Kronika

Ahalmen urriko 10 haurrek eskolan behar bezalako baldintzak izan ditzaten, 40.000 euro behar ditu Seaskako Integrazio Batzordeak. Izan ere, Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez ditu ordaintzen behar bereziak dituzten haurrekin lan egiten duten hezitzaileak.
Frantziako hezkuntza sisteman AVS edo "eskolaren bizitzako laguntzaile" figura dago. Seaskak, ordea, duela 10 urtetik AVSaz gain hezitzaileak ere jartzen ditu haurroi laguntzeko (Hego Euskal Herriko eredua jarraituz). Hezitzaile horiek Seaskak ordaindu behar ditu. Hala azaltzen du Seaskako Integrazio Batzordeko idazkariak, Ladix Lanouguére Arrosagaraik: "Frantses Hezkuntzak 20 urteko gibelamendua du ahalmen urriko haurren integrazioan. Guk beharren arabera lan egitea erabaki dugu, eta ez eskaintzen dituzten laguntzen arabera".
Dirua biltzeko eta gizartea sentsibilizatzeko kanpaina abian dute, Eskola egun, gizartea bihar lelopean. Otsailaren 12an bukatuko da kanpaina "Irratsei" izeneko irratsaioarekin. Aurtengo kanpainan 1.000 lagunek parte hartzea lortu nahi dute.

Fisika, Kimika eta Geometriari ordu gehiago
EAEko hezkuntza sistema ebaluatu dute nazioarteko bi ikerketek (Pisa eta TIMMS neurketek). Emaitzen arabera, Geometrian, Fisikan eta Kimikan ateratzen dituzte bertako ikasleek nazioarteko batez bestekoak baino puntuazio baxuagoak. Zientziatako hiru arlo horiek hobetu asmoz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Anjeles Iztuetak neurri zehatzak hartuko dituela iragarri du: hiru ikasgaion ordu kopurua handitzea, berrikuntza programei arreta berezia eskaintzea eta irakasleen trebakuntza sakontzea dira iragarritako neurriak. Zer-nolako aldaketak egin erabaki baino lehen, administrazioak egungo curriculumak aztertuko omen ditu.
Pisa neurketa OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak egiten du, DBH bukatzear duten ikasleetan oinarrituta. Lau arlo ebaluatzen ditu: irakurmena, ezagutza matematikoa, ezagutza zientifikoa eta buruketen ebazpena. Alor ia denetan, OCDEko herrialdeen batez bestekoan edo apur bat gainetik dago EAEko hezkuntza sistema. Ezagutza zientifikoan dabil ahulen. Matematika alorrean, berriz, hutsunea Geometrian dagoela agertu du ikerketak. TIMMS nazioarteko ikerketak ere gabezia nagusiak Fisikan, Kimikan eta Geometrian kokatu ditu.
Indarguneen artean ekitatea da EAE erreferente bihurtzen duen ezaugarria; alegia errendimendurik altuena eta baxuena lortzen duten ikasleen arteko aldea txikia izatea. Pisaren arabera, OCDEko herrialdeen ekitate onena dauka EAEk, eta TIMMSen ebaluazioan munduko hirugarren lekuan dago, Quebec eta Tunisiaren ondoren.
Zientzia arloa indartzeko, administrazioak ikastordu gehiago eskaintzeko agertu duen asmoaren aurrean, ezadostasunik ere agertu du zenbaitek. Hala zioen Berria egunkarian Josu Sierrak, Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeko arduradunak: "Gure hezkuntza sistemak hizkuntzen aldeko apostu sendoa eginda dauka, eta hizkuntzei ezin zaizkie orduak kendu. Beste bideren batzuk bilatu beharko dira, beraz".

Euskal curriculuma eskolen ekarpenen bila
Euskal curriculuma azken urratsetan da eta prozesua udazkenerako bukatzeko konpromisoa hartu zuten berau diseinatzen ari diren hiru erakundeetako ordezkariek. Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakari Pedro Aranburuk, Sortzen-Ikasbatuaz elkarteko lehendakari Juan Karlos Aretxabaletak eta Ezker abertzaleko hautetsien Udalbiltzako lehendakari Loren Arkotxak hitzarmena sinatu zuten Bilbon urtarrilaren 28an. Publikoki jakinarazi zutenez, eztabaida prozesu parte-hartzaile bati hasiera emango diote. Horretarako, bakoitzak bere eskola sarean ahalik eta eztabaidarik zabalena emateko aukerak jarriko dituzte Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak eta Sortzen-Ikasbatuaz Elkarteak. Udalbiltzak, berriz, herritarren parte-hartzea bermatu beharko du.
Euskal curriculuma bost urratsetan eraikitzen ari dira 2003az geroztik. Lehen urratsa, oinarri filosofiko eta pedagogikoak biltzen dituen lan metodologia adostea izan zen. Bigarren urratsean, jakintzagaiak zehaztu zituzten, adituen ekarpenak bilduz. Hirugarren urratsean irakasle adituengana jo eta euren proposamen teknikoa jasotzen ari dira (lan hau aurten bukatzeko asmoa dute). Orain azken bi urratsak ematea falta da, beraz: hezkuntzan dihardutenei eta, oro har, herritar guztiei parte hartzeko eta ekarpenak egiteko aukera ematea eta, bukatzeko, ekarpenekin aberastutako txostena onestea.
Orain arteko urratsak positiboki baloratu zituzten, "ametsa zirudiena gauzatzen ari delako", eta euskal curriculuma osatzeak zer garrantzia duen azpimarratu zuten: "Gure kultur ondarearen adierazpenik nabarmenena euskara da eta euskarazko irakaskuntza hedatzeko ahalegin handiak egin dira. Gauza bat da, ordea, euskarazko hezkuntza eta, bestea, hezkuntza euskalduna. Euskalduntzeko, euskara ezagutzeaz gain, euskal gizartean sortu edota egokitu diren kultur adierazpen nabarmenenak bereganatu behar dira". Hezkuntza komunitate osoaren gogoeta eta ekarpenak ezinbestekoak direla nabarmendu zuten.

Ia 2.000 funtzionariok soldata igoera eskatu zuten Baionan egindako manifestazioan. Irakasleak ziren manifestari gehienak, nahiz eta tartean suhiltzaileak, ospitaleetako langileak, administraziokoak eta zerbitzu publikoetako beste zenbait langile ere izan. Urtarrilaren 20an atera ziren Baionako kaleetara.
Frantziar estatuak funtzionarioen soldatak ez ditu kontsumo prezioen arabera igo; gainera, zerbitzu publikoak gutxitu ditu. Horixe zen pankartaren atzean bildutako sindikatuek (CFDT, CGT, UNSA, FO, FSU eta CFTC sindikatuek) salatzen zutena. "Denak batera gure soldaten eta zerbitzu publikoaren alde" zioen leloak. Pankarta nagusiaren atzean ez zieten LAB sindikatuko ordezkariei lekurik egin, eta hogei metro atzerago joan ziren LABekoak, "kalitateko irakaskuntza" aldarrikatzen.
Sistema publikoko gabeziak aipatu zituzten sindikatuek: ospitaleetan langile falta omen dute; segurtasun eza gero eta handiagoa omen da; dezentralizazioaren ondorioz miseriak lekuko instituzioetan nabari omen dira; eta Frantziako Gobernuak ez omen ditu negoziazioak hasi nahi.
Renaud Dutreilek, Funtzio Publikoko ministroak, halaxe erantzun du: "Ez dut dirurik gordetzen alfonbraren azpian".