KLIK

Eta lan hori guztia informatika gelara eramaten badugu? Litekeena al da? Galdetzea ere! Haurrak hara joateko irrikitan daude, eta orain giltza bat badaukagu: Klik programa. Tresna hori azaldutako lan neketsua laket erakargarri bihurtzeko gai den erreminta da, hain zuzen.

Informatika gelan klaseko haur guztiek beren argazkiak ordenagailuaren pantailan ikusi eta beren izenekin lotzen dituzte. Eta asmatzen duten bakoitzean marrazki bizidun bat agertzen da algaraka.
Pantailan agertzen diren kolorezko hitzak ez dira galtzen... eta amen batean haurrak dagokion lekuan kokatzen ditu esaldia osatzen dituen hitzak... bere erritmoan, jo eta ke, atsedenik hartu gabe.
Irakasleak ez ditu eragiketak zuzendu behar. Ikasle bakoitzak egin duen ariketaren txostena klik batekin agertzen da.
Klik programaren bidez hainbat ariketa egin daitezke: hitzak erlazionatu, egia ala gezurra, hitzen artean soberan dagoena baztertu, testuak osatu, hutsuneak bete, puzzleak, serieak, sekuentziak, eragiketak, testuak, ingurunearen liburuan agertzen den edozein fitxa, musikan erritmoa lantzeko, edozein ikasgaietan agertzen diren ariketak... Edozein mailatan eta edozein arlotan ordenagailuaren disko gogorrean hamaika aplikazio eduki ditzakegu erabiltzeko prest.
Une honetan Klik programak 100 jarduera ditu euskaraz, alor guztietan. Eta hori hasiera baino ez da. Astero agertzen dira jarduera berriak. Denetarik dago eta jarduera guztiak irakasleok egindakoak direla azpimarratu behar da.
Lehenengo eta behin, ez dut ahaztu nahi Klik programak ematen digun abantailarik garrantzitsuena: ekintza berri bat sortzen dugunean gure gelako haurren ezaugarriei egokitzeko aukera, hots, geure ikasleen beharren arabera sor ditzakegu aplikazio zehatzak. Klik programari esker, helburuak, ariketa mota, pausoak, xehetasunak, aurrerapenak …irakasleak aukeratzen ditu.
Mundu zoragarri honetan murgiltzeko informatika ezaguera sakonak behar al ditugu? Ez, oinarrizkoak baino ez ditugu behar. Betiko Windows-a, eta kito.
Klik erremintaz baliatuz jarduera berriak prestatzea edo eginik daudenak egokitzea lan gogorra dela esan beharrik ez dago. Baina, ez al da nekezagoa eta izugarrizko lana 25 esaldi idaztea, plastifikatzea, moztea eta eskutitzaren azaletan sartzea ikasleek ariketa berehala egingo dutela jakinik?
Klik, zalantzarik gabe, ezagutu ondoren zure lankide handienetariko bat izango da. Eutsi goiari!