SAENZ, Maite:

Materialgintzan ari zara aspaldian. Zuretzat zer dira testu liburuak, zer zentzu ematen diezu?

Testu liburuak a priori esanahi peioratibo bat eduki izan du. Baina testu liburua proposamen kurrikular baten barnean ulertu behar dela uste dut. Eta proposamen kurrikular horren barruan hainbat atal azaltzen dira: ikasleek erabiltzeko materialak, irakasleak erabiliko dituenak, gelarako direnak (bideoak, esaterako) edota formatu ludikoa dutelako ikasgelaz kanpo ere erabiltzen direnak (jolas interaktiboak eta beste). Horien artean, guretzat muina irakasleen gida didaktikoak dira, bertan biltzen baita proiektuaren filosofia eta elkarrekintza estiloa. Azken batean, liburu edo material bera modu askotara erabili daiteke, eta dena da material horren atzean dagoen hausnarketa, filosofia helaraztea irakasleei, zergatik proposatzen den hori. Horregatik, gure kasuan, egileok irakasleekiko harremana asko zaintzen saiatzen gara, joan-etorriko komunikazioa eduki behar dugulako praktikan ari direnekin. Alegia, eurek gure asmoak jakin ditzaten, eta geuk ere jakin dezagun zein diren praktikan dituzten zailtasunak eta zer ebaluazio egiten duten. Proiektu hauek ez baitira behin egin eta bukatzen direnak; saiakerak dira, proiektu biziak, eta irakasleekiko komunikazio hori ezinbestekoa da.



Haurraren prozesua segitzeari ere garrantzia ematen diozue.

Bai, adibidez, hizkuntza idatziari dagokionez, badakigu gure proiektuak erabiltzen dituzten ikasleak zer bilakaera eta zer emaitza ari diren lortzen. Horretarako, ikasle denen lanak bildu eta segimendua egiten dugu, irakasleek proiektuko mintegietara ekartzen baitizkigute euren haurren lanak. Garrantzitsua da hori bi gauzengatik: batetik, irakasleak bere lana kontrastatzea behar duelako eta beste profesionalak nola ari diren ezagutzea, praktika nola hobetu ikusteko. Eta bestetik, guri ere komeni zaigulako proposatzen ditugun jarduerek zer ondorio dituzten ikustea. Argitaratu aurretik esperimentazio taldeetan ere aztertu izan ditugu proiektu berri baten ondorioak. Haurren segimendu hori zuzenean egitea ere gustatzen zaigu; alegia, gozatu egiten dugu gelatan sartu eta ikusten nola egiten duten lan, zer fasetan dauden, eta gelatik ere informazioa jasotzen dugu.



Zein da haurraz duzuen ikuskera, eta hori zertan nabari da zuen proposamen kurrikularretan?

Haurrak izan baditu berezko gaitasun batzuk, eta hezitzaileon ardura da sortzez dituen gaitasun horiek indartzea, estimulatzea eta bizirik jarrai dezaten bermatzea. Haur hori ezagutu egin behar dugu, entzun. Ikuspegi konstruktibista batetatik, ulertzen dugu haurrak eraikitzen duela bere ezagutza lehendik dituen ideiekin loturak eginez, eta prozesu horretan subjektu aktiboa haurra dela eta helduaren papera aldamioa egiten laguntzea dela. Haurraren ikuspegi hori gero gure ikasmaterial eta proposamenetan islatu egiten da. Adibidez, ikasgelan ahalik eta giza interakzio aberatsenak bultzatzen saiatzen gara (helduak haurrekin, haurrak haurrekin, binaka...). Bestetik, proiektuetan oinarritzen dugu ikasgelako lana; proiektuen bidez, haurrak hartzaile jakin batentzat egiten du lan konkretu bat, funtzionaltasun bat emanez gelan egiten denari.



Gaurko haur horrek zer ezagutza mota, zer gaitasun behar ditu landu?

Bizitzari aurre egiteko egun zein ezagutza mota beharko dituen argitzea da garrantzitsua. Lehen ezagutza ia estatikoa zen; egungo zientzia aurrerapenekin eta ikerketen abiadurarekin, gauza asko erlatibizatzen dira eta hainbat gauza ez dira egia absolutuak. Egun haurrak ezagutu behar duena ez da jakintza entziklopedikoa (nahiz eta hainbat informazio jakin egin behar dituen eta memoria bezalako gaitasunak lantzea ere garrantzitsua den). Gaur gehiago inporta zaigu haurrak bere inguruan duen mundu hori guztia hausnartzeko, behatzeko eta erlazionatzeko gaitasunak lantzea; edota gaitasun afektiboak diren ekimena, sormena, autokonfiantza eta estimua lantzea, eta baita gizarteratzeko gaitasunak era egokian garatzea, iruditzen zaigulako horiek izango direla benetan gakoak etorkizuneko eskakizunei erantzuteko.

Gaitasun afektiboak eta gizarteratzekoak asko azpimarratzen ditugu. Txikitatik hasi eta goiko mailetara arte landu beharrekoak dira, gainera. Eta hor zerikusi handia dute giza balioek. Balioen heziketa modu integral batean egin behar da, eguneroko bizitzan hartu behar dute gorputza, aparteko ikasgai bihurtu beharrean. Zenbaitetan esplizitoki landu beharko dira balioak, haurrei egoera edo arazo konkretu bat aurkeztuz. Baina errealitatearen konplexutasuna gaika sailkatu izan dugu (batean matematikak, bestean hizkuntza, bestean balioak), eta azkenean guztia elkarloturik dagoela ahazten dugu. Haurrak halaxe hautematen du, gainera.



Euskal curriculuma oso presente duzue zuen proposamenetan.

Bai, oso garbi dugu gure proposamena Euskal Herrian sortua eta Euskal Herrirako sortua dela (itzultzeak lanak emango lizkioke bati baino gehiagori). Geografia eta Historian soilik ez, alor guztietatik saiatzen gara gure kultura, balioak eta ezaugarriak islatzen eta etengabe beste alor guztiekin erlazionatzen. Gainera, literaturan, musikan, bertsolaritzan luxuzko kolaboratzaileak ditugu: Txiliku, Mitxel Murua, Joxan Ormazabal, Juan Kruz Igerabide, Mikel Mendizabal, Imanol Urbieta, Enkarni Genua... Arte plastikoetan ere herri honetako ondarea aztertzeko saiakera egin dugu.

Hizkuntzari dagokionez, oso kontuan hartzen dugu zein den haur bakoitzak euskararekiko duen abiapuntua. 3. mailatik aurrera, besteak beste hausnarketa soziolinguistikoa planteatzen dugu ikasleekin.

Une interesgarrian gaude gure curriculumaren garapenerako. Hainbat erakunde, Ikastolen Elkartea tartean, konpromisoak hartzen hasiak dira eta eurekin harremanetan gaude, noski.



Testu liburuen ajea zera omen da: irakasleak liburu horren atzean dagoen filosofia eta lan estiloa ikusi beharrean, liburuan begiak jarri eta bukatu arte segi egiten duela, kapituluz kapitulu. Zuek, egile bezala, halako kezkarik ba al duzue?

Bai, noski. Horregatik irakasleen prestakuntzak eta irakasleekiko komunikazioak garrantzia handia du. Atera berri dugun materialarekin gertatu zaigu: hainbat irakasleri bere praktikan aldaketa handia egitea ekarri dio. Ez baita liburuari segi eta kito. Eskaintzen den material aniztasuna izugarria da eta hor aukeraketa bat egin behar dute. Gelan sortzen diren egoerak edo une horretan komunikabideetan agertzen dena txertatzeko ere aukera ematen du gure proposamenak, oso malgua da. Unitate didaktiko bakoitzaren irakasle gidak baditu gutxienez 40 orri. Lan handia ematen diogu irakasleari, materiala konplexua baita eta bere praktikan aldaketa eskatzen baitio. Horrek beldurra ekar dezake, lehengoak ematen dizun segurtasuna utzi egin behar duzulako. Horregatik, hasierako une horietan gure iradokizunak eta euren arteko komunikazioa oso lagungarriak izaten dira.



Ikasleen aniztasunari erantzuteko, irakasleak nola erabili behar lituzke testu liburuak?

Gelako aniztasunari soluzioa gure proposamenak emango diola esatea harrokeria litzateke. Gela bakoitzeko aniztasuna irakasleak ezagutzen du, eta berak ikusi behar du memento jakin batean aniztasun horri erantzuteko zer liburu, zer baliabide, zer jarduera erabili eta zer ez, nondik hartu eta nondik kendu. Eta batez ere, nola landu behar dituen edukiak. Gu ahalik eta abanikorik zabalena eskaintzen saiatzen gara, euskarri anitzetan eduki mota bakoitza lantzeko egokienak diren prozesuak ireki daitezen. Filosofikoki ere, haurraren prozesuari ematen diogu garrantzia (askotan emaitzari baino gehiago), eta saiatzen gara erregulatzen gelako interakzio edo elkarreragin horiek (helduak haurrekin, haurrak haurrekin, talde txikitan, binaka), aniztasunari erantzun askotarikoak eman ahal izateko.

Galdera edo arazo berari oso erantzun ezberdinak ematen dizkiete haurrek, eta hori aberasgarria da. Irakasleak zera planteatu behar luke gero: "ikus dezagun haur bakoitzak erantzun hori emateko zer prozesu eta zer arrazoiketa jarraitzen duen", eta hori mahairatu, arrazonamendu horrek daukalako balioa, askotan emaitzak baino gehiago. Prozesuoi garrantzia ematen zaien neurrian, eta haurraren aktibitate mental hori eta hipotesien mundu hori kontuan hartzen den neurrian, proposamenak irekiak daude aniztasunari erantzuteko. Askotan kontua ez da zer proposatzen den, baizik eta nola proposatzen den eta zer baloratzen den. Ez da beti erraza gelan 25 haur edukita. Egin behar duguna da aniztasunari erantzuteko estrategia konkretu batzuk bilatu eta landu. Baina intentzio hori beti garbi edukitzea da garrantzitsua.



Badira testu liburuak erabiltzen ez dituzten irakasleak ere.

Nik oso kasu gutxi ezagutzen ditut, egitan hori esan dezaketenak. Oso zaila baita curriculum batek exijitzen dituen osagai guztiak biltzen dituen programa osatzea irakasleak berak bakarrik. Lehen Hezkuntzan behintzat, ikasleek adinean gora egin ahala, orduan eta zailago, curriculumean ukitu beharreko esparruak asko zabaltzen direlako. Eta hor, batez ere, denboraren arazoarekin egiten dugu topo. Koordinazio horizontala eta bertikala bermatu beharko lirateke, hau da, irakasle talde osoaren inplikazioa bideratzeko denbora. Aldiz, errealitatean ikasle askorekin eta denbora gutxirekin egiten dugu topo, eta gauza horiek prestatzeak, adosteak eta sekuentziatzeak denbora, formazioa eta lan egiteko gogoa eskatzen du. Beraz, nik uste dut proposamen kurrikular hauek lagundu egiten dutela. Besterik da, hemen jartzen duena itsu-itsuan egin behar izatea.



Hogei urtetik gora daramatzazu irakaskuntzan, eta Ikastolen Elkarteak eta Elkarrek batera ateratako hainbat material egin dituzu. Zein dira ezagutu dituzun aldaketarik handienak?

Bata arloen globalizazioa da. Gaur sinestea kosta egiten bada ere, 3 urtekoentzat lehen materialak aurkeztu genituenean, globalizazioa planteatzea aldaketa izugarria izan zen, ordukoarekin haustea baitzen. Haur Hezkuntzan ere arloak zatitzeko ohitura zegoen (ordu batean Hizkuntza, ondoren Matematika...). Globalizazioak dakarren balioen trataera ere berria zen. Haurra osatzen duten gaitasun guztiak garatzeari egun ematen diogun garrantzia eta gaitasunen aprendizaian eman diren urrats berriak ere oso interesgarriak dira.

Bestetik, haurrari ez zaizkiola gauza sinpleak eskaini behar pentsatzea ere berrikuntza da, haurra gai delako bere modura gauzen konplexutasunaz hausnartzeko, hipotesiak egiteko, kontrastatzeko, eta horrela eraikitzen duelako bere ezaguera. Ezaguera hori eraikitzen duena, azkenean, haurra da, nahiz eta guk kanpotik lagundu eta elikatu.

Proiektuak lantzearen ideiak ere aldaketa handia ekarri du praktikara, alegia, gelan lantzen denari funtzionaltasun bat emateak, ikasleek zentzu bat emateak. Gainera, bere aprendizaian paper aktiboa izate horrek motibazioarekin duen erlazioa ikustea oso polita izan da.

Hizkuntzari dagokionez, hasi ginenean, hizkuntzaren egiturazko lanketa egiten zen. Gaur egun ikuspegi komunikatiboan eta hizkuntzen trataera integratuan oinarritzen gara. Euskal curriculumaren indartzeak ere aldaketa ekarri du Haur Hezkuntzatik hasita. Arteaz eta musika klasikoaz egindako ekarpenak ere berriak izan ziren bere garaian.

Gaiak ere berriak dira. Ordura arte gehienetan lantzen ziren gaiak etxea, kalea, baserria eta halakoak ziren. Egia da haurrak bere inguru hurbila ikertuz ikasten duela. Baina gaur egungo haurrak bere ingurune hurbila asko zabaldu du (besteak beste, komunikabideak direla tarteko). Horregatik hasi ginen gu dinosauroen garaia, lehen gizakia edo arabiarrak bezalako gaiak hautatzen. Gai berri horiek motibazioa pizten dute haurrengan. Guk ez ditugu eduki zehatz horiez asko jakiteko erabiltzen (ikasten dute, baina hori ez da helburua), baizik eta beste gaitasun eta trebetasun batzuk lantzeko (alderatzeko, hausnartzeko, ondorioak ateratzeko, informazioa biltzeko, trebetasunak lantzeko...); horiek dira benetako edukiak, garrantzitsuak direnak. Bukatzeko, gurasoekin bultzatzen ditugun harremanak (informaziozkoa eta kolaboraziozkoa) oso giro eta emaitza onak ematen ari direla aipatuko nuke.



Zuen azken materialak, "Txanela"k, planteamendu bitxia du.

Ziklo bakoitzari abentura baten planteamendua eman diogu. 1.zikloan, Bianako mutiko bati eta Orioko neska bati birraitonaren ametsa betetzea otu zaie: birraitonaren denboraren makina konpondu, eta denboran eta espazioan atzera-aurrera ibiliko dira, museo bat osatzeko. Abentura hori haurrari aurkezten diogu, komiki bidez, eta abentura horretan murgildurik ibiltzen dira bi urte horietan zehar. Hurrengo zikloan, beste abentura bat eta beste pertsonaia batzuk izango dituzte.

Unitate didaktiko bakoitzak oso antolaketa berezia du, teorikoki esaten ditugun egoera horiek guztiak gero benetan gela barruan gerta daitezen. Motibazio jardueratatik hasi eta komikiak kokatu egiten ditu haurrak gaian; aurrezagutzak eta ezagutza okerrak aktibatu, eta proiektu bat proposatzen zaie haurrei. Proiektua garatzean, prozesuaren sintesia egiten da eta, jakina, proiektua azken bururaino eramaten da, hartzaile jakin batentzat gauzatuz. 2. zikloan elementu berri bat txertatu dugu, ikasleak lehen urratsak eman ditzan metaaprendizaiaren arloan (hau da, aprendizaiaren autoerregulazioan): zertan ari naiz, zertarako, lehen nekiena eta orain dakidana zer da... Erregulazio horretarako elementu asko proposatzen ditugu prozesu osoan zehar.



Materialgintzan argitaletxeak lehian dabiltza, eta merkatuan ez da kanpotik etorritako eskaintzarik falta. Nola ikusten duzu egoera?

Nik ez dut merkatuaren funtzionamendua gehiegi ezagutzen. Dakidana da, euskara hutseko materialek desabantaila izugarria dutela merkatuko prezioekin lehiatu ahal izateko; itzulpen hutsa onartzen duten materialen ekoizpena askoz ere merkeagoa baita. Gauza kuriosoa pasa zitzaigun CD-ROMarekin: orotara, merkeago ateratzen zen kopia gehiago egitea, kopia gutxiago egitea baino. Zergatik? Makinak programatuta dauden moduan, prozesua eten egin behar zutelako kopia gutxiago egitekotan. Beraz, edozein marrazkiri 40.000 kopia atera behar badizkiozu gero gaztelaniako, katalaneko eta gailegoko itzulpenetan ere erabiltzeko, pentsa irudi hori zenbat aletan amortizatzen duzun. Gurea, berriz, oso eskala txikiko produkzioa da. Euskal argitaletxeok, nik dakidala, diru laguntzei esker irauten dugu. Eta bestetik ez dakit kontzientzia handirik ote dugun horren inguruan; fotokopiatara erraz jotzen dugu irakasleok.

Egia da ekoitzi ahal izateko merkatuak erantzun egin behar duela. Baina nik ezin dut nire lana planteatu ikuspegi komertzialetik. Gauzak argi ditut, edo sinesten dut proiektu batean edo ez dut sinesten; beraz, merkatuan asko salduko litzatekeen materiala nire hezkuntza ulertzeko moduarekin bat ez badator, nik ez dut hori egin nahi.



Guraso eta ikasle askoren marmarra da, "beti testu liburu berriak ateratzen ari dira, eta arrebak erabili zituenak ez dizkio balio hurrengoari".

Ez da egia urtero-urtero aldatzen direnik. Egia dena da aldaketa bi seme edo alaben tartean gerta daitekeela eta gertatzen dela. Egin kontu, 3 urtetik hasi 5. eta 6. mailara arteko proiektu bat "bukatzen" dugunerako ia hamar urte joaten zaizkigula. Eta hamar urtean hainbat gauza aldatzen dira eta ikasten ditugu, non berrikuntza horiek ikasgelara eraman behar ditugun. Ideala bost urtetik behin berritzea litzateke, hala ere. Lan hauek ez dira inoiz "bukatzen", beti dira saiakerak. Gainera, duela hamar urtekoak eta oraingoak ez dira haur berdinak, eta haur horrek bere lanean eta bizitzan izango dituen espektatibak ere aldatu egiten dira. Juan Ignacio Pozok, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Psikologian katedradunak kurioso esaten zuen bezala: "XIX. mendeko edukiak, XX. mendeko irakasleekin XXI. mendeko haurrari erakusten ari gara". Beraz, hori eguneratu egin behar da. Etengabe galdetu behar diogu geure buruari nor den eta nolakoa den hezten ari garen haur hori.