Antzerki klown-a

Ikasleekin klowna lantzen duen inor ez dudala ezagutzen aitortu behar dut, eta berez arlo horretan nahiko autodidakta izan naizela ere bai. Baina urtero ikusten ditut nire ikasleak, estilo hori landu eta gero, desinhibituak, inongo lotsarik gabe aktuatzen, benetako egoerak sentitzen, emozioak indar bereziz adierazten.

Ez naiz oso teorikoa, are gehiago, teoria hori gero praktikara eramatea ezinezkoa bada, ez zait interesatzen. Horregatik, ikastaroa oso praktikoa izatea nahi dut, zuek gero, bakoitzak bere mailan, ikasleekin lantzeko.
Badakit hiru egun gutxi direla, baina gutxienez lehenengo kontaktua izango da, oinarri zehatz eta garbi batzuekin, gero zuek beste urrats batzuk emateko, beste ikastaro batzuk egiteko, edo agian, ikasturtean elkartzeko eta gure esperientziak trukatzeko.
Klown estiloa lantzen hasiko gara, zer ezaugarri dituen aztertzen eta, garrantzitsuena, esperimentatzen. Horretarako, beroketak, jokoak, ariketak... egingo ditugu eta egoera askotarikoetan klownak jartzen, ikusleekin kontaktua sortzen, bakarkako sarrerak egiten, bikotean lantzen... arituko gara. Horrela, bakoitzak bere barruko klowna ateratzea lortuko dugu. Ondoren, arropa desberdinak jantziko ditugu. Segur aski bat-bateko saio batzuk egiteko prestatuta egongo gara. Testu sinple batzuk ere lantzea gustatuko litzaidake, horrela, bigarren egunean ariketa batzuk egin ondoren, antzerkitxo batzuk egiteko prest egoteko. Azken finean, euskara, rolak, pertsonaiak eta abar klownetik ere landu ditzakegula konturatuko gara, eta baita gazteei axola zaien edozein gai ere ikus dezakegula.
Askotan pailazoa haur bat bezalakoa dela esaten da, eta iritzi horrek badu funtsik. Klownaren munduan haurraren ezaugarri asko daude. Esate baterako, haien txantxak, erantzunak, umore aldaketak, bat-batekotasuna. Guri gehien interesatzen zaiguna haurrek jolasteko eta esperimentatzeko duten gogoa da. Horregatik, esperientzia honetan sinesten dut, eta ikastoletan, eskoletan, aisialdiko taldeetan edota antzerkiko tailerretan erabil daitekeela uste dut.
Mesedez, ez beldurrik izan ikastaro hau egiteko, gure klowna ezagutzeko abentura alai eta askatzailea burutuko dugu. Ez dugu asko exijituko, jolasteko gogoa izatea eta sentikor izatea baino ez. Animo.