> Nolako dantzak
Hiru multzotan sailkatuko genituzke ikastaroan ikasiko ditugun dantzak: a) Munduko hainbat herrialdetako folklorearekin lotutakoak. Horietako batzuk dantza tradizionalak dira, eta beste batzuk tokian tokiko musika tradizionala oinarri hartuta, gaur egun asmatutakoak ditugu. Oso jatorri desberdinetakoak izango ditugu: Euskal Herria, Frantzia, Errumania, Israel, Austria, Grezia, Eskozia... Jatorriaz aparte, bestela ere dantza bakoitzak bere nortasuna du: batzuek erritmo azkar-azkarra dute, hau da, bizi-biziak dira; beste hainbat geldoagoak dira; batzuk korroan eta bakarka dantzatzekoak dira; beste zenbait, berriz, binakakoak... b) Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako haurrekin egiteko modukoak. Horietako zenbait Txingudi ikastolako musika irakasleak sortutakoak dira, eta beste hainbat han-hemenka ikasitakoak. c) Dantza librea. Azken hau eta b) taldekoak saioen hasieran erabiliko ditugu gorputza berotze aldera.Dantza egin, zertarako?
- Lehenik, ondo pasatzeko, bai ikastaroan bai ondoren, dantzak eskolatzen ditugunean. - Erritmoa lantzeko. - Elkarren arteko harremanak estutzeko. - Hainbat herrialdetako folklorea ezagutu eta ezagutarazteko. - Lotsa soinetik astintzeko.Bukatzeko, hona hemen nolakoa izan daitekeen ikastaro honetako dantza egun bat:
- Aurkezpena - Beroketa jolasak (haur txikien dantzak eta dantza librea) - Israelgo “Eroa eta Jakintsua” - Eskoziako “Cumbreland Ree” - Austriako “Die kutsche” Atsedena - Lehenengo atalean egindakoari errepasoa. - Errumaniako “Alnelul” - Euskal Herriko “Zazpi Jauziak” - Eta, bukatzeko, kalejira berezia. Edozelan ere, egun bati dagokion egitarautxo hau malgua da, jakina: taldeak hartzen duen erritmoak markatuko du zenbat dantza ikasi eta horien hurrenkera.