Autoritatea. Mugak jarri ezinik

Mugarik eza askatasunarekin nahastean



Autoritate hitza autoritarismoarekin nahasten da gaur, larderiarekin, inposizioarekin. Eta izatez, autoritatearen definizioa zera da: "Agintzeko eta obeditua izateko eskubide eta boterea. Norbaiti gai batean aitortzen zaion sinesgarritasuna; pertsona hori bera" (Elhuyar-en Hiztegi Entziklopedikoa).

Gizartean egun dagoen autoritate krisia erregimen faxistaren pean 40 urtean bizitzeak ekarri duen ondorioa da, hein batean. Hala azaltzen du Javier Elzok, Deustuko Unibertsitateko Soziologia irakasleak: "Horri trantsizioa egin zuen belaunaldiak 68ko maiatzeko maxima ezarri zuela gehitu behar zaio, 'debekatzea debekatuta' zioena. Horrek eskubideen gizarte mota bat ekarri du, eskubideei dagozkien betebeharrik eta erantzukizunik gabea. Inork ez du ezeren ardurarik hartzen, erantzukizun denak besteengan uzten dira. Familian ere berdin, jakina. Ezer okertzen denean errua eskolarena da, telebistarena, gizartearena, bestearena (aitarena, esango du amak, eta alderantziz). Seme-alabak eskubideen subjektu soil bihurtu dituen klima batean hezi dira, eta arduren subjektu, berriz, apenas diren. Esne-mamitan ditugu... nahiz eta oso denbora gutxi eskaini, egiak esaten hasita".

Autoritarismoan erortzeko beldurrez beste muturrera joan gara: autoritate izpiena ere debekatu, desagerrarazi dugu. "Gaur inork ez du autoritaterik eduki nahi -baieztatzen du Polaino irakasleak-, inork ez du ezer pertsonalizatu nahi, hobe masa anonimo eta formarik gabea izan, hartara ez baikara ezeren erantzule. Hori helduoi gertatzen bazaigu, nola eskatu gero haur bati irakaslea errespetatzeko, bere gurasoek sekula ez dutenean autoritaterik gauzatu haur horrekiko?".

Autoritaterik ez badago, haurrak ez du erreferentziarik eta gobernua berak hartu behar du. Eta kaosa sortzen da. Autoritatea hartzea kostatzen zaien gurasoentzat, badirudi haurra pozik eduki behar dela beti, eta berehala, gainera. Haurra zapuzten den bakoitzean zerbait egin behar da pozik egon dadin. Ondorioak, ordea, ez dira hain gozoak haurrarengan, adituek diotenez: gutiziak eta maniak izateko joera edukiko du, eta arazoak izango ditu frustrazioei aurre egiteko, itxaroteko, ahaleginak egiteko, bere burua lasaitzeko eta haserrea kontrolatzeko.



Erreferente falta

Seme-alabek bizitzarako balioko dieten erreferenteak behar dituzte, eta erreferente horiek eskaintzea gurasoen funtzioa da, eskolarena baino gehiago. Horrek ez du esan nahi gurasoek autoritarioak izan behar dutenik (benetako autoritatea komunikaziotik eta eredu izatetik dator), baizik eta familiek berreskuratu egin behar dutela euren seme-alaben heziketan duten paper nagusia. "Nork hezitzen du egun? -Javier Elzoren hitzak dira- Gurasoek ez, biek kanpoan lan egiten dute-eta. Eskolak ere ez, eskolari notak eskatzen baitzaizkio, heziketaren gainetik. Gaurko sozializazioan garrantzitsuenak lagunak dira, kalea. Telebista bera baino gehiago. Baina lagunek ere behar dute erreferentzia helduago bat. Gaur gaztea izatea oso zaila da, norberak bere eredua egin behar baitu erreferentziarik gabe. Taparik gabe milaka piezako puzzle bat egitea bezala da. Zeuk asmatu behar duzu zeure proiektua, zeu bakarrik zara zeure buruaren erreferente, eta oso gogorra da hori. Etorkizuna oso irekia dago, ez dago mugarik, badirudi nahi duzuna izango zarela, eta ez, ez da hain erraza".

Psikiatraren kontsultara jotzen duten nerabe asko eta askoren arazo iturria, gurasoen autoritate falta omen da. Bartzelonako Sant Joan de Déu Hospitaleko psikiatria buruak, José A. Aldak, horixe azpimarratzen du: "Gurasoarena egin beharrean koadrilakoarena egiteko joera egon da, eta hori erosoa da, baina ez da komeni dena. Gauza bat da hurbilekoa izatea, eta beste bat da paperak aldatzea. Nerabeak sekula ez dira gaur bezain galduta egon". Froga moduan bere ospitaleko datuak jartzen ditu: sei urtean, psikiatriako larrialdi zerbitzuetara jo dutenen kopurua hiru aldiz biderkatu da. Horietatik % 30 jarrera nahasteek betetzen dute (agresibitatea, biolentzia pasarteak, nortasun gorabeherak). Kasuen % 23 antsietate krisiengatik da. Eta gainerako % 15 suizidio saiakerek osatzen dute. José A. Alda psikiatraren arabera, suizidio saiakeren kopuruak gora egin du, eta kasu askotan, gaztea heriotza desio izatera daramaten arazoak beste garai batzuetan jasateko modukoak izango omen ziren. José A. Aldak hala dio behintzat: "Gaurko nerabeak beste belaunaldiak baino gutxiago daude ohituta esfortzura, eta frustrazioa onartzeko ezintasun larri baten aurrean gaude".



Frustrazioaren belaunaldia

"Frustrazioaren belaunaldia da gaurkoa. Egun ezinezkoa den kontsumo batera bultzatzen gaituzte etengabe, eta nerabea gatazkan sartzen da berak desio duenaren, munduak desio behar duela esaten dion horren eta benetan lortu dezakeenaren artean. Orduan tentsio puntua azaltzen da, eta biolentzia". Jaume Funes psikologoak esana da. Kontsumoaren gizarte honek, indibidualismoaren gizarteak, sortzen dizkigun nahiak, desioak, jomugak ez datoz bat gure aukera errealekin, eta desoreka horrek etengabeko frustrazio egoera sortzen du. Paulino Castells-ek "depresiora kondenatutako gazteria" izendatu du gaurkoa, eta halaxe du deskribatzen: "Bulkadak kontrolatzeko kapaz ez diren gazteak, beren desioekiko frustraziorik txikiena ere onartzen ez duten gazteak, egunetik egunerako berehalakotasunean sartuta bizi diren gazteak. Hazteari eta gurasoen etxea uzteari beldurra. Homo ludens -bizitza jolasa da- eta homo videns, pantailei itsatsita. Boterez gainezka dauden gero eta gazte gehiago pasatzen dira kontsultatik, familiaren manipulatzaile direnak, gurasoak dardarka dituztenak. Mutikook, ezagutzera iristen zarenean, zer izango eta ziurtasunik gabeak dira, erabat. Agintzaileak bai, baina barrutik ziurtasun falta totala. Gajoak. Zeren, gainera, esan egiten baitizute: 'nik ez nuen hainbeste botererik nahi, eman egin didate gurasoek, nik mugak jarriko zizkidaten gurasoak nahi nituen'. Eta hori egunero ikusten dut kontsultan".



Gurasoen etxean bapo

Egunero dirua poltsikoan, logelan zure telebista, ordenagailua eta Internet... "Aukera gehiegi izateak, askotan, zera eragiten die nerabeei: benetan galduta sentitzea -dio Alejandra Vallejo-Nágera psikologoak-. Eta baita ere, konkistarako gogo hori galtzea. Hain erraz lortzen dituzte helburuak, ez dutela ahalegina baloratzen. Ahalegin handi batek zeu bakarrik moldatu izanaren sentsazio indartsua ematen dizu, eta sentsazio gogor hori egun lanbrotu egin da, gure seme-alabek bitarteko gehiegi dituztelako euren alde".

Gurasoen etxetik gero eta beranduago independizatzea da horren adibide. Akaso amaren gonapetik ez alde egiteko motibo nagusiak etxebizitzen prezio neurrigabea eta lanaren egonkortasunik eza izango dira. Baina gaurko mentalitateak ere ez du askorik laguntzen; INJUVEk (Gaztediaren Institutuak) 2002an egindako iritzi sondeoak azaltzen duenez, Espainiako estatuko gazteen iritziz independizatzeko hilean 1.000 euro behar dira gutxienez. Gutxieneko kopuru hori, izatez, subjektiboa da, lotura zuzena baitu bere kasa bizitzearen truke gaztea eguneroko gastuetan egiteko prest dagoen murrizketekin.

Gazteak hain berandu emanzipatzeak bere ondorioak ditu gizarte mailan ere. Javier Elzoren hitzetan, "jada ez dago gazte kulturarik. Gurasoen baloreak eta gazteenak gutxi gorabehera berdinak dira, beti elkarrekin baitaude". Hainbeste urtean elkarrekin bizita, ez dago belaunaldi hausturarik. Gazte belaunaldiaren egitekoa aurrekoen eskemak haustea da, baina Elzok dionez, "egun gurasoek pentsatzen duten antzera pentsatzen dute seme-alabek, bizitza ikusteko molde bera dute".



Autoritate okerra

- Mugak ez jartzea haurra ez gogaitzeko.

- Ezetz esaten ez jakitea.

- Amore ematea ezetz esan ondoren.

- Arau-haustearen neurriko zigorra barkatzea, haurrak behin eta berriro eskatu duelako.

- Elkarrizketarik edo negoziaziorik ez izatea, edo berriketa hutsean erortzea.

- Asertzio, autoafirmazio jarrerak ez sustatzea.

- Emozioekin ez enpatizatzea.

- Aginduak ez betetzea.

- Koherentziarik eza gurasoen artean: batak debekatu egiten dio besteak egiteko esan diona.

- Ez entzutea. Entzun aurretik errieta egitea.

- Gero eta oihu ozenagoak egin behar izatea emaitzak lortzeko.

- Umilatzeko oihuak.

- Etiketak jartzea ("alfer hutsa zara", "zeurekoia zara...").

- Hizkera abstraktua erabiltzea.

- Ahalegina kontuan hartu gabe emaitzak exijitzea.

- Konparazio gorrotagarriak egitea.

- Haurrarekiko errespetua galtzea, gurasoek eurentzako espazioak izan ditzaten.





Autoritate positiboa

- Mugak jarri eta haurraren haserraldia jasatea.

- Hitz egitea eta negoziatzea. Baina batzuetan, hitz egin eta entzun ondoren, gurasoak egokitzat jotzen duen arauari eutsi behar dio. Ez da egokia amaierarik gabe hitz egiten jardutea.

- Salbuespenak kontuan hartzea.

- Haur bakoitza ezberdina dela kontuan izatea.

- Arau malguak, hazkuntzari egokitzen doazenak, gero eta autonomia gehiago emanez.

- Entzutea.

- Emozioekin enpatizatzea.

- Haurrak amorratzen duen arau baten aurrean sufritzen badu, bere onerako dela jakitea. Batzuetan "gogorra" izatea maitasun ekintza da.

- Gurasoen artean ados jartzea, haurrei mezuetan kontraesanik ez adierazteko.

- Hizkera argia eta zehatza erabiltzea.

- Eman denbora ikasteko. Ez exijitu gehiegi.

- Etsenplua ematea norberaren jarrerekin.

- Haurrari bere ekintzen ondorioak bizitzen uztea.

- Mementoan zerbait egin behar bada, sermoirik ez: ekin.

- Baloratu haurrak hobetzeko egiten dituen ahaleginak.

- Onartu zeure akatsak. Esan haurrari zer sentitzen duzun, nahastu egin zarela zeure onetik atera zarelako...

- Baloratu haurrak autoafirmatzeko dituen jokabideak.



*Iturria: Ernesto Maruri. "Agintea aginpidea da". Seme-alabak aldizkaria, 7. alea, 2004ko martxoa.





Jose J. Girón: "Arauak jartzea kostatzen zaigu, geure buruarengan soilik pentsatzen dugulako eta neurriz kanpo babesten ditugulako haurrak"



Familia eredua autoritario izatetik kaotiko izatera pasa da. Zergatik dago gaur arauak jartzeko beldur hori?

Batetik, guraso bakoitzak bere buruarengan soilik pentsatzen duelako: garrantzitsuena (edo kasik) une horretan bera nola sentitzen den da. Gaur inportantea den arauak bihar ez dio axola, baina haserre badago hil ala biziko bihurtzen da. Neurria gurasoak egun horretan duen umorea da. Beraz, haurrari gurasoaren aurpegia begira dezan eskatzen zaio, eta asma dezala noraino xaxatu. Gurasoak pena sentitzen duen unean, akabo: gertatutakoa ahaztu egiten du, "ez du axola". Garrantzi gehiago ematen baitio berak sentitzen duenari, benetan guraso bezala egin behar lukeenari baino. Akaso kriterioak argi izatea falta zaigu, baita etika mailan ere, eta seme-alabak nora heltzea nahi genukeen pentsatu.

Bestetik, seme-alabak neurriz kanpo babesteko dugun jarrera izugarria da. Haurrak sufritu ere egin behar du ikasteko, heltzeko, bere ekintzen arduradun egiteko, eta hori gurasook onartzen ez jakiteak bihurtzen ditu 17 urteko seme-alabak pertsona dependiente, arduragabe eta ume hutsak. Hainbesteko beldurra diogu sufritzeari, etengabe erremedio merkeak jartzen ditugula halakorik gerta ez dadin.



Mugak argi ez badaude, zer gertatzen da?

Seme-alabek mugaren ertzean jolasten dutela, batetik gurasoa tentatzeko, eta bestetik botere sentsazioa ematen dielako (eta gainera, azkenean nahi dutena lortzen dute). Egun osoa mugan jolasten aritzeak sortzen duen tentsioa izugarria da. Mugak zenbat eta argiago egon, orduan eta hobeak izaten dira harremanak, bakoitzak badakielako joko arauak zein diren.



Nola bihur daiteke arau sistema kaotiko hori sistema demokratiko?

Gizarteak berak erakusten du: arau bakoitzak ondorio bat du. Zuk aurrez badakizu (eta hori da, azkenean, nor bere jarreren arduradun eginarazten duena), autopistan 160an joanda isun arriskua duzula. Hortik aurrera, zerorrek hautatzen duzu zer abiadan joan, baina ondorioa zeure gain hartuz.

Familian berdin behar luke. Arau bakoitzak aldez aurretik zehaztuta eduki behar du bere ondorioa, eta hori bete egin behar da, zuzenean. Ez da araua bost aldiz gogorarazi behar, horrekin txarrean esan arte ez dela ardura hori bete beharrik ikasten baitute. Polizia bihurtzen gara, eta ez, gauzek gainean egon gabe funtzionatu behar dute. Horretarako, egin behar dudan lehenengo gauza, gainean ez egotea da. Horrek, nahiz eta gauza asko egin gabe gelditzea ekarri epe motzera, prozesu zabalago baten parte dela ikusi behar da.

Beste arazo bat da familiako arau sistema erotzekoa dela: arauak gutxi eta argiak izan beharrean, asko eta oso zirriborrotsuak dira.



Rolak nahastu ote ditugu? Gurasoek euren seme-alaben koadrilako izan nahi al dute?

Laguntasuna beharrezkoa da harreman denetan, baita guraso-haurren artean ere. Gakoa da, laguntasun horrek ez duela autoritate berdintasuna esan nahi.

Haurra errespetatzen baduzu, modu positiboan hitz egiten badiozu, eta sentitzen badu entzuten diozula, ulertzen eta baloratzen duzula, horixe da laguntasuna. Lagunarteko harremanek duten gauzarik onena, faltan dutena da: alegia, elkarbizitzako eguneroko urratu hori. Eta horixe da familiak duen alde txarra. Baina familiak ezin du alde txar horretan ito, onetik duena ahaztuta. Familiak landu egin behar du normaltasuna, eguneroko bizitza, eta gainera laguntasuna, elkar-entzutea hobetzen saiatu behar du.

Arazoa ez da hainbeste seme-alaben lagun izan edo ez, baizik eta beren mailara jartzea. Hor jada ez baitago autoritaterik, zure hitzak nereak adina balio du, dena ikuspegi kontua da. Eta ez horixe, familiako kontu batzuetan, balio duena gurasoen hitza da, lehendik esperientzia dutelako edota, besterik gabe, helburu oso argia dutelako. Gauza bat da arauak eztabaidatzea, eta beste bat erabakiak hartzea. Erabaki batzuk adostasunez hartzen dira, beste batzuk demokratikoki, eta beste batzuk norberak hartu beharrekoak dira.



Zein dira, zure iritziz, gurasoak hartu beharreko erabakiak?

Printzipioz, hartzen direnak baino gutxiago ("hemen nik erabakitzen dut" formulara sarriegi jotzen dugu). Ia beti justifikatuta daude bizia arriskuan jartzen duten egoerei lotuta daudenean, edo osasunarekin zerikusia dutenean. Gero familia bakoitzak bere printzipioak ditu, bere erreferente etiko, erlijioso eta humanoak, eta horiek ere gurasoek markatzen dituzten mugak dira, finean. Parekoarekiko errespetua baduzu, askotan ez du hainbeste axola zeu zaren araua jartzen duena. Arrakastaren erdia azaltzeko modua da.



Gurasoak bi direnean, normalean bat da arauak jartzen dituena.

Haurrekin harreman gehiena duenak bete ohi du paper hori, eta estatistikoki hori ama da (betiko rolekin jarraitzen dugu!). Sarri bere kexa da aita edo beste figura ez dela sartzen, onerako soilik dagoela. Baina horren ardura, askotan, amarena da. Amak hitz egiten badu, aitak ez baitu hitz egingo; amak jokabide bat zuzentzen badu, aitak ez du zuzenduko. Askotan konponbidea aitari ekiteko exijitu beharrean amak berak ez ekitea litzateke; pertsona bat falta denean, bestea agertzen da.



Komeni al da bietan bat izatea arauak jartzen dituena, edo hobe da rol hori txandatzea?

Egungo arazo nagusietako bat da (egia esan beti egon izan da, baina lehen nolabait konponduta zegoen), familiak heziketa proiekturik ez duela. Lehen bazen heziketa proiektu bat: estatuarena. Eta nola gizarte hartan dena bat zetorren, bazenekien nola ziren kontuak. Egun, askotan andre-gizonek benetan haurrak hezitzerakoan ezagutzen dute elkar. Sarri entzuna dut "nire senarra zer karka den! Sekula ez nuen pentsatu ere egin botatzen dituenak botatzeko kapaz izango zenik", sexualitate gaietan, esaterako, eta agian 15 urte daramate elkarrekin bizitzen. Baina ez dira gai izan aurrez hitz egiteko euren seme-alabekin nola landuko duten sexualitatea. Heziketa proiektu falta horri hezitzerakoan dagoen kriterio falta gehitzen zaio. Oinarrizko kriterio bat zera da: seme-alaben aurrean gurasoek ez dutela hasi behar batek baiezka eta besteak ezezka. Beraz, saia gaitezen elkarrekin. Ezin badugu, hitza aurrena hartzen duenak bideratu beharko du gatazka, eta hurrengoan egingo du besteak. Koordinazioa behar da.



Seme-alabek ikasten duten gauzetako bat aita eta ama izateko eredua da, eta familian bizitzeko eredua.

Pentsatuko bagenu, egoera askotan gure jokatzeko modua aldatu egingo genuke. Esaterako, haurrak oso ohituta daude gurasoen arteko haserreak ikustera, eta aldiz, ia inoiz ez dute ikusten nola adiskidetzen diren. Gatazkak konpontzeko eredurik ez diegu ematen.

Gurasoen beste jarrera oker batzuk hauek dira: oihukatzea, mehatxu egitea, gehienbat alde txarrean erreparatzea, edo euren arazoak konpontzea, konpondu behar ez dizkiegunean. Oinarri-oinarrian, ez diegu entzuten, eta oso gutxi ezagutzen ditugu; eurek askoz gehiago ezagutzen gaituzte.



Zergatik da neurriz kanpo babesteko joera hori?

Neurriz kanpo babesteak duen helburua gurasoa bere buruarekin ondo sentitzea da; dena kontrolpean dagoela sentitzen baitu. Horretarako, nahiago du berak janztea haurra, azkarrago bukatuko baitu.

Rol hori gehienetan amari dagokio. Ama, jada, gauza guztien erantzule da: bere bizitzaren erantzule da bai emakume gisa, bai bikote gisa, etxetik kanpoko langile gisa, etxeko langile gisa, ama gisa. Senarraren ardura ere berak du. Beregain duen karga horrek denak inguruko pertsonekiko oso harreman txarra sortzen du.

Seme-alabei dagokienez, berriz, neurrigabe babesteak justu heziketa helburuen kontrako ondorioak ditu; pertsona autonomoak eta arduratsuak sortu beharrean, pertsona dependienteak eta arduragabeak sortzen ditu.



Guraso eskolatan zein da gehien azaltzen den kezka?

Euren arazo zehatzaren konponbidea nahi izaten dute, eta finean haurraren jokabidea aldatzea da bilatzen dutena. Aldiz, arazo bakoitzak ez duela erantzun bakar bat ikasten dute, milaka aukera daudela eta norberak jakin behar duela horiek egokitzen. Benetan behar dutenaz jabetzen dira, hau da, aldaketa pertsonalerako prozesua hasi behar dutela. Eta aldatu behar duena nor den konturatzen dira: ez etorri ez diren pertsonak, baizik eta etorri den hori. Lehenengo shock-a horixe da.

Gurasoen kezka nagusia da euren burua nola kontrolatu zerbait gertatu eta lehen 15 segundo horietan. Burua laino, automatikoki erreakzionatzen dute, modu agresiboan. Justu hori bera da seme-alabek gehien gorroto duten unea: gurasoak kontrola galdu duela ikusten dutenekoa.