Gero eta gehiago dira gurasotasunari leku egin nahi dioten aitak, laguntzaile ez, baizik eta “erabateko aita” izan nahi dutenak. Emakumearen jardunaldi bikoitzak, familia-egitura berri murritzak eta gizonaren jabekuntza-prozesuak sortu dute aita berria.   

“Ez nuen nire aita bezalakoa izan nahi. Ez nuen absente dagoen aita bat izan nahi, hornitzaile hutsa, egun osoa tailerrean ematen zuena. Bere lanaldia amaiturik, lagunekin basoerdi batzuk edatera joango zena egunero, eta afaltzeko orduan etorriko zena etxera”. Iñaki Kasaresen hitzak dira. “Alderantzizkoa eman badezake ere, gizon ona zen gure aita. Guretzako onena gura zuen, eta bizia ere emango zukeen gure alde. Bere garaiko eta tokiko gizona zen”.

 

Duela 10 urtetik da guraso Kasares, 2003ko abenduaren 25ean jaio zen Joana alaba. “Erabateko aita” izan nahi zuen: “Zaintzari garrantzia eman nahi nion, gizakion arteko harremanik ederrena elkar zaintzea dela pentsatzen baitut. Maitasuna ematea eta maitasuna hartzea, horixe da aitatasuna. Zaintzea (hala bere burua nola besteak), sentitzea, jostatzea, laguntasuna, alaitasuna, hurbiltasuna... gizatasuna da”. Kasaresek aitatasunari buruzko blog bat dauka duela bost urtetik
‘www.guraso.com’ atarian.

 

Gero eta gehiago dira gurasotasunari euren bizitzetan protagonismo handiagoa eman nahi dioten gizonezkoak. Eskola atarian, parkean gero eta ugariagoak dira aitak, baina baita bainatzen, afaria ematen, pardelak aldatzen ari direnak, seme-alabekin jolasten direnak, entzuten dietenak eta erabakiak hartzen dituztenak ere. Aldatzen ari baita aita izateko modua, orain aita direnen aiten garaitik hona. Aitatasunari buruz baino,  aitatasunei buruz hitz egin behar da gaur egun. Batetik, aitaren egitekoa oso modu diferentean uler dezaketelako auzo bereko bi gizonek; baina baita familia-egiturak aldatzearen ondorioz, biologikoak ez diren aitek (adoptiboek nahiz bikotekidearen seme-alabak hezten eta maitatzen dituztenek) ere sekula izan ez dituzten rolak betetzen dituztelako. Aitatasunen barruan, mAitatasunaz hitz egin liteke gaur egun, Igor Elortzaren hitzak ekarrita.

 

Alabaina, fenomeno minoritarioa da oraindik, bai kopuruz, baina baita antolaketaz, teorizazioaz eta hausnarketari dagokionez ere. Kasaresek guraso.com-en idatzi dituenetik aparte, ezer gutxi dago Interneten aitatasunari buruz euskaraz. Google-rentzat, aitatasun-baimena, aitatasun-probak edo aitaren kustodia dira erreferentzia bakarrak. Arlo akademikoan ere oso urriak dira aitatasunari buruzko ikerketak Euskal Herriko testuinguruari dagokionez. Dauden apurrek, gainera, alderdi kuantitatibotik begiratzen diote aita izateari, kanpoan utziz ikerketa kualitatiboek landuko lituzketen alderdi emozional, psikologiko edo afektiboak —bai aitari dagozkionak, nola familiari, seme-alabei eta gizarteari, oro har—. Nazioartean 2000ko hamarkadan hasi zen aitatasun-eredu berriez edo aita aktiboez asko idazten, nahiz eta fenomenoa lehenagokoa izan. Ikerketa horiek aitatasun-eredu berri honen ondorio positiboei egiten diete erreferentzia: batetik generoen arteko  harreman pertsonal eta sozial orekatuagok dakartza; baita aita absentearen lekuan aita kontziente bat edukitzeak haurraren garapen psikosozialean daukan eragin positiboa ere;  eta baita aitentzat eurentzat aberasgarria dela euren seme-alaben zain-tzaz arduratzea, pertsonalki garrantzitsuak diren dimentsioak —hala emozionalak nola komunikatiboak— garatzen laguntzen baitie. 

 

Euskal Herrian Raquel Royo Prieto Deustuko unibertsitateko soziologoak egin du berriki aitatasunaren ikerketa bat Emakunderentzat eginiko ‘Maternidad, paternidad y conciliación en la CAE’ ikerketan. Ikerketaren objektua kontziliazioa den arren, aitatasunaren eta amatasunaren esanahi kulturalak aztertzen ditu, bi instituzio horiek botereak baldintzaturiko eraikuntza sozial eta historiko gisa aztertuz, eta ez datu biologiko eta fenomeno natural soil gisa.  Arreta berezia jartzen du azken hamarkadetan gizonezkoek euren seme-alabekiko gero eta gehiago inplikatzeak aitatasunean eragin duen aldaketan. Aita berriei buruz hitz egiten du soziologoak, eta engaiamendua aipatzen du aita berri horien ezaugarri nagusi gisara. Royo Prietoren arabera, aita berriak euren seme-alaben zaintza eta maitasuna partekatzeko prest dauden aitak dira, eta bikotearen barruan, seme-alaben zaintzan modu orekatuan parte hartzen dutenak.  Dena den, aldaketa hau geldoa eta graduala dela dio, “eta horrek, haatik, ez du esan nahi amatasun eta aitatasun parekidea ditugunik”. 

 

Joxe Ramon Mauduit psikologo eta prebentzioan aditua eta Xabier Odriozola antropologoa lekuko pribilegiatu izan dira aitatasunaren aldaketa honetan. Mauduitek Donostiako Hazi Hezi prebentzio zentroan (ez dauka zerikusirik aldizkari honekin) urteak daramatza aitei euren seme-alaben hazieran parte hartzen laguntzen, bai gizonentzat duen garrantziagatik baina bereziki bikote heterosexualen  haurren hazieran ama bakarrik ez egoteak duen garrantziagatik (bikote homosexualetan ere bikotekide bien parte-hartze aktiboan laguntzen du). Odriozolak, bestalde, hogei urtetik gora daramatza gizontasunaz ikertzen, eta duela 15 bat urte hasi zen aitatasunean sakontzen.

 

Gizontasunaz hausnartzearen ondorioa izan zen, Kasaresen kasuan, aitatasuna modu kontziente batean hartzeko hautua: “Ni gizon tradizionala izan naiz, gehienak bezala. Gizon arruntaren rolak izan ditut aspalditik: konpetitiboa, produktiboa,  emoziorik gabekoa...  Duela 15 bat urte hasi nintzen  neure gizontasunari modu kritiko batean begiratzen, gustura ez nengoelako. Eta horren segida izan zen aita izatea. Bestelako harremana egin nahi izan dut nire alabarekin”.

 

Odriozolaren arabera, kontrako bilakaera ere askotan ematen da, aita bilakatzean gizontasunaz hausnarketa egiten hastea. “Aitatasuna oso momentu egokia da gizontasuna birplanteatzeko. Ume baten jaiotzak sentimenduen eta emozioen munduarekin harreman estu-estuan jartzen baitzaitu eta horrek, askotan, maitasunarekin konektatzera eramaten zaitu”.

Odriozolak deskribaturiko gizonen ahalduntze-prozesu hori izan da aitatasunaren transformazioa ekarri duen faktoreetako bat. “Aitatasunak bestelako gizon izatea eskatzen die askori”, azaldu du Odriozolak. “Gizonezkook lehiarekin eta gogortasunarekin lotutako gizon-eredua izan dugu, eta gizon-eredu horretatik kanpo ateratzea arriskutsua zen, norbere gizontasuna zalantzan jar-tzen baitzen. Gizon-eredu hori oso hertsia da, eta eredu horrek ez digu uzten tarte handirik maitasunarekin lotzeko, zaintza-lanetarako edota harreman psikoafektiboetarako”. Odriozolak ikusi ahal izan du gizon batzuek aitatasunaren bitartez jarri direla harremanetan ordura arte ia ezazagun zitzaien maitasun-, afektu- eta sentimendu-mundu batekin.

 

Alabaina, aitatasunaren transformazioa bultzatu duen faktore garrantzitsuena, adituen arabera, emakumea etxetik kanpoko lan mundura inkorporatzea izan da. Familia tradizionalaren oinarriak, eta genero rol tradizionalen bereizketa zurruna aldatzera behartu du emakumea lan munduan sartzeak. Nahiz eta oraindik ere, neurri handi batean egitura sozial eta familiarrak jarraitzen duen sexuen araberako garai bateko lan banaketaren ereduarekin. Eredu horren ondorioz, emakume askok lan-jardunaldi bikoitza egin beharra izaten dute: etxetik kanpoko lana eta zaintzari dagokiona. Etxe barreneko desoreka horrek ekarri du, batetik, gizonek hazieran parte aktiboagoa hartzea, baina ez da arrazoi bakarra izan.

 

Aldaketa ekarri duen beste faktore bat familia-egiturari dagokiona da: sendiak murritzagoak dira gaur egun, garai batekoen aldean. Gizarte-egitura komunitatean oinarritzen zen lehen, eta ez hainbeste norbanakoan. Amaz gain, amona edota izebak zeuden garai batean etxean, etxea ez baitzen bikote bakarraren bizilekua. Garai haietan haurren haziera-lana sendi bereko emakumezkoen artean banatua zegoen. “Amak dagoeneko ez dauka bere amaren, ahizparen, lehengusuaren edo amonaren babesa; baizik eta bikotekidearena bakar-bakarrik —dio Mauduitek—. Etxe horietan bikotekideak lagundu ezean, amak bakar-bakarrik daude, eta horrek ere aitaren parte-hartzea bultzatu
du”. 

Nola izan aita lagungarri bat?

Gurasotza gauza garrantzitsua dela jabetu diren gizonezkoak dira Odriozolak dinamizaturiko gizon taldeetara eta Mauduitengana etortzen direnetako asko. “Orain gizonak ardurak hartu behar ditu giro hori egokia izan dadin haurrak dituen gaitasunak garatzeko, baina orain arte aitek ez dute egiteko hori izan”, dio Mauduitek. 

 

Aitatasuna ardura osoz hartu nahi duten aitak nola egin asmatu ezinda ikusten dituzte bi adituek. Imaginario kolektiboan oraindik tradizio historiko-kulturaletik oinordekotzan harturiko eredua baitaukagu, Kasaresen aitaren garaikideena. Familia-tradizionaleko aitarena. Onartzeko edo baztertzeko, irudimen kolektiboan dagoen aita horrek eragina du gaur eguneko praktiketan kontzienteki edo inkontzienteki, zail baitzaie gizon askori eredu hori bazter utzi eta hazieran parte hartzea.

 

“Nola?”. Hori izan ohi da aitek bai Mauduiti eta baita Odriozolari ere egiten dieten galdera. “Zer egin behar dut aita lagungarri bat izateko?”. Aita asko galduta ikusten ditu Odriozolak, nahi eta borondate handiarekin, baina eredurik gabe. “Euretako askok ez dute eredu hezigarririk jaso, eta heldulekuak falta dituzte”, dio antropologoak. “Haurra jaio aurretik, erditzean.. non egon behar duten jakin nahi dute aitek, zein den beren funtzioa, nola lagun dezaketen. Ondoren, jakin nahi dute umea hartu eta nola antzemango duten gose den, logale den... negarrez hasten denean zer egin, nola kudeatu haurraren behar fisiologikoak, emozionalak, intelektualak... Zalantza handiak dituzte”. 

 

Aitaren egitekoa —euren kezkak garbi erakusten duen eran— haurdunaldian bertan hasten da. Mauduitek ezinbestekoa ikusten du bikotekideak —dagoen kasuetan— haurdunaldian bertan parte hartzea. 

”Sistemak berak bikotekidea baztertu egiten du haurdunaldiko prozesuan eta erditzean ere, ez zaie anbulategietako ikastaroetan lekurik egiten, adibidez, eta erditzean ere ikusle hutsak dira; aldiz, argi ikusia daukagu bikotekidea  haurdunalditik inplikatzen denean eta biek ekipoa osatzen dutenean, ikaragarrizko indarra hartzen dutela unean-unean sortzen zaizkien gatazkei aurre egiteko, eta euren haurrei gaitasunak garatzen laguntzeko”. Ekipo hori osatzean, Odriozolak garrantzia handia ematen dio oinarria harremanek ezartzean eta ez rolek.”Ez dugu osatzen bikotea rol batzuk partekatzeko, baizik eta harreman bat edukitzeko”.

 
-----
erreportaje osoa irakurtzeko: 6. Hazi Hezi