095: Europarako Konstituzio Itunak ez ditu hizkuntz eskubideak jasotzen

Hilabete honetako kontua izango da Europarako Konstituzio Itunaren erreferenduma. Aldeko zein kontrako botoak eskatzen ari dira, aldeko zein kontrako arrazoi eta argudioetan oinarrituta.

Itunaren inguruan azterketa ekonomikoak, politikoak, sozialak, kulturalak eta linguistikoak egin dira. Horietako bat Hizkuntz Eskubideen Behatokiak egin duena da, hizkuntzaren ikuspegitik, jakina. Ituna goitik behera aztertu ondoren, ondorio garbi bat atera dute: ez dituela hizkuntz eskubideak jasotzen, hizkuntza ez da oinarrizko giza eskubidetzat hartzen.

Europako Batasunean 125 hizkuntzatik gora erabiltzen dira; 60 hizkuntz komunitate inguru daude; eta 21 hizkuntzari baino ez zaie aitortu konstituzioan hizkuntzaren izaera. Euskara 21 horietatik kanpo utzi dute. Estatuen hizkuntzak dira Europan balioko dutenak, ez herri edo nazioen hizkuntzak. Izan ere, Itun Konstituzionalaren arabera, estatuak dira Europako Batasuneko subjektuak, eta aniztasuna aipatzen duenean estatu horien aniztasunaz ari da. Ondorioz, estatu horien "borondatearen" baitan gelditzen da hizkuntza gutxituen defentsa. Hizkuntza guztiekiko errespetua ere aipatzen da itunean, baina horrek ez du inolako ondorio juridikorik.

Hizkuntza bat ofizialtzat hartzea edo ez hartzea ez da gauza bera, ondorio ugari ditu eguneroko bizitzan. Galdetu bestela lapurtarrei, nafarrei edo zuberotarrei. Edozein administraziotara joan eta ezin euskaraz aritu. Gauza bera gertatuko zaigu Europan ere: zuzendaritzako proiektuetan, herritarrei begirako dokumentazioan, web guneetan, Ministroen eta Estatu Buruen Kontseiluan, komisarioen prentsaurrekoetan... euskarak ez du lekurik izango. Ezingo diegu Batasuneko administrazioei, Arartekoari edota bestelako erakundeei zerbitzua euskaraz eskatu. Munduko beste hizkuntzen maila izango du euskarak.

Horrek gure hizkuntzaren normalizazioan eragina izango du, negatiboa, zoritxarrez. Eta hezkuntza esparruan ere antzemango da. Euskara hizkuntza ikaskuntzaren programa guztietatik kanpo geldituko da. Europako ikastetxeekin trukeak egiterakoan ere gaztelania eta frantsesa erabiltzera behartuta egongo gara. Orain arte aniztasunean bildurik leloari loturik bideratu diren ekimen ia guztiak (Sokrates, Leonardo...) estatuen hizkuntza ofizialen sustapenerako izan dira. Beraz, hortik at geldituko da euskara.

Gure eremu txikian euskal irakaskuntzaren aldeko urratsak ematen jarraitu arren, inguruak ez digu batere lagunduko helburuetako bat lortzen: gazte euskaldunak ateratzea eskolatik.