Harremanak gelan

Ikastetxeek, betidanik, ikasleei pertsona helduak bilakatzeko prozesuan lagundu die. Horregatik, gaur egun eskolen lana pluralismoan oinarritutako indarkeriarik gabeko bizimodurako prestakuntzara zuzendua egon beharko litzateke.

Gaur egun ikastetxeetan agerian dauden arazo askok diziplina ezarekin, intolerantziarekin eta indarkeriarekin zerikusia dute. Indarkeriak ez ditu ideologiak, arrazak, erlijioak edo sexuak bereizten, eragin latzak izanik eskolan eta baita horren inguruko komunitatean ere. Ondorio desegoki horiek, politikoak, generozkoak nahiz sozialak izan, eragin zuzena dute ikaslearen garapenean, batez ere bere gaitasun akademiko eta sozialetan.
Jakina da sendia eta eskola haurrarengan eragin handien duten bi eragile direla, bertan ikasiko baitute elkarlanerako prest agertzen, lehiatzen, maitatzen, gorrotatzen... elkarren artean bizitzen. Beraz, gure komunitateetatik indarkeria murriztea nahi badugu, gure gazteak bake bideetan hezi beharko ditugu. Bakea norberarengandik hasten baita.
Bizikidetzarako giro egoki bat lortzea, bai ikastetxe osoan bai ikasgelan, egiteko modu berezi batzuei lotua dago. Diziplina eta ordena bezalako prozesuak eskola antolakuntzan oinarritu behar dira, ikastetxean nahiz ikasgelan klima positibo bat sortuz. Nahiz eta gure gizarte egiturak batzuetan aurka egin, guretzat ikastetxeak ikasleak hazi eta garatzen diren bizikidetza baketsuko espazioak dira. Ikastetxeetan klima positiboa sortzeko gaitasunik izango da, negoziaketa eta elkartze prozesutan oinarritzen bagara.
Eskola haurraren garapen sozial, afektibo eta moralerako inguru egokia da, etengabeko ikasketa esparrua baita. Bertan ikasleak bere jokabideak, emozioak, trebetasunak, arauak eta abar praktikatzen ditu, batez ere. Ikaslearen gaitasunen garapena, trebetasun sozialak, eta parte hartzeko eta bestearekiko errespetuzko balioak lantzeko ikasgela ingurune pribilegiatu bat izango da. Ikaslearentzat gela bere gizarte txiki bilakatuko da, bertan biziko ditu eguneroko hainbat esperientzia eta bertan ikasiko du bere gatazkak modu positiboan eta baketsuan konpontzen.
Hezkuntza komunitatean Eskola Inklusiborako parte-hartze bideak irekitzen ari dira. Bake kultura berri batean Gatazken Ebazpen Baketsuak lantzeko bide berriak irekitzen dituzten ikastetxeekin amestu nahi dugu, eta batzuk errealitatea bihurtzen ari dira.
Ramon Alzate EHUko katedratikoak zera dio: "Gatazken ebazpenean edo bizikidetzan, berdina baita, oinarritzen den hezkuntzak bere helburuak betetzeko eta, aldi berean, ikasleek beren arduratan, harremanetan eta eguneroko gatazkei aurre egiteko moduan aldaketa esanguratsu bat lortzeko, ikaskuntza horren azpian dauden balio eta printzipioetara egokitu beharko dugu eskola erakundea. Horrek eskolan aldaketa sistemiko bat eman behar dela esan nahi du, ez soilik aldaketa kurrikular bat. Jarrera arduratsu baten garapena lortzeko oztopoak ikastetxe guztian zehar daude. Ikaskuntza aldatzeko saiakerak ez badoaz sistema aldaketa batekin, oso zaila izango da esperotako emaitzak lortzea".
Hori guztia Ikastetxeen Bizikidetza Eredu Globala deitzen dugunarekin lotuta dago (Coleman eta Deutsch 2000, Raider 1995, Sandy 2001, Alzate 2003). Autore horiek esku hartzeko eta eskola gatazken ebazpenerako programak edo bizikidetza programak martxan jartzeko bost eremu garrantzitsu identifikatzen dituzte: diziplina sistema, curriculuma, pedagogia, eskolako kultura eta familia edo komunitatea. Gure esku-hartze guztietan defendatzen eta erabiltzen dugun ikuspuntuak bost eremu horiek kontuan hartzen ditu jarduera integral batean. Helburua: bizikidetza, gatazken eraldapen baketsua eta aniztasunaren printzipioak ikastetxean gertatzen diren harreman guztietan eragina izatea delarik.
Ikasleen arteko harremanak hobetu, asertiboak izan daitezen lagundu, komunikatzen ikasi, ikaskidea gure eskubide eta betebehar berdinak dituen pertsona gisa kontuan izaten ikasi, pertsonak errespetatu... Hori dena lortzea posible izango da, ikastetxean eta, batez ere, gelan elkarlana eta gatazkei modu positiboan aurre egiteko estrategiak sustatzen badira, ikastetxeak ikasle guztiak onartuak diren toki seguru bilakatuz.
Ikastaro honek gure eguneroko praktikan oinarriturik hausnarketa eta aurrerabideak egiteko ekarpen batzuk egin nahi ditu. Bestalde, gure ikasleak etorkizuneko gizarte demokratiko bateko herritarretan hezitzeko, gelako eguneroko lanean lagunduko diguten estrategia eta tresna batzuk landuko dira. Beraz, teoria eta praktika uztartzea izango da helburu.