Idazketaren didaktika

Orri marratu motek lotura zuzena dute idazkeraren tamainarekin eta maila bakoitzerako aproposenak zehazteko saiakerak egingo ditugu. Bestalde, minuskulaz idazten maiuskulaz idazten bezain erraz ikas daiteke, baldin eta lehenik letren norabidea lantzen bada eta gero lotura eraginkorrak barneratzen badira pixkanaka-pixkanaka. Izan ere, ez da berdin d eta e lotzea, m eta a, o eta l... Letrak taldeka lotzen jakiteak emango dio idazkerari (eta idazleari) erritmoa, ulergarritasuna eta askatasuna, nahi duena idazteko. Amaitzeko, goragoko mailetarako, idazketa lantzeko astirik ez dagoen urteetarako, idazketa hobetzen nondik hasi aztertuko dugu.

Egitaraua

3 urtetik 12 urtera arteko helburuak finkatuko ditugu ondoko puntuetan:
1. Ergonomia: esertzeko era egokiak, orrialdea okertzea, idazgailuak eta horiek heltzeko era egoki-ezegokiak
2. Ezkertientzako konponbideak.
3. Norabidea lantzearen garrantzia.
4. Idazkeraren neurria eta proportzioak.
5. Letren arteko loturak.
6. Bazterkiak, lerrotik lerrorako espaziamendua, hitzetik hitzerakoa, letratik letrarakoa.
7. Lerroen norabidea.
8. Erritmoa.
9. Letren makurdura.
10. Presioa.
Helburu horiek finkatzeko erabilitako eskalak eta haurren laginak azalduko dira eta eskala horiek emango dizkigute idazkera "ez hain onak" bideratzeko klabeak.
Nire materialak kontsultatu nahi izanez gero, hemen dituzue erreferentziak:
- Liburua, bideoa eta gida didaktikoa Gustura idatziz . Ibaizabal argitaletxea, 2000
Grafomotrizitatea 4 urte eta Grafomotrizitatea 5 urte , 2001 Ibaizabal.
- Hik Hasi aldizkariko 35, 36, 37 eta 38 zenbakietako artikuluak.