Klarionatik sagura

Ordenagailua Haur Hezkuntzan? Ordenagailua Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailan? Hori galdetzen zion duela gutxi bere buruari hainbat hezitzailek, erantzuna garbi jakin gabe. Gaur egun, eta informatikak hezkuntzan eta gizartean izan duen zabalpenaren ondotik, inork ez du zalantzan jartzen tresna hau erabiltzearen beharra. Gauzak horrela, tramankulu horien eskutik hasi egin dugu “klarionatik – saguranzko” alegiazko bidaia, Ozeko Azti Digitala bilatzearen gisako ibilbide korapilatsua. Bidean oztopo asko aurkitzen ari gara: batean gure ekipoak ikastetxeko zaharrenak direla (irakurtzen ez dakien haur batek ez omen du asko behar!), bestean ekipoentzat diru gutxi baldin badago programak erosteko gutxiago daukagula (hara, kotxea erosi eta ez dugu gasolinan erreparatu!)... Hala ere, oztopo eta arazoen gainetik jakin izan dugu “baldosa horiko” bidea egiten: primeran txertatu dugu ordenagailua txokoen metodologian; zeregin honetan lagundu diguten doaneko programak ere aurkitu ditugu; gure curriculum materialari egokitutako CD-ROMak azaldu dira merkatuan; eta harro esan dezakegu beti topatu dugula baso digital ilun honetan aurrera jarraitzeko bideren bat edo beste.

Tipi-tapa Ozeko Aztiaren gaztelura heldu gara. Liburuko (edo pelikulako) lehoiaren modura, ordenagailuarekiko beldurra sentitzen zutenek, galdu egin dute bidean; txorimaloaren antzera beren burua tontotzat hartzen zutenek konfiantza hartu dute; eta azkenik, ipuineko letoizko gizonak bilatzen zuen hura, bihotza hain zuzen ere, aurkitu diegu antipatikoak ziren makina horiei, gutako batzuei orain maiteagoak zaizkigu eta.
Baina gaztelura heltzean gauzatxo batetaz konturatu gara bat-batean: Ozeko Azti Digitala topatzeko bidean ginen heinean, bidaiaren zergatia ahaztua genuela; hots, zergatik eta zertarako ari ginen teknologia berri horiek sustatzen gure geletan? Gizartean tresna arruntak zirelako? Eta zergatik ziren tresna arruntak gizartean? Memento batetan, bidaiaren ajeak ahaztu ditugunean, zera ikusi dugu, orain arte esperimentatutako guztia neurri batean baliagarria bazen ere, hausnarketa puntu bat faltan genuela:
- Tresna hauen erabilpena ez zelako kontzientea hezitzaileon aldetik: nola ikasten zuten gure ikasleek programen aurrean, zer ikasten zuten, benetan ikasten al zuten zerbait ala jakintzat ematen genuen? Erantzunak ba al dakizkigu? Noizbait egin al dizkiogu galdera horiek geure buruari?
- Tresna horien erabilpena ez zelak pentsatua , ezta lanifikatua ere: ordenagailuarekin aritzea izan baita tresna honekin egindakoaren helburua. Tresna ez da izan hezkuntza helburuak lortzek baliabide .
- Gure geletan konstruktibismoa barruraino sartuta egon arren, gure ikasleek pantailaren aurrean pasatzen zuten denbora Klikeko programaren ariketa mekanizistez betetzen jarraitzen genuen.
- Ordenagailua ikasteko tresnatzat soilik hartzen genuen eta ahaztua genuen bizitzarako tresna ere bazela, eta gainera, azken hori zela bere helbururik zabalduena. Horren ondorioz, ez genuen esplotatzen aplikazio informatiko arrunt askoren (Word, Paint…) balio kreatibo et funtzionala , curriculum softwarean baino ez genituelako gure begiak jarrita.
Ozeko Aztiaren istorioak bazuen ondorio edo irakaspen bitxi bat: Ozeko Aztiak ez zuen protagonisten desioak betetzeko botere magikorik, heurek haien kabuz lortu behar zituzten (baita istorioan lortu ere). Antzeko ondorioa planteatu nahiko nuke bukatzeko dagokigun gaiaren inguruan: gure geletako PCak ez dira espero genituen “makilatxo magikoak”, ez dute gure ikasleak aldatzeko edo azkarrak bihurtzeko ahalmenik (klase partikularra ematen duten irakasleen onerako). Magoak guk geuk izan behar dugu, ordenagailuaren bitartez egin beharreko ekintzak behar bezala pentsatuz eta planifikatuz, ikastetxeko marko antolatu eta orokorrago batean kokatuta, noski. Ziur naiz, irakasle-ordenagailu-ikasle hirukote planifikatuaren eraginez emaitza hobeak lortuko ditugula eta gure hezkuntza helburuak betetzeko orduan eraginkorragoak izango garela.