26 urte daramatza pediatra gisa lanean, horietatik 25 Abadiñoko osasun-zentroan. Gaitz infekzioso larrienak ia desagertuta, gaur egun bere ogibidean prebentzioak eta zaintzak hartu duen lekua nabarmendu du, eta umearen garapenarekin eta autonomiarekin loturiko lanaren inportantzia azpimarratzen du.

“Pediatria: umea eta horren gaixotasunak aztertzen dituen medikuntzaren atala.” Horrela definitzen du hiztegiak Mariaje Sarrionandiaren (Iurreta, 1960) ogibidea. Baina, berarekin pare bat ordu eman eta gero, argi gelditu da haurraren osasun fisikoaz harago doazela pediatraren kezkak eta zereginak; bai behintzat Sarrionandiarenak.

Umearen autonomia sustatzeak duen garrantziarekin arduratuta eta inplikatuta dago, besteak beste, Sarrionandia, eta gurasoen artean kontzientziazio lana egiten saiatzen da. Ildo horretatik, umeari ahotsa eman eta zuzenean berarekin komunikatzea garrantzitsua iruditzen zaio. Autonomia, ahots propioa eta komunikazioa; gaixotasunekin baino, haurraren garapenarekin zerikusia duten kontuak dira. Horietaz aritu zaigu 26 urteko ibilbidean aberastutako esperientziatik eta jakintzatik.

Jaioberriaren osasunaren zaindari zarete pediatrok. Hasierako une horietan, zein da zuen egiteko nagusia?

Jaio eta astebetera, gutxi gorabehera, egiten diogu lehen harrera eta azterketa umeari. Batez ere, umearen eta gurasoen aurrean aurkeztu egiten gara erizaina eta biok. Lehen unean ea erditzean edo haurnaldian arazoren bat egon al den galdetzen dugu. Izan ere, normalean hori izaten da gurasoekin dugun lehen harremana, beste seme-alabaren bat ez badaukate behintzat.

Behin haurdunaldia eta erditzea zelan joan diren jakinda, aztertzen dugu zelan egin den umea etxeko, zelan egin den etxera: gurasoak zelan konpontzen diren umearekin, arazo bereziren bat izan ote duten umearen zaintzan, bularra zelan hartzen duen... Edo agian, gurasoek beste zalantza edo kezkaren bat ekartzen dute, eta lehen azterketa izaten da horiek mahai gainean jartzeko momentua.

Ondoren azterketa fisiko orokor bat egiten dugu, nahiz eta normalean aurretik ospitalean ere egiten dioten. Horren ondoren, ez baldin badago problema bereziren bat, aholku orokor batzuk ematen dizkiegu gurasoei: bat-bateko heriotza ekiditeko lo egiteko posturak gomendatzen dizkiegu, umearen higienearekin loturiko gomendio txikiak... Bestalde, inportantzia handia ematen diogu une horretan bularra edo amaren esnea hartzeari, edoskitzearen onurak, bai amarentzat bai umearentzat, jakinak eta handiak baitira.

Arduratuta etortzen al dira gurasoak?

Normalean nahiko lasai etortzen dira, ez zaie askorik nabari euren urduritasuna; lehenengo kontsultan gutxien, gero hasten dira zalantza gehiago agertzen. Zalantzak apuntatzeko gomendatzen diet beti. Kezkak, berriz, bularra ematearen ingurukoak izaten dira nagusiki. Naturala denez, berezkoa izan behar dela eta ez dela zertan arazorik sortu ematen du, baina sarri trabak sortzen dira, eta emaginaren edo pediatraren laguntza behar dute: ildaskak edo estriak sortzen direla, edo mina, edo nahikoa elikatu ote duten zalantza... Gure lana gurasoak lasaitzea da: aholkuak ematen dizkiegu tekniken inguruan eta, batez ere, segurtasuna transmititzen diegu. Izan ere, gurasoak lasaitzen badira, normalean hobeto doa edoskitzea.

Gurasoek inguruan jende asko izaten dute edoskitzeari buruz aholkuak ematen: auzokoak, familiakoak, pediatrok... Guztiarekin mix edo nahasketa bat egin behar dute eta beraiek hartu behar dituzte erabakiak eta ardura. Horiek lehenengo kontsultako kontuak dira, gero iristen dira galdera gehiago: noiz hasi bainua ematen, azazkalak moztu edo ez... Bigarren mailako gauzak dira niretzat, baina beraien kezka zehatzak horiek izaten dira. Izan ere, niretzat kezka handiena eta inportantea umearen elikadura egokia izatea da. Beno, edoskitzearen kasuan, elikadura baino gehiago da, harremana sortzen delako amaren eta umearen artean.

Bestalde, gurasoei lagunduko badiegu umearen zaindari izaten, konfiantzan oinarrituriko harremana eraikitzea ezinbestekoa da.

Aipatu duzun bezala, informazio asko eta zenbaitetan kontraesanezkoa iristen zaie gurasoei: uste orokortuak, aholku gaindosia, interneten irakurritakoak... Zurrunbilo horren edian, zer gomendatuko zenieke informazioa lortu eta egoki kudeatzeko?

Egia da informazio asko dagoela eta bide desberdinetatik etortzen dela, korronte desberdinetakoa. Argi dago bakoitzarentzat gauza diferente batek balioko duela. Baina guk, pediatra gisa, oinarritu behar dugu esaten duguna, alde batetik, gure esperientzian; eta, beste aldetik, azken hitza esan behar dugu ebidentzia zientifikoetan oinarrituta. Gauza berri bat agertzen denean, pediatrok galdetu behar dugu: horrek zientifikoki oinarririk ba al du? Baldin badauka, aztertu egiten ditugu gauza berriak, guk ere beti egon behar baitugu ikasten. Baina, ez baldin badauka oinarri zientifikorik, baztertu egiten dugu momentu horretan bertan. Ebidentzia zientifikorik ez badaukagu, gure aldetik ezin dugu askoz gehiago esan: argi frogatuta dagoenari heltzen diogu.

Azken urteetan ildo desberdinetatik etorri da informazio berri asko; adibidez, lepoko bat jartzea umeari hagineko mina saihesteko. Alde batetik esaten dugu, “utzi egin behar diogu jendeari bere bidea egiten”, baina beti ere umeari kalterik egiten ez dion bitartean; gure muga hor egon behar da.

Izan ere, badaude zenbait gauza eta moda kalte ere egin dezaketenak. Kasu horietan esku hartu behar dugu pediatrok, familia arriskuez informatuz; zentzunarekin jokatuz ikusten badugu kaltegarria izan daitekeela, interbenitu egiten dugu. Joera hori da: ebidentzia zientifikoetan oinarritzen gara eta ez sinesmenetan.

Pediatrek estandarrak eta pertzentilak erabiltzen dituzue, haurraren garapena baloratzeko, baina askotan kezka iturri izaten dira gurasoen artean. Zein funtzio dute, eta nola irakurri behar dira? Pisu eta luzera grafikoek adin bakoitzeko normaltasunaren muturrak erakusten dituzte. Grafikoek hainbat lerro dituzte, 3, 10, 25, 50, 75, 90 eta 97 pertzentilak. Ume baten altuera 30 pertzentilean kokatzen denean, adibidez, horrek esan nahi du bere adin bereko 100 ume hartuta 30 bera baino txikiagoak direla.

Badaude 8 hilabeterako txikitxoak diren haurrak eta handitxoak direnak, baina beti ere normaltasunaren barruan. Pertzentilek markatutako normaltasun eremutik kanpo dagoena, deigarria da. Baina, inportanteagoa da guretzat umearen garapena nolakoa den pisuari eta altuerari dagokionez, zein pertzentiletan kokatzen den baino. Ume bat egon daiteke 50 pertzentilean, erdian gutxi gorabehera, eta momentu batean hortik desbideratu, pixkatxo bat edo nabarmen. Horrek guri balio digu modu erraz eta grafiko batean detektatzeko zerbait ari dela gertatzen. Ume bat, normaltasun eremuaren barruan egon arren, neurketa batetik bestera pertzentiletako batean nabarmen desbideratzen bada, seinale da zerbait begiratu behar dela.

Normaltasun muturretatik kanpo daudenean deigarria dela diozu.

Beti ez da arazo baten seinale, genetikak ere zerikusia izaten du. Gakoa da aurrekariak aztertu eta jarraipena egitea. Adibidez, normaltasun muturretatik kanpo egoten dira garaiz aurretik jaiotako umeak, baina ikusi egin behar da bere garapena nolakoa den lehen hilabeteetan, lehen urtean edo lehen bi urteetan; txikitxoa izan arren garapen egokia badu, ez dago arazorik. Bestalde, gerta daiteke ume bat jaiotzean pertzentil egoki batean egotea, eta handik hilabete batzuetara muga-mugan egotea. Horrek esan nahi du ez duela garapen egokia izan. Azken batean, ume bakoitzaren pertzentilaz harago, umearen garapena ikusteko balio du, modu oso bisualean.

Pediatria, eta medikuntza oro har, duela mende bat arte oso zentratua egon da heriotza iturri nagusi ziren gaitz infekziosoak gutxitzeko lanean. Gaur egun, hein batean, lortu da hori, hainbat faktore tarteko, baina gaixotasun berriak agertu dira, eta ari dira agertzen. 26 urteotan ikusi duzu eboluziorik pediatrian?

Lanean hasi naizenetik pediatria ez da hainbeste aldatu, antzerako infekzioak dira 80ko hamarkadakoak eta gaur egungoak. XX. mendearen hasieratik amaierara gertatu zen aldaketa nagusia, gaitz infekziosoen beherakada alegia, batik bat bizi-baldintzak hobetu zirenean: elikadura hobetu zen, uraren saneamendua... Eta 60ko hamarkadatik aurrera, txertoekin hastean, gaitz infekziosoen beherakada hori are nabarmenagoa egin zen 20-30 urteetan zehar. Ondoren, azken 30 urteetan egoera antzekoa izan da.

Hori bai, gaixotasun infekziosoak jaitsi direnean, eta lehen mailako arretako pediatria garatu den heinean, beste modu bateko zaintza egiten da: prebentzioak eta osasun heziketak tarte handia hartzen dute.

Adibidez, adin bakoitzeko istripuak ekiditeko lana egiten da kontsultetan. Liburuxkak ematen zaizkie gurasoei, adin tarte bakoitzean ohikoak izaten diren istripuak nola ekidin azalduz; hiru edo lau gauza adin bakoitzerako, umea garatzen ari den heinean zer arrisku sor daitezkeen jakin dezaten: adibidez, urtebetegaz zutik jartzean, garbiketa produktuak haurren eskura ez uzteko hartu beharreko prebentzio neurriak. 26 urteotan, era berean, bularra ematearen gaia asko landu da, emaginek haurdunaldian bertan egiten duten lanetik hasita, eta hori inportantea da.

Pediatriako kontsulta asko prozesu arinengatik izaten dira. Lehenengo 5 urteetan maiz errepikatzen dira katarroak, sukarra, beherakoa, eztarriko mina... Nahiz eta prozesu hauek gehienetan berez pasatzen diren eta ez den botikarik behar, gurasoak kezkatuta medikuarengana joaten dira sarritan. Gure lanetariko bat horrelako prozesuak etxean kudeatzen erakustea da. Zelan egin aurre horrelako sintomei, zelan zaindu umea egun horietan eta, noski, zein sintoma izan daitekezkeen zerbait larriaren seinale.

Gaixotasun infekziosoen borrokatik ateratzean beste patxada batekin heldu ahal izan diezue kontu ez hain klinikoei, agian?

Hori da. Prebentzio eta aholku horiek oso inportanteak dira gure kontsultetan. Jaioberrien gurasoekin lantzen dugu edoskitzearen gaia; azken batean, aproposena da jaioberriarentzat, bai elikadura eta osasun aldetik, bai atxikimendu aldetik. Beraz, denbora nahikotxo eskaintzen diogu bularra ematearena lantzeari. Aurrerago, 6 hilabeteren bueltan, esnearekin batera beste elikagai batzuk jaten hasiko dira eta elikadurarekin loturiko gaiak hasten gara lantzen.

Asko kostatzen zaigu goilara mahai gainean uztea, umeak berak har dezan nahieran. Autonomia maila hori ematea zaila egiten zaigu: zikindu egiten delako, ez duelako gurasoak nahi bezainbeste jaten berari uzten bazaio, edo denbora gehiago behar duelako... Beraz, saiatzen gara lanketa hori egiten gurasoekin. Elikadurari begira hainbat faktore hartzen ditugu kontuan; besteak beste, umearen autonomiaren lanketa ere une zehatz horrekin lotzen dugu. Helburua da umeak denetarik jaten ikastea, baina ez momentuan ahal bezala emanda, baizik eta berak ikastea elikagai horiek jaten, gerora begira ere baliagarria izan dadin.

Beraz, umearen garapen orokorrari egiten diogu jarraipena, ez alde fisikoari bakarrik: hizkuntzaren garapenari, harremanak egiteko duen gaitasunari, inguruarekiko duen portaerari, loari... erreparatzen diogu.

Nerabezarora hurbildu ahala ere jarraitzen al duzue prebentzio lan hori egiten?

Nerabezaroa osasunaren aroa dela esango nuke. Lehenengo urteetan gaixotasun ugari jasan ondoren, 6 urtetik aurrera askoz gutxiago etortzen dira pediatrarengana. Adin hauetan, kirola egitean edo jolasean sortutako lesioak izaten dira nagusi, urtean zehar hiruzpalau katarro edo beste prozesu arinen bat; gutxiagotan infekzio edo beste gaixotasun larriagoak.

Azken azterketa fisikoak 10 urterekin eta 14 urterekin egiten ditugu, eta tartean ez diogu haurrari jarraipen berezirik egiten. 10 urterekin kontsultara etortzen denean ikusten badugu bere gorputza aldatzen hasi dela, edo 14 urterekin etortzean ikusten badugu ez duela garapen zantzu argirik.... guk geuk gaia mahai gainean jartzen dugu. Izan ere, 14 urterekin ez bada oraindik garatzen hasi, normala izanda ere ez da oso ohikoa, eta, beraz, imaginatzen dugu ume horrek bere kezkak eta galderak izango dituela. Iruditzen zaigu berarentzat ona izango dela gaiaz hitz egitea; eta nik uste oso lasai gelditzen direla. Lehenengo galdetzen diegu: “Ez zara kezkatuta egon zuk ez dauzkazulako iletxoak-edo?”. Beraiek hasieran mutu gelditzen dira. Azkenean gure lana da gaia mahai gainean jartzea, eta gaztetxoentzako oso onuragarria eta lasaigarria izaten da, azalpenak ematen baitizkiegu: “Ez daukazu iletxorik, baina begira, badaude seinale batzuk esaten dutenak hasita zaudela garatzen, nahiz eta gauzarik nabarienak oraindik ez diren agertu. Beraz hurrengo urtean zehar ikusiko duzu nola garatzen zaren, jada bide horretan zoaz”; hori entzunda, oso lasai gelditzen dira. 14 urterekin lotsa ematen die galderak egiteak, eta gurasoak tartean egoteak ere ez du laguntzen. Normalean 14 urteko azterketa medikura bakarrik etortzera gonbidatzen ditugu.

Prest egoten gara euren garapenaren inguruko zalantzak edo bestelakoak argitzeko. Animatzen ditugu kezkak kontatzera, eta eurei azaltzen diegu zer tratamendu behar duten edo nola zaindu behar diren. Adibidez, eztarriko mina badute, eurek konta dezatela zer gertatzen zaien, eta azalpena ere eurei ematen diegu: “Min handia badaukazu, hartu ahal duzu analgesiko bat, baina zuk ikusi behar duzu zenbaterainoko mina daukazun…” Berdin elikadura edo beste bizi ohiturei buruz: eurek bereganatu behar dute informazioa eta erantzukizuna, protagonista izan behar dira. Autonomia lantzeaz ari gara, eta autonomia emateaz.

Aipatu duzu gaitz infekziosoek nabarmen egin zutela behera 60ko hamarkadatik aurrera, txertaketa zabaltzearekin batera. Gaur egun, ordea, auzitan jartzen da txerto horien lana. Pediatriaren ikuspegitik, nola ikusten duzu auzia?

Eztabaida ziur asko txertaketa bezain zaharra da. 60ko hamarkadan txertoen onurak gehiago ikusten ziren, orduan bizi zen jendeak ezagutu egin baitzituen gaixotasun infekzioso horiek. Gaur egun, ordea, desberdina da: txertoen bidez prebenitzen diren gaitzak ez ditugu ezagutzen; polioaren azken kasuak, adibidez, 60ko hamarkadan jaiotakoen artean gertatu ziren gure inguruan, harrezkero ez da egon kasurik. Baina txertorik ez dagoen herrialdeetan eta, gainera, bizi-baldintzak beste arlo batzuetan ere eskasagoak direnean, gaixotasuna hor dago, bizirik.

Kontua da beldurra galdu diegula gaixotasun horiei, jada ez ditugulako ikusten gure artean. Baina nik uste txertoen funtzioak gaur egun ere inportantea izaten jarraitzen duela, gertatuz gero gaitz infekzioso gehienak oso larriak izan daitezkeelako, eta gertu dauzkagulako. Kontuan hartu gaur egun migrazio-fluxu handiak dauela eta zenbait herrialdetan helduak nahiz haurrak txertatu gabe daude. Beraz, oso erraza da gaixotasun horiek berriro agertzea gure artean.

AEBetako eta Europako zenbait zonaldetan, bizi-baldintzak onak diren arren, arrazoi desberdinengatik txertaketa kopuruak jaitsi direnean, berriro ere gaitz horiek gora egin dute. Gertuko adibidea dugu aurten Berlinen gertaturikoa. Elgorriaren epidemia bat egon da, 80 kasurekin. Berez gaixotasuna ez da erabat larria, baina umeetako bat hil egin da. Europan, Alemania batean, Berlinen, gaur egun, txertaketa eskura egonda, horrelako kasu bat edukitzea, adierazgarria iruditzen zait. [Elkarrizketa Katalunian difteria kasua agertu aurretik eginikoa da].

Zergatik daude auzitan txertaketak, orduan?

Txertoari beldurra diotelako zenbaitek, edo pentsatzen dugulako gaixotasun horiek antzinakoak direla. Gaur egun hemen estaldura handia daukagu, biztanleen % 95a txertuta dago. Beraz, kasu bakanen bat agertuta ere, artalde efektua sortzen da eta txertatutako biztanleriak muga jartzen dio gaitzari; gaixotasun hori ez da zabaltzen modu naturalean zabalduko litzatekeen moduan. Ondorioz, gehienetan ez ditugu ikusten kasuak eta antzinako kontua direla pentsatzen dugu.

Txertoekiko beldurra beti egon da hor, baina ez du batere lagundu duela urte batzuk elgorriaren kontrako txertoarekin gertatu zenak: AEBetan argitaraturiko artikulu batek elgorriaren kontrako txertoa autismoarekin lotzen zuen. Izugarria izan zen sortu zuen beldurra, eta ondorio bi izan zituen: alde batetik, beldurragatik jende askok uko egin zion txertoari; eta, bestetik, komunitate zientifikoak ikerketa egin zuen artikuluak esaten zuenak fundamenturik ba ote zuen jakiteko. Bi edo hiru urteko ikerketa ondoren ikusi zen ez zegoela arrazoirik esateko lotura dagoela txertoaren eta autismoaren artean. Gainera, esaten denez, bazegoen artikulu horren atzetik bestelako interesen bat, ekonomikoa edo... Nahiz eta aspaldiko kontua izan polemika hori, gaur egun arte utzi du arrastoa, eta oraindik ere txertaketaren kontrako argudioetako bat hori izaten da, autismoarena.

Dena dela, txertoaren inguruko eztabaida uste dut onuragarria dela. Bai jendartean dagoena, bai medikuen artean egiten duguna. Munduko Osasun Erakundetik informazioa iristen denean, guk ere galbahetik pasatzen dugu informazio hori pazienteei eman aurretik, eta gure artean ere eztabaidatzen dugu. Manipulazioa alor askotan egongo da, baina nik uste dut, hala ere, industria farmazeutikoa lanean hasten denetik produktua edo informazioa gizarteratu orduko, galbahe asko pasatzen dituela. Beraz, konfiantza izan behar dugu.

EAEn behintzat badago txertaketa kontuak aztertzen dituen batzarra, bertako profesionalekin osatua, eta gai horietan Eusko Jaurlaritzari eta Osakidetzari aholku ematen diotenak; gure hurbileko jendea dago batzar horretan, lankide izan dena edo erreferentzia profesionalen bidez ezagutzen duzun jendea. Beraz, nazioartean nahiz Espainian edo Frantzian erabakitzen denaz harago, hemen ere pasatzen du beste galbahe bat txerto bakoitzak. Desadostasunak egon badaude, baina oro har txertaketa-egutegia nahiko kontrastatuta dago.

Beldurraren ordez, konfiantza, beraz.

Teknologia berriei esker txertoen eraginkortasuna handitu egin da, eta, albo-ondorioak, berriz, gutxiagotu; txertoak seguruak direla esan genezake. 0 arriskua ez da existitzen , baina txerto bat egutegian sartzen denerako, argi ikusi behar dugu segurua dela, gaitzak modu naturalean sortu ditzakeen arazo larrien aldean.

Txertoen inguruan beste kontu bat argitu nahi nuke: txertaketa egutegia betetzea ez da derrigorrezkoa, hautazkoak baizik. Prebentzio neurri bat den heinean eta gaur eguneko egoera epidemiologikoa mantentzen den bitartean, gurasoen erabakia izan behar da. Gure egitekoa oinarri zientifikoa duen informazioa ematea da. EAEn txertaketa estaldura mailak %95ekoa izateak erakusten du badagoela konfiantza. Horri esker lortu da gaixotasun hauek kontrolatzea.

Gaitz infekziosoak desagertu bai, baina gaixotasun berriak agertu dira modernitateak ekarri duen bizimoduarekin lotuta: sedentarioagoak dira gure haurrak, eta obesitatearen gisako gaixotasunak agertzen hasi dira.

Bai, gero eta gehiago, eta arazo bat da. Aurten argitaraturiko datuen arabera, 0 eta 14 urte bitarteko umeen %22,5ek dute gehiegizko pisua. Hemen azken 10 urteetan hasi gara ikusten gehiegizko pisuaren eta obesitatearen fenomenoa, eta, bide hori hartzen badugu, gehiagora joateko arriskua dago; kezkagarria joera bera da, hartu dugun bidea. Zuk diozun moduan, ohitura sedentarioekin eta elikadura eskasarekin lotuta dago: batetik, gero eta denbora gehiago pasatzen dute telebista eta ordenagailu aurrean, eta, bestetik, gora egin du gantz nahiz azukre ugari duten jaki-edari hiperkalorikoen zaletasunak.

Pediatrok aholkuak eman ditzakegu, ohitura osasuntsuak sustatu, baina benetan arazoan eragin nahi badugu, gizarte-politikak ere landu behar dira osasun-politikekin batera.

Nerabezarora hurbildu ahala, berriz, gaitz emozional eta psikologikoez gero eta gehiago entzuten da, haur hiperaktiboak direla edo ez direla…

Gaitz emozionalak gero eta ohikoagoak dira, gure kontsultaren zati handi bat hartzen dute arazo psikosozialek edo emozionalek; batzuetan arazo organiko batekin lotuta egon daitezke, eta besteetan ez. Eman dezake umeek gero eta arazo emozional gehiago dutela, baina esango nuke askotan umeen emozioak kudeatzeko arazoak direla, besterik gabe. Batzuetan haurraren emozio bat arazo bihurtzen da, eta hori da kontsultara iristen zaiguna.

Emozio arrunt bat arazotzat hartuta?

Hori da. Emozio arrunt bat, tristura edo frustrazioa adibidez, arazo gisa hartuta. Zergatik? Ez dakigulako emozio hori kudeatzen; edo ez ditugulako onartzen, edo lehen agian beste modu batera kudeatzen zirelako kontu horiek... Emozio arruntak kudeatzeko ezintasuna ikusten dut. Gainera, gerta daiteke lehenengo unean ez badira modu egokian kudeatzen azkenean benetan arazoa bihurtzea, eta orduan beharbada bai beharko dela profesional baten laguntza emozio hori bideratzeko.

Medikalizazioa izaten da batzuetan arazo horiei ematen zaien konponbidea.

Hiperaktibitateaz asko hitz egiten da zehazki, hedabideetan eta. Nik uste ez dela berdina ume aktibo bat, agian gehiegi ere mugi daitekeena, eta hiperaktibitatea kontzeptu neurobiologiko edo gaixotasun gisa. Gauza bat da sintoma: umea mugitua izatea, ez jakitea noiz dakogion geldirik egotea eta antzerakoak. Baina lehen ere baziren ume mugituak eta orain ere badaude, eta hala badira hobeto, umeak behar du mugimendu pixka bat!

Hala ere, uste dut hiperaktibitatea desoreka edo gaitz gisa existitzen dela, baina kasu zehatzak dira, oso ehuneko txikia da. Zein da diferentzia? Haurra oso mugitua bada, zergatik aztertu beharko da: aitona galdu berri duelako eta emozio nahasiekin dabilelako; edo inork ez daukalako denborarik berari eskaintzeko eta berak atentzioa behar duelako... edo benetan hiperaktiboa delako. Sintomatologia nahasgarria izan daiteke, baina desoreka hiperaktiboaren diagnostikoa egiteko beste hainbat sintoma ere izan behar ditu umeak.

Bestalde, ume gehiegi daudela medikazioarekin? Ez da hori kontsultetan daukagun datua, pertzepzio kontu bat izango da. Kezka hori zehaztu nahian Durangaldeko pediatrekin ikerketa bat egin genuen, ikusteko zenbat haur dagoen desoreka hiperaktiboaren botika hartzen, eta, emaitzen arabera, prebalentzia txikia da gurean. Gainera, desoreka hiperaktiboa duen haurrak asko sufritzen du eta laguntza behar du; umeak berak, baina baita familiak eta inguru guztiak ere. Eta, botika lagungarri izan daitekeen neurrian, erabilgarria da beste hainbat terapiarekin batera.

“Umearen autonomiaren gaia ez da behar bezainbeste landu izan”

Autonomiaren lanketa adin guztietan bultzatzen duzue, beraz.

Autonomia lantzearena, zein inportantea den! Etxean landu behar da haurrarekin, baita osasun kontuetan ere. Pediatrok lagundu egin behar dugu horretan: sumatzen dugunean ez dela errazten umearen autonomia etxean, pediatrak ohartarazi egin behar du familia, txiki-txikitatik.

Osasun kontuetan ere oso inportantea da umearekin hitz egitea, adin bakoitzak dituen aukeren barruan. Tripako mina daukala? Gurasoak kontatuko dizu zer gertatzen zaion, baina umeak ere kontatu dezala, zeren beste modu batera kontatuko dio gurasoari edo niri. Umeak zuzenean eta momentu horretan esaten dionetik pediatrak informazio handia aterako du. Txikitxoekin ere ariketa bera egin behar da, modu horretan pixkanaka-pixkanaka umea ezagutzen baitzoaz.

Osasun kontuetan ere autonomia landu behar dela diozu, zergatik?

14 urterekin pediatria utzi eta familiako medikuarengana pasatzen dira haurrak, eta kontuan hartu 16 urterekin osasun arloan adin nagusitasuna lortzen dutela, nahiz eta ikuspegi judizialetik adin txikikoak izan 18 urte bete arte. Horrek esan nahi du informazioa pazienteari berari, nerabeari berari, eman behar diogula medikuok edozein osasun arazo izatean, eta erabakia berak hartu behar duela.

Dena dela, hiru salbuespen egoera daude: bata, nerabeak haurdunaldia eten nahi duenean, abortatu, alegia; bigarrena, ikerketa medikuak egiteko; eta, hirugarrena, lagundutako ernalketa egin nahi badu. Hiru salbuespen egoera horietarako gurasoen baimena behar da 18 urte bete arte. Bestela, edozein prozedura mediko edo kirurgiko egiteko baimena, izan ahozkoa edo izan idatzizkoa, pazienteak berak eman behar du 16 urtetik aurrera. Esaterako, gurasoak eta pazientea ez badaude ados arazo medikoaren aurrean hartu behar den erabakiaren inguruan, nerabeak du azken hitza osasun kontuetan. Konturatu behar gara horrelako erabaki inportanteak hartu behar baditu 16 urterekin, horretarako autonomia txiki-txikitatik landu beharreko kontua dela.

Bestalde, badago kontzeptu legal bat 12-16 urte artekoak definitzeko, Adingabe helduak deitzen dena: horren arabera, arazoak badaude gurasoena da azken erabakia, baina adingabeari berari galdetu egin behar zaio, eta bere erabakiak entzun egin behar dira. Erabakimenak ondorio oso larriak ez baditu, oso inportantea litzateke nerabeak adierazi duenari kasu egitea. Azken batean, nerabearen erabakia kontuan hartzeak eta errespetatzeak gizartearen heldutasuna erakutsiko luke.

Gizarte gisa, landu egin behar dugu autonomia hori: nagusitasun legalera iristean ume hori gai izan dadila erabakiak hartzeko. Izan ere, etxeko eguneroko gauzetan ez badugu autonomia lantzen, gero nola eskatuko diegu erabakimena 16 edo 18 urtegaz? Azken batean etxekoen, pediatron eta eskolaren ardura da umearen autonomia lantzea txikitatik, bai bere elikaduran edota bai bere higinean erabakiak hartzera bultzatuz.

Gabeziak ikusten dituzu eremu horretan?

Umearen autonomiaren gaia ez da behar bezainbeste landu. Adibidez, kontsultan 9 hilabetegaz esaten diegu gurasoei, “orain arte pure eginda eta koilaragaz jan duena hemendik aurrera sardeskarekin jan dezala, zatitxotan egin eta pixka bat zapaldu ondoren”. Baina etortzen dira urtebeterekin eta oraindik purea jaten ari dira umeak. Nik esaten diet aukera aprobetxatzeko, umearen garapenean orain dela momentua aldaketa hori egiteko. Alderdi kognitiboa eta emozionala momentu batean albora utzi eta ez badituzu lantzen, gero gabezia eduki dezake. Funtzioak egiten du egitura arlo kognitiboan, beharren arabera sortuko da neurona. Eta ez da epe bat jartzearren, baina adin bakoitza aprobetxatu egin daiteke garapen jakin bat egiteko, eta hori erakutsi eta bultzatu egin behar da haurrarengan.

Beti ere erritmoak errespetatuz, ezta?

Ume bakoitza diferentea da, haur batzuek denbora gehiago behar izaten dute, baina gakoa da umearen ondoan egotea, aurrera egiten laguntzea. Askotan gurasoek kontatzen digute eskolako jantokian zelako ondo jaten duen umeak, eta han ari dela ikasten; ondo da, baina komeni da etxean ere lantzea han egiten duena.

Hasteko eta behin, zeurekin ipini jaten, otorduetan ez eman umeari aparte jaten. Lehenengo urtean bai, umearen ordutegiak oso diferenteak izango baitira, baina hortik aurrera jarri mahaian zeurekin, besterik ez bada afalorduan. Ipini aurrean jan ditzakeen gauzak eta joango da hartzen, utzi berari. Ez ipini kantitate bat aurrean pentsatuz “hau dena jan behar du”. Ez badu nahiko jan, gero osatuko duzu esnearekin edo beste zerbaitekin. Gurasoei ikusita ikasiko du umeak jaten.

Dena dela, ariketa hori ez da egiten normalean, eta autonomiak arlo ezberdinetan ze inportantzia daukan nabarmendu nahi nuke.