www. apoa.net Ipuin didaktikoak sarean

Senide baten heriotzan zer esan, nola azaldu aita eta ama banatzera doazela edota amak etxera dakarren hori laguna baino gehiago dela... Egoera horiek omen dira, nola esan jakin ez-eta, helduak hankazgora jartzen dituztenetako batzuk. Hala kontatu digu Ainhoa Maiztegik, ipuin didaktikoen egileak: "telefono mugikorren, pagaren edota arropa marken inguruan ere kezka handia azaldu digute gurasoek, alegia, nola landu gai horiek euren seme-alabekin, 'nire lagun guztiek badute' esaten dietenean. Bistan da, gaurko gizartearen ezaugarri nabarmena dela kontsumoa".

Eguneroko gatazka txiki zein handi horiei buruz mintzatzeko tresna oso egokiak dira ipuinak, hasteko heldua eta haurra elkarrekin denbora zati bat partekatzen jarrarazten dituelako. Gizarte estresatu honetan, lanetik begizulo-karraio itzultzean, etxekoekin hitz egiteari ere bere denbora eskaini behar zaiola ahazteko arriskua dugu. Komunikazio ohitura horiek sortzea da proiektu honen egileen helburua: "haurrari gaur zer egin duen edo zer gertatzen zaion galdetzeko denbora ere hartu egin behar da. Azkenaldian kezka sortzen dion gai horri buruz hitz egiteko patxada ere hartu egin behar da. Eta ipuin bat izan daiteke gaia ateratzeko modua, elkarri denbora eskaintzeko mementoa ekartzen du ipuin batek".



Arazoei neurrira egindako ipuinak

Gai zehatz bati buruzko ipuina mementoan eskuratzea, horixe da www.wapoa.net guneak eskaintzen duena. Helduak web gunera jo eta kezka, gai edo balio bati buruz propio egindako ipuina inprima dezake. Eta nahi duen gaia zerrendan ez badago, enkarguz ere eskatu dezake halako ipuina egiteko, edota pertsonaiei halako izenak jartzeko. Enkargua egin eta zortzi egunera bere posta elektronikoan jasoko du ipuina.

Ipuin didaktikoek gai bakoitzak eskatzen duen sentsibilitatea eduki behar dute. Ainhoak kontatu digunez, ipuinak sortzerakoan psikologo biren laguntza jasotzen du: "psikologoek esaten didate nola landu gaia, arazo hori zerk sortzen duen edota zer roletako pertsonaiek egon behar duten". Ipuin bakoitza adin ezberdinetara egokitzen du gero.

Web gunean 50 ipuinetik gora jarriak dituzte, eta gaika daude sailkatuta. Bullinga, kultur aniztasuna, heriotza, dirua, lana, etxean animaliak eduki ala ez, eta beste hainbat gai lantzen dituzten ipuinak dira. Istorio guztiek pertsonaia nagusi bera dute: Apo estralurtarra.



Haurrarekiko komunikazioa lantzeko hainbat zerbitzu

Web gune honek beste zerbitzu batzuk ere eskaintzen ditu, haurraren eta hezitzailearen arteko komunikazioa indartzea dutenak xede.

Zerbitzu psikologiko profesionala. Haur-psikologo talde batekin jar zaitezke harremanetan web gunearen bidez, haurrekin zerikusia duten kezkak edo galderak egiteko. Datuak konfidentzialak dira. Zerorrek hala nahi izanez gero, web gunean azaltzen dituzte egindako galderak; bestela ez.

Foroa. Beste hezitzaileekin haurrei buruzko gaur egungo gaiez mintzatzeko, eztabaidatzeko gunea.

Planak. Haurrekin batera egin daitezkeen bisita edo txango didaktikoak proposatzen dituen txokoa.

Kontsultak. Zerbitzuon arduradunekin harremanetan jartzeko atea.

www.wapoa.net-ek eskaintzen dituen zerbitzuetara sarbidea izateko, kode bat eskuratu behar da. Bi tarifatako kodeak daude: asteko kodeak 8 euro balio du, eta web gunera 8 aldiz sartzeko aukera ematen dizu. Hilabeteko kodeak 30 euro balio du, eta 35 aldiz sartzeko aukera ematen du. Web gunean sartzen zaren aldi bakoitzean, nahi adina zerbitzu erabili ditzakezu. Kodea ez da derrigor aste horretan edo hilabete horretan agortu beharrik; urtebeteko epea duzu kode hori erabiltzeko.



KUTXA saria lortu duen proiektua

Heziketari eskainitako web gune honen atzean lan talde zabala dago, profil profesional askotarikoak biltzen dituen lantaldea. Hauek dira proiektuaren kideak: Ainhoa Maiztegi, ipuin didaktikoen idazlea eta marrazkilaria; Aintzane Berasategi eta Koldo Manso psikologoak, ipuinen eduki didaktikoa zaintzeaz arduratzen direnak eta gurasoei zerbitzu psikologikoa eskaintzen dietenak; Haroa Rodriguez, diseinu grafikoaz eta web gunea eguneratzeaz arduratzen dena; eta Iñaki Berasategi, ipuin didaktikoen ilustratzailea.

Proiektua burutik Interneteko pantailara eramateko bidean, Garapen zerbitzuaren eta Donostiako Enpresa Zentroaren laguntza jaso zuten. Horiek lagundu zieten bideragarritasun plana egiten. Proiektuak 2004ko Kutxa saria jaso berri du joan den negu honetan, eta ideia pantailaratu ahal izan dute. Orain arte jendeak nola erantzun duen ikusita, oso gustura daude. Ipuin didaktikoetara jotzen du gehien jendeak, eta psikologoari ere askok eskatzen dio aholkurik arazo zehatzen aurrean. Baina proiektuko partaideek diotenez, eurentzat arrakastarik handiena zera da: gurasoek gauero ipuin bat eskaintzea haurrei.•