Muga guztien gainetik... euskaraz!: GARRALDAKO eskola, Garralda: Eskualdeko haurren topagune

Garraldan biltzen dira Aezkoako, Erroibar erdiko (Bizkarreta, Ureta, Mezkiritz eta Aurizberri), Auritz-Orreagako eta Luzaideko haurrak. Bertan baitako eskualdeko eskola publikoa. Haur Hezkuntzatik hasi eta DBHra arte ikasten dute bertan, eta gero ia denak Iruñera jotzen dute. Salbuespenak Aurizberri, Auritz eta Luzaide dira. Hiru herri horietan Haur eta Lehen Hezkuntza eskaintzen duten eskolak daude; Auritzen 4. mailara arte eta Aurizberrin eta Luzaiden 6. mailara arte. Beraz, hori bukatu ostean joaten dira Garraldara. Guztira 112 ikasle eta 27 irakasle biltzen dira Orreagako Ama eskolan.

Garralda ez da inguruko herririk handiena, ez zen hori izan eskola bertan kokatzeko arrazoia. Gaur egun 220ko mugan dago bertako biztanle kopurua.



Eskola txikien ezaugarriak ditu

Nahiz eta eskualdeko eskola izan, ez da ikastetxe handia, eta adin desberdinetako haurrak nahastuta egon ohi dira. Esate baterako, Haur Hezkuntzan 3 eta 4 urtekoak elkarrekin daude eta 10eko taldea osatzen dute. 5 urtekoak eta Lehen Hezkuntzako 1. mailakoak ere batera daude eta bederatzi dira. 2. eta 3. mailakoek ere bederatziko taldea osatzen dute. 4. mailakoak bakarrik daude eta 10 dira. Hurrengo taldea 5. mailako lau haurrek eta 6. mailako zortzik osatzen dute.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan taldeak adinka banatuta daude, baina ez dira handiak. DBHko 1. mailan 18, 2. mailan 13, 3. mailan 8 eta 4. mailan 7.

Taldekatze horiek urtero-urtero egiten dituzte ikuskaritzatik jasotzen dituzten bitartekoen arabera. Aurten, adibidez, bost unitate edo bost tutoretza eman dizkiete Haur eta Lehen Hezkuntzarako, eta horren arabera egin dituzte taldeak. Gauza bera gertatzen da DBHn ere. Legediak esaten du ikasle kopuruaren arabera zenbat unitate dagozkien.



Gela bateratuen aberastasuna

Adin desberdinetako haurrekin lan egiten dute Garraldako irakasle guztiek, eta horren inguruan bakoitzak bere iritzia du. Printzipioz zailtasuna omen dakar, ez baita berdina talde bakar bat gidatzea, bere programarekin, bere helburuekin, bere material didaktikoarekin... edo talde desberdinak aurrera eramatea helburu desberdinekin, maila desberdinekin, material didaktiko desberdinekin... Batzuek eragozpena ikusten dute lan egiteko modu horretan; beste batzuek, ordea, aberastasuna. Bakoitzak lan hori ulertzeko moduan dago gakoa.

Xabier Errea irakaslea zazpi urtez ibili zen eskola txiki batean. "Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 6. mailara arteko haurrak neuzkan gela berean. Are gehiago, 1. mailakoak D ereduan hasi ziren, eta gainontzekoak An zeuden. Hurrengo ikasturtean, 1. eta 2. mailakoak D ereduan eta besteak gaztelaniaz. Horrela, denak Dra pasa arte. Urte horietan egindako lana nire bizitzako politena izan zen, dudarik gabe. Ez dut inolako zalantzarik. Lana ere bai, lana bazen. Etxera leher eginda ailegatzen nintzen egunero. Baina oso interesgarria izan zen".

Begoña Mintxeo zuzendariaren iritziz kontua ohitzea da. "Ikastetxe handi batetik baldin bazatoz eta gela handietara eta denekin gauza bera lantzera ohituta baldin bazaude, lehen inpresioa kaosarena da. Baina ohitzea da kontua: beste modu batera planteatzea eta antolatzea gelako lana".

Ikasleentzat oso aberasgarria dela diote biek. "Adibidez, ikasle txikientzat oso aberasgarria da beraiek baino helduagoekin egotea. Sarritan gauzak mugatuta dauzkagu, baina askotan gai dira gehiago ikasteko eta ulertzeko. Helduek txikiei erakusten dietenean ere, hezkuntzaren beste ikuspegi bat hartzen dute".

Edonola ere, Xabierren iritziz adin desberdinetako haurrak elkartze hutsak aberastasuna dakar, baina horrek ez du bermatzen dena, irakaslearen jarrera oso garrantzitsua da. "Inguruko eskola txiki batean urtero aldatzen zen irakaslea. Etortzen zen berria lan askorekin topatzen zen eta ez zuen egoeraz gozatzen. Eta horren ondorioak islatzen ziren. Eskola haren funtzionamendua ez zen egokia eta itxi zenean arnasa hartu genuen denok".



Eskolaren euskalduntze prozesua

Orain dela 17 urte hasi ziren D ereduarekin. Ordura arte A eredua baino ez zen eskaintzen. Aldaketa poliki-poliki joan da, eta hasieran zaila izan bazen ere jende gutxik aukeratu zuelako eredu euskalduna, prozesua edo ibilbidea naturala izan da.

Memento hartan, 1987an, D ereduaren aldeko eskaera egiten hasi zen zonaldeko jendea. Bailarako udalek eskaera bateratua egin zuten eta guraso elkarteak ere bai. Nafarroako Gobernuak berak ere D ereduaren alde egiten zuen garai hartan. "Gogoratzen naiz zonaldeko ikuskariak eta euskara teknikariak, biek, gurasoak deitu eta hitzaldi bat egin zutela D ereduko matrikulazioaren alde" dio Xabierrek. "Tripartitoko garaiak izango ziren. Gaur egun ez zen posible izango".

Hasieran familia gutxi batzuk aukeratu zuten euskarazko eredua, bereziki euskaltzaleak zirenek eta motibazio berezia zutenek. Urtetik urtera, ordea, kopurua haziz joan zen eta gaur egun eskolak euskaraz funtzionatzen du.

Desagertu, ostera, ez da desagertu A eredua. Bakan batzuk badira ere, oraindik eredu horren aldeko hautua egiten dutenak badira. Ikasturte honetan Haur eta Lehen Hezkuntzan gela bakarra dute, bost haurrekin: 4 urteko bat, 1. mailako bat, 4. mailako beste bat eta 6. mailako bi. DBHren kasuan, 1. eta 2. mailakoak elkarrekin daude, bi eta bi; eta 3. eta 4. mailakoak ere bai, kasu honetan 3 eta 4. Azken finean, eskola barruan eskola txiki bat izango balitz bezala funtzionatzen du A ereduak.

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak kasu batzuetan D ereduko ikasleekin biltzen dira. Blanca Carballo irakasleak hala dio: "4 urteko haur bat eta11 urtekoa ezin dira elkarrekin jarri soinketa egiteko. Horrelako kasuetan beste taldeekin jartzen ditugu".

Irakasleek diotenez, haur horien egoera nahiko kaxkarra da eta sozializazio aldetik ez da batere goxoa. Pedagogia aldetik ez da batere eredugarria, noski. Egokiena eredu hori kendu eta denak euskarazko ereduan jartzea izango litzateke, baina guraso batzuen hautua ez da hori. "Horregatik diogu A eredua desagertzear dagoela, baina ez da desagertuko" azaltzen digu Xabierrek. "Izan ere, zonaldeko ikastetxe publiko bakarra da gurea, eta beraz, aukera desberdinak eskaini behar ditu, baldin eta Hezkuntza Departamentutik ez badira gauzak beste modu batean planteatzen. Horregatik, gauzak orain dauden bezala, nahiz eta eskaera oso txikia izan, uste dut A ereduaren eskaintza mantendu egingo dela eskola publikoa delako".



Irakasleen euskalduntzea

Eskola euskaldundu ahala, irakasleek ere euskaldundu egin behar izan zuten. Orain dela 17 urte, A eredua besterik ez zegoenean, euskararik ez zekiten irakasleak bazeuden. Ikasleek euskarazko ereduak aukeratu ahala, ordea, irakasle horiek zama lektiborik gabe gelditu ziren eta bi aukera zituzten: euskara ikasi edo ikastetxez aldatu.

Blancak lehendabiziko aukera hobetsi zuen, eta gaur egun eskola berean jarraitzen du euskaraz lan egiten. Beste batzuk joan egin ziren. "Dena dela, ez zen prozesu traumatikoa izan. Denborarekin aurreikusi ahal izan genuen bakoitzaren egoera pertsonala eta aldaketa poliki-poliki egin zen".

Gaur egun irakasle guztiak euskaldunak dira, bat izan ezik.



Mugikortasuna handia dago klaustroan

Irakasleen lan egoerari dagokionez, gutxi dira behin-betiko bertan daudenak. Une honetan, esate baterako, 27 irakasletik 7 dira finkoak. Gainontzekoak ikasturtez ikasturte aldatu egiten dira. Blancak eta Xabierrek urte asko daramate Garraldan eta irakasle finkoak dira. Blancak dioenez, "oso gogorra da ikasturte hasiera beti, dena errepikatu egin behar delako eta berriei dena azaldu behar zaielako. Proiektu edo programa berriak aurrera eramateko zailtasunak sortzen dira, jarraipena zaildu egiten duelako egoera horrek. Eskerrak, hala ere, iazko bitarteko bost irakaslek errepikatu egin dutela aurten. Zama sentsazioa beti sumatzen da, nahiz eta gero jendea lan egiteko gogoz etorri".

Begoña zuzendariak urte gutxiago daramatza eskola horretan, berriagoa da, eta beste ikuspegi bat du gai horren inguruan. "Mugimendu handia dago, irakasle berri asko dago, eta horrek esperientzia eta ekarpen berriak ekartzen ditu. Urte asko leku berean egoteak bere horretan gelditzeko arriskua dakar. Aldaketak nekagarriak izan daitezke, baina aberatsak ere bai ideia berriak etortzen direlako. Okerrena ikastetxeko antolaketaz eta funtzionamenduaz jabetzea izan ohi da. Eta ohitzen zarenerako, ikasturtea bukatu eta hurrengo ikasturtean beste leku batera".

Edonola ere, etortzen direnak gogoz etortzen direla dio, eta giro polita dagoela irakasleen artean eta ikasleen artean.•