Elbira Zipitriaren ibilbidea gogora ekarri dute bere lankide eta ikasleek. Liburuaren egileekin bildu ziren haren txokorik maiteenak bisitatzeko

Hik Hasik argitaratu duen Ilunetik argira, Elbira Zipitria liburuak bati baino gehiagori astindu dizkio barrenak edo oroitzapenak, bereziki hura ezagutu eta haren ondoan egon zirenei. Halaxe adierazi zuten liburuaren aurkezpenean elkartu ziren Elbiraren lankide eta ikasle izandako batzuek.

Resu Abasolo, Juana Lopez de Munain eta Arantxa Urbe liburuaren egileak pozik agertu ziren egindako lanarekin, Elbira Zipitria bezalako emakume batek merezi baitzuen.

Edonola ere, liburuaren azalpenek baino garrantzi handiagoa hartu zuen ondoren Donostiako Alde Zaharrean egin zen ibilbideak eta haren ikasle eta lankide izandakoek gogora ekarritako kontuek. Lehen geltokia Elbira Zipitriaren etxea izan zen, Fermin Kalbeton 26. zenbakian. Hantxe zegoen bere etxea eta ikastola. "Hortxe egoten ginen" zioen Arantxa Mendizabalek, Elbirarekin praktikak egiten urtebete egon zen irakasleak. "Leihoak eta pertsianak batere ireki gabe egoten ginen, ilunpetan, klandestinitatean, gerra ondorenean debekatua baitzegoen euskaraz eskolak ematea".

Handik Orixe ikastolara. Mari Karmen Mitxelenak Elbira eta beste bi andereñorekin batera han nola hasi ziren ederki gogoratu zuen. "Urteetan zehar gurasoek bildutako diruarekin erosi genion Aurrezki Kutxari eraikin hau, eta gero, publifikatutakoan, Eusko Jaurlaritzari erregalatu".

Bidean gora jarraituta, Santa Maria elizaren ezkerreko horman "Andereño Elbira Zipitria bidea" jartzen duen harrizko kartela dago. Ez zioten kasualitatez jarri izen hori pasabide edo kale estu horri. Izan ere, hortik gora sarritan igotzen zen Elbira bere ikasleekin, Urgulleraino jarraituz. Haren ikasle izandako Antton Mendizabalek hala dio: "Santa Maria elizatik pasatzen ginen bakoitzean otoitz egiten genuen, baina berak bat-batean asmatzen zuen otoitza". Gauza bera egiten omen zuten Urgullera igotakoan, eta baita abestu ere, han inork ez baitzien entzuten eta galarazten. "Nire hark erakutsi zidan beste modu batera otoitz egiten; daukaguna eskertzeko bere norberaren hitzak erabiliz" dio Mari Karmen Mitxelenak.

Liburuaren egileek dioten bezala, liburu honek Elbira Zipitria eta haren lana gehiago ezagutzeko balioko du, eta noski, aurrerantzean gehiago sakondu nahi duenarentzat ateak irekita daude eta bidea hasita.