Gorputz jarreren heziketa

Zer gertatu da gizartea gai horietaz arduratzen hasteko? Zergatik dago orain hain modan ergonomia eta gorputz jarreren heziketaz hitz egitea? Jakin-min horren atzean, ia gehienetan bezala, interes ekonomikoak daude. Gai horiei buruz aurki dezakegun bibliografia ugariko hainbat ikerketaren arabera, ergonomia eta gorputz jarreren heziketan inbertitzeak izugarrizko diru aurrezpena ekartzen die gobernuei.

Ikastaroko hiru egunetan landuko ditugun jarduerek eta egingo ditugun gogoetek helburu zehatz baina, aldi berean, zabala dute: parte-hartzaileak gai honen inguruan kontzientziatzea, hain zuzen ere (kontzientzia praktikan jartzea). Horretarako, garrantzitsua iruditzen zaigu, lehenik eta behin, jakitea zuontzat zer den ergonomia eta zein diren ikastaroan zehar bereziki landu nahi zenituzketen gaiak.
Halaber, ikastaroan luzaketak nola egin ikastea izango dugu helburu nagusi. Orokorrean bi korronte nagusi bereiz ditzakegu irizpidetzat luzaketak egiteko modua hartuta: batetik, luzaketa analitikoak , hots, gihar bakoitza espezifikoki luzatzen den luzaketa mota; eta bestetik, stretching global eta aktiboa edota luzaketa orokorra deritzona. Luzaketa mota honetan giharrak funtzio komunak dituzten gihar kateetan biltzen dira.
Agian orain arte luzaketei buruz geneukan ezagupenean oinarrituz gero, guretzat oso garrantzitsua den alderdi bat faltako litzaiguke kontuan hartzea ARNASKETA . Uste dugun baino askoz ere garrantzitsuagoa da luzaketa egiten ari garen bitartean arnasketa sakon eta lasaia egitea.
Azken finean, gizakiok egiten dugun orok (baita luzaketek ere) bizitzeko ezinbestekoak diren alderdiak bermatzea du helburu. Honako hauek hartzen dira bizitzeko ezinbesteko alderditzat: arnasketa, elikadura, mugimendua, erlaxazioa eta ugalketa.
Eta jakina, erlaxazioari ere eskainiko diogu tarte bat ikastaroaren programan, aurreko guztiarekin oso harreman estua duela uste dugulako.
Besterik gabe gurekin esperientzia polit honetan parte hartzera animatu nahi zaituztegu.