Ordenagailuaren erabilera musika gelan

Horretarako, erabat desberdinak diren programa musikalak jorratuko ditugu, eta nahiz eta beste batzuk aztertu ez, beraien aukerak ezagutuko ditugu.

Belaunaldi berriari ordenagailu hitzak ez dio inongo beldurrik ematen, beti ezagutu izan duen tresna delako; baina guretzat beste zentzu bat hartzen du. Horrek ez du esan nahi ezinezkoa zaigunik mundu horretan sartzea; alderantziz, bakoitzak ikusi behar du noraino eta zenbaterainoko laguntza eman diezaiokeen ordenagailuak. Garbi izan ordenagailua guri laguntzeko tresna dela, eta hori kontuan hartuz, asko edo gutxi erabiltzea gure eskuetan egongo da.
Erabiliko dugun lehenengo programa dance machine izango da. Multimedia den programa honek oso erabilera erraza du. Musika techno-dance egitea posible da sofwtare honekin. Egiten ditugun abestiak CD batean sartuko ditugu, bakoitzak bere etxean lasai asko entzuteko. Ezaugarri bezala, esan dezakegu bat-bateko emaitza “ikusgarria” ematen duen programa dela, ikasleekin erabiltzeko oso aproposa, alegia.
Encore izango dugu gure bigarren programa. Partiturak editatzeko eta, era berean, sekuenziadore midi moduan gure grabazioak egiteko balioko digu. Partitura mota errazekin hasita, pixkanaka konplexuagoak jorratuko ditugu. Editore honekin hainbat gauza egingo ditugu eta gure eguneroko lanerako oso baliagarria izango da.
Oso programa intuitiboa da; horregatik izango da, agian, hain erraza erabiltzeko. Baita ere, komenigarria da esatea, Lehen zein Bigarren Hezkuntzan programa hau lantzeko aukera izan dezaketela ikasleek, oso interesgarria izan daitekeelako beraientzat.
Internet mundua baliogarria da arlo guztietan eta, noski, bereziki musikan. Hori da guk jorratuko duguna. Izugarrizko atea dugu gure aurrean; ireki eta barruan duguna ikusi besterik ez dugu egin behar: informazio kopurua oso handia da eta eskolan praktikan jarri nahi duguna garbi badugu, informazio hori aztertu, jorratu eta martxan jartzea posible dugu.
Midiak, musika informazio gisa, bilatu eta aurkituko ditugu. Horiek izango dira gure informazio iturririk garrantzitsuenak: partiturak aterako ditugu, “play-back”-ak landuko ditugu jaialdiak egiteko eta, aldi berean, karaokeak bilatuko ditugu gauza bera egiteko.
Hori guztia kontuan hartuz, mundu interesgarri baten aurrean gaudela esan dezakegu. Ordenagailua tresna bat denez, nola erabili behar dugun jakitea soilik falta zaigu; bakoitzaren beharrak aztertu eta horientzat irtenbide bat dugula jakin behar dugu.
Beraz, animo.