderarik zailena eta frustranteena da, eta norberarentzat ere misterio bat da. Nik pertsona bat ikusten dudanean pentsatzen dut, “txingurri hutsa da, edo hegazti bat da”... Nik nire burua beti elefantetzat jotzen nuen, hausnarlaria, motela baina era berean argia... Eta batek esan zidan bere garaian, “bada elefantea izango zara baina txori-bihotza duzu”. Eta horrekin gelditu nintzen.

Galtzerdi suizida-ren kasuan, hasiera-hasierako esaldia borobildu nuen: “Nire burua bota nuen laugarren solairutik”. Baina, urteak egin zituen esaldi hark kaxoi batean; trapu baten izenean atal bat edo bi idatzi nitzakeen, baina ezin nuen jarraitu, ez zelako batere erraza galtzerdi bat inora joatea.

Nik garai batean tratu estua nuen haurrekin, 11 urtez andereñoa izan bainintzen. Nik haur horiei nire txorakeriak eskaini egiten nizkien, baina ez nituen liburuetarako ideiak jasotzen, soilik Iholdiren kasuan: gelako neskei entzun nien esaldi hura, “mutilekin ez dago jolasterik, andereño”. 

Haurrentzako idazteko beharrezkoa da sentsibilitate berezi bat?  Umetasuna, fantasia behar da haur literatura idazteko?

Gero eta zaharrago, orduan eta gutxiago gustatzen zaizkit esaldi borobilak. Bakoitzak egin dezala nahi duena, edo ahal duena. Nik nitaz hitz egin dezaket: nigan hala funtzionatu izan du, nire umetasun horretatik idazten dut, arte-sorrerarekin lotzen dena, ludikoa, fantasiosoa, eta poetikoa den alderdi horretatik idatzi izan dut.

Idazle izateak testuari buelta asko ematea esan nahi du. Haur eta gazte literaturako liburuak ez dira okurrentziarekin idazten; lana egin behar duzu, txukundu, orraztu, zuzendu, kendu eta jarri.

Haur eta gazte literaturak desafio literarioa dauka: ahalik eta gauza gehien eta sakonen esatea ahalik eta baliabide linguistiko gutxienarekin. Orain, badago beste mota bateko literatura, eta umeei gustatzen zaiena. Umeak kontent uzteko nahikoa da pipi, kaka eta kantzontzilloa aipatzea, baina amigo, zuk zure buruari beste fintasun bat eskatzen badiozu, beste desafio txiki bat, bada baztertzen duzu hori, eta baita beste literatura klase bat ere, niri xoxoa iruditzen zaidana.

Zure literatura onkeriarik gabekoa da.

Ez zait ñiñista izatea gustatzen, umetasuna bai, baina infantilizazioa ez zait gustatzen. Haurrekiko errespetuaz ari gara: heldu batek liburu baten aurrean sentitzen duen emozioak zergatik izan behar du hobea eta handiagoa ume batek Babar albumen aurrean sentitzen duena baino ? Haurren emozioak ez al du heldu baten emozioaren balio berbera?

Bitartekaria aipatu duzu lehen, azken batean haur batek nekez aukeratzen ditu berak nahi dituen liburuak...

Heldu batek Dostoievski irakurri nahi baldin badu, joango da, hartuko du liburua, ez zaio gustatuko eta bueltatuko du. Baina haurraren eta liburuaren artean beti dago heldua, eta erdi ezkutuan dagoen heldu horrek eragin izugarria du.

Ni urtetan izan naiz bitartekaria; bibliotekaria bitartekaria da, aita eta amak, eta osaba-izebak eta denak bitartekariak dira. Horiek dira umeari esaten diotenak, “hau leitu, gustatuko zaizu” , eta benetan haurrak nahi duena ez dakigu zer den. Umeen harrera misterio bat da. Printze txikia-ren liburua, adibidez: ez dago Frantzian umerik bere Printze txikia ez daukanik, eta ez da batere liburu erraza, enigmatikoa, ezkorra, depresiboa da. Hor ikusten dut zer nolako anbiguotasunean gabiltzan.

Bitartekari horiek sarri ibiltzen dira balio pedagogiko, didaktiko edo liburuaren atzean egon litekeen baliz-ko mezu horren bila.

Oso. Garai bateko zentsura uxatu dugu, baina orain honakoa galde-tzen dugu: “Zertarako balio du liburu honek?”, “Ekologia, hezkidetza, hau edo beste lantzeko...” Hori oso sartua dago. Nik nire ikasleekin ikusten nuen: Magisteritza Eskolara ideia horrekin etortzen ziren, liburuaren atzean zer mezu dagoen bilatu behar balute bezala. Horri buelta eman behar zaio, irakurri liburua, hunkitu zaitu? Emozionatu zaitu? Aspertu zaitu? Identifikatu zara? Bide batez, igual erakutsi dizu zerbait?

Baina hor beste puntu bat ukitzen dugu: irakurlearen gaitasun literarioa. Irakasle guztiek oso ondo ulertzen dute zer den gaitasun linguistikoa, liburu hau zaila da edo ez da zaila, semantikoki, lexikoki... baina gaitasun literarioarena ez daukagu hain argi. Hau da, liburu batekin gozatu ahal izateko agian maila bat izan behar duzu, aurretik beste lan batzuk irakurri behar izan dituzu, bide hori erraztuko dizutenak.

“Haurrari gustatzen zaio”, kriterio horrek ni ez nau batere betetzen. Literatura elikadurarekin konparatuko bagenu, haurrari gehien gustatzen zaiona emango bagenio egunero, makarroiak edo pasta jango lituzke, baina guk denetik proba dezaten nahi dugu. Eta literaturarekin ere gauza bera da.

Eskola aipatu duzu, baina ez da beste giro bat egokiagoa irakurtzaletasuna transmititzeko?

Batak ez du bestea kentzen. Esatea erraza da, baina gero praktikan transmisio hori oso zaila da.

Nik eskolaz asko hausnartu dut, urte askoan testuinguru horretan egin dudalako lana. Niretzat oso garrantzitsua da literaturako irakasle on bat edukitzea, aukeraketa eta sailkapen on bat egingo dizuna. Hori irakasleen lana da, ez gurasoena. Gurasoen egitekoa, nik uste, lehenengo beraiek irakurtzea da eta modu goxo batean gerturatzea umea liburuetara. Kontaketa oso garrantzitsua da, eta elkarrekin irakurtzea ere bai, baina irakurtzen hasten den momentutik moztu egiten zaio ahozko kontaketa.

Irakurtzaletasuna teorian bederen ondo ikusia dago; literaturak badu prestigio soziala... baina ez da irakurtzen.

Irakurtzea zaila da, nekagarria da, esfortzu bat da. Irakurketak operazio kognitibo konplexuak suposatzen ditu: mezu bat dekodifikatu behar duzu, zure baitan beste bat kodifikatu behar duzu... eta hori plazer handiz egin daiteke, edo ez. Baina buruarentzat ez da irudia bezain erraza, kostagarria da. Nik uste dut bilatu behar dela umeak esperientzia literario bat bizi izatea, “ostras, hau beste gauza bat da!”.

Niretzat eskolaren eta irakasleen funtzioa hori da, liburu batekin ea esperientzia literarioaren fenomenoa ematen den probatzeko aukera ematea, ez dituzunean bereizten protagonista eta zu, emozio handiarekin bizi duzunean irakurketa... Hortik aurrera norberak jarraitzen du bilatzen zein liburuk emango dioten satisfazio hori. Hori zaila da transmititzen, irakasten... askoz errazagoa da hizkuntza irakastea, gaitasun linguistikoa lan-tzea. Eta irakurketak diziplina pixka bat eskatzen du, hori ere egia da. Irakurketak eskatzen duen sosegua, isiltasuna, bakardadea... ez dira gaur egun bogan dauden balioak. Gaur egun estimuluz gainezka gaude leku guztietatik. Eta, aldi berean, ematen du estimulu horiek guztiak ez gaituztela ukitu ere egiten, ez direla barrura pasatzen; sosegua falta da. Alde batetik, sakralizatu egiten dugu literatura, zelofana jartzen diogu, baina gero inork ez dio garrantzirik ematen... 

Ipuinak zer nolako balioa du teknologia berrien gainean?

Txikitan, ahozko kontaketaren parekorik ez dago. Narratibak laguntzen diote umeari —eta baita helduoi ere— bere bizipen kaos hori antolatzen –ikerketa asko daude hori erakusten dutenak—. Narratibari bere estruktura hartzen diogu gure bizitza antola-tzeko, umea gauza izango da esateko “atzo, kalean nindoala hau eta hau gertatu zitzaidan, eta gaur...”

Narratibotasunak gure bizitzako bizipenak antolatzen laguntzen digu: hasiera, korapiloa eta nolabaiteko bukaera.

Idaztean zugandik abiatzen zarela esan duzu, baina irakurleak buruan dituzu?

Nire buruan ez daukat ume berezirik, baina ofizioa daukat. Ofizioak agin-tzen dit haur eta gazte literaturako ezaugarriak zeintzuk diren: Oso argi daukat ezin dudala paragrafo trinko, luze eta erdi filosofikorik idatzi; hori da haurrengan pentsatzea niretzat. Ofizioak esaten dit zer hartu behar dudan kontuan, animalien pertsonifikazioa oso garrantzitsua dela, absurdoa ere oso inportantea da, umorea ere azaldu behar dela... Umorea nire literaturaren ezaugarrietako bat da, baina nire bizitzan ere hala da. Ni nahiko ezkorra naiz, baina nire izaera umoretsua da. Modu jolaskor batean begiratzen diet gauzei.

Liburu asko merkaturatzen dira  eta gurasoak liburu saldo handiaren erdian aurkitzen dira, sarri ezin aukeraturik euren seme-alabentzako liburu aproposak...

Komertzializazio handia dago. Kriterio falta nabarmena ikusten dut gaur egun: beste guztiaren gainetik komertzializazioa dago, kito. Funtzionatu deitzen diote, funtzionatuko ez duen ezer ez da argitaratzen, eta funtzionamendua oso motza da.

Gurasoei dagokienez, erreseina ba-tzuk irakurtzea eta informatuta egoteko garrantzitsua iruditzen zait, batez ere best-seller diren liburuekin; beste gauza batzuekin egiten dugu. Bai, eman best-seller-ak, baina tarteka eman bestelako liburu batzuk ere. Eta irakurri ezazu berarekin, kontatu...