Matematikaren ebaluazioa derrigorrezko irakaskuntzan

Komeni da, une batez bederen, ebaluazioari buruz gogoeta sakon bat egitea eta dituen inplikazio guztien mapa moduko eskema egitea. Mapa hori egiteko, gorago aipaturiko hiru atalak ardatz egokiak direlakoan nagoenez, banan-banan garatzera noa.

Bi lerro testu hau idazteko jarraituko dudan estiloari buruz. Jorratu behar dudan gaia luzea denez eta dudan tokia laburra, galdera sorta bat idaztea iruditzen zait egokiena. Hortaz, soluzioak baino nahiago dut, oraingoz bederen, problemak planteatzea. Problemari aterabidea emateko galdera egokiak asmatzea lehendabiziko urratsa da eta.

Ebaluazioaren alderdi etikoa

Ebaluazioak zerikusi zuzena du boterearekin eta boterearen erabilpenarekin. Ebaluazioan pertsona eta giza taldeen eskubide eta betekizunak gurutzatzen dira eta erlazio horiek ez dira, askotan, modu egokian erregulatzen.
- Nork du, eta noren izenean, beste norbait ebaluatzeko eskubidea?
- Zein dira ebaluatzailearen eskubideak eta betekizunak?
- Zein dira ebaluatuaren eskubideak eta betekizunak?
- Nola bermatzen dira ebaluatuaren eskubideak?
- Nola bermatzen da ebaluaziotik ateratzen den informazioaren erabilpenak ez dituela ebaluatuaren eskubideak zanpatuko?
- Noiz, non eta nola egin behar dira publikoak ebaluazio prozesuak?

Ebaluazioaren alderdi politikoa

- Norkk erabakitzen du zer den ebaluatu behar dena?
- Noiz, nola eta non gauzatzen dira erabaki horiek.?
- Nola antolatzen da ebaluazio prozesua sistemak berak planteatzen dituen helburuak baliosteko?
- Zer funtzio dute Administrazioak, eskolek, irakasleek, guraso eta ikasleek ebaluazio prozesuan? Zer da horietako talde bakoitzak egin behar duena?
- Kanpoko ebaluazioaren funtzioak; zein dira? Beharrezkoa al da? Zertarako?
- Auto-ebaluazioaren funtzioak; zein dira? Beharrezkoa al da? Zertarako?
- Ebaluazioa eta titulazioak; nola antolatzen da prozesua hori? Norkk erabakitzen du titulazio bat ematea ala ez? Zer irizpide jarraitzen dira?

Ebaluazioaren alderdi teknikoa

- Zer ebaluazio mota da erabili nahi dena: estandarizatua ala kriteriala? Zergatik?
- Zer da ebaluatu behar dena: sistema bera ala ikaslearen garapena?
- Ebaluazioaren zein funtzio (diagnostikoa, erregulatzailea, ziurtatzailea) da garatu nahi duguna?
- Nola antolatzen da ebaluazio prozesu bat?
- Zer helburu mota definitu behar dira ebaluazioa ondo bideratzeko? Gaitasunak eta konpetentziak bereiztea beharrezkoa al da?
- Zer ebaluazio tresna erabili behar dira? Noiz eta zertarako? Nola kalifikatu behar dira tresna horiek?
- Zer arau jarraitzea komeni da ebaluazio tresnak egokiak izan daitezen?
- Nola antolatu behar da informazioaren jasoketa lana?
- Nola bildu behar da informazioa azken kalifikazioak ateratzeko?
- Nola antolatu behar dira boletinak? Zer jartzea komeni da?
Hemen eginiko galdera askok ez dute, seguruenik, erantzun berdina jasoko pertsona guztien aldetik. Horixe da galderak egiten denean espero dena; erantzun bakarra baino erantzunak. Erantzun desberdinek ahalbidetzen baitute eztabaida eta, nire ustez, gai hauen inguruan asko hitz egin arren, eta ez toki egokian beti (komunikabideak....), modu serio, sakon eta lasaian gutxi eztabaidatu da.
Lerro hauen bidez laburbildu nahi dudan ikastaro honen helburua eztabaida hori bideratzea da, betiere adibide zehatzak ematen ditugunean Matematika arlotik hartuko ditugula kontuan izanik.
Matematika irakasleentzat eta eskola mailan curriculumaren ardura duten guztientzat iruditzen zait bereziki interesgarria ikastaro hau.