Aldizkari tailerra

Teknologia berrien garaiak erabateko eragina izan du komunikabideen esparruan eta funtzionamenduan. Egun, duela hamar urte baino azkarrago eta errazago bideratu dezakegu informazioa, eta ondorioz, gero eta gehiago dira barne edo kanpo komunikaziorako komunikabide propioa sortu duten elkarte, talde edo enpresak.

Horretan guztian berebiziko zeresana izan du Internetek. Paperezko euskarriak dituen hainbat oztopo saihestuz, aukera sorta zabala eskaintzen du, hala nola webguneak edo weblogak sortuz. Ahalegin eta inbertsio nahiko apalekin emaitza bikainak lor ditzakegu talde eta kanpo komunikazioan.
Ikastetxeek ere egin dute jauzi Internetera, baina orokorrean, asko dago oraindik egiteke. Hori dela eta, Berriak aukera berri bat jarri nahi du ikastetxe guztien eskura: webgune propioa izatea Berriaren webgunearen (www.berria.info) barruan.
Nahi duen ikasketetxeak bere weba sortu eta lantzeko abagunea izango du, modu erraz eta azkarrean. Hala, ikastetxeko albisteak, ikasleen lanak, zentroaren iragarpenak, argazki galeriak eta beste hainbat berri sareratu ahal izango dituzte Berriaren webgunean, erabat doan. Ikastetxeko ikasle, irakasle eta gurasoek tresna berri bat izango dute ikastetxearen jarduera eta lanak ezagutzeko. Ikastetxearen erakusleiho aparta izango da bertakoentzat, eta baita kanpokoentzat ere.
Halaber, ikasleekin lan egiteko tresna ezin hobea izan daiteke. Teknologia berrien funtzionamendua oso modu praktikoan ikasten duten bitartean, hainbat gai landu eta egiten dituzten lanak ikusgai jarri ahal izango dituzte. Webaren eduki eta osaketa ikastetxearen esku egongo da erabat, eta nahi duenean, eta nahi bestetan, eraberritzeko aukera izango du.
Webgunearen aukerak eta erabilpenak ikasteko, Berriak ikastaro praktikoa eskainiko du Hik Hasiren topaketa hauetan. Webguneak sortu eta lantzeko jakin-mina duten irakasleei zuzenduta dago ikastaroa. Ez da beharrezkoa informatikako gaietan aditua izatea, oso oinarrizko ezagupenetatik abiatuko baikara.
Ikastaroak hiru ardatz nagusi izango ditu: webgunetan erabili ohi diren testu eta irudien lanketa, Publisher programak webguneak sortzeko ematen dituen aukeren azalpena eta erabilera, eta azkenik, ikastetxearen weba Berriaren webgunera lotzeko eta kudeatzeko prozedura.
Besteak beste, artxiboen orrialdeak sortzen, orrialdeen itxura eta elementuak lantzen, eta irudiak tartekatzen ikasiko dugu. Ikasle bakoitzak ordenagailu bana izango du ariketak oso gertutik jarraitzeko, eta lehen unetik ikasitakoa praktikan jartzeko. Ikastaroaren amaieran ikasle guztiek balizko webgune bat egingo dute.
Ikastaroaren xede nagusia Berriak eskaintzen duen gunea lantzen ikastea bada ere, ikasleek Publisher programa ikastearekin batera beste hainbat aukera ere ikasiko dituzte, hala nola irudiak eta testuak tartekatzen afixak edo bestelako euskarriak egiteko.