Kronika

Nafarroako haurrek D ereduan eman dezaten izena, kanpaina bateratua egin dute Sortzen-Ikasbatuazek eta Nafarroako Ikastolen Elkarteak. Leloak halaxe dio: "aukerarik onena, euskaraz".
Egun, bi erakundeek 60 zentrotik gora dituzte Nafarroan, eta 16.000 neska-mutil biltzen dituzte D ereduan.
Kanpainako agerraldian Kristina Andres Sortzen-Ikasbatuazeko ordezkariak azpimarratu zuenez, D eredua da egun ikaslea eleanitz egin dezakeen eredu bakarra. Murgiltze metodoari zor zaio hori, hizkuntzen ikaskuntzan emaitzarik onenak eskaintzen ari baita. Ez Euskal Herrian soilik, baita Europan eta mundu osoan ere. Etorkinei dagokienez, integraziorako tresnarik onena bertako hizkuntzan murgiltzea dela gaineratu zuen.
Pello Mariñelarena Nafarroako Ikastolen Elkarteko bozeramaleak euskara jakiteak eta erabiltzeak duen garrantzia azpimarratu zuen, bai nafar gizarteko errealitate bizia delako, eta baita gure herriaren kultur ondarea delako ere.

157 funtzionarien hizkuntza eskakizunean ez da atzera egingo
Bilboko Bertendona ikastetxean itxita dauden irakasle funtzionarioen auziak presio mediatikoa eta politikoa harrotu ditu martxoan zehar. EAEko irakasleok euskarazko hizkuntz eskakizuna lortu ez dutela-eta kexu dira. Batetik, Iralek "euskalduntzeko ez oomen duelako balio" (datuen arabera, sare publikoan Iraleren bidez irakasleen %80k lortu du eskakizuna betetzea). Bestetik, hizkuntza eskakizuna betetzeari baino ebaluazio iraunkorrari garrantzia handiagoa emateko eskatu dute (Iralek hizkuntzen irakaskuntza munduan estandarizatuta dauden formulak erabiltzen ditu). Funtzionarioen lan baldintzei dagokienez, kexu dira egonkortasuna galduko dutelako (beste postu bat jarri zaie aukeran).
1993an onartu zen irakasleen lanpostuen hizkuntz eskakizunei eta derrigortasun datei buruzko dekretua. Ordutik, hizkuntz eskakizuna lortzeko epe muga bitan atzeratu da. Iaz, Hezkuntza Saila sindikatuekin elkartu zenean, LABek epe muga hori berriro ez atzeratzeko eskatu zuen. Beraz, abuztuan amaitzen zen hizkuntza eskakizuna betetzeko epea. Azterketa gainditzea lortu ez dutenak (asko hiru urtez liberatuta egon dira euskara ikasteko) 157 irakasle dira. Horiei aukera eman zaie postu bat hartzeko eta Iraleko txandak agortu gabe zeuzkatenek berriro ere ahalegina egiteko. Gainerakoan, egonkortasuna galduko dute eta ordezkapenen zerrendatan sartuko dira.
Anjeles Iztueta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak BERRIA egunkarian adierazi zuenez: "Zer egin behar duten esan zaie: ikasi, ikasi eta ikasi, beste edozein herritarrek funtzionario izan nahi badu egin behar duen moduan. Administrazioan eredu izateko gaude". Zerbitzu publikoak gizartearen eskaerari erantzun egin behar diola gehitu zuen: "B eta D eredua eskatzen dute hamar gurasotatik 9,2k". Hain justu, ereduok berraztertzea da hurrengo pausoa, Anjeles Iztuetaren esanetan: "A ereduak ez duelako euskalduntzen, eta B eta D ereduek tokian-tokian gehiago edo gutxiago euskalduntzen dutelako".

Iparraldean kolektibo bat osatu dute hizkuntza politikan euren ahotsa entzun dezaten
Eredu publikoko, pribatuko eta Seaskako irakasleek bat egin dute, Frantziar estatua hizkuntza politika zehazten ari den honetan, benetan euskaldunduko duen eskola eskatzeko. Kolektiboa bigarren mailako 62 irakaslek osatu dute.
"Hizkuntza neurgailu guztiek alarma gorria erakusten dute -jakinarazi zuen Otxanda Larzabalek, eredu publikoko irakasleak-, transmisioa eten da eta euskararen geroa zalantzan da Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan". Egoera larri horretan, eskolaren funtzioa hil ala bizikoa da, eta aldiz ez omen da bere helburuak betetzera iristen. "Eskolak zenbat euskaldun sortzen dituen jakin nahi dugu eta uko egiten diote funtsezko galdera hori erantzuteari", gaineratu zuen Larzabalek.
Hiru sareetako irakasleek errealitatearen diagnosi bateratua osatu dute, zailtasunak zein diren azpimarratuz: gela elebidunak edo hautabideak irekitzeko trabak, egun dauden gelak atxikitzeko zailtasunak, ikastetxe teknikoetan eta profesionaletan ez egotea, edo azterketa eta agirietan euskarazko irakaskuntza ezagutua ez izatea.
Kolektiboak eskaera zehatzak luzatu dizkie botere publikoei euskarazko irakaskuntza eraginkorra izan dadin: euskararen ezagupen ofiziala, ikasleak zinez euskaldunduko dituen eredua garatzea, oren kopuru berezia, eskaintza orokortzea eskualde guztietan eta gutxieneko kopururik gabe, euskarazko ikasketen ezagupen berezia edota azterketak euskaraz egiteko aukera dira, beste askoren artean, eskatzen dituzten neurri zehatzak.
Ez dira gutxi azkenaldian gobernu frantsesak euskarazko irakaskuntzari egindako mehatxuak: Fillon erreforma, zerbitzu gehigarriei buruzko dekretua... 2005-2006 ikasturterako Pirinio Atlantikoetako Departamenduan 70 irakasle postu kenduko dituztela ere iragarri dute. Motibo bategatik ez bazen besteagatik, martxoan ere gurasoek hainbat eskola okupatu dituzte (Atharratzen, Hazparnen, Kanbon, Larrainen, Paun...).

Haurreskolak sareko langileak grebarako prest agertu dira, euren baldintzak hobetu ezean.
Haurreskolak sarea Hezkuntza Sailak sortu zuen 2003ko abenduan Lan Sailarekin eta proiektuan sartzeko prest zeuden udalekin batera. ELA, LAB eta EILAS sindikatuek salatu dutenez, oso "modu eskasean" sortu zuten, eta "interes handiagoa jarri dute propagandan, ikastetxeak hornitzen baino". Haur eskola horiek 11 orduz daude egunero zabalik, urtean 11 hilabetetan. Sindikatuen esanetan, "ez dute baldintza horiek exijitzen dituzten baliabideak
erabili nahi".
Talde bakarreko eskoletan hezitzaileak bakar-bakarrik egoten omen dira egun osoan, ordezko lankidea etorri arte, eta horietako zentro askotan telefonorik ere ez omen dago. Janariari dagokionez, zentro berrietan gurasoek eraman behar dute haurraren jatekoa, bertan berotzeko; sarea sortu aurretik zabalik zeuden eskoletan sukaldariak prestatzen du bazkaria, baina sindikatuek adierazi dutenez, "horien iraupena kolokan jarrita dago". Zerbitzua, gainera, ez dela doan ematen salatu dute: zortzi orduko zerbitzuagatik 180 euro ordaindu behar dira, eta bost ordukoagatik 135 euro. Sindikatuen esanetan, diru laguntzak jasotzeko baldintzak zorrotzegiak dira eta dirua urte bukaeran jasotzen da, beraz, gurasoek aurretik dirua jarri behar dute, gero laguntza izango ote duten edo ez jakin gabe.