Historiaren txokoa: neolitoko zeramika tailerra

Historiaren txokoaren helburu nagusia hainbat esperientzia aurrera eramateko baliabide didaktikoak eskaintzea da, batez ere Giza Zientzietan eta Historiaren arloan, betiere esperimentazioarekin elkartuz. Zentzu horretan, arkeologia esperimentalean egin izan diren esperimentuak oinarritzat hartuta eta gaur egungo eskola batean aurki daitezkeen baliabideekin, gizakiaren antzinako jarduerak landu eta ikasgai modura aprobetxatu nahi ditugu. Era horretan, irakasleei gero ikasleekin esperientzia horiek bizitzeko aukera eskaini nahi zaie. Bestalde, garaiko testuinguruan kokatuz eta antzinako baliabideak erabiltzean, hau da, esperimetazioaren eskutik, gure ikasleek jarduera, lanabes edo teknika bat bere benetako neurrian baloratzen ikasteko aukera izango dute.

Ikastaroaren pisu handiena alderdi praktikoak izango duen arren, hasieran Neolitoko zeramikagintzaren oinarri teorikoak aztertuko ditugu. Pauso nagusiak deskribatzen hasiko gara: erabiltzen ziren lehengaiak, tresnak, zer-nolako buztina erabiltzen zen, lanaren prozesua... Euskal Herriko eremura mugatuko gara, eta bertako Neolitoko zeramikaren berezitasunak aurkeztu eta deskribatuko ditugu: non, noiz, nola, nolakoa, zer garapen izan duen, zer ezaugarri dituen...

Garai horretako zeramikagintzaren barruan egiten den sailkapen nagusia jarraituko dugu: leizezuloetakoa, trikuharrietakoa (horren barruan kanpoko eragina duen campaniforme zeramika ezagutzen da) eta burdin aroko hirixkatan jaso diren aztarnak. Azken honen barruan beste azpimultzo bat egin daiteke La Hoyan eta beste zenbait lekutan agertu den zeramika zeltiberiarrarekin. Sail bakoitzaren ezaugarriak azalduko ditugu modu arin batean, gero praktikara pasatzeko; zeramika ontziak egitera, alegia.
Tailerrean sail bakoitzeko eredu desberdinak aurkeztuko ditugu eta ondoren, Neolito garaian egiten zuten moduan, berregintza lanari ekingo diogu. Beraz, nagusiki eskuz egiten zenez, horiek izango dira gure lan tresna nagusia. Tresna nagusiak eskuak eta behatzak ziren batez ere, eta dekorazio lanak egiteko espatulak, lumak, maskorrak... erabiltzen ziren; beraz, azken horiek ere inguratu beharko dira. Edonola ere, lehen esan bezala, prozesu hori gaur egungo eskolaren ezaugarrietara egokituko dugu, gero praktikan ikastetxeetan lantzera zuzenduta baitago esperientzia. Adibidez, Neolito garaian ez zuten laberik erabiltzen; zoluan zuloa egin eta bertako gunea erabiltzen zen zeramika egosteko... irudimena erabili beharko da ezaugarri horri erantzuteko!
Norberaren abildadearen arabera, pieza bat, bi edo gehiago egiteko aukera izango da. Gainera, polita eta interesgarria izan liteke partaide bakoitzak Neolitoko ontzi eredu bat edo gehiago eramatea. Gero ikasleei erakusteko baliagarria izan liteke, haien jakin-mina eta interesa pizten baitute bertatik bertara ikusi eta ukitu daitezkeen objektuek.