Artearen txokoa: Zumeta

Erandion euskal pintura garaikideko erakusketak eskaini dira, jada erabiltzen ez zen Udal Merkatu zaharra hartuz. Erakusketa horien barruan esperientzia didaktiko bat ere garatu dute, eta horixe ezagutaraztea da ikastaroaren helburua.

Ekimen hura, epelde&mardaras Arte Garaikideko galeriari Erandioko Udalerriak eskainitako elkarlanetik sortu zen. epelde&mardaras galeria ezaguna da industria eraikin bereziak okupatu eta arte erakusketa espazio bihurtzeagatik. Lehen erakusketa, azaroan inauguratua, Jose Luis Zumeta pintore gipuzkoarrak (Usurbil, 1939) dimentsio handitan egindako azken obrarekin osatu zuten. Lehendik, Udalerriko hainbat ikastetxetako hezkuntza arduradunekin bilerak eginak zituzten pintura tailerrak eskaintzeko asmoz; tailer horiek, erakusketaren espazioan bertan burutu beharrekoak ziren.
Tailerren helburu nagusia honakoa da: haurrak kontaktu zuzenean jartzea hainbat pintoreren obra plastikoarekin, eta erreakzio artistiko bat piztea haurrongan. Erreakzio hori lortzeko beharrezkoa da ariketa gidatuen bidez estimulatzea, hala arlo teknikoa eskainiz eta ikasleen bulkada sortzaileak suspertuz.
Tailerrak adin taldeka antolatzen dira, kopuruak 20tik 45era bitartekoa behar du izan, euren irakasleekin batera etorri behar dute eta eskola orduetan.
Metodologikoki, tailerrak erakusketaren bisita gidatu batekin hasten dira, autorea eta erakusgai den obra zein den azalduz, oso modu xumean. Esperientzia horren berezitasuna da haurrek lan egin dezaketela erakusketaren barruan, obren estimulu bisuala aurrez aurre dutela.
Erakargarriena, bertan egindako lanek duten ludikotasuna da. Ariketak jolas gisan planteatzen dira eta lortutako erantzunak freskoak eta bat-batekoak izan dira. Asmamen honi gorputza emateko ez dugu ahaztu behar haurrak ohitura eta ezagutza artistikoak bereganatu behar dituela, eta pinturak eskaintzen dituen materialak eta espresio metodoak ere menperatu egin behar dituela; hala bada, euskarri eta material ezberdinekin esperimentatzen da. Haurrek material bakoitzak beregan dituen ezaugarri espresiboak zein diren ikertzen eta detektatzen ikasten dute.
Lanean ematen den denborak lotura zuzena du ikasleek duten erantzuteko gaitasunarekin. Baina edozein kasutan, tailerrak irauten duen bi orduen barruan amaitzen dute. Ikuspegi formaletik, ariketak espazio horretan eta une horretan erakusgai dagoen artistaren obran oinarritzen dira.
Ariketetan, neska-mutilen irudimenerako aurkezten den gaia, prozesu sortzaileranzko abiapuntu bat da. Haurraren Arteranzko inguratze horretan emaitzatik askatzen gara, garrantzia prozesuari emanaz batez ere. Prozesua da finean ezagutza ematen duena.
Haurren ahalegina estimulatzeko eta baloratzeko modu bat da lan plastikoaren emaitza erakusketa handi batean azaltzea. Erandioko esperientziaren kasuan, erakusketak hamar egunean Merkatu zaharra bete du. Hedapenerako txartelak eta kartelak editatu dira, eta inauguraziorako festa handi bat antolatu da, komunikabideen arreta piztu duelarik. Haurrentzat eta familientzat, asebetetze iturri izan dena zera da: lanak salduta ateratako dirua GKE bati emateko izan dela, udako oporretan Saharako haurrak Erandiora ekartzen dituena.
Funtsean, saiatzen gara haurrak senti dezan berak daukan ahalmena errealitate objektibo hori errealitate subjektiboago eta pertsonalago batean eraldatzeko, hala lan artistikoaren bidez lortzen den hazkuntza pertsonalak duen garrantzia uler dezan.