Arriskua, hanka sartzea, akatsak egitea..., jolasa eta gozamena bezalaxe, sortze-prozesuaren parte ezinbesteko dira, baita ikasteko eta bizitzeko ere. "Badakit bizitza ez dela beti horrela, baina saiatu behar gara gauzak gustura egiten, gozatzen".

Umetan, baporea botatzen zuen tren bat zuten etxean; bapore hura nondik ateratzen zen ikusteagatik tripak atera zizkioten trenari. Hala segitzen du Manu Mniategiandikoetxeak (Bergara, 1966), margoaren edo eskulturaren bidez errealitateari tripak ateratzen; galderak eta erantzunak bila-tzen, haurrek duten jakin-minarekin. Guggenheimeko Artea Ikasbide hezkuntza proiektuan irakasle dihardu urtetan haurrekin, ikasten. Jorge Oteizaren hitzak bere eginez, artistek eta umeek gertu egon behar dutela uste du, “gizartea aldatuko genuke”.

Artea Ikasbide hezkuntza proiektuaren helburuak, “mundua askatasun eta irudimen handiagoz begiratzea” edota “artea errealitatea deskubritzeko, esploratzeko eta ulertzeko tresna bihurtzea...” dira, besteak beste. Esperientzia honetako haurrek nolako gerturatzea izaten dute artearekiko?

 

Umeek ez daukate aurreiritzirik, ezta artearekiko ere, eta ez daukate inongo arazorik guk helduok dauzkagun balore eta estamentuetatik alden-tzeko. Nahiz eta gauzak konplexuak izan, kontzeptuetan argia baldin bazara, naturala baldin bazara, umeek jaso egiten dute azaltzen diezun guztia, inolako problemarik gabe, eta irekitzen diezun ate horretatik sartu egiten dira, artearen mundura. Nik horrela ikusten dut neure burua Artea Ikasbide proiektuan,  pentsatzen dut ni naizela beraiek arte munduarekin daukaten zubia, beraz, naturaltasunez irekitzen badiet atea, beraiek errazago pasako dira. 

 

Helduok askotan pentsatzen dugu umeei gauza sinpleak eman behar zaizkiela, ipuin sinpleak irakurri behar dizkiegula, edo ez dutela artea ulertuko... eta ez da hala. Umeek ez daukate gauza konplexuak deskode-tzeko arazorik, euren moduan egingo dute,  hizketan jakin gabe ere egin gabe, ulertu egiten dute. Harkaitz Canok dio bere aitak, txikia zenean, On Kixote irakurtzen ziola... 

Nolako irakaslea zara?

 

Ni ez naiz maisua, ez dakit jendea eserita entzuten formal edukitzen... nik gauzak egiten dakit. Ez dut uste liburuetakoa bere horretan azalduz ikasten denik. Nik neuk, irakasleengandik gehien ikasi dudana pasioz transmititu didatenean izan da. Historia adibidez; nik historia azaldu behar badut, ez dut modu eskematiko batean azalduko, baizik eta niri gai hori zergatik interesatzen zaidan azalduko diet, niri gustatzen zaidana transmitituko diet, zer ikusten dudan hor, zergatik maite dudan... Uste dut hori dela benetan haurrei iristen zaiena. 

 

Hezkuntza sistemak, etekin batzuk ateratzeko egina dagoenez, bide asko apurtu egiten ditu, zikiratzailea da, eta aurretik eramaten ditu umeak dituen gaitasun izugarri eta balore asko. Halaxe pentsatzen dut. Curriculumak eta eskolak betebehar batzuk dituzte, baina ez diete erantzuten umeen behar naturalei. Ni eskola batera sar-tzen naizenean ezarrita dagoen hori guztia apurtzen saiatzen naiz. Asko balioesten ditut arriskua eta akatsa, baina ume askok beldurra izaten diote oker egiteari. Nik beti esaten diet, akatsik gabe, eta hanka sartu barik ez dagoela aurrera egiterik. Ez da posible. 

 

Irakasle bezala, bestetik, saiatzen naiz indibidualki baino gehiago kolektibitatea lantzen: zuk egin duzuna eta nik egin dudana batuz beste zerbait egiten... Haurrak etapa batean ni-ni-ni-ka aritzen dira, euren nortasunaren parte bat da, baina nire lana besteekin harremanean lan egiten ikasten laguntzea da, besteek egin dutena baloratzea, eta ez juzgatzea; artistak denok garela ikusaraztea, egile bezala eta potentzialtasun bezala denok dugula sormena, eta baliatu egin behar dugula beste bide batzuetatik ibiltzeko arteak eta sormenak eskaintzen dizkiguten aukerak.

Zer nolako bidea eskaintzen die arteak haurrei?

 

Artea norbere bidea bilatzeko tresna bat da, eta umeari bere izaera onar-tzen laguntzen dio; horrek, ordea, bere alde onak eta txarrak ditu. Nik nire modua daukat, adibidez, ideiak ordenatzeko, beti listak egiten ditut... baina beste batek beste modu batera ordenatuko ditu pentsamenduak; bakoitzak bere metodoa topatu behar du. Ezin diozu erakutsi pertsona bati gauzak nola egin behar dituen, zuk lagundu egin diezaiokezu bere modua bilatzen, baina erakutsi ez; ezta irakasleak ere. 

 

Ume asko daude eskola arruntetan jartzen zaizkien betebeharretara ez direnak moldatzen, eta aldiz, juiziorik ez dagoenean, ondo edo gazkirik ez dagoenean, puntuaziorik ez dagoenean ondo moldatzen direnak. Ez dago umerik trebea ez denik, zerbaitetan izango da trebea, kontua da bilatu eta aurkitu egin behar dela zertan den trebea haur bakoitza. 

Jolasteko aukera ematen dizu arteak?

 

Arteak badauka ‘ludo’ horretatik, joko bat da baina, aldi berean, ispilu batean begiratzea bezala da, eta tentel aurpegia ikus dezakezu, zure ahalmena mugatua dela jabetu zaitezke.  Artea bide gogorra da, lana egin behar da. Baina lana, zure lana gustukoa baldin bada, lan erdia da. Nik iratzargailua jartzen dut estudioan, bestela denbora joaten zait, tripako mina ere ez dut sumatzen gosea dudala... gaueko hamarrak arte lasai aritu naiteke lanean zer ordu den jabetu gabe. Kreatibitate horretan sartzen naizenean askatasun osoz egiten dut. Gustura baldin bazaude hori egiten ez dago ordutegirik. Badakit bizitza ez dela beti horrela, baina saiatu behar gara gauzak gustura egiten, gozatzen. 

Eta nola gorde, nola mantendu potentzialtasun hori? Txikitako ekimen horri nola eutsi helduaroan/gaztaroan?

 

Artista eta umeen arteko gertutasuna lortuko zukeen zerbait eginez gero gizartea aldatuko genuke, Oteizak esaten zuen. Ekimen hori helduak garenean har-tzea ezinezkoa da, horregatik, nire ustez, artistok haurtzaroan egin beharko genuke lan, artistak eta haurtzaroa gerturatu beharko lirateke. Haurren lanak erakutsi beharko lirateke eskoletatik kanpo, eta horri buruz hitz egin. Haurrek artistekin hitz egiteko ohitura zabaldu beharko genuke, euren hizkuntza ulertu, egiteko modua ezagutu... Ez dut esaten denok izan behar dugula goi mailako artistak, baina norbere gaitasunak kontuan hartzeak mesede handia egingo liguke.

 

Orain garrantzi handia ematen zaio elikadurari, eta kirola egiteari ere bai, bada niretzako beste atal bat sormena izango litzateke. Burua beti ematen egotea, ez bakarrik hartzen aritzea. Denok egin beharko genuke ariketa mental hori, sormen-lan hori. Garai batean formazioa karrera bat ikastea zela pentsatzen zen, orain formazioa bizitza osoko zerbait dela onartzen dugu, bada, nik uste dut sormena ere hala dela, bizitza osorako zerbait, ez bakarrik alderdi indibidualean, baita sozialean ere. 

Sortzaile izatea, artista izatea, jarrera bat al da?

 

Norbere burua elikatzera behartzea, hori da artista izatea. Artea da bizi garen errealitate honen irakurketa bat egiteko eta erantzun bat emateko tresna. Eta, era berean, galderak egiteko tresna bat ere bada. Ez da gauza politak egiteko zerbait; nik horretan ez dut sinesten. Bizitzeko erreminta bat da, norberak asmatutakoa, gizaki egiten gaituena, gauzak esanaz, bai plastikotasunean, hitza, ekintza...  Mugak zalantzan jartzeko mekanismo bat da artea. Horregatik gustatzen zait hainbeste ipuinekin jolastea. Umeei, oro har, ipuina beti berdin kontatzea gustatzen zaie; niri aldatzea gustatzen zait: hartu Txanogorritxo eta umea bera barruan sar-tzea... Edo Txanogorritxoren ipuinean hiru txerritxoak sartzea... “Ez aita horrela ez da”, “zergatik ez?”. Lehenengo ipuina den bezala entzun nahi izaten dute, behin eta berriz, mundua interpretatzeko. Baina behin jolas gisa hartzen dutenean, ipuinaren tripak ikusten dituzte, ipuinaren bukaera alda dezaketela ikusten dute, eta horrek balio handia dauka. Gure egitekoa, mundu hori zalantzan jartzea da; edo gutxienez, ikusaraztea gauzak ez dituztela hala egiten eurek nahi dutelako, baizik eta gizarteak bultzatuta, bere gauza onekin edo txarrekin. Tripak ikusten dituztenean  kriterioa jasotzen dute. 

 

Harreman estua dut Mendirekin [Juan Luis Mendizabal artista zarauztarra], laurogeita piko urte ditu eta beti marrazten ari da. Umeekin ikaragarrizko harremana du... asko marrazten du eta asko idazten du. Esaten du ezin duela hil oraindik proiektuak dituelako egiteko. Buruz ikaragarri aktiboa da eta  ez da gelditzen; hori da artista izatea. Eta horrek bizitzako arlo askotarako balio dizu, oso jarrera osasun-tsua da sormena, indar handia ematen dizu. Baina sortzaile izan zaitezke arte plastikorik egin gabe, ortuan, kalean... Kontzeptuak fisikotasun batekin nahasten badira, eta txikitatik lantzen baldin bada hori zure nortasunaren eginkizun bezala, ederki! 

Txikitatik hasi zinen margotzen eta gaur arte. Haurraren ekimena bizirik ikusten da zugan... ikerlari, ingeniari...

 

Ni txiki-txikitatik hasi nintzen marrazten. Nire aita margolaria zen, eta nire etxean oso babestua eta bul-tzatua egon zen sormena; anaia ere arkitektoa da. 6 urterekin akademia batean nengoen, baina ez nuen bereziki ondo marrazten; ni baino askoz hobeak zeuden. Nik oso ondo pasa-tzen nuen pintatzen, eta asko gusta-tzen zitzadain margotzea. 

 

Batzuek diote, “zeinen ondo margo-tzen duen nire semeak!”. Eta haurrek ere, koadro bat egiten dutenean zera galdetzen dute:, “ondo dago?”, artean ez dago ondo eta gaizkirik. Artea ez da ondo marraztea; niri hori ez zait batere interesatzen. Ni, irakasle bezala, ez naiz fijatzen zer egiten duen paperean, fijatzen naiz umea margotzen ari denean —edo berdin dio irakur-tzen edo beste lanen batean—, adurra dariola dagoen ala ez, eta lagunak aldamenetik hizketan ari zaizkiola eta ez dela konturatzen, hori da ‘problema’, artista izateko bidearen hasiera. Autista puntu bat daukagu: interesa-tzen zaigun horretan kontzentratzen garenean ez zaigu ardura denbora. 

 

Artista bezala, ahalegintzen nahiz erakusten jendeak ikusten ez duen hori; jendeak koadroari begiratzen dio, bukatutakoari, niretzako hori tentel-keria bat da, niri prozesua interesa-tzen zait, artistak egiteke laga dituzten lanak. Hor ikusten dira tripak. Guk txikitan baporea botatzen zuen tren bat eduki genuen, apurtu egin genuen ikusteko nondik zetorren kea. Nire lana hori da. 

Artean ez dagoela ondo edo gaizkirik diozu, baina zure ibilbidearen hasieran garrantzia handia izan zuten sariketek, eta hor epaimahai bat zegoen, zer zen zer baino hobea esateko.

 

Sariketen espezialista nintzen.

Esanahi duzu bazenekiela nola irabazi behar ziren sariketak?

 

Hori da. Lehiaketa bat ez da gauza ireki bat. Nik, adibidez, kaleko paisajeak margotzen nituen. Adibidez, Bilboko sariketa baterako: irakurri zein den epaimahaia, badakizu, beraz, es-katzen duen epaimahaiak, eta, horretara gerturatzen zara. Ni espezialista izan naiz konkursotan: koadro zatarrekin irabazi izan dut.

Beste artista batzuen lanak iturri izan dituzu, Alexander Rodtxenkoren obraren gainean egin duzu lan, esate baterako... Umeenak iturri gisa erabiltzeko tentaziorik izan duzu?

 

Nik egiten dudana, beste artisten obraren inguruan lan egite hori, artista guztiek egiten dute; Picasso zen kanibalena: txarra ez zitzaion batere interesatzen, baina lapurtzeko zerbait baldin bazegoen, hura zen lehenengo lapurra. Nik esan egiten dut, tripak erakusten ditut. Sormena ez da airetik etortzen, baizik eta ikusten duzun horretatik. Buruan duzun horren bila bezala zabiltza, ispilu baten bila, baina gero ispilu horretan zeure burua ikusiko duzu. 

 

Umeen gauzak hartzen ditudan? Nik egiten dudana da benetako lana eurekin. Esaten diet zertan nabilen, zein prozesutan nagoen, eta eurak nire lanean sartzen dira. Umeek egindako lanek,  Guggenheimen dauden gauzak, eta nire lanek elkarren artean oso lotura estua dute; edo ni ari naiz umetzen edo umeak datoz nigana. Lanak benetakoak izateko eta benetako intentsitatea izateko, ezin dira parodia bat izan. Benetakoak dira.  Ez  zara ari antzezten lan bat egin behar duzula, ez, benetan ari zara lanean. Lan horiek nireak bezala hartzen ditut, eta Zarauzko ikasleenak berdin. Iritsi gara konpromiso maila batera, non eurek egindako lanak edozein lekutara neure atal bat balira bezala eramango nituzkeen. 

Sarri kolokan, artistak betidanik egon dira ziurgabetasunari oso loturik. Segurtasun eza nagusi da gaur egun maila sozioekonomikoan, kasu, hezitzaileek gero eta maizago diote gaur eguneko umeek etorkizunean zertan lan egingo duten ezin dela jakin, eta hezitzailea dela ziurgabetasun horrekin bizitzen ikasten lagunduko dien pertsona. Badugu zer ikasia artistengandik, ezta?

 

Ziurgabetasuna onartzen hasi beharko dugu. Gu, artistok, hor bizi izan gara eta hor bizi gara. Ziurgabetasun hori onartzen ez duenak, normalean utzi egin du artea. Agian jarraituko du sortzen, baina beste lan bat edukiko du. Ezjakite horretan bizi zara, eta familia bat edukitzea, adibidez, oso arriskutsua da. 

 

Nik  umeei esaten diet artea dela ez dakizuna ez dakizun bezala egitea. Beti egon behar zara ahalegintzen, arriskatzen, akatsak egiten... Bizitza hori da, ez dakigu bihar zer gertatuko zaigun. Euskaldunok lotura gogor batzuk ditugu, familia, sustraiak, fedea... onerako eta txarrerako, horrek indar handia ematen digu, baina beste gauza asko kentzen dizkigu. Niretzat hori guztia desakralizatu egin behar da. Dena aldatzen ari da... Ez dakigu gure seme-alabak non biziko diren, zeinekin, hiru bikote edukiko dituzten... neska, mutilak... bakarrik biziko diren... Nik beti esaten diet, garrantzitsua ez dela lanbidea,  kontua gustura aritzea dela, eta harremanak benetakoak izan daitezela.  

 

Momentu hau txarra da, oso txarra, arte mundurako. Sormena borborka dago, baina ekonomikoki oso zaila da, horrexegatik ere, ekonomia ez den beste helduleku batzuk behar ditugu.