Adimen emozionala

"Behin batean, bere ikasleei galderatxo bat egin zien irakasleak:

Zein da horma honen luzera?
Banan-banan, ikasle guztiek galdera erantzun zuten.
Batek "198 cm" esan zuen. Beste batek "203 cm" erantzun zion.
Horrela, ikasle guztiek bere iritzia azaldu zuten.
Irakasleak, orduan, zera galdetu zuen: Ba al dakizue zein den erantzun zuzena?
"Ez", esan zioten ikasleek.
Erantzun zuzena Ez Dakit" da".

Istorio horren jarraibideari eutsiz, eta jakingura oroz, ikertuko dugun gaira hurbilketa eder, sendo eta dibertigarri bat egin dezakegu.

Ikastaro honek bere alde teorikoa izango du, baina errealitatean finkatuta dagoenez, beti ezaugarriak gauzatzeko prest egongo gara.
Teoriaren aldetik, 4.500 urteko tradizioa eta ezaugarriak ditugu, ikuspegi orokorra eta sakona finkatzeko.
Gure ikerketen bitartez ustekabeko paisaiak ikusiko ditugu eta ezusteko aurkikuntzak egingo ditugu.
Hona hemen erabiliko ditugun hornidurak: psikologia, filosofia, antropologia, kontu tradizionalak, mitologia, historia... Praktikarako tresnak, berriz, hauek izango dira: umorea, dinamikak, elkarrizketak eta hausnarketa pertsonala.
Ez dugu beldurrik izan behar. Normalki, emozioekin erlazio hurbilegiak izatea ez da denon gustukoa, emozioen kemena gure baitan sentitzeak kontrolaren ilusioa gutxitzen digu-eta.

Nondik hasi?

Egin behar dugun lehenengo gauza gure bizitzari so egitea da. Besteekin lan egin nahi badugu, lehendabizi guk egin behar dugu bidea, zer sentitzen den jakiteko.
Gure emozioak nolakoak diren ikusi behar dugu bizipenen bitartez. Horrela ikusiko dugu nolakoak diren gure baldintzapenak. Lan hau egiteko bi gauza behar izango ditugu, antzinako zaldunen gisan: ausardia eta egiazaletasun pertsonala.
Dinamika dibertigarrien bitartez, gure oinarri emozionalak aurkituko ditugu. Oinarri horiek adimen emozionalaren harroinpeak izango dira. Emozio instintiboak ez baditugu ezagutzen, ez dago sentimenduekin lan egiterik.
Ikastaroko memento honetan, gure zentzumenak zorrozten dira, eta gauza harrigarri batzuk argi ikusten ditugu:
- Emozioak oso logikoak dira, baina beren logika berezia daukate.
- Emozioaren munduan, gauza gehienak alderantziz daude, hankaz gora eta buruz behera.
- Emozioaren mundua aberastasun izugarriaren giltza da, begirunez erabiltzen badugu.

Bigarren pausoa, errealitatea nola den aztertzea da: kasu askotan, oinazez bizi ditugun sentimenduak, mozorroak besterik ez dira.

Inguratzen gaituzten arazo larrien benetako jatorria ulertzea ez da batere erraza. Hainbat kasu praktiko landuko ditugu denon artean, gure errealitatean sakontzeko, jatorriak ikusteko ahalmena garatzeko asmoz.
Azken pausoa da praktikoena. Prozesu emozionalak ezagutzen baditugu, eta arazoen jatorria ikusten badugu, zer egin errealitateari erantzun eraginkorrak emateko?
Emozioen legeak ez dira mundu honetako lege bakarrak, eta egin nahi dugun edozein aldaketak errealitatean oinarrituta egon behar du. Pauso honetan, askatasunez pentsatu behar dugu, baina plangintzak egiterakoan praktikoki pentsatu behar dugu.
Ikastaro honen helburu nagusia partaideek tresna berriak eta praktikoak eskuratzea da: emozioen ikuspegi berri eta praktikoa, proposamen praktikoak, emozioak sentitzeko hainbat dinamika, partaideek egokitutako programa bat, eta irribarre ugari, noski.
Zer ekarri behar dute partaideek ikastaro honetara? Jakingura, norberaren esperientzia, bakoitzak pentsatzen duena esateko adorea eta ondo pasatzeko gogoa.
Bidaia ona izan!