Euskararen erabilera

Euskararen erabileran eragiteko jokamolde magikorik ez badago ere, egon badaude aplika daitezkeen neurriak, euskararen erabileran era positiboan eragiten dutenak eta zenbait adinetako hizkuntz jokaeran aldaketa esanguratsua eragiten dutenak.

Dagoeneko, ekimen dezente bideratzen da ikastetxe askotan euskararen erabileran aurrera egiteko, baina bada zer eginik oraindik ere. Dena den, errealitatearen azterketatik atera diren emaitzarik berrienek ere garbi asko erakusten dute ez dela nahikoa egiten dena, ezin konforma gaitezkeela egiten dugunarekin hizkuntzaren normalizazioa helburu badugu behintzat. Egun, kasu askotan, egin kasik edozer egiten da euskara bultzatzeko aitzakiarekin. Egiten den hori, ordea, egin egite hutsagatik eta inprobisazio eta moda kontuengatik ez baino, helburu nagusia lortzeko bidean eragingarria izan dadin, ongi planifikatu eta hausnartu behar baita, ikastetxe bakoitzaren errealitatetik abiatuta.
Erabileran eragin nahi duen egitasmo osatuak, besteak beste, hiru urrats jarraitu beharko ditu: lehenengoa, ikastetxean euskararen ezagutza, erabilera eta trataeraren diagnostikoa egitea; bigarrena, helburuak definitzea eta horietara hurbiltzeko beharrak eta lehentasunak antzematea; hirugarrena, behar eta lehentasunei erantzuteko lan estrategiak eta plangintza zehatzak definitzea.
Diagnosi lan honetan, ikastetxea osatzen duten eremu eta jarduera guztiak hartu beharko ditugu kontuan. Honela, bi esku-hartze eremu nagusi behatuko ditugu, gutxienez:
1. Eremu pedagogikoa: ikastetxeko egite pedagogikoarekin (gela barrukoa nahiz kanpokoa) eta gela barruko interakzio didaktikoarekin erlazionatutakoa.
2. Eremu instituzionala: ikastetxearen funtzionamendu, zerbitzu, harreman eta kudeaketarekin erlazionatutakoa.

Ikastetxe bakoitzeko errealitatearen azterketa honek emango digu gabezia eta indarguneen berri, eta une horretan hartu ahal izango da zenbait neurri eta hezurmamitu hainbat prozedura, hizkuntz portaeran aldaketa eragingo dutenak. Euskararen erabilera areagotzeko planak era globalizatuan diseinatu behar baitira eta sistematikoki aplikatu. Bistakoa da, eskola komunitateko eragile nagusien konpromisoa eta esku-hartzea ezinbestekoa dela planak gauzatze arrakastatsua izan dezan eta desio den hizkuntza jokaera gailendu dadin. Ikastetxeko aginte organoetatik hasita eskola orduz kanpoko kirolean entrenatzaile ari den gaztetxoaren konpromisoa eskatzen du gisa honetako plangintzak. Hala izan ezean, aldaketa esanguratsurik ez dakarten ekintza solteetan galduko dugu denbora, indarra eta dirua.