Power Point

Power Point irakaskuntza esparruan erabiltzearen helburu nagusiena aurkezpen txukunak sortzea da. Izan ere, Microsoft-Office bildumak eskaintzen duen Power Point aplikazio hori, multimedia aurkezpenak egiteko aukera ematen duen programa indartsua da. Garai batean irakaskuntzan horren erabiliak ziren diaporama eta gardenki haien baliokide litzateke Power Pointen filosofia. Ideiak erraz antolatzen, sendo ilustratzen eta profesionalki komunikatzen laguntzen du. Bereziki gomendagarria eta erabilgarria da jendaurreko aurkezpenak egin behar direnean.

Betiko eta ohiko irakaskuntza bideetara soilik mugatu ordez, ikasi nahi den hori hainbat kanaletan aurkezten zaigunean aprendizaia aberasten zaigula esatea, gauza jakina da. Power Point oso tresna egokia da multimedia arlorako, ia media guztiekin lan egin bailezake: irudiak, audioak, bideoak, animazioak, hiperloturak...
Power Pointekin diapositiba digital eta animatuak eraikitzea lan erosoa eta ludikoa da. Ideiak antolatzeko, ilustratzeko eta egoki garatzeko tresna eraginkorra da. Gelan aurkezpenak egiteko balio du, era hunkigarrian komunikatzera iritsiz. Fitxategi berean testua, irudiak edota eskemak elkar daitezke. Gure adierazpenak aurkezpen horiekin lagunduta egiten baditugu, azalpenek arrakasta handiagoa izango dute.
Aurkezpen interaktiboak sortzeko, Power Point bera baino osatuago eta ahaltsuago diren aplikazio gehiago badago merkatuan (Director, Flash...). Baina Power Pointek bere alde duena, erabiltzeko duen erraztasuna da, aurkezpen oso interesgarriak lortuz. Irakaskuntza alorrean horren ezaguna dugun Worden erabiltzaile arruntena ere, berehala ohituko da aplikazio honetara, eta laster batean benetako multimedia ekoizpen osoak sortzen ikusiko dugu.
Aurkezpena eraikitzeko nahi adina diapositiba sor ditzakegu. Diapositiba horiek euskarri mota askotarikoetan finka daitezke: gardenkiak izan daitezke, edo diapositiba arruntak, eta, jakina, pantailan edo proiekzio bidez aurkez daitezke. Orri horiek sekuentzia bat osatuko dute -sarritan, zenbait ibilbide ere aurreikus daitezke- eta proiektatzeko tresna batez ikusiko ditugu. Aurkezpenek, maiz, oso gidoi ezagunak jarraitzen dituzte eta lana aurreratu nahirik aurre-diseinu eta txantiloi ugari eskaintzen dira. Gainera, Power Pointek, aurkezpenaren animaziorako eta diapositiben trantsiziorako ere oso tresna politak eta interesgarriak eskaintzen ditu. Beraz, gogoa izanez gero, nahi duguneraino eraman dezakegu gure sormen gaitasuna. Eta hori guztia, aurkezpen horiek prestatzeko eta antolatzeko denbora gehiegi erabili gabe.
Bereziki interesgarria da Power Point irakaskuntzan. Oso gutxi izango dira arbelik gabe eskola ematen dakiten irakasleak, gehien-gehienok, zerbait zirriborratzeko, haren beharra dugu etengabe. Eta hala ere, ezin dugu denok esku oneko marrazkilariak izan, eta are gutxiago bat-bateko diseinatzaile eraginkorrak. Eredua aurretik egitea kalitatearen berma bilaka daiteke (garbitasuna, antolakuntza, hausnarketa... ziurtatuz).
Gainera, irakasleak bere lanerako erabil dezakeen bezalaxe, ikasleek ere etekin handia atera diezaiokete Power Pointi. Beraien lan eta txostenak, paperezko euskarria gainditu eta, sarritan, multimedia produktuak izatera irits daitezke. Horrek guztiak, gainera, irakaskuntzaren esparruan betidanik oso interesgarritzat jo ditugun hainbat zeregin aplikatzera bultzatzen gaitu: zerbaiten inguruko informazioa bilatu, laburtu, eskema bihurtu, gidoiak eta hizketaldiak prestatu, jendaurrean aurkezpena gauzatu...