Neobook

Neobook erremintak hainbat gauza egiteko aukera ematen du teknologia berriak erabiliz, arlo guztietan multimediarako hainbat baliabide sortzeko aukera irekitzen baitu. Ikastaroan sortuko dugun aplikazioa ikasgelan lantzen ditugun gaiei eta beharrei benetan moldatua izango da, hizkuntza, edukia eta aurkezpena kontuan hartuta.

Horretarako, hasieratik bi eredu landuko dira: “Ipuin interaktibo bat” multimedia baliabideak erabiliz, eta “ikasgai arrunt bat” multimedia formatuan, dagokion azterketarekin.
Hori guztia aurrera eramateko, honako hauek izango dira gure zereginak:
- Sarrera egin eta gero, CDan dauden materialak aztertuko dira eta, ondoren, biltegian murgilduko gara.
- Programak instalatu eta programaren ezaugarri nagusiak miatuko ditugu.
- Lerrozko egituraz baliatuz, ipuinean irudiak (gif, bmp, jpg formatukoak) eta soinuak (mid eta wav) txertatuko dira eta liburuaren edukia gauzatuko dugu.
- Aurkezpena, testua, hizki mota, hondoak, trantsizioak, barne-bideak, animazioak, kar artxiboak, musika eta grabatu ditugun soinu artxiboak gure lanean sartuko ditugu.
- Irudiez baliatuz ipuinari amaiera interaktiboa emango diogu, prestatutako galderei erantzuna jarriz.
- Ikasgaiarekin batera, testuak eta zenbakiak dituzten aldagaiak eta baldintzak landuko ditugu.
- Amaieran, azterketa eredu batzuk konponduko ditugu.
Ikasgaiaren diseinua zuhaitzarena izango da. Diseinua aberasteko baliabide gehiago erabiliko ditugu irudiei, testuei, agerpenei, hiperestekei eta loturei tratamendu berezia emanez. Horrela, ikasleei informazio erakargarriagoa emateko aukera izango dugu.
Emaitzak eta azterketaren nota ordenagailuak emango dizkigu.
Denboraren arabera, ahal bada, eginda dauden programei begirada bat botako diegu. Ondoren, ideia eta planteamendu berriak azaltzeko unea izango da.
Aipatutako lana gauzatzeko Neobook-ek eskaintzen dituen tresna nagusiak ezagutu eta menperatuko ditugu. Besteak beste: liburuaren ezaugarriak, pantailak, tamainak, tresna panela, koloreak, hizkuntza, ekintzak, nabigazioa, artxiboak, Internet, kontrola, botoiak, hiperestekak, mezuak, objektuak, beste programetako loturak, baldintzak, aldagaiak, pantailaren babeslea...
Esan beharrik ez dago, programak konpilatu bezain pronto, gure lanak itxura profesionala edukiko du amaieran.