ZANGOZA ikastola, Zangoza: Artista txikien aztarnak Zangozako ikastolako atarian

Ideiaren sortzaileak Jone Areta eta Axun Urkia irakasleak izan ziren. Nafarroako Ikastolen Elkarteak Plastikaren inguruan antolatutako formazioa jasotzen aritu ziren hiru urtez. Horrez gain, Axunek Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoen barruan egin zen plastikaren gaineko ikastaroan hartu zuen parte. Ikasitakoari etekina ateratzeko asmoz, biak hasi ziren Plastika ikasgaia nola landu pentsatzen. "Beti albo batean gelditzen den ikasgaia izan ohi da, eta garrantzi gehiago eman nahi genion". Hala, buruari bueltak ematen hasi, eta ikastolako jolaslekuko zutabeak margotzea bururatu zitzaien. Gehiago itxaron gabe, 5. eta 6. mailetako ikasleekin ideiak praktikan jartzen hasi ziren.

Hasieratik argi zeukaten esperientzia hainbat gai lantzeko baliagarri izango zitzaiela, ez margoketa soilik. Esate baterako, argazkigintza, matematika, teknologia, talde lana...



Informazioa bilatzea

Lehendabiziko urratsa zutabeei argazkiak ateratzea izan zen. Horretarako, argazkilari bat gonbidatu zuten ikastolara, eta hark argazkiak ateratzeko orduan zer hartu behar den kontuan esplikatu zien.

Ondoren, oinarri artistiko bat hartze aldera, horrelako lanik egindako artistarik ba ote zegoen ikusten hasi ziren. Horretarako, iturri anitzetara jo zuten: arte liburuak, Internet, entziklopediak, etxean galdetu... Ez daude asko, baina batzuk bai, eta horrela ezagutu zituzten Ibarrola, Legorburu eta beste zenbait.



Ideiak eta diseinuak paperean

Behin hori eginda, ikasleak beraiek hasi ziren diseinuak eta marrazkiak egiten. Hasieran bakoitzak berea, banaka, eta gero taldeka. Gai askotarikoak sortu ziren, eta batzuek zutabe bakoitzerako irudi bat proposatu zuten; beste batzuek, ordea, bederatzi zutabeak osotasunean hartuta planteatu zuten diseinua.

Taldeka bildu ondoren, talde bakoitzari zutabe bat margotzea zegokion. Horretarako, bakoitzak egindako proposamenetatik abiatuz, denen artean bat aukeratu behar izan zuten. Batzuek hoberena aukeratu zuten, eta beste batzuek proposamen bakoitzetik elementu edo gauza hoberenak hartuz beste diseinu berri bat osatu zuten.

"Denbora dexente jardun genuen honetan, eta garrantzitsuena eta zailena talde lana izan zen" diote Jone eta Axunek. "Adin horretan kosta egiten zaie beraien lana eta aurreiritziak alde batera uztea, eta denen arteko adostasuna lortzea... baina azkenean ohartu ziren talde lana zela, zutabea taldearena zela eta denen artean egin behar zutela".



Paperetik maketara

Diseinuak egin ostean, hurrengo lana maketak egitea zen. Noski, horretarako zutabeak neurtu behar ziren. Horrek oztopo bat baino gehiago sortu zien, zutabeak altuak baitira eta forma biribildua baitute. "Oztopo horiek ikasleek beraiek gainditu beharreko erronkak ziren, beraiek asmatu behar baitzuten nola egin neurketa. Matematikako hainbat elementu erabili behar izan zituzten" gaineratzen dute irakasleek. Behin zutabeen neurri errealak hartutakoan, maketak eraikitzeko proportzionaltasuna mantendu beharra zeukaten, eta hor ere beste hainbat elementu matematikorekin aritu ziren lanean.

Maketak liburutegian eta pasabideetan jarri zituzten, denek ikusteko moduan: batzuk argazkien bidez eginak, beste batzuk marraztuak, beste zenbait hiru dimentsiotan...

Ikastolako guztiek izan zuten aukera liburutegitik pasa eta gustukoen zituzten maketak aukeratzeko. Eta gero, bozketa bidez erabaki zuten zein bederatzi aukeratu. "Bozketa ikasleen, irakasleen eta gurasoen artean egin zen, eta beraiek prestatu zuten dena: bozketa iragartzeko kartelak, oharrak edo zirkularrak, bozkatzeko paperak eta abar. Ordenagailuaz baliatu ziren horretarako, eta hainbat programa erabiltzen ikasi zuten. Bozketaren emaitzetatik hainbat taula eta informazio grafiko egin zituzten, eta ikastolako guztien begi-bistan jarri zituzten".



Maketatik zutabera

Margotzen hasi aurretik, arkitekto bati hots egin zioten eta ikasleek hura elkarrizketatu zuten. "Aurretik galderak prestatu genituen sortu zitzaizkigun hainbat zalantza argitzeko. Adibidez, zutabeak zein materialez eginak zeuden, zein motatako margoa beharko genuen, zutabearen zulotxoak nola estaliko genituen... Eta zutabeak margotzeko beharrezkoa izango genuen materiala ere zerrendatu genuen: kolore desberdinetako margoak eta bakoitzetik zenbat kilo, zenbat brotxa, zenbat pintzel...".

Hori guztia ordaindu egin behar zen, noski. "Ikasleek beraiek zeramaten aurrera proiektua, eta hasieratik esan genien proiektuak autogestionatua izan behar zuela eta beraiek pentsatu beharko zutela nola finantzatu". Horrekin ez ziren beldurtu, inondik inora. "Ikastolan 2-4-6 izeneko elkartea daukagu" azaltzen digute irakasleek. "2., 4. eta 6. mailetako ikasleez osatutako elkartea da eta kontsumo eta enpresa munduan hasteko urratsak ikastea da helburua. Horretarako, dirua lortzeko hainbat gauza antolatzen dituzte: ikastolako jaialdiak, ogitartekoen eta pintxoen salmenta ikastolako festan, eskulanen salmenta, Javierada egunean hamaiketakoak saltzea eta abar. Ondoren, beraiek erabakitzen dute dirua zertan erabili. Zutabeen proiektuaren kasuan, hortik ateratako diruaz baliatzea erabaki zuten".

Erosketak egin aurretik, dendetan aurrekontua eskatu zuten, horrela dena aldez aurretik kalkulatuz eta neurtuz.

Zutabeak koloreztatzen hasi aurretik, diseinua erreproduzitu zuten zutabearen gainean, eta ondoren, pintzelak eta margoak hartu eta ekin. Hori izan zen ikasleei gehien gustatu zitzaiena, gehien gozatu zuten unea. Hainbeste denbora prestatzen egon ondoren, benetako ordua iritsi baitzen.



Herritarrentzako erakusketa

Ikastolaren atarira hurbiltzen den orok ikus ditzake margotutako zutabeak, baina Jonek eta Axunek diotenez, herri guztiari eman nahi zioten egin zutenaren berri, ez handik pasatzen zenari bakarrik. "Izan ere, ez da bat-batean, pentsatu gabe edo nola hala egindako zerbait. Aitzitik, hor atzean prozesu jator bat dago eta hori jakin zezaten nahi genuen. Garrantzitsutzat jotzen genuen herrira ateratzea gurasoekin eta familiarekin partekatzeko".

Horretarako, erakusketa bat prestatu zuten Zangozako kultur etxean, prozesuan zehar ateratako argazkiekin, maketekin... Bertaratu zirenek proiektua hasieratik bukaeraraino nola izan zen, zenbat urrats eman ziren eta abar ikusi zuten.

Gurasoak ere oso pozik gelditu ziren, eta zenbait harrituta ere bai. Izan ere, hasieran irakasleek proiektua planteatu zietenean, zalantzan jarri zuten ikasleen gaitasuna. Batzuek horrelako lan bat egiteko txikiegiak zirela uste zuten, beste batzuek ez zekitela margotzen zioten... Azkenean, ordea, proba egiten uztea erabaki zuten, eta bukaeran zoriondu egin zituzten, bai ikasleak eta baita irakasleak ere. •